Herriaren jakintza

2011-06-01
 
 

Nire hezkuntza denbora Francoren diktadurapean igaro zen. Lehenik, Ugao-Miraballeseko eskolan, gero Bilbon. Irakurri, idatzi, matematikak, geografia, Formación del Espíritu Nacional (espainola, noski), historia (espainola ere) eta abar. Egunero, eskolak hasi aurretik Cara al Sol eta Espainiako ereserkia plazan kantatzen genituen neskak eta mutilak bereiztuta. Viva Franco, Viva España eta Arriba España aldarrikatuz bukatzen zen gure eguneroko eskolan sartzearen preludioa. Ostegunero apaiza ere gurekin genuen giristino onak izaten erakusteko.

Botere frankistaren eskolako hezkuntzak erakusten ez zituen garrantzizko gauzak eskolatik kanpo ikasi nituen: etxean, lehenik, euskara, euskaldunak ginela, eta horregatik, gure aita eta osabak gudariak izan zirela lehenik eta gero Madrilen preso egon zirela. Gero, gazte denboran, herri mugimenduarenean, beste honako hauek ikasi nituen: gure musika, kantak, dantzak, literatura, eta abar. Herria eta langileak alde batetik, eta bestetik ugazabak, polizia eta boterea zeudela. Funtsean, hezkuntza, bizitza osoan areago gauzatzen joaten baita.
1979an Boterea izenarekin kantu bat burutu eta argitaratu nuen, Ahizpatasuna izeneko diskoan. Urte haietan euskal inteligentziako jende anitz ibili ginen Lemoizko zentral nuklearraren aurka, eta hainbat manifestaldi eta kantaldi egin genituen hura salatzeko eta eraikuntza hura abian jartzeak ekar zezakeen hondamendiaz jendeari kontzientzia hartuarazteko.
Gogoan dut, baita ere, garaiko gure herriko boteretsuek (enpresariek bezala politikoek) ekologista mugimendu oro ezjakinen kolektibotzat emanaz, azajale gisa tratatzen gintuztela.
Eta ez zen gurean soilik ekologistekiko tratamendu hori.  Egun haietako batean  gure flamendar lagun batzuekin (Walter Luyten senadorea eta Ludo Dox irakaslea) Gorlizko ostatu batean hitz aspertuan jarririk ginela, lasterreko batean bi gizon sartu ziren eta gure ondoan jarri ziren. Halako batean  gure senadore adiskideak, beti adi, esan zigun: horiek nederlanderaz ari dira. Nongoak ziren galdetu eta flamendarrak zirela erantzun zioten. Lemoizko zentral nuklearra eraikitzen ari garen injineruak gara. Eta, orduan, arrepostuz, gure lagunak zirikatu zituen Euskal Herrian zegoen protesta giroa oroitaraziz. Haien komentarioa lotsagabeagoa izan zen: Euskaldunak ezjakinak dira modernitatearen aurrerapenenekiko. Uste dute nuklearrak euren behiak esne gabe utziko dituela, edo euren landareak eta zuhaitzak lehortuko direla. Aldiz, guk, jakintza jarraitzen dugunok, badakigu egiten ari garenak arriskurik ez duela, alderantziz, ongizatea garatzen duela.
Baina, gaur egun, Fukushima eta Onagawa nukleartegietan gertatu direnak  ikusita, nor dira zuhurragoak, boteretsuen morrontza sasi-jakintsua ala herri-jakintza frogatua jarraitzen dutenak? Euskaldun herritarren arteko Tchernobyl mugimenduaren zuhurtziari esker, uranio eta plutonio modernizatuak ez ziren Euskal Herrian bizitu. Hala ere, ez gaude mehatxuetatik salbu, inguruegian baitauzkagu Garoña edo Akitaniako Blayais nukleartegiak.
Erabil dezagun hezkuntza bizitzako pragmatikan gure haurrak kritikotasunez hezteko. Nire aholkutxoa horixe duzue.