Venezuela, Bolivia eta Nikaragua Kubaren bidetik

2011-04-01

Duela 50 urte izendatu zuten Kuba Analfabetismorik Gabeko Herrialde, eta, haren urratsei jarraituz, Venezuelak, Boliviak eta Nikaraguak izendapen hori lortu dute azken hamarkadan, gobernuak aldatzearekin batera.

 
 

Alfabetatzea: herrien garapenerako lehen urratsa

 Kuba Analfabetismorik Gabeko Herrialde izendatu zutenetik 50 urte igaro direnean, urtemuga hori ospatu du uharteko Pedagogia 2011 Biltzarrak urtarril honetan. Lorpen horixe bera gogoratu zuen Kubako kultura ministro Ena Elsa Velazquezek biltzarraren sarrera ekitaldiko hitzaldian: “Herritar guztien alfabetatzea da herritar guztien arteko berdintasuna bermatzeko lehen pausoa. Mobilizazioari eta herritarren parte-hartzeari esker Kubak analfabetismoa gainditu zuenean hasi zen benetako iraultza”.

Kuba ez da jada analfabetismoa gainditu duen Latinoamerikako herrialde bakarra, Venezuelak, Boliviak eta Nikaraguak ere analfabetismoari aurre egitea lortu baitute azken hamarkadan, Kubaren laguntzarekin. Venezuela 2005ean izendatu zuen UNESCOk Analfabetismorik Gabeko Herrialde; Bolivia, 2008an, eta Nikaragua, 2009an. Herrialde batek izendapen hori eskura dezan, biztanleen % 95ek edo gehiagok jakin behar du irakurtzen eta idazten.
Habanako biltzarrean Venezuelako hezitzaileen solasaldiak entzutea aski izan zen, herrialde horrek azken hamarkadan zer-nolako garapena izan duen ikusteko. Ehunka venezuelar bildu dira aurten Pedagogia 2011 Biltzarrean. Horietako asko, helduaroan, 40 bat urterekin, alfabetatu ziren, eta, aurten, txostenak aurkeztu ahal izan dituzte biltzarrean, hezitzaile edo laguntzaile gisa gaur egun beste analfabeto batzuei irakurtzen eta idazten irakasten izan duten esperientzia azaltzeko. Harro mintzatzen dira irakasle eta hezitzaile venezuelarrak euren lanaz, eta euren herrialdean irakaskuntzak duen prestigioaren erakusgarri da hori; beren misio edo egitekoaren garrantziaz jabetzen diren hezitzaileak dira. “Geure azalean bizi izan ditugu irakurtzen eta idazten jakitearen abantailak, eta badakigu zeinen beharrezko den herri osoa alfabetatzea, herrialdeak aurrera egingo badu”, zioen biltzarrean parte hartu zuen hezitzaile batek, Laudelino Hernandez irakasleak.
Kubaren ereduari jarraituz, Venezuelako, Boliviako eta Nikaraguako gobernuek arma gisa ulertzen dute hezkuntza: pobreziatik ateratzeko edo pobrezian ez jausteko arma da, libre izateko arma, herri eta pertsona libre izateko arma. Hurrengo egunetan Venezuelako edota Boliviako ministroek biltzarrean bertan nabarmenduko zuten ideia hori Kubako kultura ministroak aurreratu zuen, lehen eguneko sarrera hitzaldian: “Giza baliabideen kalitatea hobetzeko, demokraziak indartzeko eta ekonomiaren lehiakortasuna handitzeko bide bakarra herritarrak heztea da: hezkuntza da horretarako tresna, herrialde iberoamerikarretako gobernu aurrerakoiek ikusi duten eran”.
Hiru herrialdeek gobernu neoliberaletatik sozialistetara jauzi egin dute azken urteotan, presidentzia aldaketarekin. Venezuelan, 1999an, Hugo Chavez Friasek irabazi zituen hauteskundeak, eta Rafael Calderaren eskuineko gobernu neoliberaletik Bolibartar Errepublika Sozialistarako aldaketa egin zuen herrialdeak. Evo Moralesek 2006an irabazi zituen bozak, eta, azken urteotako joera neoliberalari ateak itxi, eta indigena bat iritsi zen presidentziara lehenengo aldiz. Nikaraguan ere botereak eskuinetik ezkerrera egin zuen, Daniel Ortega sandinistak, 2006. urtean, berriro ere hauteskundeak irabazi zituenean. Somozaren diktadura garaitu zuen iraultza sandinistarekin iritsi zen lehen aldiz Ortega presidentziara, 1990ean. Hiru herrialdeotan, gobernuak aldatzearekin batera, alde batetik, herritar guztiei zuzendutako hezkuntza sistema doako eta derrigorrezkoa ezartzen hasi ziren, eta, bestetik, alfabetatzeko programak zabaltzen.
Kubaren ondoren hiru herrialdeek Analfabetismorik Gabeko Herrialde izatea erdietsi badute ere, analfabetismoaren arazoa, gaur egun, larria da oraindik Latinoamerikako eta Karibeko hainbat herrialdetan; UNESCOk dioenez, globalizazioak eta krisi ekonomiko orokorrak eragin negatiboa izan dute herrialde horietako hezkuntza sistemetan: 36 milioi pertsona heldu analfabetoak dira gaur egun, oraindik ere, eskualde horretan, bereziki adin nagusikoak, jatorrizko kulturetakoak edo indigenak eta urruneko nekazaritza herrietan bizi direnak. Pobreen eta emakumeen kolektiboak dira, gaur egun ere, analfabetismo tasa handienak biltzen dituztenak, UNESCOk zehaztu duenez.
Guztiz bestelakoak dira Kubako datuak gaur egun, matrikulazio datuek erakusten duten bezala: 0tik 6 urtera bitarteko haurren % 99,5 eskolatuta dago, eta Lehen Hezkuntzara joateko adinean dauden haurren % 99,7 matrikulatuta dago. 1961ean lortu zuten kubatarrek herrialde osoa alfabetatzea.

