Kalitatea Haur-Eskoletan

2012-02-01
Udako Hik Hasi Topaketak antolatzeaz gain, azken ­urteetan Haur Hezkuntzari ­eta, bereziki, 0-3 zikloari ­begirako jardunaldiak antolatzen ere ari da Hik Hasi.
Gai hauek jorratu dira ­orain arte: Psikomotrizitate praktika Haur Hezkuntzan: Pedagogia koherente baten bila; Emmi Pikler: haurraren autonomia eta Haur Txikien mugimenduaren behaketa. Sorta horri gehitu zaio ­egindako azkena, Kalitatea Haur Eskoletan.
Aurreko jardunaldietan bezala, azken horietan ere ­oso ona izan da jendearen eran­tzuna, ziklo horretan hezten dabilen jendeak sen­tsibilitate handia erakutsi baitu prestakuntzarako, haurren garapenean hain garrantzi­tsua eta erabakigarria den ­aldi horretan.
Hurrengo orrialdeotan, ­Kalitatea Haur Eskoletan ­jardunaldietan jorratutako hainbat arlo aurkituko dituzu.
 
 

Jardunaldiez bi hitz

 Haur Eskolak hartzen ditu haurrak eta familiak lehen aldiz eskolan, hark ­egiten die harrera eskola munduan. ­Eskola hori kalitatezkoa izan dadin –ongizatearekin lotuta, kalitate hitzaren zen­tzu zabalenean eta sakone­nean–, kontuan zer hartu behar diren ­eta Haur Eskola nola antolatu behar den aztertu nahi genituen.

Jardunaldietan azaldutako ideiak bat datoz zentzu askotan: Haur Eskolak kultura-eskola izan behar du, parte har­tzeko eskola, eskola irekia izan behar du, demokratikoa, partaide guztien iri­tzia jasoko duena; familiek zer esana ­izango dute eskola horretan, eta entzun egingo zaie. Kalitatezko Haur Eskolan, elkarrizketak beti ongi etorria izan beharko luke, baita eztabaidak eta hitz ­egiteko aukerak ere.

Jardunaldietan, Berba batzuk haurraren ongizateaz eskolan hitzaldia eskaini zuten Alexander Barandiaranek eta Iñaki Larreak. Biak Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkun­tza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) ­irakasleak dira. Unibertsitatean, Hezkuntza-gradua irakasteaz gain, aholkularitzan eta ikerketan  jarduten dute. 0-3 urte bitarteko aldian ikerketan zegoen hutsunea ikusirik, HAZITEGI izeneko proiektua ­abiarazi zuten duela hamar urte. Urte horietan, munduan egiten diren ikerketak aztertzen eta ezagutzak garatzen aritu dira. Horien guztien ondorioak ­izan ziren, nolabait, kalitateari buruzko jardunaldian aurkeztu zituztenak. Hi­tzaldian, kalitatearen adierazle behinena haurraren ongizatea dela ­adierazi zuten. Era berean, azaldutakoa sakonago jasotzen duten bi liburu aurkeztu zituzten, argitaratu berriak: Haurraren ongizatea I: Oinarri psikopedagogikoak eta Haurraren ongizatea II: Hezkuntza proposamenak.  

Horren ondoren, Herrialde Katalanetatik etorritako bi emakumek, Elia Martinezek eta Rosa Ferrerrek, beraiek zuzentzen dituzten San Cugateko Cavall Fort eta Sant Adrià de Besoseko ­Josep Miquel Céspedes haur eskoletako proiektuak aurkeztu zituzten. Haurtzaroaren ikuskera aldatu beharraz, eskola bizitzeko leku bihurtu beharraz, hezitzaileen eginbeharraz, familien parte-hartzeaz, talde-lanaz, egunerokotasunaren garrantziaz eta horiek guztiak ahalbidetzeko eta errazteko espazioen eta denboren antolaketaz aritu ziren, Bizi eta ikasi haur txikiekin hitzaldian.

