Eleaniztasuna bai, baina zein eta nola?

2011-06-01

Hainbat eleaniztasun mota daude, eta denek ez dituzte ondorio berdinak. Hizkuntzarekiko lortu nahi diren helburuak zehatz finkatu eta horiek lortzen hobe lagunduko lukeen eleaniztasun motan sakondu beharko genuke.

 
 

Hautatu beharko bagenu eskola komunitatea gehien kezkatzen duen gaia, aukeren artean, ezbairik gabe, eleaniztasunaren gaia legoke.

Eskola esparruaz gain, komunikabideetan askotan hitz egindako gaia da, bestalde: hauts asko harrotutakoa.
Noraino sakondu ote da, baina, eleaniztasunaren izaeran? Zenbateraino dira ezagunak eleaniztasun motak? Eta zenbat hausnartu ote da gure beharrak hobeto aseko dituen eleaniztasun mota hautatzeko, diseinatzeko?
Ipar Hegoa Fundazioak Irakaskuntza kulturaniztasuna/Irakaskuntza eleaniztasuna jardunaldiak antolatu zituen Donostian eta Iruñean gaiari argi pixka bat gehiago egin asmoz.
Han, adituek, eleaniztasun mota desberdinen gainean aritu ziren, eta bakoitzak ekartzen dituen ondorioak aurkeztu zituzten. Eleaniztasun gehigarriaren kontzeptua nabarmendu zen.
Izan ere, zergatik gure ikasleek eskolan gutxienez 14 urte igaro ondoren, askok ez dituzte oinarrizko gaitasun linguistikoak bereganatzen euskaraz eta ingelesez? Zerbait gaizki egiten ari garen seinale!
Hezkuntza administrazioentzat hizkuntza trataera ildo estrategikoa bihurtu da, ikasle eleaniztunak nahi omen dituzte. Eta ezarri, ezarri dizkigute beren hizkuntza ereduak, duda-mudako irizpide pedagogiko eta zientifikoetan oinarrituak.
Hala ere, eleaniztasunaren esparruan eta hizkuntza trataeren arloan, administrazioek egindako proposamenak –TIL, Hello, Hirueleko eredua eta abar- eleaniztasunari heltzeko moduen artean bat besterik ez dira. Ez bakarra, ez egokiena, hortaz.
Zorionez badaude beste proposamen batzuk mahai gainean, Euskararen Kontseiluaren Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen, kasu.
Eleaniztasunak dituen punta anitzei begira, gaur egun ikerketek eta eskarmentuek ondorioztatu dute emaitzak lortzekotan murgiltze eta mantentze sistemen ildoan sakonduz lortuko direla.
Hizkuntzen ikaste/irakaste prozesuak ezin dira matematikoki antolatu landu behar diren hizkuntza kopuruaren arabera zatituz denborak eta antolaketak. Ondorioz, ingelesari ordu gehiago emateak –egiten dena ordu gehiagoz luzatzea, alegia—, ziur bermatzen duen bakarra murgiltzeari eta mantentzeari egiten dion kaltea da. Ingelesari mesede egingo ote dion ikusteke dago.
Munduak herritar eleaniztunak behar ditu. Euskal Herriko jendarteak eleaniztun euskaldunak behar ditu. Euskaldunok munduan ulertuak izan nahi dugu eta mundua ulertu nahi dugu. Euskaldun gisa adierazi nahi dugu. Eleaniztasunaren gaian asmatzen badugu, guk baino gaitasun komunikatibo handiagoak eta hobeak dituzten herritarrak izango ditugu.
Iruñean entzun zen eta berriro diogu: eleaniztasuna bai, baina ez edonola!