Lore Erriondo. Pedagogoa, EHUko irakaslea.

2012-02-01

UEU, euskal unibertsitatea eta curriculuma oztopatzea ondo egituratutako politika baten ondorio da.

 Donostiako Pedagogia Fakultatea abian jarri aurretik iritsi da Lore ­Erriondo bulegora. Egunak ez du argitu artean. UEU, euskal unibertsitatea ­edota euskal curriculuma garatzeko ­eta gauzatzeko lanean buru-belarri ­ibili da Erriondo (Orereta, 1960) urte askoan, eta langintza guztietan, ­administrazioaren trabekin topo egin du. Oztopoak oztopo, ez du irribarrea sekula galdu, hark sortzen lagundu zuen aldizkari honekin egindako ­elkarrizketan. 

 
 
Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak diru-laguntza izendunak kendu ondoren, zer egoeratan gelditu da UEU? UEUren jarraipena berma daiteke?
Aurten, 40 urte beteko ditu UEUk, ­eta sorreratik gizarteari lotuta egon da, gizartetik sortu baitzen, premia zegoelako. Ez du sekula galdu izaera hori, ez da sekula enpresa bihurtu, irabazteko asmorik gabeko elkarte bat izaten ­jarraitu du, eta gaur egun ere hala da. Haren jarduna gero eta gehiago zabaldu denez, soldatapean gero eta langile gehiago dituen elkartea da, baina luxu gabeko elkartea, aldi berean. Udako ­topaketak izatetik udako ikastaroak ­izatera pasatu zen, eta gero eta jarduera gehiago izatera. Horrek elkartea zabal­tzea ekarri zuen, langile gehiago kontratatzea; baina, betiere, hastapenetako asmo horrekin berarekin jarraitu du, hau da: unibertsitate mailan euskararen eta euskal kulturaren garapenean aurrera egitea eta horretan sakontzea. Bide horretatik, beraz, gero eta esparru gehiago hartu ditugu, gero eta jarduera gehiago prestatu ditugu, baina lan boluntarioan oinarritutako erakunde izaten jarraitu dugu, euskal unibertsitatearen bidean urratsak eginez, gainerakoekin osagarritasunean eta elkarlanean. Beraz, diru-laguntzak kentzeak zer dakar? Oso egoera larrian egotea, eta egitura bera berriro planteatu eta egokitu beharra. Kinka larrian gelditu da UEU, oso larrian. Baina hastapenetako izaera hori galdu ez dugunez, aurrera egingo dugu nolanahi ere, badagoelako oinarrizko borondate bat: UEU gizarte premietarako zerbitzu bat da, eta borondatepeko lan bat da. Moldaketak egin ­behar ditugu egituran, eta horrek oso ­egoera zailean jartzen gaitu, biziraupena bera ere zalantzan jarriz; baina, borondateak hor jarraitzen duenez, aurrera ­egingo dugu. Hori bai, batetik eta bestetik, bizi ahal izateko, biziraun ahal izateko, laguntza bila gabiltza.
Berriro ere ematen du euskararen eta euskal kulturaren garapena borondatearen pean gelditzen dela. 
Tamalgarria da, baina hala da. Administrazioak bere egitekoa bete beharrean, profesionaltasunez eta normaltasunez euskara esparru guztietan ­garatu beharrean, argi adierazten du bere jarrerarekin oraindik normalizatu gabeko gizarte batean gaudela, eta normalizatu gabeko administrazio bat daukagula; tamalgarriena hori da. Horregatik daude bizirik gu bezalako ­elkarteak, euskararen eta euskal kulturaren biziraupena normalizatuta balego, dagoeneko gure premiarik ez litzateke egongo.
UEUk 40 urtean egindako lanaren aurrean administrazioak zer jarrera duen erakusten du neurri horrek, ezta?
