Nola joka dezakegu negarrez ari den haur baten aurrean?

2012-11-01
Malko mota asko daude.
Badira lodiak direnak, krokodiloarenak bezalakoak.
Badira txikiak, ia ikusezinak.
Badira malko tristeak eta malko alaiak.
Limoi zukua balira bezala erretzen duten malkoak, edo gozokiak bezain gozoak.
Baina guztiak dira gaziak, barruan itsaso txiki bat izango bagenu legez.
Malkoak negar isilean sortzen dira, edo barruko garrasian,
guztiok isurtzen ditugu malkoak noizbait, ordea.
 
 
Horrelaxe hasten da Pere Ginard-ek idatzitako ipuin bat. Egileak berak ­ilustratutako album hori abiapuntu ona da, landu nahi dudan gaiari ekiteko. Besteak beste, honako kontu honekin du zerikusia, gainera: haur-malkoen hizkuntzaren gramatikan alfabetatzeko dugun beharra onartzea, negarrez ari den haurrari modu profesionalean laguntzeko.
Neure buruari galdetzen diot zergatik ez ote ditudan erretratatu negarrez ari diren haurrak, Haur Hezkuntzan lanean daramatzadan 20 urteotan. Nekez ­ohartu naiz haurren negarrak nire malkoekin dudan harreman emozionalaren aurrean jartzen nauela, nire negarraren historia partikularraren aurrean, ispilu bat balitz bezala. Era berean, haurren gaitasunak onartzearekin lotuta dago, baita haurrek negar egiten dutenean ere.
Zentzu horretan, ikuspegi kultural zabal batetik begiratuta, laguntza handikoa gertatzen ari zait gai horren gaineko hausnarketa. Ikerketa ugari egin dira hainbat diziplinatan, esate baterako, psikologian, pediatrian, antropologian, artean, fisiologian, neurologian, soziologian eta filosofian. Aipatutako diziplinarteko hausnarketek haurtzaroko negarraren zentzua (eta gurearena) ulertzen lagun diezagukete, eta profesionalki laguntzeko modua ere ­eman diezagukete.
Ikerketa horiek oinarri hartuta, hainbat galdera sortu zaizkit: zein da haurtzaroko malkoen hizkuntzaren ­esanahia? Zer zentzu dute malkoek giza garapenean? Nola interpretatu dira malkoak kulturetan eta historian zehar? Nola azal daiteke gizonak eta emakumeak, neskak eta mutilak, bakarrak eta bereziak izatea beren negar egiteko moduan? Zergatik egiten dute negar horren erraz haur batzuek, eta ez beste batzuek? Nola lagun diezaiokegu haurrari modu egokian, negarrez ari denean? Zer adierazten dute malkoek gure gizatasunaz? Zergatik egiten dugu negar? Zertarako egiten dute negar haurrek? Zergatik eta nola uzten diote haurrek negar egiteari? Zer adierazten eta komunikatzen dute malkoek? Nolakoa da negarrarekin dugun harreman emozionala? Galdera asko, eta erantzun gutxi.
Edonola ere, haurrekin lan egiterakoan, uste dut badirela jarrera etiko gisa inola ere ahaztu behar ez ditugun premisa batzuk. Alderdi ezagunak diren ­arren, modu telegrafikoan bada ere, gogoratzea eta praktikan jartzea komeni da:
- Haurrek ikaskuntzarako ahalmena eta plastikotasuna dute, baita negarrarekin zerikusia duten esperientzia kognitiboetan eta emozionaletan ere.
- Haurrak bakarrak dira, eta ezin dira konparatu. Garrantzitsua da hainbat familiari alderdi hori azpimarratzea, batez ere, “Nireak bakarrik egiten du negar” eta horrelakoak esaten direnean.
- Eskolak ahalik eta konfiantzazko giro lasaiena sortu behar du, segurtasuna emateko: zenbat eta gehiago, hobe.
- Aurreiritziak saihestu egin behar dira beti, “Ikusiko duzu nola negar egiten duen” eta horrelakoak, adibidez.
- Negarrak beti ditu arrazoiak. Sekula ez da apeta edo manipulazioa. Per­tsonalki ez dut batere gogoko behaviorismoa.