Badezaket: Yo, sí puedo

Venezuela, Bolivia eta Nikaragua alfabetatu baldin badira, neurri handi batean Kubako Yo, sí puedo  metodoari esker izan da. Hamahiru urte egin behar dira atzera alfabetatze lan horretan, horren funtsezko izan den programa horren hastapenetara iristeko. 1998an, Leonela Reyls Diaz Zientzia Pedagogikoetako doktorea buru zuen kubatar pedagogo talde batek ikus-entzunezko programa didaktiko bat garatu zuen, herritarrak alfabeta zitezen eta oinarrizko hezkuntza jaso zezaten. Aipatutako hiru herrialde horiez gain, munduko beste 25 herrialdetan erabiltzen da gaur egun UNESCOk goraipatutako programa kubatar hori; besteak beste, Ekuadorren, Argentinan, Brasilen, Mexikon, Haitin, Zeelanda Berrian, Ginea Bissaun, Gambian, Nigerian, Namibian edota Kenian.

Programa horrek zenbaki naturalak eta letrak konbinatzen dituzten liburuxkekin eta telebistako heziketa programa osagarriekin lortzen du ikasle-ikusleek irakurtzen eta idazten ikas dezaten. Liburuxkez eta bideoez gain, ikasleak laguntzaile aditu bat du ikastaro osoan zehar ondoan. Ikasle hori alfabetatutzat jotzen da, lagun edo senitarteko bati gutun bat idazteko gai izatera iristen denean.

