Kataluniako hezkuntza eraberritzailera bidaia

2011-06-01

Kataluniako lau eskola eraberritzaile ezagutu ditu Hik Hasik 25 irakaslerekin egindako bidaia pedagogikoan; ikaslea heziketaren erdingunean jartzea da guztien gakoa. Kataluniako hezkuntza sistemaren berri ere izan dugu Generalitateko Hezkuntza Kontseilariaren eskutik.

 
 

“Eskola katalana izan nahi dugu, bai edukietan eta bai hizkuntzan; baina gaur egun ez daukagu eskola katalanik, Espainiako Hezkuntza Ministerioak ez baitigu horretarako aukerarik ematen”. Hitz horiexekin deskribatu zuen Irene Rigau Kataluniako Hezkuntza kontseilariak hango hezkuntza-sistemaren

errealitatea Hik Hasik eginiko bidaia pedagogikoari Generalitatean harrera egin zionean. “Beraz, hezkuntza katalanaz ez, baizik eta Kataluniako hezkuntzaz hitz egin beharko dizuet”. Argi azaldu zituen gaur egun Kataluniako hezkuntza sistemak dituen hutsuneak eta helburuak: “Katalanak, hizkuntza eta izaera bezala, lehentasuna izango duen hezkuntza sistema nahi dugu; eskola porrotari aurre egingo diona, eta
ikasle berrien etorrera ondo kudeatzen asmatuko duena”.
Gaur egun Convergencia i Unio alderdiak darama Conselleria d'Ensenyament edo hezkuntza departamentua, 2010eko gobernu hauteskundeak CiUk irabazi ostean. Irene Rigau, Magisteritzan eta Psikologian formatua berau, da kontseilaria, eta berarekin batera, Lluis Font  Hezkuntza politikarako idazkariak eta Pere Mayans Hezkuntza politikarako zuzendariak egin zieten harrera Euskal Herritik Kataluniara joandako 25 irakasleko taldeari.
CiUk Gobernua berreskuratu aurretik, alabaina, azken zortzi urteetan ERC-PSC-ICVren  koalizioak gobernatu du Katalunian eta garai horretan Kataluniako Hezkuntza Legea idatzi eta
onartu du Parlamentak, ERC, PSC, ICV eta CiUren adostasunarekin. 1981ean berreskuratu zituen Kataluniak hezkuntza konpetentziak, baina 2009a arte ez du Kataluniak hezkuntza lege propiorik izan.
Lege berri horrek, “murgiltze linguistikoa blindatzen duen eskola katalanaren eredu berria” eskaini nahi du, nagusiki bi erronka dituena: batetik,
etorkin uholdeari hezkuntza duina eskaintzea; eta bigarrenik, eskola-porrotaren tasak jaistea, Rigauren hitzetan azken hamarkadan hezkuntzak atzerapausoak egin baititu Katalunian. Alabaina, tradizio pedagogiko sakoneko herrialdea da. Iragan mende hasierako Errepublika garaitik eta bereziki frankismo garai hitsetan eskola eraberritzailea eta autoritarismoaren kontrakoa bultzatuko zuen pedagogo ugari ernaldu zen Katalunian. Ferrer Guardia eskola modernoaren sortzailea, Alexandre Gali eraberritze pedagogikoaren funtsezko eragileetako bat, Rosa Sensat, eta 60ko hamarkadan bere izena eramango zuen irakasle eraberritzaileen mugimenduaren fundatzaile Marta Marta eta Maria Antonia Canals pedagogoak dira horietako batzuk.
Une honetan ere badaude eskola
eraberritzaile ugari Katalunian, eta horietako lau bisitatu ditu Hik Hasik eta 25 irakasleko taldeak apirilean. Baina datu orokorrak kontuan harturik, eskola porrotaren tasak oso altuak dira gaur
egun, 2010eko datuen arabera, hain zuzen, lehen hezkuntzako seigarren mailako ikasleen %30 DBHra igarotzen dira oinarrizko jakintzak menperatu gabe, bereziki irakurmen eta ulermen arazoekin, eta bigarren hezkuntzan ere porrotaren tasa %30 ingurukoa da. Kopuru horiei aurre egiteko Rigauren departamentuak harturiko neurriek irakasleei eragingo diete lehenik eta behin, irakasleen formazioan sakondu nahi baitu bere sailak, eta era berean, lehen hezkuntzako curriculuma moldatu dute, gehiegi kargatu gabe. “Haurrari buruz dugun ikuspegia aldatu behar dugu: haurra tratatu izan dugu beti haurra izan behar balu bezala, eta betiereko haurtzaro batean bizi beharko balu bezala. Haurtzarotik helduarorako laguntza hau esfortzuarekin eta estimulazioarekin egin behar dugu”.
Une honetan Kataluniako hezkuntzak duen beste erronka nagusia ikasle berrien etorrerari aurre egitea da. Ikasturteko 15.000 ikasle berri jasotzen dituzte Kataluniako eskolek, hau da, 15.000 ikasle etorkin. Eta izan dira 19.000 ikasle berri jaso dituzteneko
ikasturteak ere. Hezkuntza sistema
ikasle berri hauen beharretara egokitzea eta ikasle etorkin hauek sistema baliatzea da Rigaurentzat erronka.
Hau guztia, baina, krisi garaian egitea egokituko zaio Rigauren departamentuari, eta bere saileko Lluis Fontek adierazi zuen bezala, borobila karratu egin beharko dute, hau da, “lehengo baliabide guztiak eskaini nahi ditugu diru gutxiagorekin”.

