Gu ere bertsotan. Eskolan bertsolaritza sustatzeko egitasmoa
Bertsolaritza hezkuntza arautuan
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) adituen aholkularitzarekin, Bertsolaritzaren Curriculuma Lehen Hezkuntzan lana argitaratu zuen 2008an. Lan hori da, hain zuzen, Bertsozale Elkarteak ikastetxeetan duen egitasmoaren oinarri teorikoa.
Bertsolaritzaren Curriculumean oinarrituta, Bertsozale Elkarteak Gu ere bertsotan egitasmoa eskaini zien ikastetxeei. Egitasmoa ikasturte osokoa da, eta, astero edota bi astez behin, ordubeteko eskolak eskaintzen dizkio bertsolaritzari. Eskolak Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetan ematen dira batik bat, Euskarako ikasgaiaren barruan.
Eskola horiek Bertsozale Elkarteko irakasleak gidatzen ditu, tutorearen laguntzaz. Bertsozale Elkarteak argitaratutako Gu ere bertsotan ikasliburua baliatzen dute ikasleek eskola horietan. Irakasleek, berriz, audio- eta bideo-material osagarriak dituzte eskura.
Egitasmoaren inguruan, era berean, hainbat ekimen berezi antolatzen dira ikastetxeetan: jaialdiak, kantaldiak, bertso-saioak, eta abar.
Ikasliburuak ikuspegi komunikatiboan oinarritzen diren 9 sekuentzia didaktiko lantzen ditu, audio eta bideo osagarriez lagunduta.
Gu ere bertsotan 1 eta Gu ere bertsotan 2 liburuek osatzen dute ikasmateriala. Lehena 2010-2011 ikasturtean argitaratu zuten, eta euskal materialen alorrean Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen duen saria jaso zuen, “ikasmaterial osagarririk hoberena” atalean.
Ikasturte honetan, bi berrikuntza nagusi izan ditu egitasmoak. Alde batetik, Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, eta abian jarri. Hitzarmen horri esker, bi elkarteak elkarlanean aritu dira datozen urteetan. Hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak: Euskal Curriculumaren barnean bertsolaritzari dagokion tokia zehaztea; bertsolaritza eskola-orduetan ematea; bertsolaritzari lotutako materiala elkarlanean egitea; ikastoletan zein herri-mailan bertso-eskolak eta bat-bateko taldeak sustatzea; eta, azkenik, Eskolarteko Bertsolari Txapelketa elkarlanean antolatzea.
Bigarren berrikuntza, beste aldetik, bertso-irakasleen prestakuntzarekin lotuta dago. Ikasturte osoko prestakuntza bideratu da, eta irakasleek berek aukeratu dute aurtengo gaia: irakasleen estrategiak.
Gu ere bertsotan egitasmoa
Bide horretan, Bertsolaritzaren Curriculuma Lehen Hezkuntzan osatu zuten. Curriculum horrek jasotzen ditu ikastetxeetan bertsolaritzaren lanketak haurraren garapenari begira dituen helburuak, horiei lotutako edukiak eta metodologia zein ebaluazio irizpideak. Lan horretan oinarriturik osatu zuten ikastetxeetako Gu ere bertsotan egitasmoa.
Gu ere bertsotan egitasmoak bertsolaritza ikuspegi globalizatzaile batetik planteatu nahi du. Horregatik, Bertsolaritzaren Curriculumean, bertsolaritzak haurraren garapenari egiten dion ekarpena aurkituko dugu, lau arlo hauetan: hizkuntzan, kulturan, musikan (ahotsa) eta trebetasun pertsonal eta sozialetan.
Egitasmoak hainbat helburu erdietsi nahi ditu, ikasleen gaitasunari dagokionez, maila pertsonalean zein ikastetxean edota herrian.
Helburu orokor bakoitzari lotutako edukiak, bestalde, bertsolaritzak biltzen dituen 4 arloetatik behatuta landu dituzte: hizkuntzaren, kulturaren, musikaren (ahotsa) eta trebetasun pertsonal eta sozialen arloetatik.
