Eskolako oroitzapen batzuk

2011-05-01
 
 

Nik Bermeoko eskolan ikasi nuen. Garai hartan nazionalak deitzen zioten. Esan beharra daukat Franco ni 8. mailan nengoenean hil zela, eta gauzak oraindik ez zirela gaurko moduan. Adibidez, neskak eta mutilak banatuta geunden, ez genuen euskaraz ikasten, erdaraz soilik....

Eskola hiru eraikinetan banatzen zen. Oraindik ez zegoen eskola berria egina. 7. mailan nengoenean estreinatu genuen gaur egungo eskola berria. Niri gehien gustatu zitzaidana gimnasioa edukitzea izan zen. Inoiz ez nuen horrelako lekurik ikusi. Izugarria zen!
Garai hartan oso zoriontsua izan nintzen eskolan. Eskolara joatea atsegin nuen. Han ezagutu nituen nire lehenengo lagunak, txikitako lagunak. Nahiz eta orain ez dugun elkar ikusten, betiko lagunak dira.
Eskolaurretik 8. mailaraino ibili nintzen bertan. 9 urtetan oso maistra onak izan nituen, baina gehienbat Conchi irakaslearekin oroitzen naiz. 4 urtetan izan zen gure maistra eta tutorea. Guztiontzat haize berria ekarri zuen, oso gaztea eta erakusteko gogo handiekin etorri baitzen. Niretzat benetako maistra bat zen, oso ona, ikasten eragiten zekielako. Harekin aurkitu nuen nire alderdi artistikoa. Gogoratzen dut arratsaldeetan askotariko jarduerak egiten genituela, denetik: antzerkia, korua, koreografiak… Goizez ikasi egiten genuen, eta arratsaldez, gozatu.
Beste aldetik, atsegin nuen ikasleon arteko aniztasuna. Hori ere asko eskertzen dut. Eskola oso plurala zen, gizartea bezala. Uste dut hezkuntza ona hartu nuela, batez ere balioen inguruko gaietan.
Geroago, Irakasle ikasketak ikasi bitartean, nire eskolara itzuli nintzen praktikak egitera. Oso polita izan zen berriro toki berean baina beste egoera batean egotea.
Orain dantza munduan nabil, dantza eskolak ematen eta koreografiak egiten.•