Euskal curriculumaren aplikazio bat

2012-05-01

Zuberoako ikastoletako ikasle-ohiek beregain hartu dute bertan behera utzita zegoen aurtengo maskarada eta haren antolaketa. 

 
 
Hainbat zoritxarreko gertakari tarteko, aurten ez zela maskaradarik izango iragarri  ziguten. Ondorioz, Zuberoan mendeetan gorde den usadioaren katea etenda geratu zen. Galera horrek, bestalde, maskarada gure kulturaren ­adierazpide garrantzitsua den heinean, euskaldun guztioi eragin  zigun: denok galdu baikenuen gure izatearen, mundua ikusteko eta azaltzeko moduaren, parte bat.
Maskaradak hasita behar zuten tenorean, ordea, gehienontzat ezezaguna zen talde batek esan zuen katearen lekukoa beregain hartuko zuela: Xiberoko Ikastoletako Ikasle-Ohien elkartea da, Zuberoako ikastoletan ibilitako ikasleek osatutakoa.
Segur aski gazte horiek ez zuten lan erraza hartu haien bizkar: taldea herri askotako neska-mutilek osatzen dute, ez daude aurrez trebatuak, oso denbora gutxi izan dute prestaketa lanetarako... alde baino elementu gehiago zituzten kontra, zalantzarik gabe.
Hala ere, dantzan, kantuan eta bel­tzen jokoetan trebatzeari ekin zioten gogotsu gazteek. Gainera, haien gain hartu zuten antolaketa-lanen ardura. Jakin zuten, era berean, beren ekimenera jendea ingura­tzen, eta laguntzaile dituzte ikasle-ohiak, ikastolako gurasoak eta guraso-ohiak. Horra hor, bere lanaren, eta batez ere bere ausardiaren, emaitza: bost igandez, Zuberoako beste hainbeste herritan, maskaradak ­emateko konpromisoa hartu dute, eta atera dezaketen diru apurra, oso egoera larrian den Lodosako (Nafarroa) ­Ibaialde ikastolari emango diote.
Ezustean harrapatu gaitu ikasle-ohi horien determinazioak, hainbeste urte Euskal Curriculumaren gainean hausnartzen daramagunoi: zenbat txosten eta ordu joan ote zaizkigu, dagoeneko! “Zer jakin behar du 16 urteko gazte batek derrigorrezko eskolaldia amaitzen duenean?” galdera egin genion geure buruari, eta horri erantzun nahian ­ga­biltza urtetan: aplikazioan asmatu nahi­an, jarduera egokiak bilatu nahian, konpetentziak urtartu nahian...
Ikasle-ohiek, auzolanean, erakutsi dute kezka, ardura, ekintzailetasuna, ­ahalegina, esku zabaltasuna, elkartasuna, konpromisoa, elkarrekin ikasteko eta ekiteko gaitasuna... eta gure Hezkuntza-proiektuetan jasota ditugun beste hainbat balio eta konpetentzia. ­Eta erakutsi dute, batez ere,  jendarte ­oso bat dugula oztopoz, baina aukerez, betea ekiteko. Eskolaz kanpo egiteak, balio erantsia ematen dio gazteek bere kabuz, jendartearekin, eta euskal kulturarekin sentitu duten konpromisoari. 
Poza eta itxaropena ematen dute horrelako ekimenek. Norbaitek erein zuen haziaren uzta oparoa da, zalantzarik gabe. Irakaspen ederra eman digute gazte zuberotarrek. Harro egon dai­tezke haien hezkuntzan parte hartu ­dutenek!