Eskola, etxe eta atzerri

2012-02-01
Ikasgelako mahai eta aulki guztiak amorruz eta ahalik eta indar handienez elkarren kontra bultzatu, nahastu eta zilipurdikatzeko ametsak bizi izan ninduen garai batean, ikasgela guztia hondakindegi baten antzeko anabasa zen­tzugabea bilakatu arte. Hori egiteak, berehalako plazerarekin batera, katarsi terapeutiko bat ekarriko zidan seguru ­asko. Ez nuen, ordea, une egokia aurkitu horretarako. Ez nintzen inoiz ausartu.
Baretu zaizkit garai bateko amorru oldarkor haiek. Herritar ustez zentzudun eta ustez arduratsua naiz orain, ­etxekook geurea sentitzen dugun eskola batera doan lau urteko mutil koxkor baten gurasoa.
Zer gertatuko da, ordea, semea ­ikasgelako mahai eta aulki guztiak ­amorruz eta ahalik eta indar handienez elkarren kontra bultzatu, nahastu eta zilipurdikatzeko ametsak bizitzen duenean, ikasgela guztia hondakindegi baten antzeko anabasa zentzugabea bilakatu arte? Oso litekeena baita une hori ­iristea, orain ez bada gero, bihar ez bada etzi.
Eskola tiraniko eta errepresiboa ­egokitu zitzaigun guri umetan. Gogoan daukat Don Vicente nola oldartu zi­tzaion larderia doilor zitalez makilarekin kolpeka ikasle bati huskeria bategatik, edo Don Alfonsok nola jarrarazten zizkigun eskuko eriak batuta eta ­gora begira, egurrezko erregelarekin jota min emateko.
Irekiera urteak izan genituen gero, eta institutu garaian aurrez irudikatzerik ere ez genuen askatasuna ezagutu genuen. Orduantxe izan nuen nik, hala ere, adinagatik seguru asko, eskolaren aurkako amorrurik eta gorrotorik handiena, noiz eta justu eskola inoiz baino neureago zenean.
Orain oso bestelakoa da eskola, baina batez ere oso bestelakoa da eskolaz dudan ikuspegia. Gurasoarena. Semea eskolara gustura joan dadila nahi dugu, adiskideak egin ditzala, ez dezala irakasleekin arazorik izan. Bakea nahi dugu, eskola maita dezala, eskolan denen lagun izan dadila. Eskolaren izena idatzita daukan txandala ere erosi diogu barren!
Urrutirago joan gabe, joan den asteko egun batez harriduraz ikusi nuen neure burua semea eskolara joan nahi ez zuelako amorrarazita. Gero pentsa­tzen egon nintzen oraingo nire zaputz hauek huskeriak izango direla seguru asko geroago etor daitezkeenen aldean, eta prestatuta egon beharko dudala, gogoan izan beharko dudala neu ere ­umea izan nintzela lehenik, nerabea gero, eta ikasgelako mahai eta aulki guztiak amorruz eta ahalik eta indar handienez elkarren kontra bultzatu, nahastu eta zilipurdikatzeko ametsak bizi izan ninduela garai batean, ikasgela guztia hondakindegi baten antzeko anabasa zentzugabea bilakatu arte.