Gutxiespena erakusten du, bai. ­Administrazioak ez du egiten bere lana, baina, egiten duen horri egin izana aitortuko balio, bada, konforme. Baina hori ere ez du egiten, eta euskal kulturaren garapenean lanean gabiltzanok baztertu egiten gaitu, ez gaitu aintzat hartzen. Gutxiespena erakusten du, bai. Eta gainera, gobernu horrek asko esaten du euskararen eta euskal kulturaren garapenean dauzkan interes, ­lehentasun eta premiei buruz.  
Harreman zuzenik izan duzue Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin?
Instituzio eta administrazio guztiekin harreman zuzena izaten saiatzen gara. Diru-laguntza izendun gutxi ba­tzuk dauzkagu, eta, nahiz eta laguntza izendunak izan, guri kontu ematea gustatzen zaigu, diru hori zertarako erabil­tzen dugun esatea; bestetik, deialdietara aurkezten ditugun proiektuetan ere saiatzen gara harreman zuzena izaten. Hori diru publikoa denez, eta guk zerbitzu publikoaren izaera daukagunez, gardentasuna gustatzen zaigu. Egiten dugun hori zer den adieraztea gusta­tzen zaigu, eta zergatik egiten den adieraztea, eta jasotzen dugun diru hori zertan erabiltzen dugun jakinaraztea. Horixe zor zaie gizarteari eta gizarte hori kudeatzen duen administrazioari. Laguntzak kendu zaizkigunean, ez dugu lortu harreman zuzena izatea, zergatiak jakiteko. Batzarrak eta harremanak eskatu ditugu, eta teknikariengana iritsi gara, jarrera ona erakutsi digute eta ­azalpenak eman dizkigute, baina jaso dugun azalpen bakarra zera da, krisi ­egoeran gaudela eta ez dagoela dirurik guztiontzat eta denerako. 
UEUk 40 urte egin behar ditu. Atzera begira jarrita, zeintzuk izan dira lorpen handienak? Nola aldatu da unibertsitate mailako prestakuntza?
Duela 40 urte, asko zegoen egiteko, asko-asko, ia guztia. Guztia ez dugu ­esango, ez dugu gutxietsi nahi gure aurretik egindako lana. Gainera, zailagoa da urrats txiki bat egitea, deus ez dagoenean; behin zerbait eginda dagoenean, errazagoa da urratsak egitea. Hastapenetako lana baino ikusgarriagoa da ondorengoa, baina guk aitortu egin ­behar dugu gu baino lehenagotik egindako lana. Oinordekoak gara, lekukoa jaso dugu. Baina, hala ere, egiteko asko zegoen. Horrek badu alderdi on bat: ­oso garbi zegoen zer egin behar zen. Sentsibilitatea eta kontzientzia zeuden neurrian, jende asko zegoen hori egiteko prest. Ez zen soilik egiteko asko zegoela; egoera politikoa ere errepresiboagoa zenez, euskal kulturaren alde lan egiteko grina handia zen, eta indarrak metatzeko egoera, berriz, hobea. Egoera hori hobetzen joan da, politikoki hobetzen joan delako, batetik, eta teknologikoki ere garatu garelako, bestetik; eta lan arloan ere hobetu gara. ­Elementu asko izan ditugu hobekuntza horren alde, eta ez dira elementu bakartuak izan, osotasun bat osatzen dute, gurpil bat. Egoera politikoak hobera ­egiteak, gizartea askeagoa izateak, euskal gizartearen errekonozimendu handiago bat ere badakar, hizkuntzarena ­eta kulturarena. Premia horiek aitor­tzen direnean, urratsak egiteko bidea urratzen da, instituzionalki, ikuspegi legaletik, eskubideen ikuspegitik... (instituzioen sorrera, diru-laguntzak, lanbide batzuen hastapena, profesional batzuen garapena, ikasketak...). ­Urratsak egiten dira, eta horrek guztiak aurrera egiten laguntzen du. 
