Behar bezala eramaten al dute haurrek motxila?

2011-05-01
 
 

Duela gutxi arte oso garrantzi gutxi eman izan zaio haurraren gorputz hezkuntzari, uste zelako haurraren gorputza oso moldakorra eta malgua denez, hautsezin eta lesiona ezina zela. Gaur egun, ordea, gizartean, oro har, eta batik bat hezkuntzan jabetu dira haurtzarotik postura zuzenak eta ergonomikoak, ohitura osasungarriak bultzatzea ezinbestekoa dela haurraren garapen integral eta bereziki motore egoki baterako.

Haurtzaroa oso garai egokia da gorputza behar bezala ezagutzen eta hezten irakasteko. Batetik, zenbat eta azkarrago identifikatu arazoa orduan eta aukera eta erraztasun gehiago izango ditugulako konpontzeko. Eta bestetik, haurrak ikastetxean denbora asko pasatzen duenez, garrantzitsua delako eskolan gai hauek lantzea irakasle eta gurasoen elkarlanaren bitartez edota zeharka, fisioterapeuta, psikomotrizista... baten laguntzarekin.
Adituen arabera, eskola garaian haurrek  izaten dituzten postura arazo nabarmenenak bizkar hezurreko arazoak dira. Besteak beste, honako lesioen ondorioz sortuak: %24,9 bikien uzkurketagatik; %18,7 hiperlordosi lunbarragatik; %9,3 eskoliosi estrukturatuagatik; %6,4 hiperkifosiagatik. Lesio horiek edo eta desoreka horiek denbora luzean izanez gero, eta ohitura bihurtu, luzera begira arazo larriak ekar ditzakete bizkar hezurrean, posturan eta geroko bizitza kalitatean.
Artikulu honetan haurren eguneroko lagun den motxilaz hitz egingo dugu. Izan ere, egoki erabiltzen ez bada, kaltegarri izan daiteke haurraren gorputz garapenean.
Nagusiki bi motxila mota erabili ohi da: bizkarrekoa eta gurpilduna. Jarraian datozen lerrootan bata zein bestea egoki erabiltzeko zenbait gomendio emango ditugu:
Bizkarreko motxila
- Motxilan eramandako pisua ez da inoiz haurraren pisuaren %10 baino gehiago izan behar. Horrekin lotuta, gomendantzen da garraiatzea egunean erabiliko duguna soilik.
- Motxilan daramaten pisua ekitatiboki banatuta egon behar da bi sorbalden artean. Horrez gain, haurrari zuzen ibiltzeko aukera eman behar dio, bere burua motxilan pausatu gabe eta balantzaka edo kulunka ibili gabe.
- Motxila barruan, objekturik pisutsuenak gorputzetik ahal den gertuen kokatuko ditugu.
- Motxila gorputzera itsatsita joan behar da eta ez da izan behar haurraren bizkarra baino handiagoa. Adituen arabera, ez litzateke gune lunbarra baino beherago iritsi beharko.
- Motxilaren uhalak zabalak eta biguingarridunak izan behar dira. Uhalak estuak eta gogorrak badira, haurrak arazoak izan ditzake odol zirkulazioan eta nerbio sisteman, nerbioen konpresioa jarraitua bada.
- Gomendagarria da motxilak sabelaldean ere uhal biguingarri bat izatea; horrela, motxilaren pisua gihar multzo gehiagoren artean banatzen baita.
- Motxila altxatzerakoan, oso garrantzitsua da bizkarra zuzen izatea eta belaunak tolestea. Gorputz enbor eta izterren arteko angelua 90 gradukoa izan behar da, baita izter eta bernen artekoa ere. Halaber,  pisua gorputzetik ahalik eta gertuen (bai horizontalean zein bertikalean) egon behar da; horrela, askoz ere indar gutxiago egin beharko dugu eta lesionatzeko aukera askoz gutxiago izango ditugu.

Gurpildun motxila

- Heldulekua altuera ezberdinetara  egokitu daitekeena izan behar da, garraioa ergonomikoagoa izan dadin. Horrela,  haurrak motxila hartzeko ez du makurtu beharrik izango.
- Motxila gure atzean eramango dugu eta ez gorputzetik distantzia handira. Gorputzetik zenbat eta gertuago izan orduan eta erosoago izango da garraioa.
- Komenigarria da motxila eramaterakoan, tarteka, eskuz aldatzea.
Amaitzeko, gogorarazi nahi nuke, motxila nola zuzen eramateaz  gain, ikastetxeetan beste alor batzuk lantzea ere funtsezkoa dela. Besteak beste, ikasgelako  mahai eta aulkiak egokitzearena banakako beharren arabera. Eta bestalde, imitazioa denez haurrek ikasteko duten modurik eraginkorrena, saia gaitezen gure posturak aztertzen eredu osasuntsuak ikas ditzaten haurrek.•