Katalana, eskolako hizkuntza

eta kohesio hizkuntza
Guztira 1.150.000 haur daude Kataluniako eskoletan, eta 155.000 dira
etorkinak, 168 herrialdetatik Kataluniara joanak (marokoarrek eta latinoamerikarrek osatzen dituzte talde handienak). Haur horien artean 200 hizkuntzatik gora hitz egiten dituzte. Guztientzako katalana da eskolako hizkuntza nagusia, 80ko hamarkadan Gobernuak hala erabaki baitzuen eta ondorioz, umeak ezin dituzte ez eskoletan ez geletan hizkuntzaren arabera bereizi. Eta horri esker lortu da gaur egun Kataluniako hiritarren artean kohesioa egotea, Gobernuko kideen arabera.
Pere Mayans Hezkuntza politikako zuzendariak azaldu zigun Kataluniako eskolen hizkuntza errealitatea, hau da, eskolan sartzen diren haur gehienek ez dutela eskolako hizkuntza –katalana- ezagutzen, eta eskolaren helburua kohesio hizkuntza katalana izango duten hiritar eleanitzak sortzea dela. “Katalanez eta gaztelaniaz konpetentzia komunikatiboa izan behar dute ikasleek, eta gutxienez atzerriko hizkuntza batean. Baina nahiz eta haur guztientzat sistemak helburu berdinak izan, zenbait haurrekin modu desberdinean jokatu behar dugu katalana irakasteko garaian, ez baita familiatik datorkien hizkuntza. Horixe da gure erronka”.
Ikasleria honi harrera egitea da hezkuntza sailak aurreko legegintzaldietatik ezarria duen lehentasuna, eta lehendik etorkinei harrera egiteko proiektu espezifikorik ez duten zentroen kasuan harrera-gelak sortu zituzten 2004an, 1.100 harrera-gela eta 1.050 irakasle 20.000 ikaslerentzat. Harrera-gelak dira gaur egun ere hezkuntza politikako zuzendaritzaren ikurra. Eta hauen ondoan, ikasleak familiatik dakarren hizkuntzari eusteko ere baliabideak jartzen ari dira.
Baina katalana ez dadin soilik eskolako hizkuntza izan, Pere Mayansen taldeak ingurune-planak sortu ditu, eskola-orduetatik kanpoko jardueretan ere katalana erabil dezaten haur eta gaztetxoek, “haurrak gehien garatzen eta hezten diren alorrak baitira”.

Lau ikastetxe berritzailetara bisita

Ikaslea heziketaren zentroan jartzea da gakoa

Lau ikastetxe berritzailetara egin zuen bisita HikHasik apirilean, 0-3 bitarteko Cavall Fort eskolara San Cugat del Vallesen; 3-8 bitarteko Els Pinetons eskolara Ripolleten; 3-12 bitarteko El Roure Gros eskolara Santa Eulalia de Riuprimerren; eta bigarren hezkuntzako Sunion ikastetxera Bartzelonan bertan. Eskola publikoak dira lehen hirurak eta erdi kontzertatua-erdi pribatua laugarrena. Proiektu oso ezberdinak garatu dituzte lau ikastetxeek, baina guztiek ezaugarri bera dute oinarrian: haurra edo nerabea jartzen dute eskolaren zentroan, eta bere beharren arabera moldatzen dute sistema, beti ere autonomia, motibazioa eta elkarbizitza garatzeko.

Sorrera diferentea izan zuten lau ikastetxeek, Cavall Fort, Els Pinetons eta Sunion proiektu zehatz batekin sortu ziren, lehenengo biak sare publikoaren barruan eta bigarrena pribatuan, Pep Costa-Pau pedagogoaren ekimenez. Cavall Fort eta Els Pinetons sortzeko ERC, ICV eta PSCren gobernu garaian eskola berriak egiteko zegoen ekimena baliatu zuten irakasle taldeek Rosa Sensat irakasle elkartearen barruan hainbat urtetan mamituriko eztabaida eta hausnarketa errealitate bilakatu eta eskola-proiektua gauzatu ahal izanaz zerotik hasten zen eskola berri batean. El Roure Gros ikastetxearen kasuan, aldiz, Carme Alemany irakaslearen ekimenez gauzatu da hain berezi egiten duen proiektua, eskola berean urte mordoxka egin ostean joan baita eraldatzen proiektua gaur egunekora iritsi arte.
Ikastetxe guztien oinarrian eztabaida eta hausnarketa pedagogiko sakona eta etengabea dago, irakasle taldeak berebiziko garrantzia dauka eta eskola haur, nerabe eta helduak bizitzeko eta elkarbizitzeko leku gisa ulertzen dute. Egiturari dagokionez ere, badute antzekotasun bat: gardentasuna; gela barruetan egiten dena ikusten da kanpotik.
Bakoitzak bere baliabideekin, baina guztiek proiektu pedagogiko sendo batekin erakutsi digute 0tik 18 urtera bitartean hezkuntza eraberritu daitekeela.