Eta, azkenik, Txusma Azkonak, Lizarrako Arieta Haur Eskolako zuzendariak, Kalitate eredu proposamena 0-3 urte bitarteko eskoletarako lana aurkeztu zuen. Lan hori Nafarroako 0-3 plataforman landu eta osatu dute. Kalitate kontzeptua hezkuntzan ere gehien erabiltzen diren kontzeptuetako bat dela argitu zuen. Aurkeztu zuen dokumentua gidoi bat da gure haur eskolen kasuan, nahiz eta ratioekin, langileen lan- eta ekonomia-baldintzekin, eskoletako espazioen baldintzekin, zikloaren zatiketarekin eta abarrekin zailtasunak dauden. Gidaren helburua, zailtasunak zailtasun, gure ­ikastetxeak jada kalitatezkoak direla ­edo aipatzen diren hobekuntzaren bidean daudela ziurtatzea da. Dokumentua ez duzue, ordea, orrialde horietan aurkituko. Hausnarketarako eta aplikatzeko tresna ugari dituenez, argitalpen zabalago baten zain geratuko da. Saiatuko gara horiek denak lehenbailehen jartzen zuen esku.

 
Berba batzuk haurraren ongizateaz eskolan 
Haur-Eskola: garapen-­testuingurua 
 Eskola batean dauden haurrek duten ongizatea kalitatearen adierazle ­ona da. Kalitateak, beraz, haurren ongizatea izan beharko luke helburu.  
Gizakiaren garapena aztertzerakoan, aldi garrantzitsuena 0-6 urteko aldia da, eta, horren barruan, 0-3 urteko adin-tartea. Eta baieztapen horretan adostasun handia dago, indarra bizitzako ­lehen sei hilabeteetan jarri behar dela ­esaten duen ideiaren inguruan dagoen adinakoa. Izan ere, bizitzako aldi hori da aldaketetarako kritikoena.
Horren arabera, haurraren garapenari era polarizatu batean begiratuta, aldi horretan gertatutakoaren eta bizitakoaren arabera, haurraren garapenak alde positiborantz edo alde negatiborantz jo dezake.
Haurrak, berez, jaiotzetik, gaitasun batzuk dakartza. Gaitasun horiek genetikoki ekartzen ditu, eta mendez mende, belaunaldiz belaunaldi transmiti­tzen dira. Gaitasun horiek gizakiak bizirauteko izan duen estrategia bat dira. Beste animaliek beste estrategia batzuk dituzte bizirauteko, gizakiok gureak ditugu, eta gaitasun horiek berdinak dira bai Euskal Herrian eta baita munduko beste edozein herritan ere.
Gaitasun horiek, ordea, potentzialak dira: garapen-testuinguru bat behar dute gauzatzeko. Testuinguru hori da, hain zuzen, mendeetan zehar aldatuz joan dena, eta munduko herri batetik bestera aldatzen dena. Garapen-testuinguruaren aldaketa horretan, zerikusi handia du kulturak. Ikuspegi horretatik begiratuta, Haur Eskola garapen-testuinguru berri bat da, lehen ez zegoena eta orain badagoena.
Beraz, Haur Eskola garapen-testuinguru gisa hartu beharko genuke. ­Abiapuntua hori izanik, haurrari dituen gaitasunak garatzeko aukera emango liokeen testuinguru horrek nolakoa ­izan beharko lukeen aztertzea izan beharko genuke helburu.
Haur Eskola modu horretara har­tzeak puskaketa dakar, eskola, haurra ­ikastera doan lekua dela zioen pentsamenduarekin. Izan ere −eta hemen dator berrikuntza−, Haur Eskola ikasteko lekua baino haurrak dituen gaitasunak sustatzeko garapen-testuingurua litzateke. Testuinguru horretan, dudarik gabe, haurrak, ikasi, ikasten du, eta bizitza osoan ikasiko du, gainera. Aldea, baina, haurrak ikasi behar duenaren eta garatu behar duenaren artean dago. ­Egin beharreko bereizketa garrantzitsu bat dago hor.
Haurrak genetikoki dituen gaitasunak garatzeko, testuinguru bat behar du. Testuinguru hori, noski, helduak jarri behar du. Galdera litzateke, beraz, helduok zer testuinguru jartzen diogun garatzeko. Galdera hori funtsezkoa da: zer testuinguru eskaintzen diogun kontuan hartuta, haurrak dituen gaitasunak osasuntsu garatuko ditu, positiborantz egiten badu; eta modu ez osasuntsuan, negatiborantz egiten badu.
