Ikastetxetik herriaren ezagutza transmititzen

2011-06-01

Errenteriako toponimia jaso zuen lehenik Udalak, baina lan hura guztia liburukote batean argitaratu baino nahiago izan zuen lan hori gizarteratzeko beste bide bat bilatu, eta bide horren bila zebilela iritsi zen Errenteriako Udala Hik Hasira. Toponimia bilduma zena herriko kultur ondarea ezagutarazteko hezkuntza proiektu zabal bihurtu da era horretan: Herria ezagutzen proiektua.

 
 

Toponimia kultur ondarearen zati denez, hezkuntza egitasmoa toponimiara mugatu beharrean, ondarea bere osotasunean lantzea proposatu zuen Hik Hasik, sei unitate didaktikoren bidez. Eta bi urteren ondoren, herrian, herriari eta herritarrei buruz jasotako edukiak gizarteratzeko proiektua argitaratuta eta ikasle eta hezitzaileen eskura dago dagoeneko. Errenteriako kultur ondarea eta toponimia lantzeko, Lehen Hezkuntzako ikasturte bakoitzerako unitate bat proposatzen da, eta hezitzailearentzako gida ere osatu da, unitate bakoitzeko informazioarekin, jardueren azalpenekin, jarduera osagarriekin eta dokumentazioarekin. Ikerketa, bilketa eta unitateak Hik Hasiko Arantxa Urbe lankideak egin ditu.

Kultur ondarearen transmisioan gertatu den etenak azaleratu du gisa horretako hezkuntza lan bat egiteko premia. Unitate didaktiko horien bidez, herriari loturiko hainbat helburu lortu nahi dira, hala nola herritarren izaeraren kontzientzia indartzea; euskal kultura eta euskararen normalizazioa bultzatzea; gazteen artean herriko kontuak eta informazioak zabaltzea; ikastetxeekin trebakuntza eta zabalkundea lantzea; integrazioa erraztea eta, batez ere, herritarrengan herriarekiko, historiarekiko eta bizitzarekiko jakin-mina eta atxikimendua sortzea. Eta hori guztia herria ezagutaraziz egin nahi da.
Herritarren eta herriko elkarteen arteko ezagutza eta kohesioa bultzatzearekin batera, helburu pedagogiko argia du lan honek, ikastetxeetan lantzen diren oinarrizko gaitasunak gertuko baliabideekin lantzen lagundu nahi baitie ikastetxeei. Ikasleak eskura dituen baliabideen bidez, egunero bizi dituen espazioen eta gertaeren bidez ikas dezan. Euskal Curriculuma garatzeko aukera ematen dute unitateek, hau da, Euskal Curriculumean landu nahi diren edukiak, dela euskal nortasuna, izaera, kultura, sinesmenak, balioak… gertuenekotik abiatuta, hots, herritik, ezagutarazten zaizkio ikasleari.

Historia ardatz

Historia da sei unitateotako proiektuaren enborra, eta unitate bakoitzetik adarrak ateratzen dira, unitate bakoitzean jorratzen diren gaiak gaur egunera gerturatzen dituzten adarrak, hain zuzen ere, ikasleek konpara ditzaten antzinako garaiko eta gaur egungo egoerak. Gaia hainbat jarduera eta ariketaren bidez osatzen da, liburuki bakoitzean herriko pertsonaia bat ezagutarazten da, eta ibilbide bat ere proposatzen da aldiko.