CAVALL FORT: Lan giro onaren eredu

Haurrek egarria dutenean ura edatea edo komunera joateko premia dutenean komunera joatea bezalako oinarrizko premiak ez dira betetzen eskola askotan, ikastetxeak  haurren premiei erantzuteko baino gehiago irakasleen edo administrazioaren lana errazteko moduan baitaude antolatuak. Sant Cugat Del Valleseko Cavall Fort haur eskolak oso bestela jokatzen du: “Irakaslea bigarren planoan jarri dugu eta haurra lehenengoan; euren beharrak ahalik eta ondoen asetzeko moduan egituratu dugu gure lana”, azaldu zigun Rosa Ferrer eskolako koordinatzaileak. “Baina irakaslea bigarren planoan jartzeak ez du esan nahi irakasleak lan gutxiago egin behar duenik; kontrakoa, uneoro haurren beharretan arreta jartzea eskatzen du honek”. Ferrerrek ikaragarrizko entusiasmoarekin hitz egiten du berak koordinatzen duen haur eskolaz.
Cavall Fort haur eskolan 0-3 urte bitarteko 36 haur daude, eta gela guztietan behar bereziak dituzten haurrak dituzte. “Eta gu oso gustura gaude horrekin, haurrentzat, hezitzaileontzat eta familientzat ikaragarrizko irakaspena baita”. Espazioei dagokionez, elkarren artean konektatuak dauden gelak, gela guztietatik irits litekeen espazio irekia, erabilera anitzeko psikomotrizitate gela, tailerra eta familientzako halla ditu eskolak.
Eskolara sartu eta lehen begiratuan bi gauzek ematen dute atentzioa: Batetik, irakasle eta hezitzaileen artean dagoen giro onak; eta bestetik, gurasoak geletan ikusteak, haurra hezkuntza sistemaren erdian jartzearekin batera bi horiexek baitira haur eskola honen ezaugarriak. Haurrak, bitartean, aurrera eta atzera mugitzen dira askatasun osoz. “Lan taldearen barruan giro ona edukitzeari hasieratik eman diogu garrantzia, ezinbestekoa baita guretzat. Gure arteko harremana ahalik eta humanoena izan behar da, lasaia. Nola irakatsiko diegu haurrei elkar entzuten, elkarbizitzen edo elkarri laguntzen helduok geure artean ez badugu hori egiten?”. Azken batean, haurrekin eta familiekin batera, irakasle taldeak eramango du aurrera eskola proiektua. Lan taldean arnasten den giro ona haurrengana eta familiengana transmititzen da, ezinbestean.
Familiek, gainera, rol garrantzitsua jokatzen dute Cavall Forten. Esan bezala, gurasoak euren haurrak dauden geletan sartzen dira, sofan eseri eta kafe bat hartzen dute haurrekin edo haurrei begira edo beste gurasoekin. “Ezin da bestela izan, euren haurrak dira, eta hau zentro publiko bat da, gardentasuna erabatekoa da”. Halaber, zentroarentzat urrezko araua da familiak ez epaitzea ezta haiei buruz gaizki hitz egitea ere. “Oinarrizko gauza dirudi, baina leku askotan ez da betetzen, eta horrek, nahi gabe bada ere, giroa txartzen du”.
Ferrerrentzat irakasle izatea mundua ikusteko eta ulertzeko modu bat da, “konpromiso soziala eskatzen duen jarrera bat da”. Koordinatzaileak ikaragarrizko energia eta konpromisoa transmititzen du bere lanaz mintzatzean. “Eskolan lanean ari garen orduetan 100% egon behar dugu irakasleok, hori baita haurrek merezi dutena. Kexatu behar badugu, lana bukatutakoan egingo dugu, baina beti eztabaidatu eta gauzak hobetzeko ideiak jarri behar ditugu mahai gainean, gure lana eta haurren heziketa ahalik eta ondoen egiteko modu bakarra da hori”. 

ELS PINETONS: Hiru eskola txiki, eskola handi baten barruan

Cavall Fort bezala, eskola berria da Ripolleteko Els Pinetons; duela bost urte sortu zuten Carles Gracia eta beste bost irakaslek, ERC, ICV eta PSCren gobernu garaian eskola publiko berriak sortzeko egon zen aukera baliatuz. Hain zuzen ere, krisiaren aurretik Katalunian eraiki zen azken eskola publikoa izan zen. “Eskola honen oinarrian urte askotako eztabaida pedagogiko handia egon da, serioa eta sakona, eta mantendu egiten dugu eztabaida hori, gauzak hobetzen joateko eta taldean elkarrekin urratsak egiteko”. Gracia bera da ikastetxeko zuzendaria, eta aldi berean 3-5 urteko gelan eskolak ematen ditu.

