Bizitzaren formaziorako funtsezkoak diren esperientziak desagertzen ari dira haurren bizipenetatik

2012-12-01

Francesco Tonucciri egindako ­elkarrizketaren bigarren zatian, ­haurren eta hiriaren arteko harremana izan dugu hizpide Haurren Hiria ­egitasmoaren sortzailearekin. Izan ­ere, hiri modernoetan haurren ­autonomia bermatzeko eta  haien ­parte-­hartzea sustatzeko ­esperientziak landu ditu Tonuccik ­azken hogei urtean. Haurren Hiria ­egitasmoaren izaera “politikoa” ­nabarmendu du psikopedagogo ­italiarrak, “haurren iritziak entzun­ ­egiten dituen helduak demokrazia ­ariketa handia egiten du”, eta  haurrek kaleko espazioa berreskuratzeko ­beharra aldarrikatu du. “Haurrak ­kalean dituen hiria, hiri seguruagoa da”.

 
 
Haurren Hiria egitasmoa sortu zenuen 1991n. Nolako harremana dute gaur egin haurrek hiriarekin?
 Hiri modernoan haurrak ez dira etxetik bakarrik ateratzen, etxean gelditzera behartuta daude, gurasoek beldurra dutelako. Haurraren autonomia edo askatasunaren murrizketa ia erabatekoa gertatzen da, eta gurasoei ez zaie axola haurrak ordu asko pasatzen badu pantaila baten aurrean. 
Horrek eragin dramatikoak ditu haurtzaroan eta gizartean. Etxetik laguntzarik gabe ezin ateratzeak jolasteko ezintasuna dakarkie haurrei; hau esaten dudanean gurasoek kontra egiten didate, umeak lehen baino askoz gehiago jolasten direla argudiatzen dute, jostailu ugari dituztelako eta parkera laguntzen dietelako… Baina hain zuzen, “jolastu” aditza ezin da “lagundu” aditzarekin jokatu, “utzi” aditzarekin baizik. Jolasten utzi behar zaie umeei. Honekin ez dut esan nahi gurasoak umeekin jolastu behar ez direnik, alderantziz, oso gomendagarria da, bi aldeek gozatzen badute. Esan nahi dudana da horrek ez duela haurren jolasaren beharra asetzen, umeek euren artean jolastu behar dutelako. Jolasaren oinarrizko experientzia gauzatzeko beharrezkoa da umea etxetik atera ahal izatea gurasoen edo helduen kontrol zuzenik gabe, lagun bat aurkitzea, jolasa erabakitzea eta arauak adostea, jolaserako leku egokia aukeratzea, nahikoa denbora libre izatea, ahalik eta gehien disfrutatzea eta umeak etxera bueltatzeko gogorik ez sentitzea. Jolasaren bidez izaten dute umeek hazkunderik handiena beren garapenean, alegia, pedagogoen,­ ­irakasleen, testu liburuen, gurasoen kontrol zuzenetik kanpo daudenean.
 
Gurasoek beldurra dutela diozu. Zeri beldurra?
Beldurrari aurre egiteari. Beldurra, ­arriskua eta oztopoa osagai ezinbestekoak dira haurraren bilakaera neurtzeko, bere buruarekiko zein beste kideekiko. Ahalmen eta gaitasunen eremurako zein arlo kognitibo eta sozialerako balio du horrek. Biharko helduaren formaziorako, bizitzaren prestakuntzarako hain funtsezkoak diren esperientzia horiek guztiak desagertzen ari dira gure haurren bizipenetatik, beldurraren ­eraginez. Haurrak une oro daude helduek lagunduta: gurasoak, irakasleak, kirol entrenatzaileak, liburuzainak, ludotekako zaintzaileak, umezainak… txandakatzen dira ­egunean zehar. Ondorioz, arriskua umearen bizitzatik desagertu da. Baina arriskuari eta oztopoari aurre egiteko esperientzia ­ezagutzen ez duen umeak ezinezko duen hori esperimentatzeko desioa eta beharra pilatzen du bere baitan; desio pilaketa hori obsesibo bilakatu eta nerabezaroan lehertu ohi da. 
Beldur eta kontrol zorrotz horiek direla medio, oso esperientzia arraroa eskaintzen ari gatzaizkie gure umeei, eta hazten direnean are gehiago sufritzeko oinarria jartzen ­ari gara. Beraz, beldurra sentitzekotan, hobe dugu umeak txikiak direlarik sentitzea, txikiek beren burua zaintzen badakite-eta. Haurrak arriskua bilatzen du, ezinbesteko osagaia delako euren plazera, satisfakzioa ­eta bere burua neurtzeko beharra asetzeko. 
