Ekialdeko kontenplazio-teknikak. Mendebaldeko ikasgeletan

2012-11-01

“Barreiatuta dagoen arreta nahierara ekartzeko ­ahalmenean dautza giza gogoa, zentzu ona eta nortasuna”.

WILLIAM JAMES

 

Azken urteotan, meditazioa ­egiten hasi dira zenbait eskolatan. Meditazio-teknika mendez mende erabili dute Ekialdean, eta, orain, Mendebaldean hasi dira probatzen, ikasteko prozesuan sor daitezkeen oztopoak gainditzeko asmoz. ­Bestalde, hainbat diziplinatako ­ikertzaileen eta pentsalarien iritziek kontenplazio-praktikak izan dezakeen garrantzia azpimarratzen dute. Hezkuntzan, neurologian eta psikologian zenbait ikerketa egin dituzte, eta ohartu dira badugula zer ikasia kontenplazio-tradizioak ­eskaintzen dituen tresnetatik.

 
 
XXI. mendean bizi garenok erlojupeko bizimodua egiten dugu, presaka bizi gara. Komunikabideek izandako ­iraultzak bizkortu egin ditu bizimol­deak, distantziak hurbildu egin ditu, aukerak zabaldu. Gizarte interkonektatu batean bizi gara: gizarte konplexu batean, espazio eta denbora berrian. Horren ondorioz, gero eta gauza gehiago ikasi behar ditugu. Haurrek, prozesatzeko, estimulu gehiago dituzte gaur egun, esate baterako. Horregatik, haurrei gero eta gaitzagoa gertatzen zaie zentratzea, arreta jartzea eta erabakiak hartzea. Desoreka horiek leuntzeko ­asmoz, urrats berriak egin dituzte zenbait eskolatan. Meditazioa izan da bidea. Ekialdeko kontenplazio-praktikak antidoto gisa erabiltzen dira eskoletan, egungo bizibide bizkor eta katramilatsuaren kontrako antidoto gisa, baita behar berriei erantzuteko pilula ­osasuntsu gisa ere. 
Etorkizuneko gaitzak
Azken urteotan, Arreta Galdu - Hiperaktibitate Asaldura izenez ezagu­tzen den sindromearen berri izan dugu komunikabideetan. Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioaren Euskonews & Media blogean, Txabi Txakartegi pediatrak bere kezkak plazaratu ditu, horrelako gaitz psikikoek izango duten garrantziaz jabe gaitezen. 
Haren hitzetan, “lehen mailako ­arretan diharduten pediatrek argi daukate datozen urteetan –etorkizunean, oro har– gaixotasun fisikoak edo organikoak bezain garrantzitsuak izango direla umearen portaerarekin lotutakoak edo haren psikologiarekin erlazionatutakoak”. Horixe da, hain justu, Delphi ikerketak 2000. urtean Haurren Osasunaren eta Pediatriaren etorkizunari buruz ateratako ondorioa. Delphi ikerketak, Espainiako estatuko pediatra ugariren parte-hartzea izan zuenak, zera dio, zehazki: “Ume eta nerabeen buruko arazoek gora egingo dute 2001-2013 urteetan; horregatik, horiei buruzko ikerketa-lerroek eduki behar dute lehentasuna, genetika, tumore eta infekzio berriei buruzko ikerketen aurretik”.
Datozen urteetan ugarituko diren gaitzen artean, betiko gaixotasun psikiatrikoez gain, portaeraren asaldura aipatzen du Txakartegik; hau da, ume normalek eskolan, familian eta gizartean normalak ez diren portaerak erakusteko arriskua: ikasteko arazoak eta ­eskola-porrota; familia barneko distor­tsioak…
Adituen ahotik jaso dugu, hortaz, haurren portaerarekin erlazionatutako asaldurak aniztu egingo direla datozen urteotan. Eta disfuntzio horien jatorriari buruzko eztabaidetan adostasunik ez badago ere, argi dago arreta fokatzeko garaian gizarte hiperestimulatu batean bizitzeak oztopoak dakarzkigula.