Venezuela, Kubaren bidetik

1999an Hugo Chavezek hauteskundeak irabazi zituenean, konstituzioa aldatu zuen, eta hauxe ezarri zuen: “Venezuelar guztiek kalitatezko heziketa osoa eta iraunkorra jasotzeko eskubidea dute”, “baldintza eta aukera berdintasunean”. Gastu sozialaren erdia hezkuntzara bideratu zuen, eta herrialdean garatu nahi zuen hezkuntza sistemaren oinarriak argi eta garbi ezarri zituen: “Gizaki berri bat, aberri berri bat eraiki nahi badugu, bazterketarik gabeko heziketa eskaini behar diegu herritar guztiei, doakoa, kalitatezkoa eta gaur egungo beharrei erantzuten diena”.

Benetako helburu gisa ezarri zuen Chavezek bere herrialdea Analfabetismorik Gabeko Herrialde bilakatzea, eta, konstituzioan ezarritako artikulua praktikara eramanez, 2005ean erdietsi zuen analfabetismoa deuseztatzea. Horretarako, funtsezkoa izan zen Kubaren laguntza; izan ere, ALBA proiektuaren barruan (Alianza Bolivariana para las Americas), hamar urte daramatzate elkarrekin lanean Kubak eta Venezuelak hezkuntza gaietan.

Kubak garatutako Yo, sí puedo programa Robinson misioaren bidez zabaldu du Venezuelak herrialde osora. Herrialdeko bazter guztietan, baina, bereziki, txiroenetan idazten eta irakurtzen irakasteko alfabetizatze misioa da Robinson izenekoa, eta bi zati ditu: Robinson I eta Robinson II. Venezuelako gobernuak 2003an abiatutako lau misioetarik bat da Robinson; besteak Ribas misioa eta Sucre misioa dira.
Robinson I misioaren baitan, Yo, sí puedo  programarekin analfabetoak diren pertsona helduei irakasten zaie idazten eta irakurtzen. Izan ere, ia 1960ko hamarkada arte Marcos Perez Jimenezen diktadurak (1948-1958) hezkuntza sistematik kanpo uzten zuen herri xehea, eta, hurrengo urteetan hezkuntza sistema demokratizatzeko ahalegin handiak egin baziren ere, hezkuntza ez zen bazter guztietara iritsi; beraz, Chavez gobernura iritsi arte, Venezuelak analfabetismo tasa altuak zituen. Misio horri esker, analfabetismoa % 5etik behera jaistea lortu da, 2 milioi herritarrek baino gehiagok ikasi baitute irakurtzen eta idazten misio horren bidez. Horietako askok, Robinson II misioaren bidez, seigarren mailara iristea lortu dute, Robinson II ‘Seigarren mailara bitarteko guda’ baita.
Robinson misioek ahalegin berezia egin dute herri indigena alfabetatzeko. Amazonas, Anzoategui, Apure, Bolivar, Delta, Amacuro, Monagas, Sucre edota Zuliako herri indigenetan irakurtzen eta idazten irakastea izan da erronka nagusietako bat. Alfabetatze hori tokian tokiko hizkuntzaren arabera egin dute, eta ikasliburu, bideo eta programa guztiak jivi, ye’kwana, kariñera edota waraoera hizkuntzetara itzuli dituzte. Horrez gain, misioaren beste erronka bat kartzeletan dauden venezuelarrak alfabetatzea izan da, presoei irakurtzen eta idazten irakastea.
Robinson I misioan hasi ziren milioi erditik gora ikasle igaro dira Bigarren Hezkuntzara. Horietako asko Ribas misioaren bidez iritsi dira Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko ikasketak egitera. Aurrera jarraitu nahi duten adin nagusiko ikasleek Sucre misioaren laguntza dute unibertsitateko ikasketak egin ditzaten.