Beraz, kalitatezko eskolak bermatuko du garapen osasuntsu hori.
 
Haurraren berezko hiru gaitasun handiak
Beldurra da haurrak duen gaitasun horietako bat, oso gaitasun atsegina ez izan arren. Beldurra berezko gaitasuna bada, erabakigarria izango da, beraz, nola kudeatzen den.
Esaterako, haurra jolasten ari denean, esploratzen ari da. Beldurra ongi kudeatu badu, haurra emozionalki baretuta egongo da, eta, horren ondorioz, errazago eutsiko dio arretari. Hortaz −eta hau printzipio bat da−, arretari eusteko, haurrak baretasun emozionala ­izan behar du, eta orduan soilik gertatuko da kalitatezko esplorazioa. 
Beldurra oso lotuta dago atxikimenduarekin, atxikimendu seguruarekin. Azken urteotan egin diren ikerketa guztiek argi erakutsi dute atxikimendu segurua duten haurrek garapen osasuntsua izateko aukera gehiago dituztela. Haurrak heldu bat, heldu esanguratsu bat, behar du bere behar fisiologikoak, psikikoak, psikologikoak eta ­afektiboak asetzeko eta seguru senti­tzeko, eta horixe da arrazoia. Atxikimendu segurua badu, edozer gauza gertatzen zaiola ere, konfiantza izango du. Horrek, gainera, zerikusi zuzena du beldurraren jokabidearekin, helduak haurrak sentitzen dituen beldurra eta segurtasun eza desaktibatu egingo baititu, eta, horren ondorioz, baretasun ­emozionalera eramango baitu. Konfiantza horren babesean lasai egongo da, ingurua, bestea edo bere burua esploratzeko. Konfiantza hori konfiantza inkon­tziente bat da.
Haurrak lotura behar du helduarekin, eta nahikoa du heldu bat. Lotura horretan, haurrak, bere aldetik, seinaleak jartzen ditu. Seinale horietako bat negarra da. Haurrak negar egiten du, heldua gertu izateko, heldua gertura­tzeko. 
Hauek dira beste seinale batzuk: protesta, irribarrea, ahots-zaratak, hi­tzezko adierazpenak, atzamarrekin objektuak eta pertsonak seinalatzea, eskuak zabaltzea, laguntza eskatzea, hurbiltzea, oratzea, objektuak eta hi­tzezko jolasak partekatzea, gertakari baten inguruko azalpena eskatzea, berrespena, kontaktu fisikoa eta ­ikus-kontaktua, geldirik egotea, proboka­tzea, eta abar. Haurrak seinale bat ematen duenean, helduaren erantzuna behar du, eta horren araberakoa izango da atxikimendu segurua. Atxikimendu seguruak garapen kognitibo handiagora eramango du, garapen sozial handiagora. Atxikimendu segurua lehenengo landu behar den zerbait da, garatu beharrekoa, zutabea da. Lehenengo lotura horiek, garrantzitsuenak, familian ­egiten dira, amarekin, gehienetan. Horien ondoren egiten diren ­loturak eskolakoak dira, eta bigarren lotura horiek haurrak gero eta txikiagoak direla egiten dira. Horregatik, berebiziko garrantzia du atxikimenduaren bikoizketa egiteak. Familiarekin lan ­egin behar dugu, familiarekin hitz egin behar dugu, transferentzia hori nola ­egingo dugun zehazteko. Batek baimena eman behar dio besteari, eta haurrak ikusi ­behar du, gurasoak fidatzekoak diren bezala, hezitzaileak ere fidatzekoak ­direla. 
Ildo horretan, profesionalen jarraitutasuna oso garrantzitsua da. Haurrak lehen sei hilabetean edo lehen urtean garatzen du lotura profesionalarekin. Beraz, oso garrantzitsua litzateke, gu­txienez, bi urtean edo ziklo osoan profesional berarekin egotea. Lotura esanguratsuak seguruak izango dira, haurrak eginiko seinaleei helduak egoki ­erantzuten badie. Eta testuinguruak nola erantzun behar die haurrak ekarri dituen erreminta horiei guztiei? Sentikortasunez.
Sentikortasun  kontzeptu horretan, helduaren erantzuna biltzen da. Haurrak igortzen dituen seinale horiei behatzea litzateke sentikortasuna, eta horiek egoki interpretatzea eta erantzun egokia ematea.