 
Meditazioa Mendebaldeko eskoletan
 Haurrei meditatzen irakastea nahiko gauza berria da Mendebaldeko herrialdeetan; Ekialdean, ordea, ez. Izan ere, Ekialdean, meditazioa oinarrizko arloa da haurren lehen mailetan, eta, eskolan ere, haurrei bizitza guztian onuragarri izango zaizkien hamaika teknika irakasten dizkiete.
Haatik, Mendebaldeko hezkuntza-sistemetan ere probatu dituzte Ekialdeko praktika horiek azkenaldian, eta horien onurak ere plazaratu dira. AEBn, ­adibidez, meditazioa arrakasta izaten ari da ehunka zentrotan. Detroiteko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak dira horren adibide. Ikastetxe horietan, eskolak ez dira kanpai-hotsekin hasten; horren ordez, loto posturan esertzera gonbidatzen dituzte ikasleak, begiak ixtera eta hamabost minutuz sakonki meditatzera.
Massachusetts estatuko hezkuntza-sistema ere arrakasta horren adierazle da: hango agintariek meditazioa nahitaezko ikasgai bihurtu nahi dute.
Halaber, Kaliforniako Bigarren Hezkuntzako eskola publikoetan, non indarkeria oso gertutik bizi duten, programa bereziak jarri dituzte abian meditazio transzendentala lantzeko. Eta baliagarri zaie ez soilik heriotza gertutik bizi duten haurrei eta haien familiako kideei, baita estres horrek sortzen duen uhinean harrapatuta dauden irakasleei ere.
Bestelako arazo batek ekarri du meditazioa AEBko zenbait estatutako eskola publikoetara: espazio-faltak. Arazo horrek berezi bihurtu ditu New Yorkeko haur eta gazteen eskolak: yoga ­egiten dute egunero gorputz-hezkun­tzako eskoletan. Leku faltak eta irakasleen artean ahoz aho zabaltzen ari diren aburuek, beraz, Ekialdeko kontenplazio-praktiken ugaltzea bultzatu dute, munduko hiririk kosmopolitenetako ikastetxeetan.
Oro har, meditatzeko ohitura zabaltzen ari da AEBn, azken urteotan. 2007an Estatu Departamentuak egindako txosten batean bildutako datuek adierazten dutenez, hamaika biztanletik batek ohiko praktika du meditazioa. Eta herrialdeko hezkuntza-sistema astindu du moda berri horrek.
Britainia Handira salto eginez, berriz, jakin berri dugu David Lynch zinema-zuzendariak meditazioaren aldeko kanpaina egin zuela 2007an. Haren helburua praktika hori eskoletan sustatzea zen. Lynchen ustez, “indarkeriaren, suizidioen eta droga ilegalen kon-tsumoaren aurkako antidotoa da” meditazio transzendentalaren praktika. Zinema-zuzendariak 30 urtez praktikatu du meditazioa, eta 20.000 gazte konbentzitu zituen egunean bi aldiz eta hogei minutuz medita zezaten. David Lynchen ustez, meditazioak bakea ­ekar dezake mundura. 
Orain artekoak adibide batzuk baino ez dira, eta aurki ditzakegu horrelako bideari ekin dioten eskola-eredu gehiago ere, bai Ameriketan eta bai ­Europan.
Hain urrutira joan gabe, Euskal Herrian ere badira eskoletan kontenplazio-teknikak erabiltzeko saioak; besteak beste, hor dugu Igantziko eskola publikoan izandako esperientzia, edo ­Berako Labiaga ikastolakoa. Igantziko eskolan, emozioak lantzeari protagonismoa ematea erabaki zuten orain bi urte. Eskola txikia izateak dituen abantailez baliatuz, beste diziplina batzuekin batera yoga euren programetan ­txertatzea erabaki zuten.