Pobreziatik ateratzeko tresna

“Menpekotasunari eta ezjakintasunari” lekurik utzi nahi ez dielako ematen dio horrelako garrantzia Venezuelak alfabetatzeari. “Herritar kritikoak sortu nahi ditugu”, azaldu zuen Habanako biltzarrean Venezuelako kultura ministro-orde Pedro Vicente Rodriguezek, eta Venezuelak hezkuntza “ikuspegi sozialetik eta humanistatik” lantzen duela erantsi zuen. “Haurridetasuna, elkartasuna, justizia soziala eta nazioarekin dituzten eskubideak eta betebeharrak ezagutzen dituzten herritarrak sortzea” du helburu hezkuntza sistemak.
Hala ere, hezkuntza eta politika lotzea leporatzen dio Mendebaldeak gaur egun oraindik Venezuelari, baina Adan Chavez Frias hezkuntza ministro ohiak Hik Hasiri esan zionez (116. alean), Venezuelak ez du hezkuntza Mendebaldeak baino gehiago lotzen politikarekin edo sistema ekonomikoarekin. “Hezkuntza eta politika banatu egin behar direla diote. Hala, sistema kapitalista garatzen den neurrian, gero eta sotilago bihurtzen du gezur hori, eskolak politikaren gainetik egon behar duela eta jendarte osoari erantzun behar diola esatean. Haren praktika beste bat baita, gutxi batzuen promoziorako erabiltzea eskola, eta burgesiaren alde eta klase sozialen arteko menpekotasunaren alde egitea”. “Gizarte prestakuntza kapitalistaren aurrean gizarte prestakuntza sozialista” eraiki nahi du Venezuelak; “ideologia burgesa gainditu eta pertsonaren heziketa soziala eta espirituala landu behar dira”.
Misioetatik aparte ere, hezkuntza sistema arautuan aurrerapauso handiak egin ditu Venezuelak azken hamarkadan, datuek erakusten duten gisan: 1995ean, Rafael Calderaren gobernu neoliberalaren garaian, 10 urtetik gorako herritarren % 51,2 zen alfabetatua, eta hamar urteren ondoren, Chavezen gobernu sozialista bolibartarrarekin, % 99,7. Balioespen kuantitatiboarekin jarraituz, eskuineko ordezkaritzatik gaur egunera, % 10 igo da matrikulazioa. Aldaketa nabarmenena 0-3 urte bitartean egin da, lehen haur horien hezkuntza ez baitzuen bere gain hartzen gobernuak, eta, gaur egun, haurren % 43,4 haur eskoletan dago.
Venezuelako hezkuntza sisteman, lau maila bereizten dira: eskolaurrea, oinarrizkoa, dibertsifikatua eta goi mailakoa. 6 urtetik 20 urtera bitartean, hezkuntza nahitaezkoa eta doakoa da Venezuelan, baita batxilergoan eta unibertsitatean ere.
Alfabetatzean jarraitzearekin batera, une honetako erronka nagusia Chavezen gobernuarentzat, Lehen Hezkuntzan teknologia berriak sartzea da, eta haurrei eta euren familiei ordenagailu eramangarriak banatu dizkiete, guztira 824.000 oraingoz.
Gaur egun, Venezuela Boliviari eta Nikaraguari laguntzen ari zaie, Robinson misioaren bidez, eta, urtero, ehunka irakasle joaten dira bi herrialde horietara, brigadista gisa.

Bolivian, irakurtzeagatik begiak atera zizkietenen ondorengoak

Evo Moralesek 2006an Boliviako presidentzia hartu zuen egunetik beretik, analfabetismoari aurre egiteko konpromisoa hartu zuen. Hitz hauek egin zituen Higuerasen, Ernesto Che Guevara hil zuten lekuan bertan: “Irakurtzen eta idazten ikasi zuten lehen aimara eta kitxuei begiak atera zizkieten eta eskuak moztu, inoiz gehiago irakurri eta idatz ez zezaten. Jazarriak izan gara, eta, orain, arazo historiko hori konpontzeko bidearen bila ari gara, baina ez mendekuen bidetik”.

