Inmaculada ikastetxean partaidetza lantzen

2012-05-01
Inmaculada ikastetxea Abetxukun dago, Gasteizen. Buenos Airesko Maria Sortzez Garbiaren Alabek sortu zuten, 1959an. Sorrerak kongregazioak zuen behar bati erantzun zion: inguru sozioekonomiko zailetan heziketa-guneak sortzea eta behar sozialei erantzutea.
 
 
Eskolan, 0tik 16 urte bitarteko neska-mutilak aritzen dira, eta lerro bakarrekoa da. Ikasle gehienak auzokoak bertakoak dira, eta gehienek jatorri erdalduna dute. Auzoa, ekonomikoki, maila ertain eta ertain-baxukoa da, eta behar garrantzitsuak dituen behe-mailako taldea du, gainera.
Joan den ikasturtean, ikastetxeko ­irakasleek prestakuntza- eta berrikun­tza-egitasmo berria egin zuten. Haren ­abiapuntuan, 2009-2010 ikasturteko ­ebaluazio-diagnostikoaren emaitzak eta Urteko Elkarbizitza Planean egindako Tutoretza Planaren berrikuspenak daude. Testuinguru horretan jaio zen urtebetez abian izan duten esperientzia. 
Inmaculada ikastetxekoek 2010-2011 ikasturtean egin zuten Elkarbizi­tza Plana. Interes handia sortu zuten lan hori egiteko egin behar izan zuten prestakuntzak eta ezarri zituzten lehentasunek. Gainera, Tutoretza Plana erabat ­egituratuta eta nahiko sistematizatuta zuten. Horiek guztiak oinarri ona izan ziren ondoren etorri ziren egitasmoetarako.
Abetxukuko ikastetxeko irakasleek joan den ikasturtean egin zuten berrikuntza- eta prestakuntza-egitasmoak bi jarduera zituen: alde batetik, gatazken kudeaketa; eta, bestetik, Guztion konpromisoa deritzon tutoretza-­ekintza. Garai berean, Berritzegunean antolatutako Partaidetzarako eta Lankidetzarako gaitasunak mintegian parte hartzea erabaki zuten, han plantea­tzen zen gidaritza-lanaren egitasmoa eskolako proiektu horretarako lagungarri izango zitzaielakoan. 
Erronka onartu zuten, “prestakun­tzako bi jardueren helburuekin bat zetorrelako”. Egitasmoak proposatu zizkien helburuen artean, gaitasun soziala eta herritarra edota autonomia-gaitasuna sustatzea zegoen. 
Horiek guztiak, batez ere, hiru ­ekintzen bidez sustatu nahi ziren: lehenik, hezkuntza-komunitatea osatzen duten kide guztien arteko komunikazioa eta parte-hartzea lagunduz; bigarrenik, norbanakoen balioak eta balio unibertsalak eskuratzen lagunduz; eta, azkenik, hiru estamentuen artean konfiantza-giroa eta elkarren arteko harreman horizontalak bultzatuz. Hiru estamentu horiek hauek dira: familiak, ­ikasleak eta irakasleak.
Erronka onartzeko beste arrazoia, berriz, hauxe izan zen: proiektua lan­tzeko proposatutako modua ekintza tutorialaren esparruan zituzten helburuak asebetetzeko lehen urratsa zen. Esparru horretan kokatzen ziren ondorengo ideiak: irakasleak lan kooperatiboaren beharraz ohartzea; ikastetxeko ikasleak irakasle guztien ikasle direla jabetzea, eta ez soilik tutorearenak; eta irakasle izateak, neurri batean, orientatzaile, hezitzaile eta ia-ia tutore izatea dakarrela ikustea.
Egitasmoan, DBHko irakasle guztiek parte hartu zuten: izan tutore ala ez. Ikasleekin eta irakasleekin batera, gainera, irakasle ez diren langileek eta gurasoek ere parte hartu zuten. Parte-hartze hori erreala eta aktiboa izan zedin, bestalde, “beharrezko ikusi zituzten oinarrizko bi faktore”: komunikazio-bide horiek existitzea eta bide horiek erabiltzea. 