Zientziak egindako zenbait ikerketa
2010. urteko urrian, Munduko hiritarrak XXI. menderako hezten  izeneko batzarra egin zuten, Washingtonen. Jardunaldiotan, dalai lama eta hainbat ­arlotako zientzialariak elkartu ziren, eta hezkuntzak kontenplazio-tekniken ­onura zein neurritan profita dezakeen aztertu zuten. Izan ere, zientziak berriki deskubritu du meditazio- edo kontenplazio-teknikek haur, gazte eta helduen egoeran, kontzientzian eta esen­tzian eragiten dutela, zehazki zer neurritan jakin ez arren. 
“Kontenplazio-praktika Mendebaldean erabiltzeko saialdia ez da berria Giza eta Emozio Hezkuntzaren arloan”; horiexek dira Washingtongo ba­tzarrean parte hartu zuen emakume baten hitzak, Linda Lantetieri andrearenak. Lantetieri aditua da Emozio eta Giza Ikaskuntzan, eta, Washingtongo batzar hartan, Eduard Punset zientzia-dibulgatzaile eta idazleari zehaztapen hauxe egin zion: “Bai, egin dira saioak ­ikasleekin eta irakasleekin, adimena entrenatzen eta emozioak kontrola­tzen ikas dezaten. Hala ere, berria da jendeak horretan trebatu nahi izatea”. Lantentieriren ustez, kontenplazio-tekniken bidez haurrengan nolabait ­amultsu eta bihozberagoak izateko gaitasuna areagotu daitekeela ohartzea da zirraragarriena.
Haurrei adimena kontzienteki entrenatzen irakatsi behar zaiela uste du 40 urteko eskarmentua duen irakasle horrek, “meditazio-tekniken antzekoen bidez lan eginez edota ikasgeletan bakearen txokoa deritzogunaren bidez, lasaitzeko, burua baretzeko eta ­atentzioa jartzen hasteko balio izango baitu horrek”. 
Izan ere, New Yorken egindako ­ikerketa batean, ikasgeletan berariaz ­arreta eta adimena landuz gero frustrazioak behera eta autonomiak, berriz, gora egiten zuela jabetu ziren Lantetieri eta haren taldea. Lantetieriren aburuz, batak zein besteak geure seme-alaben ikasteko gaitasuna areagotzen dute.
Bestalde, Mark Greenberg psikologoaren ikerketek hauxe frogatu nahi dute: eskola-jarduerak eraginkorrak ­izan daitezke, haur eta gazteen gaitasun sozialak hobetzeko. Greenbergek Pennsylvaniako unibertsitatean lan ­egiten du. Batzarraren ingurumarian Punseti eskainitako elkarrizketan, haren taldeak egindako ikerketa baten berri eman zuen; yoga edo presentzia erneari buruzko ikerketa bat da, hain zuzen.
Greenbergen taldea Baltimoreko hainbat eskolatan aritu zen 11 eta 12 urteko haurrekin yoga-praktikak egiten. Bost eskola-egunetatik lautan, eskolatik atera eta kafetegira edo beste areto batera joaten ziren, eta 30-40 minutuz yoga egiten zuten. Gero, eskolako ohiko lanekin jarraitzen zuten. Yoga-eskoletan, haurrek hainbat ariketa fisiko egiten zituzten lehen 20-30 minutuetan; gorputz-atalak luzatzen eta tolesten zituzten, eta, hala, energia askatzen zuten. Ariketak amaitu ondoren, koltxonetetan etzateko eskatzen zitzaien, eta bost minutuz arreta-meditazioa egiten zuten: batzuetan, arnasketan jarrarazten zieten arreta, eta pentsamenduei pasatzen utzi behar zieten; beste ba­tzuetan, bihotz-taupadak entzunarazten zizkieten; azkenik, errukiari buruzko meditazioa ere landu zuten, bai per­tsona ezagunenganako errukia, bai ­ezezagunenganakoa.