Bi urteren buruan, UNESCOk Analfabetismorik Gabeko Herrialde izendatu zuen Bolivia, kitxuek, aimarek eta gainerako 34 herri boliviarretako biztanleek irakurtzen eta idazten ikasi baitzuten. Bi urtean 820.000 boliviar nagusi alfabetatu zituzten Yo, sí puedo programa kubatarraren eta Robinson I misio venezuelarraren bidez. Horretarako, 126 aditu kubatarren eta 46 venezuelarren laguntza izan zuen Boliviak, eta laguntza materiala ere jaso zuen herrialdeak, telebistak, bideoak eta eskuliburuak bidali baitzizkieten uhartetik.

Roberto Aguilar hezkuntza ministroak 2008ko abenduaren 20a, UNESCOk Analfabetismorik Gabeko Herrialde izendatu zuen egunean “hezkuntza esparruan, Boliviako Errepublikaren historiako garrantzitsuena” izan zela esan zuen. “Herria alfabetatuz hezkuntza deskolonizatu egin dugu, eta gizakien oinarrizko eskubideak aldarrikatu”. Hezkuntza deskolonizatzeko helburu hori lortzeko, garrantzi handia eman die Roberto Aguilarren ministerioak Boliviako jatorrizko hizkuntzei, eta, horregatik, kitxuak beren hizkuntzan graduatu ziren eta aimarek eta guaraniek ere euren hizkuntzetan ikasi ahal izan dute, Yo, sí puedo itzuli egin baitzuten.
Alfabetatze kanpainarekin erakutsi zuen bezala, “eskubide sozialetan oinarritutako Bolivia batu eta nazioaniztuna” izan dadin hezkuntza lehenesten duen iraultza demokratiko, baketsu eta kulturalari estu heldu zitzaion Evo Morales, hauteskundeak irabazi zituenean. Presidentzia hartu eta Yo, sí puedo kanpaina garatzearekin batera, irakasle, hezitzaile, aditu eta gurasoekin batu zen, boliviar guztiek lekua izango zuten hezkuntza lege bat prestatzen hasteko, eta aurtengo ikasturte honetan bertan abian jarri dute legea.
Avelino Siñani-Elizardo Perez izeneko legeak 1931n hezkuntza sistema berri bat abiatu zuten bi hezitzaileen izena darama, aurreneko eskola indigenak sortu baitzituzten, kitxua edo aimara hizkuntzetan irakasteak heriotza zigorra zuen urteetan. Garai hartan ere, berebiziko garrantzia zuen irakurtzen eta idazten jakiteak, 1952ra arte alfabetatuek soilik baitzeukaten bozkatzeko eskubidea Bolivian; eta, indigenek ez zekitenez, zuriek bakarrik bozkatzen zuten.
Lege berriak ordura arteko hezkuntza sistemaren homogeneizazioa hautsi nahi izan du. “Urte askoan, hezkuntza elitearentzat izan da Bolivian, eta gehiengoari ukatu egin zaio; homogeneoa izan da, elebakarra eta kultura bakarrekoa, eta ez du onartu Boliviaren hizkuntza eta kultura dibertsitatea”. Horrez gain, Boliviako orain arteko curriculumak zuen “akats handi bati” erremedioa jarri dio gobernu berriak: “Curriculumak hiriko eta nekazaritza giroko haurren heziketa bereizi egiten zuen, eta batzuk Hezkuntza Ministeriotik bideratuak zeuden, eta besteak Nekazaritza Ministeriotik. Hori izan da Boliviako hezkuntzaren porrot handiena”. Gaur egun, hori guztiz aldatu dute, eta curriculum osoak ikuspegi indigena ere bere barruan hartzen du.
Helburu argi bat du gaur egun Boliviak hezkuntzari dagokionez: “Hezi beharra daukagu libre izan gaitezen, analfabetismoak mende askoan menpeko izatea ekarri baitigu”.
Hezkuntza sistemaren egiturari dagokionez, Evo Moralesen gobernuarekin, haur hezkuntza, helduen hezkuntza eta heziketa berezia Estatuak bere gain hartu ditu lehen aldiz, lehen familiaren, elizaren edo elkarte pribatuen esku baitzegoen. Avelino Siñani-Elizardo Perez legearekin, gainera, Bigarren Hezkuntzako ikasketak ere derrigorrezkoak eta doakoak dira Bolivian lehenengo aldiz, orain arte Lehen Hezkuntza soilik baitzen derrigorrezkoa. Lau mailatan bereizten da Boliviako hezkuntza sistema: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Goi Mailako Hezkuntza. 

