UEUren UDAKO IKASTAROAK 40

2012-05-01
Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) Udako Ikastaroek 40. urteurrena beteko dute aurtengo udan. Donibane Lohizunen egindako lehen saio hartatik, euskara eta unibertsitatean gauzak asko aldatu dira, hein handi batean, UEUk egindako ekarpena medio. Urtemuga hori ospatzeko-  egoera ekonomiko larriari aurre eginez- ikastaro sorta mardula antolatu du UEUk: 40, guztira.
 
 
Aurtengoa, urte gazi-gozoa izaten ari da UEUrentzat. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak partida izenduna kendu ­izanak egoera ekonomiko larrian utzi du erakundea, baina aldi berean,  bazkide eta ingurukoen babes izugarria jaso du. Auzolan horren isla da aurtengo Udako Ikastaroen eskaintza, zenbaki sinbolikoa 40a aintzat hartuta, eskain­tza mardula egingo baita: azken urteotako indartsuena. UEUko zuzendari  Karmele Artetxeren esanetan, “Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia okerra iruditu zaigu, eta datorren urterako hausnarketa egin dezan eskatzen diogu. Aurretik ere egoera larriak bizi ­izan ditugu, eta orduan bezala, gure lanak jarraitu behar duela argi dugu. Izan ere, gure bazkide eta gertukoek erakusten ari zaizkigun babesa eta lagun­tza izugarria izaten ari da, eta horrek beste 40 urtez aurrera egiteko indarra ­ematen digu”.
Hain zuzen ere, 70eko hamarkada hasieran Ipar Euskal Herrian sortu zen Udako Unibertsitate bat sortzeko ideia, Baionako Euskal Asteetatik eratorria. Manex Goihenetxe, Piarres Xarriton ­eta Jean Haritxchelharrek bultzatuta, besteak beste: abuztuaren 28tik irailaren 8ra bitartean egin zen Udako Euskal Unibertsitatearen lehen ekitaldia, Donibane Lohizuneko Maurice Ravel ­ikastetxean. Ordutik, gauzak asko aldatu dira bai euskara eta baita unibertsitatean ere, hein handi batean, UEUren  ekarpenei esker:
• Hasieratik Euskara Batuaren alde egindako apustu irmoa.
• Jakintza-maila bakoitzeko euskarazko hiztegi-teknikoaren garatzea.
• Euskarazko irakasle corpusa ­osatzea. 
• Euskal komunitate zientifikoaren bilgune-lanak egitea. 
• Erakundearen izaera malgua medio, proiektu berritzaileak, euskarrian zein ­edukian, martxan jartzeko gaitasuna.
• Unibertsitate-mailako gaiak gizartearen esku jartzea eta bertako beharrei egokitutako eskaintza egitea: ­ikastaroak, testu-liburuak, IKT proiektuak.
• Euskal Unibertsitatearen aldeko lana eta aldarria.
40 ikastaro 40. urteurrenean
Goian aipatu bezala, UEUk  40 ikastaro antolatu ditu Udako Ikastaroen 40. urteurrena ospatzeko. Ekitaldi handirik ez dute egingo, “baina urte hauetan guztietan udako ikastaroetan parte hartu duten pertsonen bizipenak jasotzeko asmoa daukagu; izan ere, Udako Euskal Unibertsitatea, jakintzaz haratago, pertsonak osatzen dute. Horretaz gain, gure asmoa da aurten ahalik eta jende gehiena etortzen ikastaroetara, bai UEU ekonomikoki laguntzeko, baita urteurrena ospatzeko ere. Egiten dugun eskaintza begiratu eta ziur gaude gustuko ikastaroa topatuko duela edonork. Hori dela eta, beherapenak eta diruz laguntzeak eskaini ditugu, jende guztiak etortzeko aukera izan dezan. 
Xehetasun guztiak www.ueu.org helbidean topatuko dituzue”, azaldu du Karmele Artetxek. Matrikula maia­tzaren 14an irekiko da.
Udako ikastaroen zerrenda 
Artea eta Musika 
- Marrazki bidez kontatuko dizut! Eibar, ekainak 28-29.
- Musika-hezkuntzarako baliabide tekniko eta espresiboak.  Baiona, uztailak 4-5.
