Nola egin ebaluazio formatiboa eta konpartitua ­ Gorputz-Hezkuntzan?

2012-12-01
 
 
Ebaluazioak Gorputz-Hezkuntzan ere bete beharko lukeen funtzioaz
Ebaluazio-hezitzaileak hainbat funtzio bete ditzake: diagnostikoa, formatiboa, sumatiboa, kalifikatzailea, hautatzailea (selektiboa), sailkatzailea, multzokatzailea, eta ­abar. Zoritxarrez, ohikoena, batez ere haren funtzio kalifikatzailea eta hautatzailea erabiltzea da; hau da, hezitzaile gehienek kalifikatzeko ebaluatzen dute soilik, hiruhilabetearen eta ikasturte bakoitzaren amaieran nota bat jartzeko. Ebaluazioaren funtzio kalifikatzaile horrek harreman zuzena du funtzio hautatzailearekin (gainditu eta hurrengo ikasturtera pasatuko zara edo suspenditu eta errepikatuko duzu... edo ikasketak utziko dituzu), eta, beraz, eskola-arrakastarekin edo porrotarekin.
Gure ustez, hezitzaileek funtzio formatzaileagoa eta hezitzaileagoa beteko duen ebaluazio bati eskaini beharko liokete  beren denbora eta energia gehiena. Ebaluazio-eredu horri formatiboa eta partekatua esaten diogu. Ebaluazio formatiboaz ari garenean, bere helburua ikaskuntza-irakaskuntzaren prozesuak hobetzen laguntzea duen ebaluazioaz ari gara, ikuspegi hirukoitzetik begiratuta:
a. Ikaslearen ikaskuntza-prozesuak hobetzea, ikasle bakoitzak gehiago eta hobeto ikas dezan.
b. Hezitzaileek haien jarduna egunez ­egun, ikasturtez ikasturte, hobetu ahal izatea.
c. Ikasgeletan garatzen den ikaskuntza-irakaskuntzaren prozesuak hobetzea.
Ebaluazio partekatuaren kontzeptua diogunean, berriz, ikasleek ebaluazio-prozesuetan parte hartzeaz ari gara, hezitzaileekin batera eta elkarlanean. Hori guztia, hainbat teknikaren eta tresnaren bidez bidera daiteke.
Gorputz-Hezkuntza ebaluatzeko erak hainbat ikasmailatan
Nire ustez, oinarria beti bera da: Zein ­ebaluazio mota egin nahi dut nik Gorputz-Hezkuntzako irakasle gisa? Zein motatako ebaluazioari emango diot lehentasuna eta garrantzia?
Gorputz-hezkuntzan egiten den ebaluatzeko eta kalifikatzeko eredu tradizionaletik begiratuta erantzuna erraza da: ikasleen gaitasunen eta trebetasunen ebaluazio sumatiboa eta ka­lifikatzailea egitea. Eredu horrek, Gorputz-Hezkuntzan ebaluatzeko eta kalifikatzeko testen eta proben erabilera ekarri du. Egunerokoan, mota batekoak Lehen Hezkuntzan eta beste mota batekoak Bigarren Hezkuntzan. Horixe izan da Gorputz-Hezkuntzan ebaluatzeko eta kalifikatzeko era tradizionala azken hamarkadetan. Gure iritziz, ordea, ­akats pedagogiko larria da, eta badira hamar arrazoi nagusi hori gainditu eta gure ikasgaian erabiltzeari uzteko. Hainbat argitalpenetan gai horretan sakondu dute eta aukera formatiboagoak eskaini dituzte.
Ikuspuntu hezitzaileago batetik ere ­erantzuna erraza da, Gorputz-Hezkuntzan ebaluazio-formatiboari eta partekatuari lehentasuna eta garrantzia ematearen aukerari heltzea, hain zuzen. Lan egiten den ikasmailaren arabera, xede hori duten tresna zehatzak oso desberdinak izaten dira, noski. Baita beste hainbat aldagairen arabera ere: ­ikasturtea, ibilbidea, Gorputz-Hezkuntzan aurrez ­izandako bizipenak, maila akademikoa, eta abar. Ostera, teknika nagusiak beti dira erabilgarriak, erabili nahi diren etapa dena delarik ere: ebaluazio jarraitua, autoebaluazioa, koebaluazioa, ebaluazio partekatua, feedbacka, ebaluazio dialogatua, behaketa, eta ­abar.