Haurraren autonomia falta horrek badu eskolan eraginik?
Pobretu egiten du, eskolari egin beharko lizkiokeen ekarpenak izatea eragozten baitio haurrari. Ondorioz, zoritxarrez, textu liburuetara eta ohiko programetara itzultzea beste erremediorik ez du eskolak. Italian ezagutzen ari gara hori, 60-70eko hamarkadetan proposatu eta bizitako guztia desagertzen ari da, beti ere beldurraren eta haurrek proposamen propioak egiteko ­ezintasunaren aitzakian. 
Eta hiriaren eremuan?
Haurrak kalean ez egoteak hiriari ere ­eragiten dio, haurrik gabeko hiri bat beti delako okerragoa. Haurrik gabeko hiriak bazter utzitako hiria dakar, eta bazter utzitako hiria arriskutsua da. Hortxe dago paradoxa: ez diegu haurrei kalera ateratzen uzten uste dugulako kalea arriskutsua dela, eta egiaz, kalea arriskutsua da haurrik ez dagoelako.
Haurren Hiria egitasmoan autonomia esperientziak proposatzen ari gara, haurrak eskolara bakarrik joatea adibidez; proposamen horiek haurrak urrunetik kontrolatzera behartzen dituzte helduak, kalean haurrak daudela konturatu daitezen. Garai batean normala zen bizilagunak kalean gertatzen zenaz arduratzea, hiri segurtasunaren osagai bat zen. Izan ere, gaizkileek jenderik gabeko giro ilunak, zikinak, zaindugabeak behar izaten dituzte. Aldiz, giro komunitario eta parte-hartzaile batek uxatu egiten ­ditu. Haurren Hiria egitasmoko esperientzia aplikatu den tokietan, segurtasun maila nabarmen handiagoa da.
Autonomia da Haurren Hiria egitasmoaren ardatzetako bat, hain zuzen.
Haurrek beti izan dute autonomia, baina gaur egun nabarmen desagertu da. Badira horri buruzko ikerketak. Mayer Hillman ingelesak 1970an egin zuen etxea eta eskolaren arteko mugimendu autonomia neurtzeko lehen inkesta, Ingalaterrako 6 eta 11 urteko haurren artean. Emaitzen arabera, haurren %90 joaten ziren eskolara bakarrik. 1990ean, portzentziak %10era egin zuen behera. 2010ean beste herrialde batzuek ere hartu zuten parte ikerketan, besteak beste ­Italiak. Italian, %6 joaten dira etxetik eskolara bakarrik. Horrek esan nahi du lehen hiru urteetan %0 dela eta hurrengo bi urteetan ez dela %20tik gorakoa. 
Hirien eta herrien artean alderik ez dago?
Ez, Italian bederen. Gainera, gaur egun herritarren gehiengo nagusia hirietan bizi da, eta hirietan gertatzen dena herrietara zabaltzen ari da. 
Haurren parte-hartzea sustatzea da beste ardatza.
Parte-hartzea, autonomia ez bezala, ez da sekula haurren esparrua izan. Pentsa, ­emakumeei duela 60 urte baino gutxiago ­aitortu zitzaien parte-hartze politikorako eskubidea Italian eta Espainian. Beraz, inori ez zaio bururatzen haurrek parte har dezaketenik hiriaren edo eskolaren gobernatzean. Baina zientziak esaten digu haurra badela horretarako gai, parte har dezakeela eta merezi duela parte-hartzean inbolukratzea. Baduelako zeresana. Ez dira etorkizunean hiritarrak izateko preparatzen ari, hiritarrak dira jada, eta pisua dute.
Haurren parte-hartzea auzi juridikoa ­ere bada. Nazio Batuen Erakundeak Haurraren Eskubideei buruzko Hitzarmena ­onartu zuen 1989an. Herrialde guztiek babestu zuten, Somaliak eta Ameriketako Estatu Batuek izan ezik. Giza Eskubideen Deklarazioak baino babes handiagoa jaso zuen, baina hala ere, oraindik guztiz ezezaguna da. 
Honi buruz, Haurraren Eskubideei buruzko Hitzarmenak 12. artikuluan esaten duena oso argia da: haurrek beren iritzia ­adierazteko eskubidea dute eragiten dieten erabakiak hartzen diren bakoitzean, eta iritzi hori kontuan hartu behar da. Irakurri nuenean, ezin nuen sinetsi. Horrek esan nahi duelako mundu osoko helduek, NBErena bezalako egoitza ospetsu batean, onartu zutela ez dutela berriz haurrei eragiten dien erabaki bat hartuko haiei iritzia eskatu gabe. Promesa faltsua gertatu da, inoiz ez baita ezer egin.