Egitasmoaren metodologiaren oinarriak
Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna lantzeko, ahoz nahiz idatziz azken ekoizpena lortzea xede duten metodologiak erabiltzen dituzte Gu ere bertsotan egitasmoan. Izan ere, azken ekoizpenak benetako komunikazio-arazo baten erantzun izango dira, ikasleen ikaskuntza-motibazioan eragiteko. Egoera adierazgarriak eta funtzionalak planteatuko zaizkie ikasleei: errealak, sarri ikasgelatik harago joatea eskatuko dietenak.
Ikasgelan, irakasleek eta ikasleek egin beharreko atazaren antzeko irudi bat izango dute beti abiapuntu, elkarrekintza eraginkorra lortzeko; hau da, ekoizpen eredugarria aurkeztuko zaie beti. Horrek ikasketan inplikatzeko aukera emango die.
Halaber, audio- eta bideo-euskarrietan ereduzko bertsoaldiak entzun eta ikusiko dituzte. Ahozkoaren input eredugarriak aztertzeko aukera emango die horrek, ikasleentzat erakargarria den genero batean: bertsotan, hizkuntzaren dimentsio ludikoak eta estetikoak indar hartzen duten genero horretan.
Azken ekoizpenak jendaurrean plazaratzeko eskatuko die egitasmoak beti ikasleei. Horregatik, garrantzi handikoa izango da ikasgelan giro egokia lortzea, ikasleek azken ekoizpen horiek konfiantzaz eta elkar errespetatuz gauza ditzaten. Jendaurreko azken ekoizpen horietan, gainera, ikasleekin jendaurrean jarduteko estrategiak lantzeaz gain, kontzienteki landuko dute publiko gisa nola jokatzea dagokien. Hartara, ikasgela osoaren ardura izango da gela aurrean jarriko den ikasleari laguntzea, bere buruarengan konfiantza har dezan.
Egitasmoak, era berean, ikaskuntza autonomoa lantzen du. Horretarako, prozesuaren hasieran ikasle bakoitzak bere helburuak zein diren adieraziko du: zer eta zertan ikasi nahi duen, alegia. Bide batez, prozesua bera ere irekia izango da, ikasle bakoitzaren sormenak lekua izan dezan.
Bestalde, ebaluazio hezitzaileak sustatuko ditu, eta, horretarako, auto-erregulaziorako tresnak eskaintzeaz gain (kontrol-zerrendak), auto-ebaluazioa eta koebaluazioa bultzatuko dira. Ikasleek gogoeta egingo dute ikasgelan gertatzen denaz eta ikasten dutenaz, eta bereziki prozesu horretan zehar sentitu dutenaz (jendaurrean ahoz jardutea eskatuko diegu ikasleei, eta horrek hainbat beldurri eta barne-mugari aurre egitea eskatuko die).
Sekuentzia didaktikoetan
Ikasgelako jarduna sekuentzia didaktikoetan oinarritzen da. Ikas-prozesuaren ardatza egoera komunikatibo erreal bati erantzutea izango da beti. Ikasgelako jardunean laguntzeko, Gu ere bertsotan 1 eta Gu ere bertsotan 2 ikasliburuak baliatuko dira, eta material osagarriak dakartzan ereduzko bertsoaldiak ikusi eta entzungo dira ikasgelan. Bertsoak aukera komunikatibo guztiak izan ditzan, audioak, bideoak, eta abar eskaintzen ditu. Aukera guztiak ematen ahalegintzen dira sekuentzia didaktikoak: ez soilik bertsoak sortzen eta teknika menderatzen, baita, behin hori eginda, bertsoa ahalik eta esparru gehienetara zabaltzen ere.
Ikasle askok ez dute harremanik bertsolaritzarekin. Horregatik, bertsolaritzaren historia, gaur egungo egoera, eta abar ere lantzen dira. Era berean, inguruan izaten diren saioen berri ere ematen diete, eta errealitate hori ezagutarazten ahalegintzen dira.
Bertso-irakasleak ikastalde bakoitzarentzat aproposenak diren sekuentziak hautatuko ditu, ikasturteari dagokion lanketa egiteko. Hauexek dira ikasliburuek jasotzen dituzten sekuentzien helburu komunikatiboak:
EGITASMOAREN HELBURUAK
Gaitasunetan
Bertsolaritza kultur adierazpidearen oinarrizko ezagutza izatea.