Ikastetxean, gaur egun, “gure esku ditugun bitarteko guztiak erabiltzen ditugu: IKTekin zerikusia duen guztia, bloga, dokumentu partekatuak, posta elektronikoa, eta abar” argitu du Mariolak, eskolako orientatzaileak. “Era berean, badugu iradokizunetarako postontzia eta irakasle guztien ordutegia eskuragarri dago”.
Garrantzi handia eman zioten prestakuntzari. Izan ere, “parte-hartzea ­errealista eta bidezkoa izan dadin, eta ­ikasleen adierazpen benetakoa eta librea gerta dadin –ez, soilik tutoretza-orduan, baizik eta ikasgai guztietan, zehar-lerro gisa–, parte-hartzea bultzatuko duten dinamikak egotea garrantzi­tsua iruditzen zaigu, eta, horretarako, oinarrizko prestakuntza behar da”.
2004an hasi ziren Inmaculadako ­irakasleak Ekintza Tutorialaren Plana egiten; haiek egindako plana da, goitik behera. Planaren osatze-prozesu horretan, beraz, denek parte hartu zuten: iritziak eman zituzten, eztabaidatu egiten zuten. Iaz, esaterako, bi jarduera ­egin zituzten: alde batetik, partaidetza-egitasmoa gidatu zuten; eta, beste alde batetik, tutoretza-ekintzan parte hartu zuten, eta irakasle guztiek tutore fun­tzioa tutoreekin partekatu zuten. Lan horretatik hainbat ondorio atera zituzten: 
1. Garrantzitsua da ikaslea gure ­ikasgaiaren didaktikan prestatzea, baina hori bezain garrantzitsua da era integralean prestatzea.
2. Garrantzitsua da, era berean, irakasleak bere lanean, bere ekintzan, tutoretza-funtzioa argitzea.
3. Garrantzitsuak dira ikasleei zenbaitetan ematen zaizkien beharren ­erantzunak. Arlo akademikoan ematen direnekin batera, arlo pertsonalean, ­afektiboan, jendarte mailan dituzten ­arazoetan, eta abarretan. Eta erantzun horiek ez dituzte tutoreek soilik eman behar, baita gainerako irakasleek ere.
4. Eta, azkenik, oso garrantzitsua da ikasleak irakasleengana gerturatzea ­errazten duten baldintzak sustatzea.
“Egiten ditugun jarduera guztien oinarrian ikasleak daude, ez ikasgaiak; ­ikastetxeko politika estrategikoaren barnean dago hori”, gaineratu du Josek, Arte Dramatikoko irakasleak. Ondorioz, tutoretza-ekintza osoa Ikaste­txeko Plan Estrategikoaren barruan dago. Plan horrek helburu eta ekintza estrategiko zehatzak ditu. Horiek guztiak berrikusteko, ebaluazio-adierazle ba­tzuk erabiltzen dira. 
Familiekin egindako lana
Familiekin duten harremana oso estua da. Arlo akademikoa gainditzen duen jarraipena egiten dute: telefono-deiak, bilerak eta bestelako harremanak oso ohikoak dira, eta harreman horiek ez ditu soilik tutoreak egiten. Beste arloetako irakasleak, normalean, tutorearekin harremanetan jartzen dira, eta hark egiten du lehen hurbilketa. Horixe izan zen, hain zuzen, iazko egitasmoa: tutorearen erantzukizunak arintzea, ­eta irakasleek funtsean beraienak diren erantzukizunak hartzea. Azken batean, askotan, tutorea bitartekari bat besterik ez baita izaten.
Iaz, Elkarbizitza Behatokiak irakasleak eta hainbat guraso prestatu zituen. Ikastetxea, izan ere, txikia da, eta ezin du guraso guztiak prestatzeko ardura hartu. Lehen prestakuntza hartan parte hartu zuten gurasoak “beste gurasoak prestatzen ari dira, gogo betez”, Mariolaren arabera.