Azken bi hamarkadetan, pixkanaka, handituz joan da Gorputz-Hezkuntzako hezitzaileen kezka ebaluazio-eredu eta sistema formatzaileagoak eta hezitzaileagoak ezagutzeko eta garatzeko; egoera fisikoa ­edota gaitasun motriza neurtzeko testetan oinarritutako ebaluazitzeko eta kalifikatzeko eredu tradizionala gainditu nahian. Zentzu horretan, ebaluzio-prozesuetan ikasleen parte-hartzea erraztea izan da gehien garatu den eskuhartze aukera. Era berean, kasu askotan, eskuhartze hori, gelako eguneroko lanean estrategia didaktiko berriak ­erabiltzearekin lotuta joan da. Estrategia horiek, argi eta garbi, ikasleen ikaskuntza handiagoa sustatzera bideratuak izan dira.
Pentsatzekoa denez, hezkuntzan egiten diren aldaketa guztietan bezala, aplikatzeko garaian gerta daitezkeen arazoen aurrean zalantza, erresistentzia, eta zenbaitetan beldur egoeretatik pasatzen da; batez ere lehen aldietan, aldaketa errotik gertatzen denean. Horregatik, garrantzitsua da jakitea ideiak zenbat eta argiagoak izan, garatu nahi ditugun proposamenak zenbat eta hobeto antolatuak izan (prozesua, erabili beharreko teknikak eta tresnak), eta gerta daitezkeen balizko arazoen aurrean erantzunak zenbat ­eta pentsatuagoak izan, orduan eta errazagoa gertatuko dela bidea.
Gorputz-Hezkuntzan ere diseinagarria eta aplikagarria ote da ebaluazio demokratikoa? 
Erantzuna baiezkoa da: era berean, baiezkoa da erantzuna edozein arlo kurrikular, gelari edo ikasmailari begira planteatzen badugu. Ebaluazio demokratiko kontzeptua ez dagokio soilik Gorputz-Hezkuntzari, kontzeptu orokorra da. Horregatik, irakasle eta hezitzaile askok jada jarri dute praktikan: irakasgai bateko espezialistak izan ala ez.
Ebaluazio demokratiko kontzeptua konplexua da. Abiapuntuan argi erakusten du ebaluazioaren jardunak alde teknikoak ­izateaz gain, inplikazio etiko indartsuak dituela ere. Izan ere, azaltzen dituen alde gehienak zerikusi zuzena dute boterearen erabilerarekin. Bide horretan, eta gure ikuspuntuaren arabera, ebaluazio demokratiko kontzeptua estuki lotuta dago ebaluazio-prozesuan ikasleen parte-hartzearekin: haiekin eztabaidatuta ebaluazio-irizpideetatik hasi eta haien azken aplikaziora ­arte. ­Ebaluazio demokratikoaren prozesu batek izan beharko lituzkeen oinarrizko ezagurri zenbait hauek lirateke:
a. Informazio-trukaketaren garrantzia.
b. Ikaslearen parte-hartzea ebaluazio-prozesuan.
c. Kurrikuluma negoziatzeko eta elkarrekin kudeatzeko estrategien garapena.
d. Ikaslearen eta irakaslearen arteko komunikazio-, elkarrizketa-, eta errespetu-harremanen izaera.
e. Autokalifikazio-prozesuaren bidean aurrera egitea, botere partekatu eta dialogatu gisa ulertua (Kalifikazio-dialogatua)
f. Metaebaluazio bat gauzatzea: hurrengo aplikazioari begira ebaluazio-sistema eta prozesua hobetzeko egin den ebaluazioa.