Eragileen parte hartzearekin eginiko lana

Errenteriako Udaleko Euskara Sailarekin koordinaturik, herriko zazpi ikastetxeen eta Udalaren parte hartzearekin osatu du Hik Hasik proiektu hau. Hasieratik ikastetxeek eta Udalak sei unitateen gidoiaren proposamena eduki dute, eta ikastetxe bakoitzak bere proposamenak eta alderaketak egin ondoren hasi ziren unitate bakoitza diseinatzen. Liburuki bakoitzaren diseinua ere guztien artean adostu dute, Hik Hasik proposaturiko zirriborro-gidoiaren gainean bakoitzak bere ekarpenak eginez. Egitasmoaren hasieratik hezkuntza eragile guztien parte hartzea bilatu baita.
Unitate bakoitzeko edukiak prestatzeko, hustuketa lan handia egin du Arantxa Urbek. Hasieran, aurretik bilduta zegoen informazioaren gainean lan egitea adostu zuten, liburutegira eta artxibategira joz. Baina, lanean hasi ondoren, zenbait informazio bildu eta osatu beharrean izan da, kasu askotan herriko elkarteetatik eta eragileengandik informazioa zuzenean jasoz. Informazioaren hustuketaren emaitza osoa hezitzaileen gidan ikus liteke. Hainbat euskarri eta lekutan sakabanatuta zegoena, nagusiki gaztelaniaz idatzitako dokumentazioa zen, euskaraz idatzita jarri da gidan. Unitate didaktiko bakoitzak bere gida du eta unitaterik gabe ere erabiltzeko moduan jarri dira.
Gida horrek, era berean, malgutasuna ematen die unitateei. 7 ikastetxe izanik Errenterian, bakoitza bere proiektu, dinamika eta filosofiarekin, guztiekin erabat asmatuko duen materiala sortzea zaila denez, paperean argitaraturiko unitateetatik harago, jarduera eta pertsonaia gehiago eskaintzen dizkie gidak hezitzaileei, bakoitzak nondik nora jo erabakitzeko aukera izan dezan.
Bereziki hezitzaileengan pentsaturik egin da gida, kontuan izanik unitateak landuko dituzten hezitzaile asko ez direla herrikoak edo ez dutela herria aski ezagutuko. Baina, era berean, gida guraso edo herritar ororentzako eskura dago Interneten.
Malgutasunaz gain, hezkuntza proposamen horren ezaugarriak dira bizitasuna eta elkarrekintza ere. Ikasleentzat bizia eta dinamikoa izan dadin, ahozkotasunak garrantzi berezia dauka proiektuan, ikasleak galderak egitera bultzatzen baititu, etxean, auzoan nahiz elkarteetan galdetzera. Ikasleek jasotako informazio hori berriro herriari itzuliz elkarrekintza bilatzen dute unitateek, hau da, joan-etorriko lana da. Herritik jaso dutena erakusketen bidez edo bestelako ekintzen bidez gizarteratzea proposatzen du Urbek.

Lehen proba, gaindituta

Dagoeneko iritsi dira ikasleen eskuetara lehen unitateak, eta lehen harrera oso positiboa izan da, bai ikasleen aldetik eta baita irakasleen aldetik ere. Herrian gutxien integratutako auzoetan interes ikaragarria erakutsi dute, auzo berriak izanik, ez baitira gertakari historikoen epizentro izan.
Herriko kultur ondarea zabaltzeko proiektu hau ez da unitate didaktikoekin eta hezitzaileen gidarekin amaitzen, hori atal bat besterik ez da. Aurrera begira, proiektuaren barruan sartzen dira DBHko ikasleentzat komikiak egitea, herrian panelak ezartzea edota haurrentzako ipuinak sortzea ere. Toponimia, herriko pertsonaiak eta gertaera historikoak loturik ipuinak sortzea proposatu zaie herriko egileei, garai bateko herriko ipuinak galdu egin baitziren, Errenteriako etxeen izendegiak galdu ziren bezalaxe.
Unitateak, gidak eta informazio osagarria helbide honetan daude: www.ondarea-errenteria.net

Arantxa Urbe, unitateen koordinatzailea eta Hik Hasiko lankidea

Herriko ondarea transmititzeko tresna izango dira unitate hauek. Horretarako behar berezia ikusten zenuten Errenterian?

