Arrantzaleen Museoa, itsasoko bizitzaren erakusleiho

2012-05-01

Gaur egun, ez dago arrantzarik, ­antzina zegoen moduan; ez, ­behintzat, garai batean zegoen ­adinakorik. Kantauri itsasoko herriak itsasoari begira bizi ziren, gaur baino gehiago. Gaur egun, inor ez da bizi jada arrantza-ontzi barruan, ­arrantzaleek ez dituzte lehengo ­arropak janzten... Arrantzan eta arrantzaleen bizitzeko eretan gertatu diren aldaketa itzelen lekuko izan nahi du Arrantzaleen Museoak. Museoan, arrantzari buruzko ­oinordekotza kulturalaren eta ­etnografikoaren erakusketa aparta dago ikusgai, era guztietako ­lekukotasunen bidez: dokumentalak, argazkiak, ahozko lekukotasunak, materialak, eta abar. Museoa, ­gainera, arrantzaleen eremua, ­bizimodua, lana eta teknikak ­erakusten dituen museo ­bakarrenetakoa da munduan.

 
 
Milaka urte dira Kantauri itsasoko ­olatuek Bermeo (Bizkaia) kolpatzen dutela. Antzinatik, itsasoari begira bizi den herria da, beraz.
Bermeoko Portu Zaharrak ez du jada garai batean ezagutu zuen joan-etorririk. Haren talaiatik, ordea, itsasoaren zabalari so jarraitzen dute, begirada zerumugan iltzatuta, “Han datoz!!!” eskultura-multzoa osatzen duten arrantzale-familiako kideek: aita itsasotik noiz etorriko zain daude. Hala, itxaronaldiaren larritasuna betikotuta geratu da portuaren gaineko behatokian.
Haien atzealdean, hiribilduaren ­ekialdean, Ertzilla dorrea ageri da, dotore. Erdi Aroan Bermeo harresitua defendatzen zuten 30 dorreetako bat da, gaur egun zutik dirauen bakarra, gainera. Inork ez omen daki nork eta noiz ­egina den. Adituek XV. mende amaierakoa izan daitekeela pentsatzen dute.
Portu Zaharraren gainean estrategikoki kokatua dago Ertzilla dorrea, portu txikiko labarraren gainean. Defen­tsa-elementuak dituen arren, dorretxea da, eta ertzillatarren etxebizitza izan zen.
Betebehar militarrez gain, hainbat funtzio bete izan ditu mendez mende: lonja moduan erabili zen, eta, arrantzaleen etxea izateaz gain, arrain-biltegia ere izan zen. 1944an, nazio-monumentu izendatu zuten, eta Bizkaiko Foru ­Aldundiak eskuratu zuen 1947an. Handik urtebetera, 1948an, Arrantzaleen Museo bihurtu zuten. 
Bermeoko Arrantzaleen Museoan, gai asko daude ikusgai; hala nola kostaldearen eta euskal arrantza-portuen deskribapena; arrantzaleen bizimodua eta ohiturak; arrantzaleen gremio-­elkarteak; arrantzarako eta nabigaziorako historian erabili izan diren itsasontzi eta teknikak, eta abar. Horiekin guztiekin batera, dorrearen eta bermeotarren historia ere agertzen da aretoetako batean islaturik.
Dorretxearen barrenean, museoa
Dorretxeko atea zeharkatuta, mendeetan itsasoak altzoan hartu dituen bizimoduak eta tresnak daude zain ­Arrantzaleen Museoan, lau solairutan atonduta. Beheko solairuan, itsason­tzien bilduma dago: XX. mende hasierako bela-batelak, kostako arrantzarako motordun batelak, estropadetarako batelak edota sokak egiteko erabilitako makinak daude ikusgai, besteak beste.
Lehen solairuan, berriz, honoko hauek aurkituko ditu bisitariak: lonjetan arraina saltzeko erabilitako antzinako tresnak eta lonja horietan egiten ziren enkante-sistemen azalpenak; San Lazaroren irudi bat, Erdi Arokoa (hari ­erregutzen zioten arrantzaleek arran­tza ona izateko, eta, hala ez zenean, jipoitu egiten zuten irudia); Cuvier-en balekumearen hezurrak sabaitik zintzilik; eta arrantzaleen lojen errepika bat.
Solairu bat gorago, bigarrenean, XX. mendeko lehen hereneko bakailao-ontzi baten kabina bat eta nabigazio-gela bat daude ikusgai.
Eta azken solairuan, aldi baterako erakusketak eskaintzen ditu museoak.