Bestetik, zer gertatzen da urratsak egiten direnean? Ibilbidea gero eta gehiago zehaztu behar dela, definitu ­egin behar dela. Sasoi batean, ia guztia Udako Euskal Unibertsitatearen egitekoa zen, eta edozertaz jardun zitekeen bertan; baina urratsak egin ahala, gero eta gauza definituagoak egin beharra ­izan dugu. Topaketa batzuk izatetik ­ikastaro batzuk izatera igaro zen UEU, argitaletxe izatera, unibertsitate mailako ikasliburuak sortzera, teknologia berriak erabiltzera, tesiak digitalizatzera, datu-basea egitera, komunitatea trinkotzera, profesionalen arteko topaketak egitera, unibertsitateen arteko sinergiak bilatzera, ikasketa premiak zeintzuk izan daitezkeen zehaztera…
Kontzientzia aipatu duzu. Orain dela 40 urtetik hona, nola aldatu da unibertsitateko ikasleek euskararekiko eta euskal kulturarekiko duten kontzientzia?
Nik uste dut proportzionala dela, ­alegia, zenbat eta aukera eta baliabide gutxiago eduki, premia horretaz orduan eta kontzientzia handiagoa dagoela; egin beharra handiagoa da. Sasoi batean, ez zegoen Euskal Herriko Unibertsitaterik, Valladoliden zegoen unibertsitatea, gero sortu zen Bilbokoa, eta geroago sortu zen Euskal Herriko Unibertsitatea. Hastapenean, beraz, ez ­zegoen unibertsitatean ez euskal gaiei buruzko ikasketak egiterik, ez ikasketak euskaraz egiterik ere. Euskaraz ­ikasterik ez zegoenez, gabezia hori ­nabarmena zen, kontzientzia handiagoa zen, eta, beraz, aldarrikapena zentratuago zegoen. Gero, urratsak egiten hasi ziren euskal unibertsitatea egiteko bidean; unibertsitatean ere euskaraz ­ikasten hasteko urratsak egin ziren Euskal Herriko Unibertsitatearekin, eta ­lege aldetik ere urratsak egin ziren. Ez dugu ahaztu behar elebitasun dekretua sortu zela, autonomiak sortu zirela; eta euskaraz ikasteko aukera sortu zen, ez bakarrik euskara ikastekoa. 
Urratsak aurrera egin ahala, kon­tzientzia hori apaltzen joan da. Hainbatek pentsatzen du, euskaraz zerbait ­ikasterik badaukagunez, egoera normalizatzen ari dela. Orduan, kontzien­tziak atzera egiten du proportzionalki. Hala ere, nik uste dut oraindik ere ez ­direla bete hastapenetan zeuden itxaropenak, urteak pasatu diren arren; hau da, uste zen tokiko administrazioak sortu ahala aseko zirela euskaraz ­ikastearen inguruko premia horiek eta, beraz, irtenbideak izango genituela. Hastapenetan, hainbatek eta hainbatek, gizartearen parte handi batek, bazeukan itxaropen hori. Urteak pasatu dira, eta hori ez dela horrela izan ikusi da, oraindik ere ez garela normalizazio egoerara iritsi, eta iritsiko garen ere zalantzak daudela. Nahiz eta kolpeka ­izan, oraindik ere premiak daudelako kontzientzia konstante bat da, jende askok ikusten du ez direla ase beharreko premia guztiak ase. Tokiko administrazioek ez dutela bete euskaraz ikasteko premia. Gizarte baten garapen osoa euskaraz egitea ezinezkoa da oraindik gaur egun, eta areago, unibertsitate mailan. Behar horrek hortxe jarraitzen du, gaur egun ere. 