- Malkoak ere adierazpen modu bat dira, eta “ehun hizkuntzatan” antzeman behar ditugu.
Hala, negarra behar gisa sortzen da, eta eskolan eskubide modura adierazteko era aurkitu behar du beti. Baldin­tza horretatik abiatuta, hauek dira praktikan hainbat haur-eskolatan proba­tzen ari garen alderdiak, hots, bilera pedagogikoetan taldean hausnartzen eta berrikusten ari garen jarraibideak:
- Salbuespenak salbuespen —konbultsio-arriskua, esaterako—, ez dugu negarra eten behar inoiz. Haurrak berak bilatu eta aurkitu behar du kontsolatzeko bere era. 
- Gure eginbeharra, haatik, haurrari bere negarrean eta sentimenduan laguntzea da; haurrak baimena ematen digun lekutik, betiere. Haur guztiek ez dute nahi besoetan har ditzaten edo besarka ditzaten. Gogoan dut neska batek irakasleari soilik hatz erakuslearekin ­uki zezan uzten ziola, lurrean negarrez ari zen bitartean.
- Enpatikoki laguntzeak —askotan ­isiltasunaren arteaz— esan nahi du ez dugula negarra isilarazi edo mugatu behar, kontsolatzeko edo lehenbailehen amai dadin, ez dugula ezikusiarena ­egin behar. Malkoak ez etenez gero, haurrak aukera gehiago ditu erabat ­onartua, ulertua eta bere nortasunean babestua izateko. Horrela, elkarren arteko ulermenaren kalitatea handitu ­egingo da. Malko bakar bati ere ez zaio eutsi behar, bakar batek ere ez du geratu behar zorretan. Malko emozionalek (basalek eta erreflexuek ez bezala) plasma baino lau aldiz potasio gehiago dute, odolean dugun manganeso kopurua 30 aldiz gainditzen dute, eta gehiegizko prolaktina dute, gainera. Gai horien gehiegizko kontzentrazioek toxikotasuna sor dezakete, eta gorputza gaixoaraz dezakete. Jendearen­tzat kaltegarriak izan daitezkeen gai horiek deuseztatzeko modu bat dira malkoak.
- Era berean, negarrez ari den haur batekin egoteak ardura eta emozionalki prest egotea eskatzen ditu, eta ez beste alde batera begiratzea. Garrantzitsua da haur horrekin buru-belarri egoten ­ikastea, “doluminak ematea”.
- Malko motak hamaseiren bat izan daitezke: tristurak sortutakoak, edo minak, galerak edo etsipenak; lasaigarriak, pozezkoak, asaldurak eragindakoak, edo amorruak, edo abaildurak; tentsio-deskargak, negar zeremonia­tsuei dagozkienak, enpatiak eragindakoak, edo frustrazioak, beldurrak, haserreak, sumindurak edo erneguak. ­Orain, gure erronka negarraren gramatikan, tonalitatean eta hizkuntzan alfabetatzea da, Pere Ginard-en ipuinean bezala. Horrela, haren forma bereizi ­ahal izango dugu, modu berezi batean laguntzen jakingo dugu, eta zergatik ­lehertzen den eta zergatik baretzen den jakingo dugu, haur bakoitzak duen ­berezitasunaren ikuspuntutik, betiere.
Ezagutza-lan horretan, oso lagungarria gertatu zitzaidan historian zehar hainbat artistak malkoen mundua estetikoki nola irudikatu duen ikustea. ­Bereziki iradokitzailea iruditzen zait Roy Lichtenstein-en emakumeen seriea, edo Pablo Picassok Gernika lana margotu aurretik negarrez ari ziren 
emakumeez egin zituen azterlanak; Rafael Albertik, berriz, poetikoki interpretatu zituen Picassoren lanak: “Harrizko negarra egin daiteke. / Harrizko tantak bezalako malkoak./Begietatik eror-
tzen diren hortzak / begiek harrizko hortzeria / isuriko balute bezala./ Minaren negarrik handiena / harrizko tanta-tzarrak jaurtiz,/ harri-minezko hortz-haginak”.
