Espazioa, denborarekin batera, bizi dugun hori zedarritzen duen dimentsio bat da, eta garenean eta egiten dugun guztian eragina dauka. Horregatik, Aristotelesengandik hasi, Einstein eta Kantengandik igaro, eta, gaur arte, espazioa aztergai izan dute Filosofiak, Psikologiak, Antropologiak, Astrologiak, Arkitekturak… eta Pedagogiak.
Ezagutza espazialaren eraikuntza-prozesuan, zehazki, autore garrantzitsua da Jean Piaget; haren arabera, espazioaren egituraketa hautemate prozesu baten bitartez eraikitzen da, gizabanako bakoitzaren sentsazioak konektatuz eta antolatuz (bere eguneroko jardueran munduarekin daukan harremanean).
Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eskolako dozentea da Lorea Jauregi, eta urteak daramatza espazioaren gainean hausnartzen, haur eskoletako gelen antolaketa espaziala eta erabilera aztertzen eta ikertzen, zehazki. Izan ere, hainbatek ondorioztatu eta Jauregik berak ere jasotzen duen eran, “eskolaren espazioak diseinatu eta antolatzeak garrantzia du irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan; espazioa, aukerak ematen dituen egitura moduan ikus daiteke, eta hezkuntza jardueren moldaera erraztu edo mugatu dezake”. Edo, beste hitz batzuetan esanda, espazio egokiak, ondo egokituak eta haurraren premiak errespetatu eta asetzen dituenak, lagundu egingo du umearen garapenean, autonomian eta heziketa prozesuan; aldiz, espazio desegokiak, oztopatu egingo du.
Espazioaren gaira lehen hurbilketa 80ko hamarkadaren hasieran egin zuen Jauregik, eta 2009ko azaroan tesia argitaratu zuen Haur Hezkuntzako gelen antolaketa espaziala eta erabilera izenburupean. Tesi horrek, espazioari buruzko hurbilketa kontzeptual mardula egiteaz gain, eskola barruko nahiz kanpoko espazioen diseinu eta antolaketari buruzko hausnarketa eta proposamen ugari jartzen ditu mahai gainean; eskola hirira eta lurraldera hedatzearen premia ere azaltzen du, umeen hezkuntza eta zaintza komunitatearen ardura dela dioen printzipioari eutsiz.
Honela definitzen du Lorea Jauregik bere tesian hurrengo orriotan aztergai izango dugun gaia: “Espazioa bizi dugunaren marko fisikoa da”; sentitu, hunkitu eta adierazten dugunaren marko fisikoa, beraz. Jauregik espazioari buruzko hurbilketa kon-
tzeptuala ikuspegi eraikitzaile edo konstruktibista batetik egiten du, “hau da, subjektuak berak eraikitzen du aktiboki bere espazio psikologikoa”. Teoria konstruktibistaren arabera, gizabanakoak osatzen ditu egitura espazialak, “egitura osaketa edo garapena ez da ingurunearen elkarrekintzarekin zerikusi gabe kontuan hartu”.
Espazioa “bizia” duen zerbait da Jauregirentzat, “ez materiala bakarrik baizik eta ekintzak eta emozioak garatzen diren toki bezala ulertua”. Eta, era berean, bizitzeko espazio gisa ulertzen du espazioa. Tesiaren luze zabalean espazioaren diseinu eta antolaketak pertsonaren ongizatean eta garapenean zer nolako garrantzia duen azaltzen du argi eta sakon. Pedro Aierbek zuzenduriko doktore tesi hau, osorik irakur liteke Interneten, www.uztaro.com-en.
Tesian sartu aurretik, eta behin Piaget aipaturik, Haur Hezkuntzako eskoletako espazioei garrantzia ematen hasi zitzaion autore bat ekarri nahi izan du Hik Hasiren orriotara Jauregik. Ia bi mende eta erdi atzera egin behar da Friedrich Fröbel pedagogo alemaniarraren garaira iristeko. Fröbelek haur eskoletako eraikinen eraikuntzek behar zituzten baldintzak ezarri zituen: espazio ireki eta dinamikoa, eta malgutasuna eskaintzen dituen eskola eredua onesten zuen. Haren ereduari esker aurrerapauso handiak eman ziren arren, oraindik asko dago egiteke, Jauregiren hitzetan: “Bi mende pasa dira eta hemen oraindik arkitekturaren planifikazioa maila kuantitatiboan oinarritzen da, eta ez maila kualitatiboan”.
Fröbelek hiru espazio mota bereizten zituen:
· espazio irekiak (eta horietan lorategi handi bat egon beharko litzateke)
· espazio itxiak (eskolako eraikina bera)
· trantsizioko espazioak (patio estalia eta irekia).