Hizkuntza batean ikasteko premia ez da etiketa bat, unibertsitate mailan hizkuntza batean ikastea garrantzitsua da oso. “Unibertsitate mailakoak” esapideak berak dioenez, unibertsalak ­dira irakasten diren gaiak, eta, azaletik begiratuta, berdin da Kotxintxinan edo hemen irakatsi; baina, sakonean, ez da horrela, ez da etiketa soil bat. Gizarte baten unibertsitateak markatuko du gizarte horren etorkizuna. Etorkizuneko profesionalak prestatzen dituena da ­unibertsitatea. Orduan, unibertsitatean zer titulazio lantzen diren zehazteak gizarte horren etorkizuna bera zehaztuko du. Eta horretarako, ikuspegi osoa ­izan behar dugu. Euskal gizartea hemendik 20 urtera zer izatea nahi dugun ikusi behar dugu, eta, horren arabera, ildo horiek antolatzen joan behar dugu, eta ildo horiek lantzeko titulazioak eskainiko ditugu; nolako goi mailako profesionalak behar ditugun pentsatu behar dugu, nolako harremanak izan nahi ditugun lan munduarekin… Hori erabakitzen ez dugun neurrian, beti besteren menpe ibiliko gara. Beraz, guk “euskal” diogunean, ez diogu soilik euskaraz egiten den hori, baizik eta Euskal Herriaren ikuspegitik antolatutako eta Euskal Herriaren etorkizunerako unibertsitateaz ari gara. Hori da burujabe izatea, guk zer izan nahi dugun jakitea, eta izan nahi dugun horretara ­iristeko bidea urratzeko aukera izatea, eta bestela, aukera sortzea. Horretan ­ari gara, sortzen.  
Euskal unibertsitatearen premia oraindik bizirik dago, orduan.
Bai, bizirik dago oraindik. Beraz, horrek esan nahi du Euskal Herriko ­Unibertsitateak bere urratsak egin ­dituela, eta urrats garrantzitsuak izan direla, egindakoa aitortu behar zaiola, baina ez duela guztia egin, ez. Oraindik urratsak egiteko daude. Gure ustez, euskal unibertsitatearen aldarriak ­oraindik hor dirau, premia hori ez delako ase oraindik, eta egun Euskal Herrian dauden unibertsitateek ez dutelako guztiz ase premia hori. Orduan, pentsatzen dugu ase gabeko gabezia bat daukagula euskal unibertsitatean, eta hor urratsak egin behar ditugula. Beti ere, guk garbi daukagu herri txikia garela, gutxi garela, eta asko dagoela ­egiteko. Aintzat hartu behar dugu eginda dagoena, eta ez dugu errepikatu ­behar eginda dagoena, ez dugu sartu behar lehian beste batzuek egiten dutenarekin. Gutxi gara asko egiteko. Horregatik, elkarlana eta osagarritasuna behar ditugu: dagoeneko eginda dagoena errespetatu eta balioetsi, eta eginda ez dagoena hartu egiteko. Eta, ahal dela, gainerakoekin elkarlanean jardun, jarreraren ikuspegitik behintzat. Horregatik, pentsatzen dugu oraindik asko dagoela egiteko, eta urratsak egiten ari gara, euskal unibertsitatearen proiektua geure sentitzen dugulako, gizarteko beste hainbat elkarterekin ­eta erakunderekin batera. Tamalez, administrazioak urrats horiek oztopatu ­egiten dizkigu, ez zaigu aitortzen premia hori dagoenik ere, unibertsitatearen fundazioa bera legeztatzeko eragozpenak eta arazoak ditugu.  
Orain dela pare bat urte, ematen zuen dena eginda zegoela, Tolosan euskal unibertsitatearen eraikina ikusten ari ginen… Eta aspaldian ez dugu euskal unibertsitateari buruz ezer entzun.
Nahiz eta “edukizko lana” egiten jarraitu, oztopoak datoz etengabe, zangotrabak datoz erakunde eta instituzioetatik. Fundazioa legeztatzeko dela, gero bestea dela… Urrats legalei dagokienez, oztopo guztiak jartzen zaizkigu, aurrera egin ez dezagun. Baina lan handia dago eginda, eta egiten jarrai­tzen dugu.
