Koherentziak eta inkoherentziak

2012-12-01

Hezkuntza inbertsio gisa balioestea. Hitzetatik haratago, ideia hori gorpuztea­­ eta praktikan jartzea. Europako hainbat lurralderen ildoari jarraituta, BPG igo ­egin beharko litzateke.

 
 
Koherentzia eta inkoherentzia. Bi hitz horiek defini dezakete Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saiburuaren agintaldia. 
Koherentzia izan du bere alderdiaren printzipioekin: hizkuntzen trataeran, curriculumean, bakegintzan, estatuaren ­ikuskeran, eta abarrean. Bestalde, eten­gabeko inkoherentzia izan du plazaratutako ­hitzen eta egindakoen artean. 
Inkoherentzien artean, nork ez du Zelaa entzun esaten “hezkuntza garrantzitsua da: ez da gastua, inbertsioa baizik”. Eta, bere agintaldian, hezkuntzara bideraturikoa Barne Produktu Gordinaren %4,1etik  %3,8ra jaitsi du; Europako batez bestekoa %6an dabilenean. Edo, “guk ez ditugu PPren hezkuntza murrizketak aplikatzen”, esan du; eskoletan, etengabe murrizketak jasaten aritu direnean. Edota, “hezkuntza eragile guztiak kontuan hartzen ditugu” adierazi, eta, gehiengo sindikalarekin adostu gabe (LAB, ELA eta ­EILAS), %27 soilik ordezkatzen duten ­CCOO eta UGT sindikatuekin lan hitzarmena izenpetu. Hala nola, denontzako egokia izango den “Bakerako Hezkuntza Plana egingo dugu” ­esan, eta, PPrekin adostutako alde bateko plana martxan jarri nahi izan. Azkenean,  planaren harrera hotzak norabidea aldatzera behartu du. “Doktrinatzen ari zarete” esan zien besteei, eta Zelaa bera izan da bere ideologiaren doktrinatzaile.
Baina, lehen aipatu bezala, izan du koherentzia PSE-EE bere alderdiarekin. Kataluniako edota Galiziako alderdi sozialistek ez bezala, hemengo sozialistek ez dute bertako hizkuntza, euskara, irakas hizkuntza gisa jarri; alderantziz baizik, “hiru ­eleko eredua”-rekin, parez pare jarri dute euskara, gaztelania eta ingelesa.  Eta, egindako Ebaluazio Diagnostikoetan argi ­agertzen da, euskarak behar duela laguntza handiena, haren egoera normalizatu nahi bada. Sailburuak, ordea,  ez dio ino­lako arretarik ­jarri emaitza horri.
Bestalde, Euskal Herria kontzeptua ­nola erabili behar den agindu die irakas­leei, Nafarroan bezala, testuliburuak kontrolatu nahi izan ditu, bere gustuko edukia zabaltzen ez dutenak ia  itotzen utziz. 
Azken agintaldian egin dena ikusita, zer proposa genezake aurrera begira?
Herri gisa pentsatuta, gure hezkuntzaren ildo nagusiak zirriborratzera ausartuko gara: 
- Hezkuntza inbertsio gisa balioestea. Hitzetatik haratago, ideia hori gorpuztea­­eta praktikan jartzea. Europako hainbat lurralderen ildoari jarraituta, BPGtik hezkuntzara bideratu beharreko diru kopurua  igo ­egin beharko litzateke.
- Hezkuntza demokratizatzea oinarri on bat litzateke. Eragileekin hitz ­egin, beharrak aztertu eta lehentasunak ­adostu. Posible den neurrian, gestioa deszentralizatzea; gertuko gestioak, hezkuntzako partaideen parte-hartzeak, ­emaitzak hobetzen dituela frogatuta baitago.
- Euskararen Kontseiluak egindako ­“Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen ”, ­edota, antzeko proposamenak, eguneroko praktikan  jartzea.
- Eskolarako curriculuma, herritarrak buruja­beak ­izan daitezen egokitzea.
- Hezitzaileen prestakuntza zaintzea eta bitartekoak eskaintzea.