Zergatik ez daude mosketari neskak?

2012-02-01

Ziur gure gizarteko eskola guztietan, urtarrileko lehenengo eguneko bilkuran, Olentzerok ekarritako opariez hitz egin genuela. Mosketarien proiektua elkarrizketa horren ondorioz sortu zen. Proiektu horren bitartez, lagunen arteko elkartasuna eta hezkidetza landu genituen.

 
 
Testuingurua
Proiektua garatu zen testuingurua berezia zen. Sarrigurengo eskola osatu berria zen, lehenengo ikasturtea zen, hain zuzen. Hori dela-eta, ikasturtearen helburu garrantzitsuenetarikoa lau urtekoen taldea osatzea izan zen. ­Ikasle-kopurua txikia zen, hamabikoa, eta horietatik soilik bi ziren mutilak. Gelako giroa ona zen: lasaia, parte-hartzailea, ­irekia… kopuru  berezi horrek, baina, bazeukan eragina talde-dinamika osa­tzerakoan: neska batzuek beren gelakideak baztertu egiten zituzten. Horrez gain, gaur egungo gizarteak, eta, gehienbat, telebistako programek eta iragarkiek aurkezten dizkiguten emakume eta gizon ereduak, taldean indarra hartzen ­ari ziren, mutilen eta nesken arteko jolasak eta erlazioak areagotu ordez, murriztuz.
Abiapuntua
Eskola gehienetan gertatzen den bezala, urtarrileko lehen eskola-egunean Olentzerok ekarritako opariez hitz egin genuen. Ikasleek jasotako ­opari gehienak sexistak ziren; hots, panpina eta makillajea neskentzat, autoak eta ­spiderman-ak mutilentzat. Jasotako ­oparien artean, Jonek esan zuen “Barbie Mosketaria” gustatu zitzaiola gehien. Mosketaria pertsonaia interesgarria iruditu zitzaidan neskek eta mutilek elkarrekin jolas egiteko eta erlazioak areagotzeko. Hortaz, Jone animatu egin nuen, panpina eskolara ekar ­zezan.
Urte hartan, Jonez gain, gelako beste neska batzuei ere Olentzerok “Barbie Mosketaria” ekarri zien. Mosketariei buruz asko zekiten guztiek, eta interesgarria iruditu zitzaidan proiektu bat aurrera eramatea.
Gelan zegoen dinamika oso irekia zen, haurrek hitza zuten eta beren ­ikas prozesuaren protagonistak senti­tzen ziren. Proposamenak egiten, eztabaidatzen eta jarduerak antolatzen ohituta zeuden; beraz, mosketarien gainean zer egin genezakeen proposatzerakoan, ikasleek beren ideiak proposatu zituzten. Dinamika ireki hartan “en­tzumenak” garrantzi handia izan zuen, eta, harreman horri esker, bai ­ikasleen eta bai irakaslearen proposamenak eraldatu egin ziren (ikusi taula).
Proiektu hari esker, taldea gero eta trinkoagoa zen, neskak eta mutilak mosketarietan elkarrekin jolasten ziren, eta mosketarien leloa medio, “Bat guztiontzat eta guztiok batentzat”, guztiek elkarri laguntzen zioten.
Emakumeen agerpena eskoletan
Ikasleek Barbieren eredua zuten mosketarien eredu bakar gisa; benetako mosketariak ezagutzera emateko ­eta errealitatearen eta fikzioaren arteko berezitasuna azaltzeko, Alexandre Dumasek idatzitako Hiru Mosketariak liburua eraman nuen gelara. Horrez gain, Google-mosketarien beste irudi batzuk bilatu genituen: Dartacan; Donald, Mickey eta Goofy mosketariak; Picassok margotutako mosketariak; D`Artagnan- erretratua, eta abar.
Horrenbeste informazio jaso ondoren, ikasleek askotan egiten dizkiguten galdera potolo horietako bat egin zidan Sarak: “Zergatik ez daude mosketari neskak?”. Sarak egindako galderari esker konturatu nintzen proiektu horretan ordura arte erakutsitako eredu guztiak gizonezkoenak zirela. Barbie, beharbada, ez da emakume-eredu ­onena izango, baina nire gelako neskentzat eredu bat zen. Emakumea ­agertu behar nuela konturatu nintzen, ­eta, horretarako, ikasleek mosketariei buruz zeukaten informazioari garran­tzia eman behar nion. Beraiek zuten ­eredua ezin nuen desagerrarazi beste aukerarik eman gabe. Horregatik, “Barbie eta hiru mosketariak” filma ­ikusi genuen. Eta hura ezustea historiaren mezua adiskidetasuna zela ikusi nuenean!
Hezkidetza aspaldiko gaia da. Hala ere, ezin dugu ahaztu, eta gure eguneroko lanean hausnarketa egin beharko genuke horren gainean: gure geletan gizonezko ereduak daude soilik? Emakumezko zer-nolako ereduak aurkezten ditugu? 
Hainbat emakumek gauza garran­tzitsuak egin zituzten. Haiek egindakoak ez ahazteko, eta gaur egungo neskek eta mutilek bestelako ereduak izan ditzaten, eskolan agertu behar dira, besteak beste, emakume jakintsuak: Alexandriako Hipatia, Ada Byron eta Mari Curie; emakume idazleak: Mary ­Shelley; emakume kirolariak: Ellen Macarthur; emakume bakegileak: Rigoberta Menchú, Maiatzako plazako ­amak; natura defendatzen duten emakumeak: Vandana Shiva, Jane Goodall; emakume astronomoak: Caroline Herschel, Elisabeth Korpman, eta abar. Gure ikasleei askotariko aukerak eskaini behar dizkiegu, beraiek beren etorkizuna modu autonomo eta kritikoan aukera dezaten, eta ez mementoko modek gidatuta.
Bibliografia
“Nosotras creamos mundo. Por preguntar que no quede", in Cuadernos de educación en valores, 2. •