Oztopo horiek jartzeak esan nahi du, baita ere,  oztopoak jartzen dituen erakunde horrentzat estrategikoa dela unibertsitatea kontrolatzea.  
Estrategikoa da, bai. Unibertsitateak markatu behar du gizarte baten etorkizuna, horregatik da estrategikoa. Administrazioak esaten du: “Euskal unibertsitate bat? Ez da behar euskal unibertsitaterik. Existitzen da Euskal Herriko unibertsitatea”. Eta bai, egia da, Euskal Herrian dagoen unibertsitatea da bai, baina ez dugu euskal unibertsitaterik oraindik. Euskal Herriaren ikuspegitik eta Euskal Herriaren etorkizunerako unibertsitatearen premia ase gabe dago. Oraindik, euskal irakaskuntza horretan urratsak daude egiteko. Instituzioen diskurtsoa hori da, badagoela euskal unibertsitatea, eta ez dela behar.  
 
Euskal unibertsitateari trabak jarri dizkio administrazioak, eta gauza berbera gertatu da euskal curriculumarekin ere, ezta? Euskal curriculuma lantzen ere parte hartu zenuen, beste hainbat aditurekin batera. 
Gauza bera da. Beti egiten dugu topo administrazioarekin, eta ez da kasualitatea. Udako Euskal Unibertsitatea, euskal unibertsitatea, euskal curriculuma, ereduak, euskal kultura, ondarea, oroimena… Beti toki berera iristen gara, beti oztopoak jartzen dizkigu administrazioak, kasualitatea! Kasualitatea ote betiere nortasuna adierazten duten bide horiek guztiak, eredu propioa adierazten dutenak, burujabetasuna adierazten dutenak, autonomia ­adierazten dutenak, izaera propioa ­adierazten dutenak, batean eta bestean kolokan egotea? Ba ez, ez da kasualitatea. Bat kasualitatea izan daiteke, baina oztopo horiek guztiek adierazten dute oso ondo egituratutako politika bat ­dela, oso garbi dagoena. Itxuraz, ez dago inon, baina oso argi dago politikoki zer izan behar duten Euskal Herriak, euskal kulturak eta euskal izaerak ­agintzen dutenentzat.
Zer gertatzen da euskal curriculumarekin? Gauza bera. Gerra aurretik datorren historia da, 60ko hamarkadan ikastolen mugimenduarekin hasi eta gaur jarraitzen duena, oraindik bukatu ez den bidea da. Eta hor daukagu azken 10 urteetan euskal curriculumaren alde izan dugun mugimendua, euskal unibertsitatearen estrategia berean doana. Nik uste dut elkarlanean eta modu osagarrian lan egiten jarraitu behar dugula; elkartuta, sektore eta sare guztiak elkarturik, administrazioarekin elkarlanean saiatu behar dugu, gure haur eta gazteek unibertsitate mailatik behera etorkizuneko hiritar prestatuak izateko gizarte horretan zer behar duten ikusteko. Hau eta bestea behar dute, baina euskalduntasunaren ikuspegitik. Euskalduntasunaren ikuspegia sartzen denean, ordea, erne! Administrazioek beti oztopoak jartzen dizkigute. Hor, nork agintzen duen agertzen zaigu beti, boterean dagoenaren interesak agertzen dira, eta zer agintzen duen. Mendekotasuna agertzen zaigu beti. Orduan, ­agintariaren kolorearen arabera, bidea zabaldu edo estutu egiten da, baina mendekotasuna dakar beti horrek. ­Urte asko dituen mugimendu bat izan da euskal curriculumarena, eta ia lortu zen gizarte honetako curriculuma nahiko modu duinean adostea, izaera propioa izateko sare guztietan gutxienez eta komunean adostutakoa izatea. Eta eskolaren bidez nongoak garen eta nor garen jakiteko aukera emango ­zigun curriculumak. Hori baita, hain zuzen ere, gizarte batean eskolak duen funtzioa. Baina berriro ere errotik eten da. Lan handia egin da, baina eten egin da. Eta horrela gabiltza, ahal duenak ­ahal duena eginez.  