- Barrua husteko lantua esaten diegu inoiz biografia pertsonalean jaurti­tzeke izan ditzakegun min edo malkoei. Ikuspuntu objektibotik garrantzirik gabekoak ziruditen “erorikoak” edo “istripu txikiak” ikusi izan ditut askotan; baina, haurraren ikuspuntutik, negarra lehertzeko aukera izan dira. Lantu horrek gure arreta eta errespetua merezi du, zenbaitetan zinema-aretoetan edo telebistaren aurrean film negar-eragile bati begira guk negar egiten dugun bezala, jakin badakigun arren aktoreei antzezteko ordaindu egin dietela.
- Txupeteak aipamen berezia merezi du. Txupetea (eta haur-negarra murrizteko beste era batzuk) haurraren negar egiteko eskubideari traizio egiten dion tapoi gisa sortu zen historikoki. Ez zaizkigu txupeteak gustatzen, baina oso bortitza iruditzen zaigu haurrari txupetea kentzea, etxetik baldin badakar. Txupetearen erabilera errespetatzea erabaki dugu, baina ez dugu sustatuko, haurrari erortzen zaion bakoitzean edo haurrak botatzen duen bakoitzean berriro emanez.
- Ildo berari jarraituz, garrantzitsua da gisa honetako hitz edo esaldiak alboratzea: “Ez da negar egin behar; ez da hainbesterako; ez negar gehiago ­egin; nahikoa da” edo ohikoa den “shh” (zenbaitetan haurrari isil dadin ­adierazteko egiten diogun soinu onomatopeikoa). Aurreko batean, hala ­esan zion ­ama batek semeari eskola batean: “Ez negar egin, oso itsusia jartzen zara-eta”. Zentzu horretan, familiekin ere lan sakona egiten saiatzen ari gara. Ez da gai erraza. Lehen urratsak egiten ­ari gara.
Negarraren gaia pertsonalki eta profesionalki barrua mugiarazten digun gaia da. Une honetan bertan, dokumentatzen eta behatzen ikasten ari naiz, batez ere. Dokumentazio horretatik abiatuta, eszena eredugarri bat kontatu nahi dut amaitzeko, altxor gisa: haurrari negarrean presentzia egoki batez laguntzen diona, maitasunez eta errespetuz.
Testuingurua Iruñeko La Milagrosa udal haur-eskola da, bularreko haurren gela. Anne (10 hilabete) eta Vero (hezi­tzailea) elkartu dira, 2010eko irailean. Bost egun dira Anne eskola horretan hasi zela. Talde hezitzaileak zenbait bileratan pedagogikoki aztertu zuen neskatxak helduekin zuen harreman mota, hainbat irudi dokumentalen bidez. ­Ikuspuntuen truke osagarri eta berezi horretan, Annerentzat zentroan egokia izango zen esku-hartze profesionala antolatu genuen.
Lehen aldia da Annek negarrez ­ari dela hezitzaileak kontaktu bidez lasai dezan onartu duena. Neska­txak egonezina adierazi du, lantu aldizkako baina tematiaz. Verok besoen artean inguratu du Anneren gorputza, eta patxadaz hartu du arnasa, prozesuak iraun duen bitartean.
Anne asaldatuta mugitu da, eta Verok haren begirada bilatu du ­orain. Etenik gabe hartzen du arnasa, eta, hezkuntza-esparruan duen aparteko gaitasuna eta prestutasun emozionala erakutsiz, itxaron egin du. Intentsitate handiko une horretan, hastear den harremanaren zain dago, gorputzen arteko egokitzapena eta isiltasunaren elokuentzia oinarri hartuta.
Presentzia estetiko bihurtu da: hutsuneak, bi gorputzen eta ukipenaren eraldaketaren hutsak eta beteak, azalaren berotasunaren bidez barreiatuak, hamaika ñabarduratan sakabanatzen dira, batasuna, fusioa, egin arte. Elkarrekin eta elkarrentzat egindako ekimena da. Mugimenduen dantza sentikor bat da, kanpotik ia ikusezinak eta nabariezinak diren mugimenduen dantza bat.
Denborarik gabeko denborak eskuzabaltasuna eta konfiantzaren oinarriak eraikitzea ahalbidetuko du, eta esnalditik loaldira doan tartea segurtasunez igarotzen lagunduko du.