Irakurketa dialogikoak irakasleen hobekuntzan

2012-11-01

Paulo Freirek (1921-1997) pentsatzen zuen irakurtzen ikastea ez dela ekintza mekaniko hutsa, testuingururik gabekoa; munduari buruz munduko elkarrizketa irekia izan behar zuela zioen. Freireren ideia horri helduta, ikasteko komunitate bihurtu diren eskolek helduen arteko literatur solasaldiak antolatzen dituzte; horrela, testu literario batean oinarrituta, gizarteari buruz hausnartzen eta eztabaidatzen dute, argudioak ematen dituzte, eta beren esperientziak eta hausnarketa kritikoak adierazten dituzte.

 
 
Iruñeko Irakasleen Laguntza Zentroan (ILZ), irakurketa dialogikoaren metodologia interesgarria iruditu zitzaigun, irakasleen hobekuntza garatzeko. Hori dela eta, metodologia horretan oinarritako hobekuntza-ekintza batzuk antolatu genituen, baina aldaketa txiki bat ­eginez: irakurketarako aukeratutako testua, literarioa izan ordez, pedagogikoa izango zen, ekintzaren helburu bat irakasleen lana hobetzea baitzen. Horrela, metodologia horren bitartez, hiru jarduera antolatu genituen irakasleen hobekuntzarako:
• “Zuzendaritza-jarduerak hobetzea, gogoeta abiapuntu hartuta”. Jarduera hau bi ikasturtez antolatu zen, eta partaideak zuzendaritza-taldeetako kideak izan ziren. Jarduerak oso balorazio ona izan zuen.
• “ILZ zentroetako aholkularien prestakuntza”. Jarduera hori urtebetez antolatu zen, eta parte-hartzaileen taldea heterogeneoa izan zen (Iruñeko ILZko zuzendaria eta bost aholkulari, ­eta Hezkuntza Departamentuko bi kide). “Las Cinco mentes del futuro”  liburua irakurri zen, H. Gardner-ena, Paidós argitaletxekoa; eta irakurketatik eta talde heterogeneo horretatik sortutako hausnarketak eta elkarrizketak oso ­aberasgarriak izan ziren.
• “Irakurtzeko eta hausnartzeko ikastaroa”. Haur Hezkuntzako aholkularitzatik horrelako bi ekintza antolatu genituen azkeneko bi ikasturteetan. Irakurritako liburuak hauek izan ziren: “Elogio a la Educación Lenta”, J. Domènech-ena, Graó argitaletxekoa, eta “Educar para Ser”, R. Wild-ena, Herder argitaletxekoa.
 
Irakurtzeko eta hausnartzeko ikastaroa halako berrikuntza bat izan da bai aholkularientzat eta bai irakasleentzat. Berrikuntza, hizlaririk ez zegoelako eta partaideok elkarrengandik ikasten genuelako, guztion iritzia eta ahotsa en­tzunez eta errespetatuz. Hamabostean behin elkartzen ginen, eta, bilkura-­egun horretarako, liburuaren kapitulu bat edo bi irakurtzen genituen; irakurketa horren ondorioz, paragrafo bati buruzko hausnarketa egiten genuen, ­eta bi galdera aurkezten genituen taldean, gero elkarrizketa sortzeko. Ikastaroaren ebaluazioan, metodologia oso argi azaltzen dute partaide baten hi­tzek: “Profesionalen arteko elkarrizketa eta gogoeta sakon eta lasaia, horrek aberastu egiten gaituelako”. Saio bakoitzean aukeratutako paragrafoak eta sortutako galderak aholkularitzaren webgunean zintzilikatzen ziren, bai partaideei eta bai beste irakasle batzuei hausnarketarako eta hobekuntzarako aukera berriak emateko.
Lehenengo ikastaroa 2010-2011 ­ikasturtean antolatu genuen. Lehendabiziko ikastaro horretan, aholkulari­tzak aukeratu zuen liburua: “Elogio a la Educación Lenta”, J. Domènech-ena, Graó argitaletxekoa, eta hezkuntza mantsoa lortzeko egin behar diren aldaketa metodologikoei buruz hausnarketa egitea zen berorren helburu nagusia. Irakasleen hobekuntzarako modalitatea berria zenez, ausartak izan ziren ikastaroan izena eman zuten irakasleak, hamarren bat guztira. Taldea oso heterogeneoa zen (ereduak, etapak, espezialitateak etab.), eta oso giro aberatsa sortu zen. Alderdi hauek azpimarratu zituen partaideetako batek: “Ikasgelan egiten dudan lanari buruz gogoeta egiteko aukera, beste profesional batzuekin alderatu ahal izatea, arazoei, gogoetei edota zalantzei buruz hitz egitea...”.
Ikastaroa bukatzean, Freireri eta eskola demokratikoaren oinarriei jarraituz eta aurreko ikastaroko azken saioan parte-hartzaileak hainbat liburu proposatzera animatu eta gero, hurrengo ­ikasturterako liburua aukeratu genuen Google docs-en bozketa bat eginez. Horrela, R. Wild-en “Educar para Ser” liburuaren bidez (Herder argitaletxea), irakasleok “eskola eraginkorra”ri buruz hausnartzeko aukera izango genuen. Bigarren ikastaro horretan, aurreko ikasturtean antolatutako ikastaroan baino bi bider lagun gehiagok eman zuten izena. Hori horrela, eztabaidarako talde erosoa izateko eta guztiek ikastaroa egiteko aukera izan zezaten, irakasleak bi taldetan banatu genituen, hizkuntzak, gaztelania eta euskara, kontuan hartuta. Jarduera euskaraz gauzatzeko aukera baikortasunez hartu zen ebaluazioan. Berriro ere, irakasleek oso balioespen ona egin zuten ­ikastaroaz, eta hausnarketa eta giroa azpimarratu zituzten.
Zer hobeturik ere badago hasitako bide honetan. Batzuetan, egunerokoak eta elkarrizketak korapilatzen gaitu, eta zail gertatzen da metodologia aurrera eramatea: “Saio batzuetan, pattal ibili gara gure partetik, gutxi prestatuta etorri garelako”; horrelakoak saihesteko, garrantzitsua da partaide guztien konpromisoa: hausnarketa egitea, eta bakoitzak bere buruarekin, lankideekin, ikasleekin eta errealitatearekin konpromisoa hartzea. Bestalde, denboralizazioa ere zaindu egin behar da.
Datozkigun garai berri hauetan, krisia dela-eta hobekuntzarako diru gutxi aurreikusten denez, modalitate hau ­oso egokia da bai ILZ bidez antolatzeko (2012-2013 ikasturtean berriro antolatuko da), bai ikastetxean bertan antolatzeko. Hala ere, ezin dugu ahaztu hobekuntzarako ikastaroak antolatzeko ­irizpide bakartzat ezin direla hartu irizpide ekonomikoak, beste prestakun­tza bat ere behar dugula, eta hori gure eskubidea dela.