Duela pare bat urtetik hona, HAZITEGI sentikortasuna garatzeko programa bat garatzen ari da. Programaren helburua heldua haurrak egiten dituen seinale horietaz konturatzea da, horiei beha diezaien eta egoki erantzun diezaien.
Lehenik eta behin, helduak sentikorra izan behar du, seinale horiei behatzen jakin behar du. Haur Eskolan, hainbeste haur izanda, sarri, zaila izaten da behaketa hori egitea. Baina, ohikoan egiten denarekin alderatuta, hainbat hobekuntza egin daitezke. Hobekun­tza horien artean, lehena prest egotea ­eta behatzea da. Oso garrantzi­tsua da hezitzailea ere seguru eta ongi egotea, haurrak gaitasun genetikoa baitu egoera emozionalei antzemateko: hezitzailea urduri badago, ez badu segurtasunik, horrek guztiak eragin negatiboa ­izango du haurrarengan. 
 Funtsezkoa da, beraz, Haur Hezkuntzako langileen lan-baldintzak ­onak izatea, besteak beste.
Ratioak eta haurrak eskolan egiten duen denborak ere eragina dute. Ratioak desegokiak badira eta eskola-orduak gehiegi badira, eragin negatiboa sortzen dute.
Bestalde, garrantzitsua da haurrarekin hitz egitea. Batzuetan, haurrak ez du oraindik gaitasunik bizi duen esperientzia hitzez adierazteko. Hezitzaileak eman beharko lioke. Elkarrekintza, beraz, hitzezko komunikazioa eta hi­tzik gabekoa izango da, bietakoa.
Bestalde, beste edozeren aurretik haurraren segurtasuna lehenetsi beharko litzateke. Haurra seguru senti­tzen ez denean, seinaleak bidaliz adieraziko du.
Elikatzeko, garbitzeko eta atseden hartzeko uneak oso une garrantzitsuak dira, haurraren eta helduaren arteko harremana garatzeko. Une intimo horietan, gorputzen arteko kontaktua funtsezkoa da, harreman esangura­tsuak eraikitzeko. Gainera, haurraren erritmo biologikoak errespetatzeak ere garrantzi handia du.
Esplorazioa, haurraren ­bigarren gaitasuna
Mundua ezagutzeko, mundua esploratzeko, bere burua esploratzeko ­eta ezagutzeko duen gaitasuna da.
Haurrak seinaleen bidez adieraziko digu esploratzen duen ala ez duen, horrekin ongizatea lortzen duen ala ez, ­eta abar.
Esplorazioaren bidez, haurrak informazioa eskuratzen du; umea ikasten ari da, beraz. Esplorazio-jokabide hori aktibatuta dagoenean, eta haurrak inguruko mundua ezagutzeko interesa duenean, orduan gauzatzen da ikasketa. Ondorioz, garapen kognitiboa, motorra eta abar sustatzen dira. Esplorazioa ondorengo ekintza hauetan ikus dezakegu: objektu berri batera hurbil­tzen denean, esploratzeko objektu hori eskuratzen duenean, objektua manipulatzen duenean eta hari behatzen dionean, eta gauza bera egiten duenean bere gorputzarekin edo bere gorputz atalekin. 
Esplorazioak, era berean, hainbat seinale hartzen ditu, esate baterako: ­imitazioa, behin eta berriro gauza bera egiten saiatzea, behaketa, objektuak gordetzea, objektuak ateratzea, objektuak desagerraraztea eta agerraraztea, abestea, salto egitea, dantza egitea, ­erronkak (igo, jaitsi), mugimenaren ­arlo guztia, noraezean ibiltzea eta aspertzea. Haurrak zerbait gehiago behar duela adierazten dute azken bi seinale horiek: izan daiteke memento jakin bateko segurtasuna edo izan daiteke beste zerbait esploratzeko beharra duela, gelan edo testuinguru horretan dauden elementuek ez dutelako jada haren ­arreta bereganatzen. Beraz, kontuan hartzeko beste seinale batzuk dira.