Bertsozaletzea eta euskararekiko jarrera positiboa izatea.
Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna garatzea.
Jendaurreko emanaldi bat eskaintzeko oinarrizko betekizunak ezagutzea eta egokibaliatzea.
Harreman onak sustatzea taldean.
Ikastetxean/herrian
Ikastetxean/herrian bertsozaletasuna eta bertsolaritza sustatzea.
Ikastetxeaz kanpo, haurrek beren inguruan jarraipena ematea zaletasun horri.
Ikasgelatik at: ekintza osagarriak
Egitasmoan, garrantzi handia dute ekintza osagarriek. Izan ere, akuilu dira ikasturtetan zehar ikasgelan egindako lana plazaratzeko eta ikasleen motibazioan eragiteko. Gainera, funtsekoak dira ikastetxean edota herrian bertsozaletasuna eta bertsolaritza sustatzeko eta ikastetxetik kanpo ere neska-mutilek bertsozaletasunari beren inguruan jarraipena emateko. Eta bi horiek dira, hain zuzen, egitasmoak herrian eta ikastetxean lortu nahi dituen azken helburuak.
Ikastetxeak dituen ohituren arabera edo Bertsozale Elkarteak herrialdean abian dituen ekimenen arabera zehazten dira ikastetxe bakoitzean ikasturtean zehar burutuko dituzten ekintza osagarriak. Hauek dira ikastetxeek egiten dituzten ekintza osagarri horietako batzuk:
Topaketak edo jaialdiak: eskualdeko edo herriko ikastetxeetako bertso-ikasle guztiak egun batean batu egiten dira, eta ikastalde bakoitzak gelan prestatutako ekoizpen bat jendaurrean aurkezten du. Araban, gisa horretako 6 topaketa egin dira; Bizkaian, 7 egiten dira, eta Gipuzkoan, berriz, 72.
Kantaldiak: aurrekoaren antzera, baina ikasleek kantaldia eskaintzen dute. Musikari batek lagunduta, ikastaldeak txandaka igotzen dira oholtzara, bertso-sortak abestera. Bizkaian, gisa horretako 50 kantaldi egin dituzte.
Bertsolariak ikastetxera: ikastetxean antolatzen da bertso-saioa, eta ikasleek prestatzen dituzte gaiak. Herrialdeko edo hurbileko bertsolariak ekarri ohi dira, bertsolari ezagunak zein bertso-eskoletan bat-batean ikasten ari diren haur edo gaztetxoak.
Bertsometak edo Bilbertsoak: ikasturte amaieran herrialdeko ikastetxeetako ikasgela bakoitzak jarritako bertso-sorta jasotzen duen bilduma da. Ikasle bakoitzari ale bat ematen zaio.
Eskolarteko Bertsolari Txapelketa: apiriletik ekainera ospatzen da herrialdez herrialde. Ekainean, berriz, Euskal Herriko finala izaten da. Txapelketan, bat-bateko eta idatzizko mailak daude: lehenengoan, bertso-eskolako ikasleek hartzen dute parte. Ikastetxeetako ikasleek bertso-sortak idazten dituzte, eta bat-bateko saioak zein finalak ikustera joateko aukera dute.
Ikastetxeen iritzia
Egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeek ere egin dute ebaluazioa. Ebaluazio-bileretan eta idatziz egin dituzten ebaluazioetan, honoko hauek nabarmendu dituzte:
Metodologiaren dinamikotasuna: ohiko eskolen errutina gainditu egiten du.
Hizkuntza era ludiko eta erakargarrian lantzeko ematen dituen aukerak.
Bertso-irakasleek neska-mutilekiko lortzen duten hurbiltasuna. Halaber, irakasle horiek, hainbatetan, ekimenen dinamizatzaile-rola hartzea ikastetxeak antolatutako ekitaldietan.
Ikasleen atsegin-maila bertsolaritza-eskoletan.
Saio edo ekintza osagarriak asko estimatzen dituzte: ikasturte amaierako jaialdia, bertso-saioa, ikastetxeko ospakizunetan parte hartzea, eta abar.