Transmisioaren katea nahiko etena dago, gaur egun, Oreretan. Transmisioaren etena, lehenik, transmisioaren leku naturalean gertatu da, etxean. Baina eskolan ere etendura nabarmena da; batetik, gero eta irakasle gehiago direlako kanpokoak, eta, bestetik, mugikortasun handia dagoelako irakasleen artean: egun batean irakasle bat dago eta, handik gutxira, beste bat. Herrian ere gero eta herritar gehiago gara lo-hiri moduan hartzen dugunak herri hori, eta horrek herriaren ezaugarrien galera dakar, eta herritarren atxikimendua ere gero eta lausoagoa da. Gero eta gutxiago dakigu herriaz, nahiz eta herrian bizi.

Norberaren herria ezagutzeak, zer balio dauka?

Ezagutzen ez duzun gauza bat ezin duzu maitatu, ez baduzu maitatzen, ezin zara inplikatu; eta ez badago inplikaziorik, nola egingo du aurrera herriak? Gure nortasunaren, ezaugarrien eta kulturaren biziraupenaz ari gara. Hori guztia ikusita, pentsatu genuen ondareari buruzko horrelako lan bat egin behar zela. Herria ezagutzetik hasten da herri baten eraikuntza.

Baina herria gutxi ezagutzea eta transmisioa etetea ez dira soilik Errenteriako arazo, ezta?

Ez, ez. Beste herri batzuetan ezagutu dutenean proiektu hau, ikusi dugu beste herri askotan ere badagoela kezka bera. Ez da Oreretaren kasu esklusibo bat. Ondarearen transmisioaren etena nahiko orokorra da.

Unitateak egitean, ahalegin berezia egin duzue historiografia ofiziala zabaltzeko, ezta?

Bai, bereziki unitate bakoitzean lantzen den pertsonaia aurkezteko garaian eta historia kontatzeko moduan. Historiografia ofiziala artxibategietan dago, beste batzuek guri buruz kontatu dutena. Gure herriko pertsonaia historiko gehienak edo apaizak edo nabigatzaileak izan dira, eta ikuspegi zabalagoa emateko ahalegin handia egin dugu. Emakume horien biografiak guk idatzi behar izan ditugu. Mari Zozaiakoa da pertsonaia horietako bat, Logroñoko sorginkeria prozesuan epaitu zutena. Baina, garai berean oso nabigatzaile famatuak bizi izan ziren hemen, Espainiako armadan borrokatu zirenak, eta hezitzaileak horietako bat landu nahi izanez gero, aukera hori ere ematen dugu gidaren bidez.

Zuek ez duzue eredu zehatzik izan lan hau egiteko, baina dagoeneko beste herri batzuetan ari dira antzeko proiektuak prestatzen, ezta?

Bai, Arrasaten ari dira dagoeneko, eta Ordizian ere bada antzeko asmo bat. Lan hau herritik egin behar dela pentsatzen dugu, herriko jendeak egin behar duela. Guk tresna eskaini nahi dugu Hik Hasitik, guk egin dugun lana beste batzuen eskura jarri, diseinua eta antolaketa eta eredua eginak daude, baina herri bakoitzak bete behar du edukia. Zuhaitz txiki bat jarri dugu, eta ea adar asko ateratzen zaizkion.

6 unitateen aurkezpena:

1. NOR GINEN

GARAI HISTORIKOA: Oarso bailara, Aiako Harria mendia, hain zuzen, itsas azpitik azaleratu zen Euskal Herriko lehen lurra izan zen. Beraz, inguru hori guztia baliagarria da Historiaurreko eta Historiako aroak aztertzeko.
Horrek emango dio hasiera unitateari. Ondoren, Aizpitarteko kobazuloak landuko dira, han bizi izan baitziren herriko lehen biztanleak.
Neolitoa, Burdin Aroa, eta inguru haietatik igaro ziren hainbat herrik irakatsitakoak azalduko dira. Haien ondoren, erromatarrek bailara horretan eraikitakoak aztertuko dira.
GAIA: toponimiaren gaia lantzea proposatzen da.
ELKARTEA: Paleolitoa lantzen duen herriko elkartea ezagutuko dute.
IBILBIDEA: hiru zatitan aurkeztu da: alde batetik, herrigunetik hurbilen dauden monumentu megalitikoak ezagutzeko ibilbidea; beste alde batetik, Aizpitarteko kobazuloak eta han inguruko monumentu megalitikoak ezagutzeko ibilbidea; eta, azkenik, Arditurriko meategiak eta Luberri ikasgela geologikoa ezagutzeko ibilbidea.
PERTSONAIA: Jaungoiko-Txiki.
 
