Miarritzeko itsas museoa

2011-06-01
 
 

Miarritzeko itsas museoaren anbizioa itsas munduari buruzko jakintza ahalik eta jende gehienari erakustea eta zabaltzea da. Eta helburu ludiko eta pedagogiko horretan haurrengan arreta berezia jartzen du, horregatik, ikastetxeentzako bisita leku aproposa izan liteke Lapurdiko kostako museoak eskaintzen duena. Orain, gainera, hil honen amaieratik aurrera, eraberritze lanak amaiturik, espazio bikoitza hartuko du 1935ean zabaldu zuten Miarritzeko itsas museoak, itsasertzeko leku paregabean.

Begiak zabal-zabalik eduki behar dira bisita honetan zehar, marrazo edo fokaz gain, organismo ezkutu txiki-txikiak bizi baitira Miarritzeko itsas museoan, edo baita ingurunera kamuflatuak diruditen arrain lauak edo itsas zaldiak ere. Horiek guztiak ezagutzeko, museoa bere horretan bisita liteke goiko terrazetatik hasi eta beheko akuariora, edo beheko akuariotik hasi eta laugarren solairuko terrazara. Baina museoak berak bi ibilbide proposatzen dizkiete ikastetxeei, ordu eta erdi eta hiru ordu artean egiteko: lehenengo bisitak, itsas bizitza ezagutzeko balio du; eta bigarrenak, gizakiak itsasoarekin izan duen harremana aurkezten digu.

Orain arte Bizkaiko Golkoko itsas bizitza erakusten zigun Miarritzeko museoak, 150 espezietik gora; baina aurrerantzean, beste itsasoetako arrainak eta espezieak ere ikusi ahal izango dira bertan, bai Itsaso Barekoak nola Atlantikokoak ere.

 

Alga, marrazo, legatz eta itsas zaldiei begira

Itsas munduan barrena proposatzen diguten bisita hasi eta berehala ohartuko gara itsasoan ez direla soilik arrainak bizi, ezta karramarro, barraskilo, itsas triku, itsas izarrak edota olagarroak bakarrik ere; Bizkaiko Golkoan bertan, belakiak, anemonak edota gorgonak bizi dira; edo planktona, zetazeoak, landareak.... Eta espezie hauetako bakoitzak itsasoan bizitzeko, elikatzeko eta mugitzeko bere era garatu du, airezko ingurunean bizi garen izakiongandik oso desberdina, eta ikasleak berehala jabetuko dira horretaz. Izurde baten hezurdura ikus liteke, adibidez, zeinen arina den. Izan ere, itsasoan bizi denez, zetazeoek ez dute hain hezurdura sendoa behar, baina, uraren dentsitateari aurre egiteko fisiko berezia garatu behar dute. Aldiz, airezko ingurune batean mugitzeak bestelako energia eskatzen du. Marrazo inudea, edo marrazo grisa Miarritzeko akuarioan ikus litezkeen zetazeo batzuk, eta arrain hezurdunak ere ikusi daitezke, sardinak, mihi-arraina, bisigua, itsas kabra, itsas zaldia edota itsas aingira ere. Animalia hauek bizi daitezen elikatu egin behar dira, bizidunak jaten dituzte, animaliatik jatorria edo landare-espeziea diren izaki bizidunak. Horregatik, landaretza handia ikus liteke akuarioan. Museo honetako espezie izarrak edo pribilegiatuenak fokak edo itsas txakurrak dira. 150 metro kubikoko akuarioan sei foka daude gaur egun Miarritzeko museoan, eta egunero jendaurrean ematen diete jaten (10:30ean eta 17:00etan) museoaren goiko terrazan, ikuslearen gozamenerako.

 

Balea arrantzatik, surfera

Museoak eskaintzen duen bigarren ibilbideak gizakiaren eta itsasoaren arteko harremana ezagutzeko bisita proposatzen du, lehen solairuan urpekaritza, ozeanografiaren historia eta garapena, eta arrantza aztertzen dira bereziki. Bigarrengoan, aldiz, geologiaz, meteorologiaz eta ozeanoez gehiago jakiteko aukera eskaintzen zaigu .Museoak erakusten duen eran, euskal herritarrek antzinatetik itsasoa elikadura iturri izan dute: lurretik nahiz txalupa txikietako arrantzutik hasi, eta XII. mendean Ternuara joaten ziren balea arrantzaleak dira horren adibide. Museoak leku berezia eskaintzen dio balea-arrantzuaren euskal epopeiari, eta zortzi mende atzera bidaiatzea proposatzen dio ikusleari (lehenago, 670ean balea olioa merkaturatzen zen Euskal Herrian). Horrez gain, Groenlandiako bakailao-arrantzuko abenturak edo Atlantiko tropikalean eta Indiako Ozeanoan hegaluze-arrantzuan bizi izandako abenturak kontatzen zaizkigu. Baina gizakiak itsasoarekin izan duen harremana ez da arrantzura mugatzen, eta are gutxiago Miarritzen. Hala bada, hiriak surfarekin izan duen eta duen harremanari ere lekua eskaintzen dio itsas museoak. Izan ere, Miarritzen egin zuten lehen surf taula 1935ekoa da, eta horietako bat ikus liteke museoan berta, ordutik baitatorkio hiriari gaur egun bizi-bizi dagoen zaletasuna.  Museotik atera, eta barruan ikasitakoan sakontzen jarrai dezakete ikasleek kanpora irtetean, Miarritzeko itsasertzak eskaintzen duen ikuspegi paregabetik. •

 

MIARRITZEKO ITSAS MUSEOA

Esplanade du Rocher de la Vierge

64200 MIARRITZE (Lapurdi)Tel.: 07 33 559223334    07 33 559240259Fax: 07 33 559244198e-mail: pedago@centredelamer.frWeb gunea: www.museedelamer.com

 

ORDUTEGIA

   9:30 - 12:3014:00 - 18:00Udan ordutegia aldatu egiten da.Museoa urteko egun guztietan dago irekita urtarrileko bigarren astean izan ezik.

 

• Bisita gidatuak egiten dituzte euskaraz, aurrez hala eskatuz gero,

• Baita bisita tematikoak ere. • Museoak berak irteerak antolatzen ditu itsasertzera, marea gora-beherak aztertzeko. • Museoan lo egiteko aukera dago, "Arrainekin Lotan" egitarauaren barruan. Bertan hezkuntza egitarau bat lantzen da eta afaria eta gosaria barne egoteaz gain, tunelean lo egiteko aukera eskaintzen da): 40? / ikasleko. Arrainekin Lotan egitarauan ostegun eta ostiraletan har daiteke parte.• Bertan lantzeko unitate didaktikoak dituzte frantsesez.• Donostiako akuarioak eta Miarritzeko museoak elkarlanean egiten dute lan, eta edukiak ez errepikatzeko proposamenak dituzte. Une honetan itsas ingurumenari buruzko heziketan teknologia eta komunikabide berriak euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz  erabiltzeko egitarau bat garatzen ari dira elkarrekin.• 20 ikasletik gorako taldeen kasuan, ikasleko tarifa 4,40 eurokoa da (ekaineko handitze lanen ondoren 6, 50 izango da). 30 lagunentzako gida baten zerbitzua 55 euro ordaindu behar da. Webgunean datoz tarifa guztiak.