Hiru lerroko eskola da Els Pinetons, eta 3 eta 10 urte bitarteko haurrak dituzte. Baina eskola honen ezaugarria da hiru lerroek eskola txiki bana bezala funtzionatzen dutela, Aire, Aigua eta Terra  dira eskola horiek, eta ez dute modu paraleloan funtzionatzen, baizik eta bertikalean, eskola bakoitzak gutxieneko autonomia bat dauka. “Haur bakoitzaren nortasuna ahalik eta ondoen errespetatzea da helburua, eta hori ondoen eskola txikietan egiten da, haur bakoitzak –pertsona bakoitzak- bere nortasuna sendo eraikiz eraikiko baitu kolektiboa ere”.
Eskola bakoitzaren barruan taldeak bereizten dira, hiru zikloetan -3tik 5 urte bitartekoak petits taldekoak dira; 6 eta 7koak mitjants eta 8tik 10era bitartekoak grans- adin desberdinetako haurrek taldeak osatzen dituzte, eta hauek haurraren erreferentzia taldeak izango dira. Taldeak asanblada bidez erabakitzen du ze kezka dituen eta ze gai jorratu nahi dituen, eta gai horiek proiektu bidez lantzen dituzte.
Proiektuez gain, espazioak dira eskola honetako ikurrak, hau da gela arruntez gain, lanerako espazio batzuk dituzte non jolas sinbolikoak egiten dituzten, edo lan logiko-matematikoa, edo esperimentazio lanak, sormenezko lanak.... Haurrek eurek erabakitzen dute sei espazioetatik zeinetan jorratu nahi duten aste horretako espazio-lana. Espazio hauetan haurrak eurak dira garatu nahi duten lana erabakitzen dutenak, aldiz, irakasleak bideraturiko lanak tailerretan egiten dituzte.
Espazioetako eta tailerretako lan hauetan guztietan sormen artistikoak eta hizkuntzak leku berezia hartzen dute. Zeharka, hizkuntza katalana lantzen dute haurrek, gaztelaniadun familiatako haur asko baitaude Els Pinetonsen; “Eguneroko ohiko ekintzetan katalana erabil dezaten da gure helburua, ondoren hizkuntza hau eskolaz kanpoko ekintzetara estrapola dezaten”.
Goiza hasteko irakurketa saioen ondotik, espazio eta tailer hauetan, behaketa eta esperimentazioaren bidez ikasten dute haurrek, argitaletxeetako ikaslibururik erabili gabe “eta besteekiko harremanetik. Besteak horren barruan ez daude bakarrik irakasleak, baita euren kideak ere. Guretzat ikasketako funtsa da berdinen arteko ikasketa, haurren arteko harremanak garrantzia handia du”. Berdinen arteko ikasketa da Els Pinetonsen beste ezaugarrietako bat, eta honi loturik, eskola haurren bizitzaren parte bezala ulertzea funtsezko jotzen du Graciak, “ez da bizitzatik aparte dagoen zerbait berezia”.
Els Pinetonsen lantzen duten pedagogiaren ondorio da haurrak hazten doazen neurrian gero eta inposizio gutxiago onartzen dituztela, “azalpena eta argudioak eskatzen dizkizute, ea zergatik diren gauzak modu batean eta ez bestean”, eta Graciak ziur  du hori dela hurrengo belaunaldiak hezteko bidea. “Gakoa da irakasleak prest egon behar duela haurraren erantzuna jasotzeko, haurra entzun eta umiltasunez onartu behar du hark esaten diona”.

Askatasuna, parte-hartzea, konpromisoa eta esfortzua

Eskolaren eraberritzea beharrezko jotzen du Graciak, “baina horrek ez du esan nahi uneoro aldatzen eta esperimentatzen aritu behar dugunik; baizik eta uneoro hausnartzen eta debatitzen aritu behar dugula, haurrarentzat onena zer den ikusteko”. Alabaina, eztabaida horretan zenbait ezaugarri “blindatu” beharrekoak dira Graciarentzat: “Askatasuna; haurren, familien eta irakasleon parte-hartzea; konpromiso profesionala eta esfortzua ezinbesteko baliotzat ditugu eskola honetan”. Eta horiek aurrera eramateko unean zuzendariak dio haurrak ez direla problema, ezta familiak edo administrazioa ere, “benetako zailtasuna irakasle kolektiboan bertan dago: begirada humanoagoa behar dugu; eta zuzendaritza-taldearen egitekoa irakasle berriak proiektuari atxikitzea da, ideiak eta konpromisoa ekar ditzaten”. Eskola publikoa izaki, nahiz eta ikastetxe berria izateagatik irakasle kopuru finkoagoa edukitzeko eskubidea duten, ikasturtero irakasleen %30 aldatu egiten da, “irakasle asko daukagun proiektuagatik etortzen diren arren, beste askok ez dute ezagutu ere egiten, eta haiekin gure egitasmoa partekatzeko denbora asko inbertitzen dugu kurtso osoan zehar”. Gaur egun 24 irakasle eta erdiko lantaldea du Els Pinetonsek.
Irakasle guztiek astelehen arratsaldeetan bi orduko eztabaida pedagogikoak izaten dituzte, gai bat hartu eztabaidatu eta erabakietara iristeko. Erabaki horiek, sarri, ez dute bat egiten gaur egun CiU garatzen ari den hezkuntza sistemarekin, “banakoaren eskubideak ikasleek kalitatezko hezkuntza jasotzeko daukaten eskubide kolektiboaren gainetik jartzen ari baitira”, eta horren aurrean, ez dute desobeditzeko aukera baztertzen, “beti ere haurraren onerako dela ikusten dugun kasuetan”.
Cavall Forten bezala, gurasoek zeresan handia dute Els Pinetonsen proiektu honetan, eta nahi dutenean sar litezke eskolara, behatzeko nahiz parte hartzeko. “Proiektu hau familiekin partekatzea funtsezkoa da aurrera egingo badu, azken batean haur hauen heziketaren ardura eurena baita”. Gurasoen batzordeez gain, familiek parte hartzeko foroak dituzte eskolan.
Eskolan sartzean atentzioa ematen du eskolaren egitura arkitektonikoak eta estetikak, modernoa da guztia, berria eta zaindua, espazio eta tailerrak materialez beteak. Eskola sortzeko unetik beretik zuzendaritza-taldeak proiektu arkitektonikoan parte hartzeko nahia azaldu zuen, “gu garelako eskola batek ze premia dituen ondoen dakigunak”. Hala bada, hormetan beirate handiak, ateetan barrukoa zein kanpokoa ikusteko leihotxoak, pasillo zabalak eta materialez beteriko espazioak dituzte Els Pinetonsen. Eta egitura hauetan barrena, aurrera eta atzera, gela batetik bestera lasai ederrean dabiltza haurrak, orain piramide bat egiteko material bila, edo bibliotekan dokumentazioa kontsultatzeko, taldean lan eginez eta hitz eginez, norbere autonomia eta motibazioa garatuz.