Nikaraguan, sandinisten itzulera

Venezuelan eta Bolivian bezala, hezkuntzak eta, bereziki, alfabetatzeak lehentasun handia du Nikaraguako gaur egungo gobernuarentzat. Daniel Ortega presidentea honela mintzatu da, 2011ko ikasturteari hasiera ematean: “Etorkizunik bada, ikasleen esku dago etorkizuna, haiek eraldatuko dute Nikaragua”.

Hik Hasi Nikaraguako Hezkuntza Ministerioan lan egiten duen Nancy Calero irakaslearekin mintzatu zen Kuban, eta Ortega presidentearen iritzi berekoa da: “Herrialdeak aldaketa kultural eta ekonomikoaren premia larria du, eta hori gertatuko bada, kalitatezko hezkuntza jaso behar du herri osoak”.

2009an lortu zuen Nikaraguak Analfabetismorik Gabeko Herrialde izendatzea; baina esparru horretan egiten zuen bigarren saioa zen hura, 1980an, lehen gobernu sandinistak abiatu zuen Alfabetatzeko Gurutzada Nazionalari esker, herrialdea alfabetatzea lortu baitzuen gobernuak. 1980aren aurretik, nikaraguarren % 53k ez zekien irakurtzen eta idazten, eta, sinatzen bakarrik zekitenen kopurua gehituz gero, analfabetismo tasa % 60koa zen, Somozaren diktadura garaiko Nikaraguan.
Calero irakaslea eskuadraburu izan zen gurutzada horretan, eta herriz herri haurrak zein helduak alfabetatzen aritu zen: “Gurutzadari esker alfabetatu ziren ikasle horietako asko mediku, ingeniari, irakasle edo teknikari izatera iritsi ziren; baina beste askori, utzikeriaz, ahaztu egin zaie irakurtzen eta idazten denborak aurrera egin ahala”. Bi gobernu sandinisten artean boterean izan diren Violeta Chamorro, Arnoldo Aleman eta Enrique Bolañosen alderdi neoliberalak egiten ditu “utzikeria” horren arduradun irakasleak: “Batetik, hezkuntza pribatizatu egin zuten, eta gehienak eskolara joateko baliabiderik gabe gelditu ziren; bestetik, alfabetatzeari gobernu sandinistak eman zion garrantzirik ez zioten eman gobernu neoliberalek, eta jendeak ere garrantzia kendu zion”.
2006. urtean, fronte sandinista berriro boterera iristean, analfabetismo tasa altua aurkitu zuen: 2006ko erroldaren arabera, 5,1 milioi nikaraguarretatik 1.224.000k ez zekiten ez irakurtzen eta ezta idazten ere, eta, ondorioz, gobernuak plan estrategikoa abian jarri zuen, Kubaren eta Venezuelaren laguntzarekin: De Fidel a Martí  izeneko programa abiatu zuten 2006an, Fidel Castro eta Jose Martiren omenez. Yo, sí puedo metodoari esker, Nikaraguaren analfabetismo tasa % 24tik % 3,4ra jaitsi dute.
Venezuelan eta Bolivian bezala, ikasle bakoitzari bere ama hizkuntzan irakurtzen eta idazten ikasteko aukera eman diote sandinistek, tokian tokiko jatorrizko hizkuntzetara itzulirik telebistako programak nahiz eskuliburuak.