Greenbergek hiru ondorio nagusi atera zituen. Batetik, frogatu zuen hamabi astez egindako yoga-saioek oso modu adierazgarrian gutxitu zituztela haurren zenbait arazo, esate baterako, hausnarrean egotea deitzen dutena, hots, etengabe kezka- eta antsietate-pentsamendu bera edukitzea. Greenbergen hitzetan, indarkeria-arriskuaren beldurrez bizi diren haurrek kezka berak izaten dituzte buruan, behin eta berriz. Ikerketaren bigarren ondorioa hauxe izan zen: haurrek intrusio-pen­tsamendu gutxiago zituzten, hau da, pentsamendu kontrolaezin gutxiago ­iristen zitzaien burura. Eta, azkenik, hirugarren hobekuntzaz ere ohartu ziren: haurrek “emozioak gobernatzeko trebetasun handigoa” agertzen zuten.
Greenbergen ustez, “hasiera ­izan zen ikerketa, gai hauek ikertzeko moduaz gara daitekeen landare baten kimu bat”. Adituak uste du ikerketa horretatik ezin dela ondorioztatu haurrek eskola guztietan yoga egin behar dutenik; haren hitzetan, “nolabait, ideia bat ematen digu, eta etorkizun oparoa duen hasiera bat badela hor jakin dezakegu, eta orain ikerketa hobeak egin behar ditugula”. 
Mark Greenberg indarkeriaren eta delinkuentziaren prebentzioan aritzen da batez ere. Oldarkortasuna, ikasgeletako errendimendu eskasa, eta arreta-gabezia eta horrelako arazoak saihesten ahalegintzen da. “Norbait oldarkorra denean, normalean ez du arreta jar­tzen, eta, horrela, ez du emaitza onik lortzen, ez matematikan, ez irakurketan”, azaldu zion Punseti. Prebentzioaz hitz egitean, haurrengan babes-faktoreak ezarri behar direla azpimarratu zuen: “3 edo 4 urteko haurrekin hastea komeni zaigu, eta, asaldatzen direnean, baretzen laguntzea, haiengan autokontzientzia-sentipen bat garatzea, sentimenduak ezagutzen ikas dezaten; esate baterako, haserre noiz dauden jakin dezaten».
Mark Greenbergek “dortokaren teknika” azaldu zuen autokontzientzia nola gara daitekeen ulertzeko. Teknika hori 3 edo 4 urteko umeekin egiten dute. Haurrei dortoka baten istorioa kontatzen diete: “Dortokak arazo asko ditu lagunekin ondo konpontzeko, diziplina-arazoak ditu gelan. Batzuetan, oso urduri jartzen da amak edo irakasleak esaten dion gauzaren batengatik, baina bere oskolean sartzen ikasten du, eta arnasa sakon hartzen, eta baretzen”. 
Hala, haurren bat aztoratzen denean, dortokaren metafora erabiltzen ­dute. Lehenbizi, besoak gurutzatzeko eta arnasa hartzeko eskatzen diote, eta, gero, hauxe esaten diote: “Agian, une ­egokia da dortokarena egiteko”. Halako tekniken bidez, gorputza eta arnasketa baliatuz, haurrei beren burua ­lasaitzen irakasten diete.
Horixe bera egin dute Herbeheretan, Suitzan eta beste zenbait herrialdetan, 30 urtez egindako ikerketetan. ­Egiaztatu ahal izan dutenez, haurrei lasaitzeko teknikak erakusten zaizkienean eta euren sentimenduak identifika­tzen eta adierazten ikasten dutenean, hobera egiten dute besteekin harremanak izateko duten gaitasunak nahiz haien gaitasun akademikoek.