2. ITSAS BAZTERREAN
GARAI HISTORIKOA: Erdi Aroa. Garai hartan, herria itsas portu garrantzitsua izan zen, eta haren bizitza eta jardunbide ekonomikoa itsasoarekin oso lotuta zeuden.
Une hartan, Nafarroako Erresumako lurrak izan zirenak Gaztelako erregeak eskuratu zituen. Gaztelakoak Hiri Gutuna eman zion herriari, izena aldatu zion eta hainbat betebehar ezarri zizkion, besteak beste, herria harresitzea.
GAIA: herri harresitua ezagutu, eta garaiko jendeak nola bizi ziren landuko dute unitate honetan. Herrian ugariak ziren ontziola eta burdinolei tiraka, lehengo eta oraingo lanbideak landuko dira, era berean.
ELKARTEA: herriko euskarazko hedabideak ezagutuko dituzte.
IBILBIDEA: herriko alde zaharrean barrena izango da. Zutik dirauten Erdi Aroko eraikuntzak bertatik bertara ezagutuko dituzte.
PERTSONAIA: Mari Zozaiakoa.

3. HANDITUZ

GARAI HISTORIKOA: herria harresitzeko argudioetako bat jasaten zituen eraso ugarietatik babestea izan zen. Haietako batek, 1638an jazotakoak, hain zuzen, herria ia birrinduta utzi zuen. Egoera tamalgarri haren aurrean, herritarrek herria leku seguruago batean eraikitzea pentsatu zuten. Eraikitzen ere hasi ziren.
Egoera ekonomiko onak inguruko jendea erakarri zuen, eta laster jendea kabitu ezinik geratu zen harresien barruan. Lehen errebalak eraikitzen hasi ziren. Hala, bat bestearen atzetik, gaur ezagutzen dugun herria osatu arte. Auzoen jatorria ezagutzeko parada emango digu horrek.
Jende pilaketak arazo asko eta larriak ekarri zituen: zaborrarena, besteak beste.
GAIA: herriko jai nagusiak eta hainbat ohitura landuko dituzte.
ELKARTEAK: kultur adierazpenetan jardunean ari diren herriko elkarteak.
IBILBIDEA: ibilbidea auzoetan barrena egingo da, auzo bakoitzeko elementu esanguratsuena ezagutzeko.
PERTSONAIA: Juan Ignacio Gamongoa.

4. GURE ALTXORRA

GARAI HISTORIKOA: herria handitu behar hartan, padura eta itsasoarenak ziren hainbat lur lehortu zituzten, eta haien gainean eraiki zuten. Baina itsasoak berea dena eskatzen omen du beti, eta hala gertatu zen. Zenbait urtetan, uholde bortitzak jasan zituen herriak. Oso kalte handiak izateaz gain, jendea itota ere hil zen. Konponbideak eztabaidatzen urte luzeak igaro ondoren, beste neurri batzuen artean, ibaia desbideratzea erabaki zuten.
GAIA: eta nondik dator Oiartzun ibaiaren ura? Errekei jarraituz, errekastoak aurkituko dituzte, eta haietatik gora herriko mendiak. Era berean, herrigunean eta handik kanpo dauden parkeak ezagutuko dituzte.
Herrian dauden komunikabideak eta haien historia aztertuko dute. Gainera, herrian hain garrantzitsua eta entzutetsua izan den kirol arloa aztertuko dute.
IBILBIDEA: Aiako Harria Natur Parkearen barruan eta Añarbeko urtegitik hurbil dagoen Malbazarreko parajean zehar egitea proposatzen da.
PERTSONAIA: Sara Carracelas

