D’elikatuz Elikadura eta gastronomiaren interpretazio zentroa

2011-05-01
 
 

Karbohidratoak, gantzak, proteinak… ohiko hitz bihurtzen dira Ordiziako D’elikatuz zentrora bisita egiten duten haurrentzat. Elikadurari eta gastronomiari eskainitako interpretazio zentroan elikagaiak ezagutzen dituzte bisitariek, dastamenaren ikuspegitik batetik, baina baita osasunaren aldetik ere, dieta orekatuak egiten ikasiz.

Ordiziako erdigune historikoko Barrena jauregian dago kokatua D’elikatuz interpretazio zentroa, eta lau solairutan, oso modu grafikoan eta interaktiboan elikaduraren munduan barneratzen ditu haur zein helduak.

Elikadura osasuntsua lantzen ari dira Ordiziako Jakintza ikastolako haurrak D’elikatuz zentroan, HikHasik bisitatu duen egunean. Idoia Noain gida-nutrizionistak egin digu harrera, eta berarekin murgilduko gara elikaduraren munduan barrena. Ikasleek dagoeneko argi dute zer diren karbohidratoak, gantzak eta proteinak, lehendik ere bisitatu baitute zentroa. Iragan asteazkenean Ordiziako azokatik buelta ere
eman zuten ikasleek, eta menu osasuntsu bat egin ahal izateko produktuak
erosi zituzten han, ekoizleen eskutik beretik, baserritarrekin, nekazariekin eta abeltzainekin hitz eginaz. Jarduera hauen helburua haurrek elikadura ezagutu eta baloratzea da; jaki ezberdinen ezaugarriak, ekoizpena eta merkaturatzea lantzea, eta jaki-taldeak eta elikadura-ohitura osasuntsuak ezagutzea.
Gaurkoan ere elikadura osasuntsua lantzen ari dira bosgarren mailako ikasleak, taldeka banatuta, jardueren zati bat zentroan bertan osatuko dute eta ondoren Ordiziako kaleetara irtengo dira haurrak, herritarrekin elikadurari
eta kontsumo-ohiturei buruzko inkesta bat osatzeko. Motibaturik dabiltza
ikasleak elikadura-piramideari begira menu osasuntsu bat prestatzen. Gure osasunerako eta gorputzaren funtzionamendu egokirako elikaduraren garrantziaz jabetzen ari dira haurrak, eta dieta orekatu baterako oinarrizko irizpideez jabetzen ari dira jolasten ari diren bitartean, zehazki, gorputz baten
energia beharrez ari dira hausnartzen Noain nutrizionistaren laguntzaz.
Adin guztietarako jarduerak
D’elikatuz zentroak bisitak eta bisita gidatuak eskaintzen ditu, baina harago, bederatzi unitate didaktiko dituzte prestatuak adin ezberdinetako ikasleekin jorratzeko osasuna, elikadura eta kontsumo jasangarriaren inguruko gaiak. Unitate horiek aurrez ikastetxean bertan jorra ditzakete irakasleek,
edota ondoren zentroan bertan. Bisitaren ondoren eskolan elikaduraren gaia jorratzen jarraitzeko ere bidaltzen dituzte unitate didaktikoak Ordiziatik. Horrez gain, Ordiziako azoka ezagunera bisita gidatua egin dezakete ikasle-irakasleek, eta baita gaztagintzan jarduten duten baserri batera bisita, edota ogigintza edo fruitugintza naturala egiten duen baserri batera, eta tailerrean parte hartzeko aukera ere badute.
Jarduerak hitzaldiekin osatuko dituzte Jakintzako ikasleek, euren gurasoei zuzenduriko bi hitzaldi eskainiko baitizkie Idoia Noainek, ikastetxearen eskariaren araberako eskaintza egiten baitu interpretazio zentroak.

Azokaz eta gastronomiaz

Elikadura-piramidea; menu osasuntsu eta ez hain osasuntsuak osatzeko aukera ematen duen self service-a; norberaren genero, pisu eta altueraren araberako energia beharrak adierazten dituen makina eta beste hamaika ariketa eskaintzen ditu elikadura eta nutrizioari eskainitako bigarren solairu honetan. Hurrengo solairua, hirugarrena, gastronomiari eskainitako solairua da, eta bertan hainbat ikus-entzunezko daude: batetik, Ordiziako azokari buruzkoa, non Erdi Aroko garaietatik laurehun urteko errepaso historikoa egiteaz gain, azokak kontsumo ohituretan nahiz jendearen sozializazioan duen
 eta izan duen garrantziaren berri ematen du. Ondoan Idiazabalgo gaztari eskainitako txokoa dago, nola ez.
Bat-batean, solairu berean, Karlos Argiñano eta Isaak Salaberria hasi dira hizketan. Gastronomiari buruzko elkarrizketan ari dira Ramon Roteta eta Juan Mari Arzakekin batera, oso ikus-entzunezko bitxi eta modernoetan. Garai bateko sukaldaritzaz, gastronomia zer den eta zer izan beharko lukeen ari dira azaltzen, eta baita euskal sukaldaritzaren etorkizuneko apustuez ere.
D’elikatuz zentroan bertan hainbat jarduera osagarri daude, elikaduraren zuzenki lotuak ez daudenak. Batetik, lehen pisuan Goierriko herri guztiei buruzko erakusketa dago. Maketa, diaporama, benetako material eta argazkien bidez  Horrez gain, aldian aldiko erakusketak ikus daitezke beheko solairuan,  oraingoan naturarekin loturiko Elkarrekin argazki-erakusketa ikus liteke. •