Esplorazioaren ondorioz, aurkikuntza edo aurkikuntza txikiak ­emozioak sortzen dituzten ekintzak ­dira, eta, horien ondorioz, haurrak aurpegiko espresioaren bidez edo ahozkotasunaren bidez plazara dezake sentitzen duen hori.
Haurraren baretasun emozionala garrantzitsua da esplorazioan ere. Haurrak, neurri batean behintzat, seguru ­egon behar du, esplorazioa kalitatezkoa izan dadin.
Azter dezagun beldurraren, atxikimenduaren eta esplorazioaren arteko harremana. Haurrarengan beldurra pizten denean, haurrak bi bide har di­tzake: batetik, esploratzera joan daiteke, edo esploratzen jarrai dezake, baina nahikoa segurtasun beharko luke horretarako; bestetik, atxikimendu-jokabideak aktiba ditzake, negar egitea, ­amarengana hurbiltzea edo beste edozein atxikimendu-jokabide. Interesgarriena esplorazioa gailentzea litzateke; hau da, lehia horretan, beldurra baino handiagoa izatea esploraziorako jakin-mina.
Hori gerta dadin, erabakigarria da testuingurua sentikorra izatea. Kasu horretan, sentikor izatea haurra lasai­tzea eta esplorazio-jokabidea aktiba­tzera bideratzea litzateke. Horretarako, haurrari elementu erakargarriak jartzea komeni zaigu, eta esplorazio-jokabidea ahalik eta gehien aktibatzea. Komeni da haurrari baretasun emozionala bermatzea, ziurtasuna eskaintzea, hortik esploratzera joan dadin eta esplorazio hori kalitatezkoa izan dadin. Azken batean, haurrak esplorazio horren kalitatearen araberako garapena ­izango du: esploratzen baldin badu, haur horrek modu esanguratsuan garatuko ditu alderdi motorra eta kognitiboa, eta, gainera, ikasi egingo du. Horrekin batera, berdinkideekin, gainerako haurrekin, harremanak eraikitzeko joera handiagoa izango du. Hortaz, esplorazioa edo mundua ezagutzeko gaitasuna zaintzeko, beharrezkoa da sentikortasuna; hau da, haurrak igortzen dituen seinale horiei erantzun egokia ­ematea. Alor horretan, eta imitazioa sustatze ­aldera, oso garrantzitsua da memento jakin batzuetan adin-aniztasuna bul­tza­tzea.
Esplorazioaren gaitasunari eran­tzun egokia emateko, garrantzitsua da elementu batzuk kontuan izatea: haurra protagonista izatea, materiala, testuinguru aproposa, espazio egokia eskaintzea; baina, gero, haurra utzi egin behar da. Horren ondorioz, eskolaren eginbehar klasikoa, ikastea, bermatu ­egingo da, eta, aldi berean, esplorazioa baldin badago, ongizatearen adierazle izango da hori. Izan ere, haur hori seguru dagoela adieraziko luke horrek, ondo dagoela, eta, hortaz, esploratzen ari dela. Hori guztia bermatzeko, garran­tzitsua da beldur-jokabideak aurreikustea, kontuan hartuta zenbaitetan helduok bultzatzen dugula beldur-jokabideen aktibazioa eta, beste zenbaitetan, agian, ez diogula behar bezala aurrea hartzen. Interesgarria litzateke beldur-jokabide horiek desaktibatzearen alde egitea; haurra errespetatzea, haren interesak eta egiten ari dena kontuan hartzea; metodologia aberatsa, ­erakargarritasuna bermatzeko, orduan aktibatuko baita haurraren esplorazio-gaitasuna; haurraren interesa piztuta baldin badago, ia ziurtatuta dago hezi­tzailearen lana, eta lanaren egokitasunaren adierazlea da, beraz.
Jarrera sentikorraren aurkakoa jarrera sarkorra da, eta saihesten saiatu behar da. Askotan, haurrari egiten utzi beharrean, guk geuk egiten dugu haren ordez. Horrela jokatuz, ez dugu haurraren autonomia bultzatuko. 
Espazioak garrantzi handia du, eta, horregatik, esploratzeko objektu eta toki aberatsak eskaini behar zaizkio haurrari. Gainera, haurrari lasaitzeko, bakarrik egoteko eta atseden hartzeko lekuak ziurtatu beharko litzaizkioke. ­Izan ere, haurrak esplorazioaren bidez eskuratzen duen informazio hori guztia prozesatu egin behar du, eta atsedena behar du asimilatzeko.