 
Hezkuntza egungo ­gizartearen zerbitzura
Washingtongo batzarrean izandako beste zientzialari bat dugu Richard Davidson. Haur eta helduen nahasmendu emozionalen jatorri neurologikoa ikertzen du, eta aditua da garunaren plastikotasunean. Haren ikerketa-talde handiak teknika modernoenak erabiltzen ditu garunari behatzeko. Gure inguruak gure emozio-egoeran nola eragiten duen jakin nahi dute. ­Horrez gain, emozioak gure eguneroko bizitzan nola erregulatzen ditugun ­ikertzen ari dira, eta erronka emozio­nalei aurre egiteko nola eragiten dioten elkarri gorputzak eta garunak.
Hala dio Richard Davidsonek: “Mendebaldeko zientziaren ikuspuntutik, batez ere neurozientziaren eta ­psikologiaren ikuspuntutik, esan dezakegu arreta, erregulazio emozionala ­eta ikaskuntza direla kontenplazio-praktikaren jomuga; buruko prozesu horiek dira praktikaren bidez alda daitezkeenak”. Hori guztia gure garunak duen plastikotasunari esker gertatzen da. Izan ere, neuroplastikotasunari esker, “entrenamendu edo esperientzia bidez, garuna alda dezakegu”. Davidsonek honela laburbildu zuen jardunaldien mezuetako bat: “Gure garunaren erantzule izan gaitezke, eta gure seme-alaben adimenaren garapen osasuntsuan oinarrituko diren baldintzak eta giroa sor ditzakegu”. 
Baldintzak eta giro egokia sortzeko, ordea, irakasleak gaitu beharko dira, zalantzarik gabe. Baina trebakuntza horretan hankamotz gabiltzala uste du Mark Greenbergek:  “Ez da mundu osoan unibertsitaterik, gizakiaren garapen sozial eta emozionalei buruzko eskolak jasotzea eskatzen duenik”. 
AEBko eta Erresuma Batuko datuei begiradatxo bat ematen badiegu, harrigarriak direla ikusiko dugu: irakasleen %50 inguruk lanbidea uzten du lehen bost urteetan. Greenbergek ez du zalantzarik: “Giza kapital handia galtzen da hor, eta, askotan, oso lan zaila delako gertatzen da hori”. Izan ere, irakasle asko emozionalki lehertu egiten dira, ­eta erreta bukatzen dute. Greenbergen ikerketen arabera, porrot hori “gizarte-harremanak eta emozioak bideratzeko gaitasuna ez lantzearen ondorio da, bide horrek lagunduko baitu ikasgelan haurrak lasaituko dituen egoera sor­tzen”. Eskolan gaitasun sozial eta emozionalak lantzeak haurrei euren artean ondo konpontzen laguntzen die, eta baita bihozberagoak izaten ere.
Orain arte irakasleak ez dira zentratu alderdi akademikoan baino: irakurketan, matematikan eta zientzietan. Hala, Penn State’s Collegeko Osasun ­eta Giza Garapena departamentuko ­psikologoaren ustez, irakasleak “matematika-, irakurketa- eta zientzia-irakasle bihurtu dira”. Alabaina, irakasle gehienek haurrekin “ondo konpondu nahi zutelako” aukeratu zuten euren lanbidea: “Haurrak maite dituzte, eta haiekin pasa nahi dute denbora; hezi nahi dituzte, eta bizitzarako prestatu... Horretarako zenbat eta aukera gehiago eskaini, trebetasun gehiago eman, orduan eta gehiago gozatzen dutela ohartu gara”.
Preseski, Greenbergen taldeak plan bat landu zuen hainbat irakaslerekin. Helburua irakasleekin emozioak eta autokontrola kudeatzeko zenbait teknika lantzea zen, gero haiek haurrei irakasteko; eta, batetik, irakasleek era eraginkorragoan irakasten zutela ohartu ziren, eta bestetik, haurren jarrerak ­ere hobera egiten zuela, eta baita haien gaitasun kognitiboak ere. 