Italian gurasoen banantze kasuetan bakarrik onartzen da haurrek iritzia emateko eskubidea. Baina 12. artikuluak balio beharko luke familian bertan aplikatzeko. Gurasoek jakin beharko lukete umeek euren iritzia azaltzeko eskubidea dutela eragiten dieten erabakiak hartzen direnean: etxez aldatzea, banantzea, seme-alaba gehiago edo ez edukitzea...
Eskolan gauza bera izan beharko luke, baina nik dakidala, ez dute ikasleei galdetzeko ohiturarik. Horregatik, eskoletan ikasle batzordeak osatzeko proposamena lantzen ari gara aspalditik: euren artean eta heldu batekin eztabaidatzen dute, eta noizean behin eskolako zuzendariarekin ere, eskolari buruz pentsatzen dutena esateko eta eskolak hobeto funtzionatzeko proposamenak ­egin ditzaten, mugarik gabe. Batzuk asaldatzen dira ideia horrekin, baina zergatik ezin dute haurrek didaktikaz hitz egin? Guk ez dugu ikasleek nahi edo eskatzen dutenaren araberako eskola bat egitea proposatzen, guk esaten dugu ezinezkoa dela eskola bat ­egitea ikasleen iritzia ezagutu gabe. Eskolak interes handiagoa erakutsi beharko luke ­ikasleak proiektuaren parte senti daitezen, haien atxikimendua bereganatzen.
Zuen esperientzietan zer harrera jaso duzue gurasoen aldetik?
Hiriko Haurren Kontseiluen esperientzian oso interesatuta daude gurasoak. Haurrentzat pribilejio bat da, beren alkatearekin eztabaidatu dezaketelako, proposamenak egin ditzakete, entzuten zaiela sentitu dezakete... Aldiz, autonomiaren proposamena, eskolara bakarrik joatearena, ez zaie batere gustatzen gurasoei, arazoa sortzen die hasieran. Baina ikusten dutenean euren umeak gai direla eskolara bakarrik joateko eta imajinatu ezin zuten modu batean jokatzen dutela, xarmaturik gelditzen dira. Gaur ­egun guraso askok pena ematen didate, uste dute beren umea tuntuna dela, ezgai. Ero bati begiratzen zaion moduan begiratzen didate galdetzen diedanean zergatik ez den beren haurra eskolara bakarrik joaten. 
Azaldu ahal diguzu zertan datza Hiriko Haurren Kontseilua zehazki?
Hiriko Haurren Kontseilua 1992an sortu genuen, baina aurrekaria Frantzian ­eta 70eko hamarkadan aurkitu behar dugu. Haurrek organismo demokratiko baten funtzionamendua ikas zezaten egindako heziketa proposamena izan zen, eta rol joko baten antzera planteatua zegoen: haurrek alkatearen edota zinegotziaren rola jokatzen zuten... Helduen esperientzia imitatzen zuen: alderdiak, programak, hauteskundeak, alkatearen izendapena... Guk horrekin hautsi genuen, ez zelako haurrentzako heziketa proposamen bat, ezta hiriarentzat proposamen politiko bat ere. Gure iritziz, alkateari oposizioa egiteko lan taldeko esperientzia izan behar zuen, eta haurren ­ikuspegia ezagutzetik irakaspena jaso behar zuen alkateak.
Bi esperientzia horiek bereizteko, proposamen batzuk egin ditugu. Lehenik eta behin, Lehen Hezkuntzako haurrak izatea, txikiak direnean helduekin sortzen den gatazka handiagoa delako. Nerabe baten kasuan, adibidez, autonomiaren auzia ia konponduta dago. Baina haurren kasuan, esaterako, autoen auzia oso garrantzitsua da: haurren etsaiak dira ibilgailuak, haien espazioa murrizten dutelako, arriskua sortzen dutelako eta ondorioz gurasoek ere haien autonomia murriztea ekartzen dutelako. Halaber, eskolatik kanpoko esperientzia ­izatea proposatzen dugu. 
Parte-hartzea proposatzen zaienean, zer jarrera hartzen dute haurrek? Oztopo edo arazorik izan duzue?