Zer leku gelditzen zaio haur eta gazteak euskalduntasunean hezi nahi dituen ikastetxe eta irakasle horri?
Borondatea, berriro ere. Berriro ere borondatera itzultzen gara. Borondate hori instituzionalizatuagoa izango da, edo pertsonalagoa izango da, erakunde hori sare batean edo bestean koka­tzen den. Koka­tzen den sare horretan gogoa txikiagoa baldin bada, kontrako jarrera handiagoa baldin bada, euskalduntasunean hezteko borondate hori pertsonalagoa izango da, eta, horrelakoetan, irakasle jakin batzuei buruz ari gara; edo ikaste­txe jakin batzuei buruz; edo sare jakin batzuei buruz: pribatua, publikoa, ­ikastola. Etengabe jirabiraka gabiltza, borondatearen eta irakaslearen edota­ ­ikastetxearen kontzientziaren biran. ­Egoerak txarrera egiten duen lekuetan eta garaietan, kontzientzia handiagoa dago, eta, kontzientzia handiagoa ­dagoenean, indarrak biltzeko aukera dago, eta egoera aldatzeko presioa egitekoa. Egoera aldatzeko presioa bide onetik egiten bada, gero, aldaketa politikoak etorriko dira, aldaketa politiko horiek bidea emango diote beste eredu bati… Baina herri batek ezin du egon aldaketa politikoen menpe etengabe, kolore batek edo besteak zer esaten duen, bestela, aurrera egiten diren ­urratsak atzera egiten dira aldaketa datorrenean, eta beti ukatu egiten zaio ­izaera. Horregatik, beharrezkoa da burujabetasuna: burujabetasunarekin, gutxienez bermatuta dago izatea, herri izatearen eskubidea. Gero, izate hori bide batetik edo beste batetik joango da, baina ez da zalantzan jartzen euskaldun izate hori, aukera hori, eskubide hori, historia hori, hizkuntza hori. Baina, une honetan, eta menpeko garen neurrian, hori guztia zalantzan jar­tzen da, eta izateko aukera handiagoa edo txikiagoa daukagu, dugun gobernuaren arabera.  
Baina hauxe esango dizute: “Aspaldian irakasten da euskaraz!” Nahiz eta horrek ez duen bermatzen euskal kultura, euskalduntasuna bera, transmititzen denik, hau da, hizkuntza batek bere baitan duen hori guztia transmititzen denik. 
Hain zuzen ere, hortxe dugu arriskua. Hizkuntza bera galtzeko arriskuan jartzen du horrek. Hizkuntza batek berarekin mundu bat ez badakar, ez badu mundu hori  transmititzen eta ez badu ­izaera propio bat transmititzen, hizkuntza horrenak egin du. Izan ere, beste baten itzulpen literala izango litzateke. Eta beste baten itzulpen literala izateko, ez da izango. Hizkuntzak berarekin mundu bat transmititu behar du. Guk, pertsonok, halako luxu batzuk ditugu, bi auto izatea, edo bi etxe izatea, edo bi koaderno izatea… Baina, erabili, bata edo bestea erabiltzen dugu, edo txandaka; ez ditugu aldi berean biak ­erabiltzen. Bada, natura are jakintsuagoa da, eta hizkuntzak are jakintsuagoak dira ekonomiaren ikuspegitik. Bi hizkuntzak ez dute luzaro irauten, fun­tzio bera dutenean. Beraz, zeinek dauka hor galtzekoa? Egoera okerrenean dagoenak. Zein da? Euskara. Eduki propiorik ez badu, izaera propiorik ez badu, euskarak euskalduntasuna transmititzen ez badu, lehenago edo beranduago, desagertu egingo da, eta, euskara desagertzearekin batera desagertuko da euskalduntasuna, eta desagertuko da izaera bat, eta nortasun bat, herri bat.  