EL ROURE GROS: “Ezagutu, deskubritu eta ikasi elkarrekin, zientziaren bidez”

Hik Hasiren bidaian parte hartu zuten irakasleak erabat liluraturik irten ziren Ripolleteko eskolatik, bai Graciak aurkezturiko proiektuagatik, euren begiz ikusiriko tailerretako eta espazioetako dinamikagatik, eta baita eskola berri horrek eskaintzen dituen gune eta baliabideengatik ere. Baina Vic ondoan dagoen Santa Eulalia de Riuprimer herrixkako El Roure Gros eskolara iritsitakoan, ohartu ziren materialak eta baliabideak baino garrantzitsuagoak direla proiektu sendo bat eta lantalde on bat edukitzea eskola eraberritzeko. Zaharra baita El Roure Gros eskola, txiki gelditu zaie gainera, eta baliabide materialak urriak dira oso El Pinetonsen aldean.

Carme Alemany ikasketa buru eta El Roure Groseko alma materraren lehen hitzak taldeari buruzkoak izan ziren: “Hemen dena talde lanean egiten dugu, kohesio handiko lantalde bat gara, eskola-proiektuari buruz asko hausnartu duen taldea. Gure hezkuntza-proiektuak haurren onura bilatzen du, ez bestelako onurarik; ez ekonomikorik, ez helduei zuzendurikorik, ez lantaldearen baldintzei zuzendurikorik ere.  Hori da gure zutabe nagusia: Haurra autonomia edukitzeko gai da, hausnartzeko gai da, behatzeko eta ikasteko gai da. Jaiotzen diren unetik ikasten ari dira”.
Haurren ikasteko gaitasuna mantentzea eta bultzatzea da eskola honen egitekoa. “Irakasleon lana haurrak inkontzienteki egiten duen aurrerapausoez jabearaztea da, aurkikuntza bat egiten duen bakoitzean hori barnera dezala, horri buruz hitz egin dezala, eztabaidatu dezala eta komunika dezala; ikasketa bat izan dadila”. Santa Eulalia de Riuprimerren ondo dakite zein den irakaslearen funtzioa: “Irakaslea ez da jakinduria eta ezagutzaren transmisorea, bere lana ez da liburua zabaldu eta ariketa bat egiteko agintzea, irakasle bat haurrei ikasten ikasten laguntzen dien profesionala da. Lehen lana haurrak ezagutzea du, eta irakasleak berak ez dakizkien gauzak galdetzeko eta bilatzeko umiltasuna edukitzea, irakasleak ere ikasleekin batera ikasi egiten baitu, eta hori izango da lan honek emango dion poztasun handiena: haurrak ikasteko duen ilusioa ikustea eta ikastearen plazer intelektuala sentitzea”.
Haurrak motibatzeko zientzia baliatzen dute, “ezagutu, deskubritu eta
ikasi elkarrekin, zientziaren bidez”, horixe da eskolan duten leloa. “Zientziak ideiak formulatzen laguntzen die, hipotesiak planteatzen eta esperimentatzen, eta ondorioak komunikatu behar dituzte ondoren, idatziz edo ahoz”. Haur batzuk Newtonen penduluaren funtzionamendua aztertzen ari ziren; txikiago bat koilara batekin ahurra eta ganbila deskubritzen ari zen; hirukote batek ur hobi bat eraiki zuen eta eskolako patioko ze lekutan kokatu aztertzen ari ziren, eta beste hirukote batek ikaragarrizko astronomia lezioa eman zieten Euskal Herritik joandako irakasleei eskolako gela batean daukaten planetariumean. Motibaturik eta autonomia handiarekin ari ziren lanean txikitatik.