Testuinguruak, gainera, adin-aniztasuna bultzatu behar du, eskuragarritasuna eta autonomia.
Kanpoko testuingurua ere bereziki zaindu beharrekoa da. Adibidez, haurrek kanpoan egiten duten denbora aztertu egin beharko litzateke, gehienetan gutxi ­izaten baita.
Beraz, haurraren ongizatea helburu duen eskolak, kalitatea helburu duenak, haurraren segurtasuna bermatu behar du lehenik; gero, material aproposa eskaini behar dio, erakargarria, ­eta, hori bermatuz gero, egina egongo da hezitzailearen lana.
Haurrak beste haurrekin harremanak eraikitzeko duen gaitasuna
Haurrak berezko baliabide batzuk dauzka, beste haurrekin harremanetan jartzeko. Baliabide horietako batzuk hauek dira: afektuzko adierazpenak, alde batetik bestera mugitzea, sorbaldak altxatzea, beste haur bati mugak jartzea, eskutik hartzea, norberak bere burua lurrera botatzea, kooperazio-jokabideak, eskaerak, batez ere objektuekin lotutako eskaintzak, egon daitezkeen erasoak, harrapaketak, meha­txuak, elkarrizketak ahoz eta keinu bitartez, besarkadak, musuak, nahasmendua, imitazioa, ikus-kontaktua, kontaktu fisikoa eta bakartzea edo bakarrik egotea.
Haur guztiek dute gaitasun hori, batzuk beste batzuk baino sozialagoak diren arren, harremanen bilaketan aktiboagoak diren arren. Hala ere, guztiek berezkoak dituzte baliabide horiek. ­Laburtzeko, bost direla esan daiteke: harremanak errazteko eskaerak eta eskaintzak, batez ere; harremanak oztopatzeko jokabideak, eta erasoa erraz ­identifika liteke hor; mehatxua, horren nabaria ez bada ere; lotsa, eta erakuskeriazko jokabidea edo exhibizioa
Atal horretan, hezitzailearen fun­tzioaren gainean egin beharreko galdera sinplea da: nola bultzatu eskaerak ­eta eskaintzak, eta nola saihetsi, ahal den neurrian, erasoak, mehatxuak eta bakartzeak? Galderaren erantzunak lehen aipatutako alderdiei begira jarriko gaitu berriro: sentikortasunaren garrantzia, baretasun emozionalaren garrantzia; eta, hori ziurtatuta badago, gutxiagotan gertatuko dira erasoak eta mehatxuak. Eraso bihur daitekeena jolasera bideratzen ahalegindu beharko genuke, eta balizko gatazkei aurrea hartzen eta gatazka-iturriak definitzen saiatu behar genuke.
Laburbilduz, garapen-testuinguru on batek kalitatea ziurtatuko du. Zeregin horretan, funtsezkoa da ebaluazioa. Orain arte, tradizionalki, haurra  ­ebaluatu bada ere, testuingurua ebaluatu beharko litzateke. Izan ere, haurra berezkoak dituen gaitasun horiekin guztiekin dator eskolara, eta haurrari zer eskaintzen diogun ebaluatu beharko litzateke. Abiapuntua hori izanik ­ahalbidetuko da berrikuntza. Testuinguruaren ebaluazioak begi-bistan utziko du zer eragin duen haurrarengan; hau da, zer eskaintzen dion harreman- eta esplorazio-alorrean, eta horrek zer eragin duen.
 
Bizi eta ikasi haur txikiekin
CAVALL FORT HAUR ESKOLA. Sant Cugat del Vallès. Rosa Ferrer, zuzendaria.
JOSEP MIQUEL CÉSPEDES. Sant Adrià de Besos. Elia Martinez, zuzendaria. 
 Cavall Fort Haur Eskola Sant Cugat del Vallèsko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) auzo batean dago. Auzoa duela 12 urte eraiki zuten, eta eskolak 9 urte ditu. 