Ikasleak gustura
Irakasleek elkarren artean banatu zituzten jarduerak, gehienbat gustuen arabera eta irakasten zituzten ikasgaiekin zuten harremanaren arabera.
Ikasleak oso gustura aritu ziren. ­Izan ere, lan egiteko dinamika desberdina zen; “dinamikak askoz sortzaileagoak dira”, zehaztu du Iñigok, Gorputz Hezkuntzako irakasleak. Ikasleentzat dena positiboa izan zen: “Haientzat oso aberasgarria izan zen pertsona bere ­osotasunean ikustea, eta ikuspuntu horretatik lan egitea ikasgai guztietan”, gaineratu du.
Matematika arloan, esaterako, “parte-hartzea landu genuen”, kontatu zuen Marianek, Matematikako irakasleak. Jarduera egin zutenean, parte-hartzeari buruz ondorio interesgarriak atera zituztenez, horma-irudi bat egin zuten haiekin gelan. Horren ondoren, “talde txikitan lan egiten zutenean, partehartzea handiagoa zela ohartu nin­tzen”, eta, gainera, erreferentzia gisa erabil­tzeko balio izan zion: “Norbait parte-hartzeko urduri edo ikusten banuen, horma-irudian zer jarri genuen gogoratzeko esaten nion”.
Behar bereziak dituzten neska-mutilekin aritzen da Elena. Jarduera horietako batzuk egitea egokitu zitzaien haiei ere, eta, Elenaren esanetan, “irrika handia zuten jakiteko ongi egin zituzten ala ez, zer iritzi zuten besteek... oso gustura aritu ziren”.
Adolfok, Informatikako irakasleak, ikastetxeko alderdi parte-hartzaileari buruz lan egitea proposatu zien. Google bidez inkestak egin zituzten, jendeari galdeketak egin zizkioten, eta abar. “Beraiek egin zuten eta, balio teknikoaz gain, gauza gehiago ateratzeak asko aberasten du. Askotan liburuekin, testuarekin eta abarrekin geratzen gara, ­eta ­ahaztu egiten dugu gauza horietatik beste zerbait atera dezakegula”, hausnartu du.
Irakasleek, berriz, egitasmo horren bidez ikusi zuten, berriro ere, zein aberatsa den elkarrekin koordinatzea eta talde-lanean aritzea. 
Hiritartasunerako Hezkuntza ikasgaian lantzeko, interesgarriak iruditu zaizkio hainbat jarduera Begoña ahizpari, ikasgai horretako irakasleari. Hala ere, “horretaz gain, ez nuke baztertuko jarduera horiek beste ikasgai batzuetan txertatzea”. Irakasle horri oso aberasgarria iruditu zitzaion: “Hain parte-har­tzaileak diren jarduera horiek ez lirateke ikasgai soil batera mugatu behar, ­ikasleek irakasle guztien aurpegiak ­ikusi behar dituzte”.
Egin eta ikusitako guztiak zer pen­tsatua eman die: “Ez ditugu eskolak erakargarriak egiten, eta, beraz, egiten dugunaren dinamika aldatu beharrean gaude. Jarduera horiek gustukoak badituzte, ikasgaiaren barruan kokatzeko eta etekina ateratzeko zer aldatu behar dugun pentsatu behar dugu”. Ikasleen motibazioan eragin dute, bereziki, jarduera horiek. “Hausnartu beharko genuke zer egin behar dugun ikasleak arlo teorikora ez ezik, balioetara eta beste mota bateko gauzetara erakartzeko”, dio Adolfok.
Generoa eta parekidetasuna, ardura, konpromisoa, lan kooperatiboa eta enpatia dira egitasmo horren bidez landu dituzten balioetako batzuk. Ikusitakoak ikusita, eskolan egiten dutena ­ikasleengan, haien interesetan eta haien motibazioan nola eragiten duen pentsatzen ari dira Inmaculada ikaste­txeko irakasleak. •