Proiektuka eta adinak nahastuz

Ikasketa-prozesua proiektuen bidez garatzen dute haurrek, ikaslibururik gabe. Dokumentazio-kaxekin funtzionatzen dute, haurrak motibatzeko helburuarekin irakasleek proposatzen dituzten proiektuetarako dokumentazioa eskaintzen dute kaxa horiek. “Hasieran orekari buruzko proiektu bat, materien nahasketari buruzko beste bat, disoluzioei buruzkoa… eskaintzen genien, eta ondoren berriak eta berriak etortzen joan dira, irakasleen iniziatibaz batzuk baina beste asko ikasleen euren eskariz, gauza bat deskubritu duen haurrak beste berri bat deskubritu nahi baitu”. Alemanyk azaldu zuenez, une honetan gero eta gauza zehatzagoak eskatzen dizkiete haurrek; “izan ere, haurrek daukaten gaitasuna ikaragarria da, helduak gara gaitasun hori mugatzen diegunak”. Proiektuetan, era berean, musikako proiektuak daude haurren eskura.
Euren gaitasunen arabera, ikerketa-prozesua dokumentatzen joango dira haurrak, eta behin lana amaitu ondoren, informe idatzia egingo dute, eta argazkiekin eta marrazkiekin osatuko dute indibidualki, ondoren, irakaslearen laguntzarekin zuzentzeko. Haurrek euren gaitasunen eta premien arabera lan egiten dutenez, Alemanyk dio behar berezietako haurrek asko aurreratzen dutela ikastetxe honetan, norberaren erritmoa errespetatzen baita. Horregatik, beste hainbat zentrotara egokitu ez diren haur ugari etorri dira inguruko herrietatik Santa Eulalian eskaintzen den proiektura.
Haurren gaitasunak eta denborak errespetatzean funtsezkoa da Alemanyrentzat. “Guztiok gauzak aldi berean eta modu berean egitearen helburua irakasleen lana erraztea besterik ez da, horrek ez baitio haurren garapenari mesede egiten. Bizitzan ez dago beste esparrurik gauzak era horretan egingo ditugunik; orduan zergatik egin behar dituzte eskolan adin bereko haur guztiek gauzak garai eta modu berean?”. Horregatik, adinak nahasita egiten dute lana, ikasleek euren arteko harremanetik ikas dezaten batetik, eta haur bakoitzaren erritmoa errespetatzeko, bestetik.
Haurrak adinka ez bereizteaz gain, ikasleen laneguna ere ez dute orduka zatitzen ikasgaien arabera, “jakintza guztiek interaktuatzen dute elkarrekin, astronomia lantzen dutenean hizkuntza lantzen dute aldi berean, eta bizitzan ere horrela egiten dugu”.
Gela bakoitzean 14 haur daude, ziklo bakoitzean adin desberdinetako haurrak nahastuz. Haur bakoitzak bere erreferentzia gela dauka, eta bakoitzaren gaitasunen araberako irakurketa
edo marrazketa saioaren ondotik goizetan zientzia eta ikerketa lanak egiten dituzte bakoitzaren erreferentzia gelan, eta arratsaldeetan joko sinbolikoak edo irakasgai ludikoagoak lantzen dituzte guztiek elkarturik, haur bakoitzak aukeratzen duelarik irakasleek proposatzen dituzten ze ekintzetan parte hartu nahi duten.

Irakasleen formazioa, ezinbesteko

13 irakasle daude El Roure Grosen eta 3 urtetik 12 urtera bitarteko 123 haur, 1.000 biztanleko herria baita Santa Eulalia de Riuprimer. Els Pinetonsen bezala, eskola publikoa izanik urtero berritzen den irakasle kopurua handia da, %50era artekoa. “Bertan finko gauden irakasleontzat hain aldaketa handia jasatea gogorra izaten da, baina etortzen diren irakasle berri zenbaitentzat ere zaila izaten da, proiektua ezagutu gabe etortzen direnez adin desberdineko haurrekin eta gainera testulibururik gabe lan egitea zail egiten baitzaie sarri”. Horregatik, ikasturte hasieran formazio lan handia egiten dute irakasleekin, eta astean bi ordu hartzen dituzte formatzen jarraitzeko, batzuetan eztabaidaren eta hausnarketaren bidez formatzeko eta beste batzuetan kanpotik etorritako adituen laguntzarekin.  Gurasoei zuzenduriko formazio ikastaroak ere egiten dituzte, tarteka.
Proiektu honetan azterketek ez daukate lekurik. Haur bakoitzaren jarraipena guztiz indibiduala da eta egiten ari denari buruzko hiru informe egiten dira ikasturtean zehar. Hezkuntza departamentuak, alabaina, haur bakoitzaren nota eskatzen diete irakasleei, “baina pertsona bat ezin da zenbaki batekin baloratu. Jarri jartzen dugu, baina administraziora bakarrik iristen da zenbaki hori”.
Administrazioaren zenbait eskakizun eta jarrerekin oso kritikoak dira ikastetxe honetako irakasleak, Cavall Fortekoak eta Els Pinetonsekoak bezala. “Aginduak onartzeko edo onartzeko arrazoiak lantzen ditugu, eta egoki irizten dioguna errespetatzen dugu”. Onartu ez duten aginduetako bat seigarren ordua ezartzearena izan da; Kataluniako zentro publikoek sei eskola-ordu eman beharra izan dituzte azken ikasturtean, pribatuetan eta kontzertatuetan hala egiten zutelako; “horrek guztiz apurtzen zuen irakasleon lan giroa, eta elkarrekin eztabaidatzeko eta hitz egiteko genuen ordubetea xahutzen zuen; Haurrek bestela ere, berez, egiten dute seigarren ordua eskolan, jatorduan ia denak bertan gelditzen baitira, eta denbora tarte hori ikasteko eta jolasteko baliatzen baitute, eta gurasoek ere hala ulertzen dute”.
Izan ere, haurrekin eta irakasleekin batera, familiek zeresan handia dute eskola proiektuan, eta nahi adina parte hartu dezakete, nahi izanez gero geletan sartuz eta ekintzetan parte hartuz.
31  urte daramatza Carme Alemanyk El Roure Grosen; Andreu Cardo irakaslearen eta Marisa Punti zuzendariaren laguntzarekin bereziki lantalde eta proiektu sendoa garatu dituzte, haurren autonomia eta motibazioa landuz. Baina haratago, Alemanyk argi du euren zentroan egin duten jauzia bezalakoak egin ahal izateko, sareak josi behar direla, “haurrak heziketaren erdigunean jarriko dituzten irakasleen sareak behar ditugu, irakasle horiek urratsak egiteko beharrean babesa senti dezaten”. 