EHU non kokatzen da bide horretan?
Euskal Herriko Unibertsitatean urrats batzuk egiten jarraitzen da. Batzuetan, aurrera egiten da, eta beste batzuetan, atzera, baina hor goaz.
Bolognaren zurrunbiloak nola eragin du Pedagogiako fakultate honetan?
Bolognaren zurrunbiloak alde ­onak eta txarrak ditu. Nik Bolognari pare bat alde on ikusten dizkiot; bata: ­ikaslearengan zentratzea, eta ez irakaslearengan; hori erreala den neurrian eta gauzatzen den neurrian, positiboa da. Orain irakaslea ez da Jainkoa, irakaskuntza ez da harengan zentratzen, ez da gelaren erdian jartzen dena, eta ez dauka jendetzarik hura gurtzeko; aldiz, ikasleak ikasgai horretaz, irakaslea aditua den ikasgai horretaz, jabe daitezen arduratu behar du irakasleak. Horrek ­esan nahi du zuk zure jakintza adierazteko ez duzula eskola antolatu behar, ez; ikasle horrek zuk daukazun jakintza hori bereganatu dezan lortu behar ­duzu zuk, eta hori horrela dela frogatu behar duzu. Beraz, Bolognaren arabera, praktikoagoa izan behar du, aplikatuagoa, komunikazio eredua aldatu ­egin behar du, ikertzaileagoa izan ­behar du… Horrek aldaketa handia eskatzen du. Noraino gauzatzen ari den, noraino gauzatuko den, hori beste kontu bat da. Baina alderdi hori positiboa da niretzat, eta ona da. Hori ebaluatzeko sistemak jarri dira, eta urrats batzuk egin daitezke hor. Gauden fakultatean egonda, Pedagogian egonda, errazagoa da hori egitea, hemen sentsibilizatuta eta ohituago baikaude horretara, ez zaigu arrotza egiten hori; lehendik ­ere, teorian behintzat, aldarrikapen batzuk egiten genituen guk norabide horretan. Zailagoa da hori sistematikoki ezartzea.
Bolognaren bidez, baita ere, Europan nor izan gaitezke, eta ongi ikusten dut hori. Hau da, estatuaren mugak gaindi ditzakegu. Ikuspegi horretatik, hegoaldeko eta iparraldeko euskaldunok bat egin dezakegu Europan, ikuspegi horretatik zirrikitu bat izan dezake Bolognak. 
Nik, horrelakoetan, ona izan daitekeen adar horri heltzen diot, eta hori garatzen dut, zeren, txarrak, egon, hor daude. Irizpideak garbi ez badauzkazu, berdintasunaren ordez uniformetasuna bultza dezake Bolognak, mendekotasun bat ekar dezake… Adar txar ­ugari dauzka, asko azpimarratzen direnak, baina goazen adar positiboei hel­tzera eta haiek lantzera. 
Hik Hasiren sorrerako taldean ibili zinen; nola ikusten duzu Hik Hasiren funtzioa, 17 urte geroago?
Premia dagoenean, jendeak elementu biltzaile bat, bateratzaile bat, ­eduki behar du, nora jo eta norekin egin dezakeen ikusi behar du. Hik Hasik betetzen du funtzio hori, dagoeneko erreferente bat da euskal hezkuntzan, eta badago nora jo irakurtzera, baliabideak bilatzera, jendea topatzera… Gauza bat da irakasle edo ikastetxe batek kontzientzia eta borondatea edukitzea, baina, hala ere, galduta egon zintezke, eta norberak bere bakardadean ezin du aurrera egin. Horregatik, horrelako ­erreferenteak -Hik Hasi, adibidez- ­ezinbestekoak dira, horien inguruan biltzen eta egituratzen direlako jendea, ideiak eta proiektuak. Hik Hasi bizkarrezurra da.