Adituen esperientzia eta ikerketak adierazgarriak dira, eta ondorio argi bat plazaratzen dute: gure mundu globalizatu honetan, hezkuntza-sistemak ­egokitu egin behar dira, zaharkituta baitaude. Izan ere, beste erronka ba­tzuei aurre egiteko sortu ziren iraganean. Hala, denboran aurrera egin ahala, gero eta mugatuago bihurtu dira. 
Zientziak erakutsi digu ikaskuntzaren bidez garuna molda dezakegula; garunaren plastikotasunari esker, adibidez, bizikletan ibiltzen ikas dezakegu, edo hizkuntza anitzetan treba gaitezke. Eta zergatik ez joan aurrerago? Zergatik ez erabili gure garunaren malgutasun itzela? Zergatik ez ikasi zorion­tsuagoak, arduratsuagoak eta lagun­tzaileagoak izaten? Hezkuntza-sistema berri batek, langileak sortzeaz gain, hiritarrak sortu beharko ditu. Hezkuntzaren iraulketak meditazioa eta horrelako teknika berriak txerta ditzake, per­tsona hobeak hezteko.
 
“Arnasketak egiten ikastea opari bat da haurrentzat” (Marina Pintos)
 Musika-ikasketak egiten ari zela, yogarako zaletasunak harrapatu zuen Marina Pintos piano-jotzailea. Bi ­diziplina horiek landu ditu azken hogei urteotan. Gaur egun, eskolaz eskola dabil irundarra, yoga egiteak ­dakartzan onurak partekatu nahian. Eskarmentua abiapuntu hartuta, ­haurrak eta irakasleak trebatzen ­dihardu, yogaren bidez besteak beste erlaxatzen eta arreta lantzen ikas ­dezaten.
 
Nolatan hasi zinen yoga ­egiten?
 Hasiera batean, bizkarreko mina ­izaten nuelako hasi nintzen yoga egiten: tentsioagatik eta, bizkarreko minez egoten nintzen. Gainera, jakin-mina neukan: Ekialdeaz, espiritualtasunaz... Horiek izan ziren arrazoi nagusiak ­yoga egiten hasteko. Pixkanaka, bizkarreko minak desagertu egin ziren, eta beste gauza asko deskubritu nituen, piano-ikasle nintzen aldetik asko erabili nituenak. 
Zer deskubritu zenuen?
 Hitz gutxitan esateko, gorputzaren kontzientzia lortzea izan zen garrantzi­tsuena, gorputza ezagutzea. Kontura­tzea noiz zegoen gogortuta, nola lasaitu, eta abar. Gorputza asko landu nuen; izan ere, ni nahiko zaharra nengoen ­orain hogei urte. Nire artikulazioak gogortuta zeuden, eta muskuluak motz, mugatuta; aise nekatzen nintzen. Hala, gorputza arindu egin zitzaidan. 
Bestetik, arnasketaren bitartez, ­emozioak lasaitzen ikasi nuen, eta horrek asko lagundu zidan azterketetan, adibidez. 
Gainera, nire kontzentrazio-maila ­izugarri handitu zen, eta asko lagundu zidan horretan yogak, mementoa bizi­tzen ikasten baita, oraina bizitzen: arreta etengabe arnasketara ekarriz, zure gorputzera. 
Hori al da haurrek gaur egun behar ­dutena?
 Eskoletan, adibidez, kontzentrazio-maila handitzeko behar handia ­dago; baina ez hori bakarrik: haurrak etxetik emozioak aztoratuta dituztela ­etortzen dira. Hori baretu beharra dago. Adimena izugarri estimulatuta izaten dute, eta oso zaila egiten zaigu hori geratzea. Ez haurrei bakarrik, helduei ere gauza bera gertatzen zaigu. Haurrei gelan kontzentratuta egoteko eskatzen diegu, lasai egoteko, adi egoteko... Baina gu geu ere askotan ez gara horretarako gai. Kontzentratzen ikastea prozesu bat dela ohartu behar dugu. Izan ere, haurren kontzentrazio-maila handitu daiteke, zenbait ariketa eginez.  