SUNION: Nerabearen talde naturalean oinarrituriko eskola

Eskola “antiautoritario, alternatibo eta militanteki laiko” gisa sortu zen Sunion, Institucio Cultural Catalana, 1974an, Pep Costa-Pau pedagogoaren (1939-1986)  ekimenez. Bigarren hezkuntzako eskola pribatua da Bartzelonako ikastetxe hau, eta gaur egun DBHko mailan kontzertatua da, eta egitura pribatuarekin zientzia eta teknologiako batxilerra eta humanitate eta gizarte zientzietakoa eskaintzen ditu.

Ikaslearen autonomian eta ardura pertsonalean oinarritzen den sistema pedagogikoa bultzatzen du, “nerabeek elkarbizitzen ikas dezaten”, Joan Puig zuzendariak aurkeztu zuen gisan. Zutabe horren gainean eraikitzen da ikastetxea, eta bi bereizgarri nagusi ditu antolaketa ikuspegitik: ikasleak eurek aukeraturiko zazpi-zortzi laguneko talde naturaletan biltzen dira; eta bestetik, espazioen eta ordutegien banaketa ikasgaietako ekintzen arabera antolatzen dute asterik aste.
 815 ikasle ditu Sunionek: DBHko 4 lerro ditu eta batxilergoko 6. 120 ikasleko kurtso bat 16 talde naturaletan banatua dago, hau da, lau taldek klase bat osatuko dute. Ikasle bakoitzak erabakiko du ze taldetan parte hartu nahi duen, baina irakasleek osatuko dituzte klaseak taldeen arabera. 55 irakasle daude, eta bakoitzak bere klaseetarako material propioa sortzen du. “Ikasleek talde naturaletan banatzea euren garapena bultzatzeko modurik onena dela ulertzen dugu. Nerabeengan adiskidetasunak baturiko talde naturala zerbait naturala da, eta talde horretako kide sentitzeak babesa eta indarra ematen dio aurrera egiteko. Ohiko bizitzan daukaten antolamendu egitura klaseetara ekarri besterik ez dugu egin. Era honetan, nerabeak eskola berak aukeratu duen taldetik bizi du, berez segurtasun gutxiko garaia baita nerabezaroa eta taldearen segurtasuna eta babesa sentitiuko ditu eskolan ere”. Era berean, irakasleei
erraztu egiten die taldeko antolamenduak ikasleak hobeto ezagutzea, “euren krisiak hobeto ezagutzen ditugu, hitz egiten baitute lan eta talde dinamikaz tutorearekin, autokritika eginaz”. Azken helburua nerabeek eskola sakonki bizitzea da, bizitza bera garai horretan bizi duten bezala.
Talde naturalek, gainera, beste bi egiteko dituzte: batetik, taldekide bakoitza irakasgai bateko monitorea da, hau da, irakasgai baten ardura eramango du taldearen barruan eta irakasgai horretako irakaslearekin bilerak egingo ditu kurtso bereko beste talde naturaletako 15 monitoreekin batera. Bigarrenik, taldeko kide bakoitzak lan batez arduratu behar du astean eskola-ordubetez, idazkari lanetan, jangelako lanetan edo gisa honetako zortzi zerbitzutan. Horrez gain, talde bakoitzak garbiketa-lanak egin behar ditu dagokionean.
Izan ere, bidaian zehar ikusi ditugun beste ikastetxeetan bezala, Sunionen ere eskola pertsonaren bizitzako
eremutzat hartzen da, ez  aparteko eremu gisa. “Ikasleak euren irizpideak
eraikitzen joango diren espazioa izan behar du eskolak, elkarbizitza baten barruan euren baloreak eta iritziak bilatuko dituzten eremua”. Irakasgaiez gain, beraz, baloretan hezten dira nerabeak Sunionen, “militanteki laikoak gara Sunionen, eta balio unibertsala duten baloreetan hezi nahi ditugu nerabeak; baina balore hauek eurek bilatu behar dituzte, eurek erabaki behar dute nola pentsatu, nola ekin, nola jantzi…”
Talde naturalen banaketaz gain, ordutegiaren banaketa da eskola honen beste bereizgarria, eguna eta astea bera ere zatitu egiten baitute ikasleen eta irakasgaien beharren arabera, ordutegia moldatuz. “Ondorioz, asterik aste ordutegi desberdina dute ikasleek”. Internet bidez, edo korridoreetan zehar dituzten pantailetan kontsultatzen dute ikasleek egunean eguneko ordutegia, edo hurrengo egunekoa edo astekoa. Bitxia da hori sekula antolaketa-eredu hau ikusi ez duenarentzat. “Normalki ordutegi bat idatzi eta irakasgaiak ordutegi horretara moldatu behar ditu irakasleak, baina guk optimizatu egin nahi dugu, eta edukiari eman garrantzia eta ez hainbeste edukiontziari”. 