Ebaluazio formatiboa eta partekatua alternatiba bat da eta aukerak eskaintzen ditu
Badira bi hamarkada ebaluazio formatiboa alternatiba bat dela, eta ebaluatzeko ­eta kalifikatzeko eredu tradizionalak ematen dituen emaitzak baino hobeak ematen dituen eredua dela erakutsi du. Denbora horretan, Gorputz-Hezkuntzako irakasle askok praktikan jarri dituzte ebaluazio-sistema horiek, eta aurretik erabiltzen zituzten ereduekin alderatuta, horiek dituzten abantailak ikusi dituzte. Ebaluazio formatiboak eta partekatuak Gorputz-Hezkuntzan irakaspen hobeak sortzen dituztela erakusten dituzten nahikoa argitalpen eta egiaztapen badira, dagoeneko. Era berean, gelan ikasleen parte-hartzea eta elkarbizitza hobetu dela erakusten dute.
Bestalde, badira nahikoa arrazoi pedagogiko ebaluazio-prozesuetan ikasleen parte-hartzea sustatu beharra argitan ­utzi dutenak: bai autoebaluazio gisa, bai koebaluazio edota  ebaluazio partekatu gisa ­ere. Gure ustez, arrazoi pedagogiko azpimarragarrienak hauek dira:
1. Ebaluazio era horiek ikasleen irakaspena eta burutzen ari diren prozesu hezitzaileak hobetzeko ahalmen handia dute.
2. Azterketa kritikorako gaitasuna eta autokritika garatzen laguntzen dute.
3. Ikaslearen autonomiaren garapena sustatzen dute, ikasten ikastea, jende arduratsuaren prestakuntza eta hezkuntza demokratiko baten garapena bultzatzen dute.
4. Gure hezkuntza-pentsakerarekin eta gelan irakaskuntza-ikaskuntzaren prozesuak garatzeko moduarekin koherentzia handiagoa duen proposamena da.
5. Gaur egungo konpetentzien arabera lan egiteko planteamenduarekin gehiago lotzen da.
Hainbat hausnarketa eta ondorio Gorputz-Hezkuntzako ebaluazio kuantitatiboaren eta kualitatiboaren arteko eztabaidan ateratakoak
Nire ustez, faltsua da Gorputz-Hezkuntzako ebaluazio kuantitatiboaren eta ­ebaluazio kualitatiboaren gaineko eztabaida hori. Gakoa ez dago ebaluazio-teknikak edo metodo kualitatiboak edo kuantitatiboak erabiltzean. Benetan garrantzitsuak diren galderak hauek dira: “Zertarako ebaluatu nahi dut?”; eta, batez ere, “Norentzat ebaluatu nahi dut?”. Gakoa beti egongo da zertan ematen dugun denbora gehiago eta zertan egingo dugun gure ahalegina: gure ­ikasleak kalifikatzen soilik edota denbora ­eta ahalegin hori erabiliko dugun, batez ere, gure ikasleek gehiago eta hobeto ikas dezaten, eta guk, hezitzaile gisa, pixkanaka hobetu dezagun. Hori da benetako eztabaida garrantzitsua: kalifikatzeko ebaluatzen dugu edo irakaspenak hobetzeko ebaluatzen dugu?
Egindako azterketa eta izandako eskarmentu guztiaren ondorio gisa, jendea animatu nahiko genuke gure ikasgaian hezitzaileagoak, demokratikoagoak, eta formatiboagoak diren ebaluazio-ereduetan sakontzen jarraitzeko. Gero eta irakasle gehiago dira egunerokoan ebaluazio demokratikoa erabiltzen dutenak (tradizioaren pisuak sortzen duen zailtasunaren eta erresistentziaren gainetik). Ona da jakitea koherentzia hezitzaile eta kurrikular horren bilaketan ez gaudela bakarrik; badirela kide asko bidea egin dutenak, eta sortzen zaizkigun arazoen konponbidean edo egoera eta testuinguru bakoitzari hobekien egokitzen zaion norabidean lagun diezaguketenak. Aurrera, bada, bideak merezi baitu: bai maila profesionalean  eta baita maila pertsonalean ere.