Giza Zientziak  
- Txillardegi testuz testu. Eibar, ­ekainak 27-29.
- Sozialismoa XXI. mendeko Euskal Herrian. Iruñea, uztailak 16-18.
- Euskal emakumeen historia osa­tzen.  Eibar, uztailak 9-10.
- Nafarroako konkista berrikusten. Iruñea, uztailak 16-18.
- Euskararen berreskurapenaren esperientzia eta hizkuntza gutxituen biziberritzea.  Iruñea, uztailak 16-17.
- Lazarragaren testuak DBHn erabiltzeko. Eibar, uztailak 11-12.
- Literatura Unibertsala itzultzen. Eibar, ekainak 26-27.
Gizarte Zientziak   
- Irakaskuntza kooperatiboa Natur Zientzietan, erreken kontserbazio-­egoera aztergai.  Eibar, ekainak 26-28.
- Iraultzaileak hezten: hezkuntza aldaketa sozialerako tresna gisa.  Iruñea, uztailak 16-17.
- ETBk 30 urte. Eibar, ekainak 28-29.
- Komunikazio-tailerra elkarteen­tzat.  Eibar, ekainak 28-29. 
- Antzerkigintza hezkuntzan: sor dezagun elkarrekin komunikatzeko bide bat. Baiona, uztailak 4-5.
- Kontu txikiak eta euskaraz min­tza eta jolas tailerra.  Baiona, uztailak 4-5. 
- Ebaluazioa Moodle-n: kalifikazio-liburua eta tailerra. Eibar, ekainak 28-29. 
- Sexologia, gazteak eta sare sozialak. Eibar, uztailak 9-11.
- Sexu-hezkuntza eta desgaitasuna. Iruñea, uztailak 16-17.
- Soziolinguistika: kontzeptu nagusiak. (tailerra)..Baina, uztailak 4-5.
- Parte-hartzea aztergai: hausnarketarako gunea. Baiona, uztailak 4-5. 
- Herri-mugimenduak eta militan­tzia-ereduak. Eibar, uztailak 9-10. 
- Batzarra: jatorrizko antolakun­tza-erakundea etorkizunerako bermea. Iruñea, uztailak 16-17.
- Identitate di-soluzioak: narrazio performatiboak generoa eta euskal ­identitatea uztartuz. Eibar, uztailak 11-12.
-Elikadura burujabetza eta Agroekologia. Baiona, uztailak 4-6.
Ingeniaritza eta Teknologia   
- Bioeraikuntza: bizitzeko eraiki. Eibar, uztailak 11-12.
- Scratch-ekin konpetentziak lan­tzen. Eibar, uztailak 12-13.
- Zientzia-hezkuntzarako tresna digitalak: Google Earth eta Maps. On line, ekainak 29-uztailak 18. 
- Smartphonetarako aplikazioen programazioa Titanium erabilita. Eibar, ekainak 26-27.
- Murgildu robotikan LEGO NXTrekin. Eibar, uztailak 9-11. 
Osasun Zientziak  
- Kannabisa: eraginak osasunean eta erabilera terapeutikoak. Eibar, ­ekainak 26-27. 
- Zentzumenen terapiak: psikoaromaterapia, musikoterapia, irudikapen sortzailea... Eibar, uztailak 11-13. 
- Gorputz sortzailea: gorputz eta mugimenduaren inteligentzia. Baiona, uztailak 4-6.
- Haur-psikologia: gaurko haurrak etorkizuneko helduak. Iruñea, uztailak 16-17.
- Coaching-erako sarrera. Eibar, uztailak 26-27.
- Aldaketa-prozesuetarako gakoak: konfiantza eta autoestimua. Iruñea, uztailak 16-17.
- Egoera kritikoak gainditzeko teknikak. Baiona, uztailak 4-5.
Zientziak   
- Mendiko teknikak basabizitzaren ikerketan. Ikastaro praktikoa Pirinioetan. Iruñea, uztailak 16-21.
- Hondakinen kudeaketa eta tratamenduak. Eibar, uztailak 9-10.
- Geogebra erabiltzen ikasi: hastapenak. On line, ekainak 26-uztailak 18.