Haurren ideiak orokorrean ezkutatuta daude eta ez da erraza haiengana iristea, ­umeek eurek ez dituztelako garrantzitsutzat jotzen. Txikitatik ikasi dute helduok pentsatzen duguna berrestea dela egin dezaketen hauturik onena, pentsamendu eta jarrera infantilak baztertu eta pentsamendu eta jarrera helduak hartu dituztela erakustea. “Haur baten antzera jokatzen ari zara”, esan ohi dio gurasoak haurrari errieta egiteko. Aldiz, “gizontxo baten modura” jokatzea goraipamen gisa hartzen da. Hori zentzugabea da. Ondorioz, haurrek ez dute euren ideiak garrantzitsutzat hartzen, ezta helduek haienak ere. Baina guk ideia horien beharra dugu, horiek baitira alkateak ezagutzen ez dituenak eta bestelako ikuspegi bat eskaintzen dutenak.
Haurren pentsamendu ezkutu horretara iristeko heziketa eskaintzen diegu haurren kontseiluetako begiraleei. Psikoanalistak gaixoarekin jarraitzen duen prozeduraren antzekoa da Ibilbide narratibo bat proposatzen dio eta entzun egiten dio gaixoari, harik eta bere ikuspuntu, esperientzia edo kulturaren arabera bestelako esanahia duen hitz edo esaldiren bat agertzen den arte; ­orduan, hura garatzeko eta sakontzeko eskatzen dio pazienteari. Guk jarrera hori hartzen dugu, haurrei entzutearena, harridura sortzen digun zerbait, helduen kulturakoa ez den zerbait entzuten dugun arte.  
Hogei urte daramatzazue Haurren Hiria proiektuarekin. Nolako bilakaera izan du?
Argentinatik etorri berria naiz. Oso gauza bitxiak gertatzen ari zaizkit han. Bi unibertsitatetan honoris causa doktorea ­izendatu naute, eta bietan egitasmo horrengatik izan da. La Platako unibertsitatearen kasuan gainean, Arkitektura fakultateak ­egin zuen proposamena. Alegia, aitortu dute nire eremu naturaletik kanpo eragina duen egitasmoa dela. Izan ere, Haurren Hiriak arkitektura, hirigintza, pediatria, filosofia eta zuzenbidearen alorretako eskumenen arteko trukea eragiten du, ez da maila soziologiko, pedagogiko eta psikologikora mugatzen. 
Argentinan proiektua garatzen ari da ­arrazoi batengatik: proiektu politikotzat hartu zutelako zenbait politikarik. Rosarioko alkate Hermes Binner-ek bere proiektu nagusien artean hartu zuen, eta 2003an ­NBEk Latinamerikako ondoen gobernatutako hiriaren saria eman zion Rosariori. Hiru arrazoi aipatu zituen epaimahaiak: hiriaren administrazioa, osasungintzan izandako esku-hartzea eta Haurren Hiria proiektua. Binner Santa Feko gobernadore izendatu zutenean, Haurren Hiriaren laborategi bat sortzea proposatu nion, egitasmoa Santa Fe eskualde osora zabaltzeko eta Rosarioko esperientzia Argentinako eta Latinamerikako beste hiri batzuei eskaintzeko. Laborategia 2008an zabaldu genuen, eta une honetan 57 hirik hartzen dute parte sarean, ­Argentina, Uruguai, Txile, Kolonbia, Mexikokoak... Gogoan dut Mexiko DFko alkateak esan zidana: “haurrek ematen dute segurtasuna, ez poliziak”. Haurrengan poliziarengan baino konfidantza handiagoa 
izatea iraultzailea da. 
Haurren Hiria indarrean jarri den lekuetan, sumatu duzue aldaketarik?
Aldaketa kulturala gertatzen ari da, haurrei buruz hitz egiten ari da pentsaezina zen leku batzuetan. Binnerrek beti esaten du bera proiektu honekin hasi zela politika egiten, haurrek eskumenen kudeaketa transbertsala egitea eskatzen ziotelako. Zergatik? Euren burua baino askoz jende gehiago ordezkatzen dutelako haurrek. Boteretik, erabakiguneetatik kanpo daudenak ordezkatzen dituzte haurrek, bestearen rol paradigmatikoa hartzen dute. Horregatik, haurrei entzuteko esperientzia onartzen duen helduak demokrazia handiko ariketa egiten du, denen administradore izateko gimnasia egiten ari da. Haurren beharrei erantzuten dien hiria herritar guztien beharretara egokitzen ari delako. Hori oso garbi ikusten da, adibidez, mugikortasunaren gaian. Alkate baten buruhauste nagusia trafikoa izan ohi da, eta normalean autoei bidea erraztuz heldu ohi dio arazoari. Haurrek ordea, hierarkia aldaketa proposatzen dute, oinezkoei lehentasuna ematea, ondoren bizikletei eta garraio publikoari, eta azkenik autoei.