Bidaia pedagogikoan parte hartu duten hainbat irakasleren iritziak:

ENARA ARRIETA

Haur hezkuntzan lan egiten dugun asko ez gaude gustura gure hezkuntza ereduarekin. Ikusten dugu ze gaitasun dituen haurrak txikitatik eta uste dugu ez direla aprobetxatzen, mugatu egiten dugula. Ikastetxe askotan arazoak bukaeran konpondu nahi dira, batxilergoan, eta nik uste dut alderantziz dela: Haur Hezkuntzan jarri behar da oinarri sendoa eta inbertsioa hor egin. Cavall Forten ikusi dugu horren eredua: haurrarekiko eta bere iniziatiba eta eskubideekiko errespetua eta familiarekikoa ikaragarriak dira, eta irakasleen arteko giroa ere ikaragarria; baina horri eusteko borrokan jarraitu behar dute, eta prest daude, benetan garbi baitaukate nola lan egin nahi duten. El Roure Gros eskola ere mundiala iruditu zait: ikasle bakoitzaren potentziala benetan probesten dute eskola honetan.

ANE IGARZABAL

Kataluniako  bidaia pedagogikoak erakusten du 0 urtetatik Unibertsitate mailara arte ikasle autonomo, kritiko, bere ikaskuntzaren auto-kontrolatzaile, arduratsu… izatera bultzatzeko Hezkuntza Proiektuak badaudela, eta eredu moduan izan ditzakegula. Els Pinetons ikastetxea zoragarria iruditu zitzaidan, zuzendariaren hitz guztiek
adierazi zuten zehaztasuna, zorroztasuna, kritikotasuna eta beraien Hezkuntza Proiektuarekiko sinesmena
izan ziren gehien bete nindutenak. El Roure Gros eskola hunkigarria iruditu zitzaidan: halako espazio, talde txiki baina irekian zer nolako umiltasuna, elkarrengandik ikasiz eta elkarri laguntzeko eskuzabaltasun hura… Gutxirekin ere asko egin daitekeela sinesteko beste adibide bikain bat izan zen!

ENEKO FERNANDEZ

Katalunian ikusi dugu zein eskola mota eta zein hezkuntza mota nahiko luketen eztabaidatzen ari direla, gaur
egun nagusitzen den eredu “tradizionalak” maisu-maistra aunitzen onespena ez duelako onartzen. Generalitateko Irene Rigau kontseilariaren esaldi hau azpimarratuko nuke: “Kataluniako Hezkuntza sistema da hau, ez hezkuntza sistema katalana”. Estatu mailako legediak aunitz baldintzatzen du komunitate bakoitzeko curriculuma eta hezkuntza sistema. Horren aurrean, Els Pinetonsen desobedientziaz entzun genuen hausnarketa interesgarria iruditu zitzaidan, kanpo ebaluaketako probak ez egiteko pausoa ematearena, adibidez. Horrez gain, hezkuntza proiektu batean zenbait kontzeptu blindatu eta babestu behar direla ere interesgarria
iruditu zitzaidan, ezin dela urtero eztabaidagai izan. Azpimarratzekoa da, baita ere, maisu-maistren gehiengoaren inplikazioa ezinbertzeko jotzen dutela hezkuntza proiektu bat aintzinerako eramateko. El Roure Groseko bisita iruditu zitzaidan bereziena, adinartekotasuna lantzeko moduagatik, gela
irekien kontzeptuagatik...

LEIRE PEREZ AZKONA

Kataluniako bidaia pedagogikoan parte hartu dugun irakasleon gogoeta, azterketa eta ikerkuntza hautetatik guztietatik eztabaida pedagogikoa eragingo duen emaitza bat (foro bat, proiektu bat...) ateratzea gustatuko litzaidake. Katalunian ikusi dut aspaldi buruan nuen eskola eredua: El Roure Gros. Cavall Fortetik familiekin garatzen eta mantentzen duten harremana azpimarratuko nuke bereziki. Sunion ere sorpresa handia izan zen, ez nuelako espero DBHko eskola batean halako berrikuntzarik ematea.

ARITZ LARRETA

Atentzioa eman dit hango eskoletako ikasketaburu, koordinatzaile zein
irakasleek darabilten diskurtso pedagogikoak. Besteak beste, horrelakoak entzun dizkiegu: “Ikaslea da irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren benetako protagonista eta, beraz, ikaslea da ardatza, ez irakaslea”. “Ikasle bakoitzaren nahi, desio, behar, interesetatik... sortutako proiektuen bidez egiten dugu lan, horrela eginda bakarrik lortuko baitugu  ikasleek ikasten ikastea, pentsatzen ikastea...”. Irudipena dut, gurean kontu horiek , gehienetan, kontu hutsean gelditzen direla, hau da, diskurtso hutsean. Katalunian, baina, ez dut uste hori horrela denik. Alegia, euren diskurtso pedagogikoa ez da diskurtso soila. Bisitatu ditugun eskoletan  argi 
ikusi dugu euren diskurtso pedagogikoa praktika eta teoria uztartzetik eratutako diskurtsoa dela. Ikusi ditugun
ikastetxeetan agindu burokratikoekiko azaldu duten kritikotasunak ere
atentzioa eman dit. Eta bestetik, bidaia honek, niri eta beste askori barrenak mugitu dizkigu, zalantzak sortu dizkigu, kezkak eragin dizkigu,  eta ondorio argi batera iritsi gara: bestelako eskola eredu baten alde egin nahi duen jendea, egon, bagaudela Euskal Herrian.