5. ORAIN, GU!

GARAI HISTORIKOA: aurreko unitatean, naturak eragindako hondamendiak ezagutu dituzte. Oraingo honetan, berriz, guk geuk eragindakoak aurkeztuko dizkiegu. Karlistaldiak, alde batetik, eta 36ko Gerra Zibila, bestetik. Gerrate horiek herrian izan zituzten ondorioak landuko dituzte.
Gerren ondoren eraikuntza garaia izaten da, eta hala gertatu zen hemen ere. Industrializazioak izugarrizko pizkundea izan zuen. Gero eta handiagoa zen eskaerari erantzun ahal izateko, jende askok etorri behar izan zuen kanpotik. Etorkinen uholdea gertatu zen. Horrek, hirigintzan, elkarbizitzan, soziolinguistikan eta beste hainbat arlotan izan zituen ondorioak aztertuko dira.
Emakumeek eta haurrek ere lanean hasi behar izan zuten. Baserriak ere hustuz joan ziren. Emakumeek langile mugimendu hartan izan zuten parte hartzea eta haurren eskubideak landuko dituzte, besteak beste. Gaur egun beren gurasoek dituzten lan baldintzekin eta eskubideekin alderatuko dituzte.
Garai hura ere iragan zen, eta, gaur egun, zein herri mota den aztertuko da azkenik.
IBILBIDEA: lantegi zaharren inguruak ezagutzea proposatzen da. Haietako asko desagertu egin dira jada. Hala ere, haien izenak geratu dira, haien lekuan eraiki ziren plaza, gune eta abarri izena eman baitiete.
PERTSONAIA: Joxepa Antoni Petriarena.

6. ETORRIKO DIRENAK

Azkeneko unitatean, aurreko guztia berrikusten da. Lehenago, XXI. menderako trantsizioa noiz hasi zen eta nola sortu zen aztertuko dute.
Ondare kulturala aztertzen aritu dira ikasleak urte horietan guztietan. Ondarearen adierazpide nagusia, edo ondarea osatzen duten adierazpide guztiak biltzen dituena, zalantzarik gabe, euskara da.
Aizpitarten herriko lehen biztanleek euskaraz jarduten zuten, eta euskaraz jarduten dugu gaur egun ere. Tartean joandako urteetan, beste leku batzuetatik gure herriaren garapenean laguntzera etorri diren lagunek beren hizkuntzak ekarri dituzte. Horregatik, gaur egun, euskararekin batera, beste hizkuntza asko entzun daitezke herriko kaleetan.

Euskararen inguruko sentsibilizazioa landu nahi da unitate honetan. Euskara, eta berarekin batera bizi diren gainerako hizkuntzak kontuan hartuta.

Historian euskarak bizi izan dituen egoeren gaineko hainbat informazio eskaintzen da unitatean. Auzoetan euskarak duen presentzia, euskaldunak eta euskaldunak ez direnen arteko datuak, eta abar.
Ondoren, ikastetxean, ikasleen etxeetan, auzoetan eta kalean euskarak bizi duen egoera ezagutzeko eta haren gainean hausnartzeko hainbat jarduera aurkezten dira. Baita norberaren euskararekiko harremana eta bakoitzaren bizitzan duen presentzia areagotzeko beste hainbat ekinbide ere.
Atzera begiratu ondoren, aurrera begiratzeko tenorea heldu da. Ikasleek ezagutu dituzte historian herriak jasandako aldaketak, eta badakite herritarrek zein arazori aurre egin behar izan zioten.
Gure ikasleak izango dira gaurko eta biharko herritarrak, urte batzuetan haiei egokituko zaie herriaren nondik norakoak definitu eta erabakitzea. Zein itxaropen eta zein nahi ote dituzte? Nolakoa imajinatzen ote dute izango dela herria aurrerantzean... eta nolakoa izatea nahiko ote lukete? Horren guztiaren gainean jarduteko gonbitarekin amaitu nahi izan da unitate bilduma hau.