80.000 biztanleko herriak nahikoa gizarte-zerbitzu ditu. Udal patronatu bat du, eta arte-eskola bat, arte plastikoen lantegi bat, musika-eskola bat eta zazpi haur-eskola daude. Eskola berriak zabaldu zituztenean langile guztiei galdetu zieten ea proiektu berri batean hasi nahi zuten. Patronatuko hiru lagunek onartu zuten, tartean Rosak, ­eta eskola berrian hasi ziren; ekipoko gainerako lagunak berriak ziren. Hori izan omen zen ederrena. 
Eskolan hasi zirenean egin zuten lehenengo gauza mahai gainean proiektu berri bat jartzea izan zen: haurrekin denbora asko zeramatenek ez zekiten dena, ez ziren arrazoi osoaren jabe. 
Josep Miquel Céspedes Haur Eskolan bat egin dute politikak eta pedagogiak. Eskola 2007an zabaldu zen, baina haren hastapenetatik, eraikina altxa­tzen hasi aurretik, hasi zen lanean Elia, 0-3 zikloa oso ongi ezagutzen zuena, ­ahalik eta alderdi gehienak koordina­tzeko. Sant Adrianek 33.000 biztanle ­ditu eta oso industriala da, herri langilea, alegia. 
Haien eztabaidak izan ziren abiapuntua: haurtzaroaren gainean zuten ­ikuspegia, haurrek ikasteko duten moduaz zuten ustea, eta abar. Ideia zahar ­eta berrien artean sortu zen haurtzaroarekiko ikuskera. Haurtzaroaren ikuskera berri bat zen, eta haurtzaroaren kultura berri bat ekarri nahi zuten hirira. 
Amaierarik ez duten eta amaierarik ez izatea nahiko zuketen eztabaida haietatik abiatu ziren. Eta bide berri bat urratu zuten, haurren giza eskubideak oinarri zituena eta eskola bizitzeko ­leku gisa, denok elkarrengandik ikasten dugun toki gisa, ikusi nahi zuena. Helburua eskola gardena, parte-har­tzailea eta munduari irekita dagoena, haurren beharretatik abiatzen dena, lortzea zen. Erlaxatua, giro lasaia duena, haurren erritmora doana. Haur Eskola herrien eta hirien kultura eraiki­tzen duen komunitate gisa ulertzen dute, jendea barne hartuko duena, bizikidetza eta pertsonen arteko elkarrizketa ahalbidetzen duena, haur­tzaroaren ongizatea hobetuko duen jendartea posible egiteko bidean.
Eskola horietan harreman estua nahi dute familiekin, familia bera baita aniztasunaren iturri handiena. Horrek, norbanakoen arteko erlazioa eta komunikazioa eskatzen ditu: ahozko harremana ziurtatu behar da, eta, ahal izanez gero, baita idatzia ere. Familien parte hartzearen eta kudeaketa demokratikoaren aldeko apustua egin dute: hau da, familiekin egiten den harremanen aberastasuna eskolan dauden helduek eta haurrek bizi behar dute. Haur txikienek beren historia jasotzen duen liburuxka bana dute. Helduagoekin gelako liburua egiten dute, eta taldearen historia da. Egunero eramaten dituzte ­etxera, bai bata eta bai bestea, eta familiek berorietan idatz dezakete. Era berean, gela bakoitzean sofa bat eta kafe-makina bat daude. Haurrak eskolara ­ekartzera datorren oro gera daiteke han, haiekin espazio eta denbora horiek partekatzeko. Une horiek partekatzeak konplizitateak sortzen ditu familiekin, eta haurrentzat sakon bizitako uneak dira, gehien maite dituzten bi gauzak ondoan baitituzte: etxekoak eta eskola, han ematen baitituzte ordu asko. Espazio eta denbora horiek partekatzea aberastasun izugarria da denentzat.
Talde-lana, etengabeko prestakun­tza gisa planteatu dute. Hezitzaileekin, sukaldariarekin, garbitzaileekin osatutako taldea dute: talde horretan egunerokotasuna ezbaian jartzen dute, behatzailea da, eztabaida-sortzailea, hausnarketak egiten ditu eta egitasmo berriak proposatzeko eta komunitatearekin eta hainbat talderekin elkarlana egiteko gai da. Talde-lanaren helburua haurtzaroaren kultura eraikitzeko sare sozialak sortzea da.
