Hezkuntza lehenesteko garaia

2012-11-01
Jaurlaritza berriak bere lehentasunak markatu beharko ditu; hezkuntza lehentasun horien artean egongo al da? 
Irakaskuntzari daukan balioa eman behar zaio krisi egoera honetan. 
 
 
Aldaketa eskatu dute bozetara deituak zeuden euskal herritarrek, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek. Datozen egunetan bistaratuko da aldaketa hori, Iñigo Urkulluk lehendakari­tza hartzean.
Gobernuak lehentasunak markatu beharko ditu Ajuria Enean sartzen den lehen egunetik. Lehentasun horien artean egongo al da hezkuntza? Aldarrikapen hori egiteko unea da hezkuntzako eragileon partetik: Gobernu berriak hezkuntzari eman diezaiola daukan garrantzia, krisi garai hauetan benetan garrantzitsuak diren balioak lehenetsi ditzala.
Hezkuntzari garrantzia ematea herri hau osatzen duten herritarrei garrantzia ematea da. Oraina eta etorkizuna eraikitzen ari direnei eta eraikiko dutenei garrantzia ematea. Hezkuntzari balioa emateak hezkuntzari baliabideak ematea esan nahi du, eskolei eta familiei baliabideak ematea.
Hezkuntza sistemak sendotasuna behar du, inoiz baino gehiago orain krisi egoera honetan. Batetik, krisi ekonomikoaren ondorioz, moztu beharraren beharraz, hezkuntzan murrizketak egiteko tentazioa izan dezakeelako batek —Espainiako Gobernuak bezala—, baina nagusiki gizarte krisi honetan hezitzaileek rol ikaragarri garrantzitsua dutelako.
Hezkuntza sistemari sendotasuna emateko interes alderdikoekin erabiltzea saihestu behar da. Horren adibide argia daukagu, berriro ere, Espainiako Estatuan. Gobernua alderdiz aldatzen den bakoitzean —hala izan berri da Raxoiren Gobernuarekin, eta Zapaterorenak ere gauza bera egin zuen— alderdiaren interesen araberako “erreforma” egin dio hezkuntza sistemari, gizartearen premia eta interesei begira beharrean alderdiaren interesei beha jarriz hezkuntza. Oraingo honetan, argiki, ikasleak “espainiartzeko” helburua duen erreforma ezarri nahi du Juan Ignacio Wert hezkuntza ministroak. Horretarako, Nafarroari bezala EAEri konpetentziak murriztuko dizkie, batetik, eta gurasoei ere erabakimena murriztuko die, bestetik. Murrizketak, alabaina, ez dira konpetentzietara eta erabakimenera mugatzen, jakina denez, baliabideen murrizketa nabarmena ezarri du Wertek.
Espainiatik, beraz, bide estua —espainiarzalea eta murriztailea— markatuko dio Jaurlaritzako Hezkuntza Sail berriari. EAEko  Gobernuak gizartearen nahi eta beharrei erantzun nahi badie, baina, bere bideorria beharko du. Bozetara deituak zeuden euskal herritarrek argiki esan diote zer norabide nahi duten jarraitu. Bi heren kolore abertzalea duen parlamentua honek, eskolaren bitartez, euskara jakin eta erabiltzeko oinarriak ezarri beharko lituzke; euskal curriculuma garatzeko bidean urratsak egin ditzake, herritarren kohesioa bermatuz —norbanakoen anitzatasuna errespetatuz eta eskubide mailako berdintasuna berretsiz—. 
Inbertsioa pertsonala eta soziala da, baina baita ekonomikoa ere. Ikasle bakoitzarengan inbertitzen den euro batek ia lauko errentabilitatea ematen baitu (iaz Kooperazio eta Garapenerako Europako Erakundeak egin zuen ikerketaren arabera). Baldin eta bide erdian eta ezinean gelditzen ez bada.