Lan handia eskatzen al die ­kontzentratzeak haurrei?
 Haur bati ezin zaio eskatu ordubetez meditatzen egoteko, baina bost minutuz egoteko eska diezaiokegu. Meditatzeak, ordea, eguneroko praktika eskatzen du, egunero pixka bat egitea. Eta egiten ez bada, ez dira gertatzen neuronen konexio horiek. Gaitasuna hor dago, baina ez da garatzen. Beraz, ezinbestekoa iruditzen zait haurrei ­emozioak kontrolatzen erakustea, zenbait mementotan erabili ahal izateko: azterketetan, urduri daudenean, haserretzen direnean... Eta, horretarako, ­arnasa oso tresna egokia da. Horregatik, uste dut arnasketak egiten irakastea oparia egitea dela. Oparia egiten diet haurrei, eta, gero, haiek ikusiko dute ­erabili ala ez. 
Horrez gain, garrantzitsua da mementoa bizitzea, oraina bizitzea. Hori lantzeko, badaude ariketak. Badago ­ariketa txikiekin osatutako prozesu bat, eta, egunero-egunero eginez gero, adimena ere zentratu egiten da, eta ohitu egiten da unea bizitzera. Azken finean, nik uste dut hori bizitzen irakastea dela. 
Bizitzen irakatsi yogaren­ ­bidez?
 Ni konturatzen naiz ez dakigula bizitzen. Ekintzak egiten ditugu, eta, denbora guztian, halako bola batean bezala gabiltza, inertziaz. Etengabe gauzak eginez bizi gara, egin behar direla uste dugulako. Baina ez gaude benetan hor, ez gaude mementoan, ez dugu hori bizi. Ez gure zentzumenekin: ez jaten dugunean, ez begira gaudenean, ez uki­tzen dugunean... Ezta espiritualki ere, presentzia horrekin. Hala, bada, nik uste dut haurrekin ari garenean helburua ez dela meditatzen irakastea; bai, ordea, ariketa txikien bidez mementora ekartzea. Gorputza sentitzea, gorputz-atal bat gogortu dezaketela sentiaraztea, eta gero, lasaitzea, gorputz-atala nola lasaitu den sentituz; arnasketa ba­tzuk egin ondoren, nola sentitzen diren nabaritzen dute. Hortxe gaude.  
Zer egin zenuten Igantziko Herri Eskolan 2010-2011 ­ikasturtean?
 Igantzin, yogako eskolak eman genituen. Astean behin elkartzen ginen, ordubeterako.
Haurren adinaren arabera, saioa desberdina izaten zen. Noski, 3 urtekoek ez zuten 12 urtekoek egiten zutena egiten. Txikiek ezin izaten diote eutsi kontzentrazioari eta isiltasunari. Eskolak haien neurrira egokitzen dira.
Eta nola sortu zen proiektu ­hori?
 Bada, Joxean Ortega zuzendariari esker. Hark yoga egiten du aspalditik. Bai hark, bai haren inguruan dauden ­irakasleek proiektu bat egin zuten; proiektu hari esker, alde batetik, haurrek yoga-eskolak jaso zituzten, eta bestetik, pintura espresiboa landu ­zuten. 
Eta haurrek nabaritu dute aldea? Zuk nabaritu al duzu?
 Gutxitxo izan da, motzegia. Handienekin 50 minutuz aritzen ginen; txikienekin, 30 minutuz. Bada, orduan... tanta txikiak dira. Oraindik goiz da esateko. Nire ustez, astean behin yoga-saio bat egitea oso ona da arlo fisikoa (arnasketa eta erlaxazioa) lantzen direlako. Izan ere, haurrari erlaxatzen irakastea ona da, haiek ere estresa eta an­tsietatea nabaritzen dutelako. Baina, gero, horrez gain, aparte landu beharko litzateke. 