Hemendik aurrera, eta 2015a baino lehen, 6 urtetik 12 urtera bitarteko haur guztiek Lehen Hezkuntza jasotzea da orain Nikaraguaren helburua, eta kubatarren Yo si puedo seguir eta venezuelarren Robinson II misioen laguntza izango dute horretarako. Dagoeneko 62.000 nikaraguar dira Yo sí puedo programatik Yo sí puedo seguir programara igaro, eta seigarren mailara iritsi direnak.
Pobreziatik ateratzeko tresna
Erick Mairena hezkuntza ministroak argi du Nikaragua pobreziatik aterako duen tresna hezkuntza dela, eta, era berean, gaur egun pobrezia dela hezkuntzaren etsai nagusia Nikaraguan: Nazio Batuen Erakundearen arabera, Nikaraguako biztanleen % 46,2 pobrea da. Estatistika horren arabera, haur txiroak, batez beste, 2,2 urtez joaten dira eskolara, eta pobre ez direnak, berriz, 5,5 urtez. Lehen Hezkuntzan hasten diren hamar haurretatik lauk bakarrik gainditzen dute seigarren maila. Bigarren Hezkuntzako datuak are okerragoak dira, adin horretako ikasleen hamarretik lau bakarrik baitoaz Bigarren Hezkuntzako eskoletara. Nikaraguako gobernuak onartzen duenez, 300.000 haurrek, gaur egun, etxetik kanpo lan egiten dute eta ez dira eskolara joaten. Calero irakaslearen arabera, haurrak ez eskolatzeko beste arrazoietako bat Nikaraguak bizi duen emigrazioa da, haurren kopuru handi batek gurasoak atzerrian baititu lanean: “Haurrek erreferenterik ez badute, eskolaren garrantzia transmitituko dien inor ez badute, ez dute eskolara joateko beharrik sentitzen, eta ez dira joaten”.
Datu horiek ikusita, De Fidel a Martí alfabetatze kanpaina erabat burutzearekin batera, oinarrizko eta erdi mailako hezkuntzak sendotzea da, gaur egun, Nikaraguako Hezkuntza Ministerioaren erronka nagusia. Hiru urteko prestakuntza lanen ondoren, iazko ikasturtean Hezkuntza Sistema Berria estreinatu zuten, “berdintasunean eta zuzentasunean oinarritutako hezkuntza” helburu duen sistema. Plan estrategiko horren bidez, “eskolara ez doan haurrari eskola eramango zaio hura dagoen lekura”, Calera irakasleak azaldu duenez. “Nekazaritza giroko komunitateetara joan gara, autoz ezin denean idiekin edo astoarekin, eta benetako beharra duten haurren errolda egin da, eskolara joateko behar dituzten material guztiak –galtzerdi eta oinetakoak, galtzak, gonak eta arropa guztiak, nahiz liburu eta motxilak— doan jarri dizkie eskura Estatuak eskolara joan daitezen”, Nikaraguako Konstituzioko 121. artikuluak Estatuak nikaraguar guztien hezkuntza bermatzeko obligazioa duela baitio.

Irakasleen garrantzia

Kuba Analfabetismorik Gabeko Herrialdea izendatu zutenetik 50 urte igaro direla gogoratuz hasi zuen Pedagogia 2011 Biltzarreko sarrera ekitaldiko hitzaldia Kubako hezkuntza ministroak, eta hezitzaile eta irakasleen garrantzia azpimarratu zuen amaitzeko: “Kubak eta gure herrialdeek aurrera egin dezaten nahi badugu, irakasleen prestakuntzan ere etengabe egin behar dugu aurrera. Euren lana guztiz estrategikoa da ikasleen nortasuna eraikitzeko garaian, gizaki bakoitzarengan eragiten baitu irakasleak”.