Eguneroko lanean, bikote hezitzailean oinarrituta lan egiten dute, beharrezkoa baita haur talde bakoitzarekin harreman zuzena izatea. Talde bakoi­tzean bi pertsona arduradun izateak harremanak, afektu-erreferenteak, begiradak, zalantzak eta erlazioak errazten ditu.
Behaketak eta dokumentazioak funtsezko tresnak dira beren proiektua garatzeko, hausnartzeko eta eguneroko jarduna balioesteko. Aztertzen dituzten egoerak hauek dira, batez ere: eskolako sarrera eta irteerak, elikadura, atsedena, norberaren buruaren garbiketa, jardun askea eta autonomia.
Azkenik, kontu handiz zaintzen dute espazioaren eta denboraren antolaketa. Munduari zabalik dagoen eta haurraren beharretatik eta interesetatik ­abiatzen den eskola-eredu horren bilaketan espazioak oso antolatuta daude, denbora eta espazioa izateko haurrekin, eta baita familiekin eta eskolako gainerako helduekin ere. Espazio partekatuak dira, harremana bultzatzen duten espazioak.
Espazio horiek antolatzerakoan, eskola egiten duten pertsona guztiengan pentsatu behar da, pertsona horiek bizitzeko, erlazionatzeko eta abarrerako hainbat behar baitituzte. Era berean, barruko espazioari eskaintzen zaion kontu bera eskaini behar zaio kanpoko espazioari ere. Horretarako, jolastokia lorategi edota baratze bihur daiteke, naturarekiko harremana errazteko. ­Eta, azkenik, naturalak diren materialak lehenesten dituzte, ehundurek, egiturek eta abarrek haurrari errazten baitiote eraikitzea eta sortzea.
Sant Adriako esperientzia
Eskola eraikitzen ari ziren bitartean sortutako konplizitateen ondorioz,  haurtzarorako eta familientzako lehen zentroa da. Beraz, espazioak ditu haurrentzat eta espazioak ditu familiak ­etortzeko haurrekin.
Eskola eraikitzen ari zirela, udaleko gizarte-zerbitzuek zuten zentro batean, haur txikiak zituzten amen bi talde sortu zituzten. Horrek ahalbidetu egin zuen haurtzaroaren beste kultura batez hitz egiten hastea, eta, besteak beste, ez dela irakatsi behar, baizik eta lagundu ­egin behar dela esaten hasi ziren.
Haurtzaroarekin zerikusia duten komunitateko gainerako kideekin jarri ziren harremanetan (emaginekin, gizarte-zerbitzuekin, auzoko liburutegiarekin, musika-eskolarekin...) eta proiektua azaldu zieten. 
Hilabetean behin biltzen ziren norberak buruan zuen haurraz hitz egiteko, eta baita bakoitzaren haurtzaroaren gainean aritzeko ere. Ados agertu ziren egunerokotasunak duen garrantzia azpimarratzerakoan. 
Familientzako espazioek bereizten dute Sant Adriako eskola eta Sant Cugateko eskola. Espazio horietara haur txikiak joaten dira beren etxekoekin, ez dira etortzen ezer irakasteko, baizik eta hezitzaileei sostengua emateko.
Hilabetean behin hitzaldiak ematen dira: emaginak, erizainak, pediatrak edo komunitateko beste edozein partaidek ematen ditu. Ulermen eta enpatia handiarekin lan egiten dute, jendea lasaitu nahi dute, batez ere, eta horrek ekarri du haurtzaroaren ikuskera berri bat.
Espazio horietatik, eskolatik bezala, familien parte-hartzea bultzatu nahi dute. Lehen bileran gurasoei galdetzen diete ea eskola nola ari diren bizitzen, zeri buruz interesatzen zaien hitz egitea, zerk kezkatzen dituen gehien.
Proiektuak aurrera egiteko, ezinbestekoa da bestelako begirada bat ­edukitzea. Askotan, garrantzitsuena gure begirada da, hezi edo otzandu kontzeptuez dugun ikuspuntua, haur­tzaroa eta parte-hartzea ulertzeko dugun modua. Zenbaitetan, baldintzak aldekoak izan arren, hausnarketa horiek egiten ez badira, proiektuak ez du aurrera egiten. Izan ere, espazioak era batera antolatuta, gauza batzuk gertatzen dira, eta, beste era batera antolatuta, beste batzuk.