Hori gainditzeko asmoz diseinatu da Berako eskolako proiektua. Hain zuzen, eskolako lehenengo bost minutuetan arnasketak eta ariketak egiten dituzte, zentratzeko eta lasaitzeko helburuz. Nik irakasleak trebatu ditut, gidatu egin ditut nolabait, gero haiek egunero-egunero landu dezaten. 
Igantzikoari falta zitzaion jarraipena litzateke, beraz, Berako esperientzia?
 Nire ustez, Berako proiektua oso polita da, maiztasunez egiten dutelako yoga, eta ez astean behin.
Nik egunean hiru saio labur egitea gomendatu diet; lehenengoa, goizeko lehenengo orduan; bigarrena, jolas-garaian; eta azkena, arratsaldean. Izan ­ere, memento horiek izaten dira aztoratzeko bidea ematen dutenak: lagun batekin haserretzen direla, liskarrak dituztela... Hor beti da zerbait. Eta, noski, burua ezin da kontzentratu, emozioak asaldatuta baldin badaude. Ez da erraza izango, haurrek ere paso egiten baitute askotan, ez baitaude ohituta. Baina, ­eguneroko ohitura hartuz gero, haiek ere nabarituko dute, eta eskertuko ­dute. 
Nolakoak dira yoga-saioak haur txikiekin?
Egokitu egiten ditut. Txikiekin asanak  egiten ditut. Posturak dira, jarrerak. Animalia edo landareen izenak izaten dituzte: katua, txakurra, igela, erbia... Marrazki batzuk ateratzen dizkiet txikienei. Handiei txartel batzuk erakusten dizkiet. Hala, lehenengo, jarrerak ­ikasten ditugu, eta, gero, jokoak ­egiten ditugu: zenbaki bat esan eta ea zein ateratzen den, edo txartelak hartu... 
Arnasketak lantzeko, berriz, ahoz gora etzanarazten ditut, eta, hala, sabela sentitzen dugu. Zenbait ariketa egin daitezke: eskuak sabel gainean jarri; ­edo paper baten bidez, nola mugitzen den antzeman... 
Handiekin beroketa batzuk egiten ditugu, eta baita eguzkiari agur egitean datzan ariketa ere. Yogan egiten dugun ariketa berezi bat da, oso-osoa. Eguzkiari agur egitean, artikulazio guztiak lantzen dira, eta onura ugari ditu horrek. 
Kontzentrazio-ariketak ere egiten ditugu, baina oso ariketa motzak izaten dira. Txikiekin, adibidez, ez dut egiten kontzentraziorik. Batzuetan, eskuak belarrien gainean jartzen ditugu, eta gure arnasa edo isiltasuna entzuten ­dugu. 
Bukatzeko, erlaxazioa egiten dugu. Irudizko bidaiak izaten dira. Leku batera gidatzen ditut; esaterako, hondartza batean daudela esaten diet, eta, kometa bat hartuta, hara igoko direla, eta hodei batean eseriko direla. Bidaiatzera gonbidatuko ditut haurrak, paisaiak ikustera. Horrela egiten dut, irudimena lan­tzeko helburuz, bisualizazioaren teknika normaltzat har dezaten. Horrelakoak egin daitezke 10-12 urte bitarteko­ekin. Eta eskertzen dute. 
Haurrak dira etorkizuna, eta bizitzea egokitu zaigun garai hau nahiko nahasia da: estimulu gehiegi, oso azkarra... Beharko dute tresnarik, pixka bat pausatzeko, ezta?
 Bai, baina gurasoen aldetik ere laguntza behar da. Zeren, ikastetxeetan asko egin daiteke; baina, nire ustez, ­etxean egiten ez bada, zaila da mamia ­ikustea. Pixkanaka-pixkanaka sortuko dira ikastaroak irakasleentzat, gurasoentzat eta denontzat.