Proposamen didaktikoen araberako antolaketa espaziala
Tesira etorririk, gaiaren interes zientifikoa, didaktikoa eta interes pertsonal eta profesionala batzen dira Lorea Jauregiren ikerketan. Profesionalki, 1980-1981 ikasturtean, Gipuzkoako ikastetxeetako D ereduko koordinazio lanetan ibili zenean eskolekin eskualdeka egiten zituzten bileretan, espazioaren antolaketari buruzko kezkak mahai gainean zeuden dagoeneko. Ondoren, 1985etik 1988ra, praktikatik ikusi zuen espazioaren antolaketak ahalbidetu edo oztopatu egin ditzakeela umearen hainbat behar. 1988tik aurrera, Donostiako irakasle eskolan maisu-maistragaiei transmititu die espazioaren antolaketaren garrantzia.
Tesiak bi ikastetxetako espazioen egitura, antolaketa eta erabileraren behaketa, azterketa eta ondorioak azaltzen ditu bi fasetan (2002an eta 2007an). Donostiako Martutene auzoko Arantzazuko Ama ikastolan eta Altza auzoko Harri Berri-Oletako ikastetxean egin du behaketa, eta lagina Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urteko haurrak izan dira. Bi ikastetxe horietako esperientziak, gainera, Reggio Emiliako Haur Hezkuntzako Udal Eskoletako esperientziarekin kontrastatu ditu, Italiako iparraldeko hirian egonaldia egin baitzuen irakasleak.
Behaturiko ikastetxeek, bakoitzaren proposamen didaktikoaren arabera, espazioa eredu desberdinen arabera antolatzen dute. Honako hauek dira tesian sakon aztertzen diren ereduak.
High Scope eredua
High Scope ereduarekin lotzen du Harri Berrikoa: gela bakoitza irakaskuntza eremuetan antolatua dago, txokotan edo tailerretan; gela bakoitzean etxea, antzerkia, plastika, jolasen txokoa… daukate, eta eredu honen arabera, umeek giro estimulatzaile baina, aldi berean, antolatuan hobeto ikas dezaketela ulertzen da. “Espazio antolatu hauetan umearen protagonismo eta ekimenak du garrantzia”, azaldu du Jauregik, “eta heldua arazoen konponketara bideratuak dauden jardueren bultzatzaile izango da”.
Frabboniren eredua
Arantzazuko Ama ikastolako eredua, aldiz, Franco Frabboniren ereduarekin lotzen du tesiaren egileak. “Hor berezitasuna da ikastetxeko gela bakoitza bihurtzen dela plastika gela, matematika gela, ipuinen gela… eta adin desberdinetako talde eta umeak joango dira geletatik pasatzen, beraiek aukeratzen dutenean”. Frabboniren ereduak ingurunean erabat sustraituta ikusten du eskola. Ikastetxeko gela bakoitza “Plastika”, “Matematika”, “Ipuinak”…bihurtzen da eta adin desberdinetako talde edo umeak gela horietatik pasatzen joaten dira. Zona desberdinak proiektu kurrikular integratu batean biltzea da helburua.
Reggio Emiliako Haur Hezkuntzako Udal Eskolak
Reggio Emiliako udal haur eskoletako ereduak komunitate osoa barne hartzen du. Oro har, Reggioko ikastetxeetatik kontuan izateko hiru ideia nabarmentzen ditu Jauregik. Batetik, espazioa garrantzitsua da hezkuntza proiektuaren elementutzat, eta espazioek elkarrizketa sortu behar dute. “Indibidualki egoteko, gauzak barneratzeko
eta gogoeta egiteko espazioak behar dira eskoletan, eta baita komunikatzeko ere”.
Reggio Emilian hirira eta lurraldera hedatua dago espazioa, eskola hiriarekin osmosian dagoela ulertzen baitute. “Horrek gauza garrantzitsuak dakartza berarekin: umeen hezkuntza eta zaintza komunitatearen ardura dela ulertzen da, eta umeei eskainitako azpiegiturak guztiak hiri proiektuan integratuta egon behar dute. Hiriaren erdigunea hartzen dute haurtzaroarekin zerikusia duten erakundeek, biztanleek umearen eta irakaslearen bizitza ondo ikusteko moduan, komunitateko erreferentzia izan dadin”. Erdigunean egoteak, ikusgarri eta ezagun izateak prestigioa dakarkio eskolari eta irakasleari, “eta asko motibatzen du, eta laguntzen du lehen aipatu dugun mesfidantza uxatzen”. Halaber, espazioaren diseinu eta antolaketa lanetan, pedagogoek, maisu-maistrek eta familiek arkitekto eta diseinatzaileekin batera egiten dute lan, eta “esperientzia sentsorial aberatsak eskainiko dituzten espazioak eraikitzen dituzte”.
Reggioko hirugarren elementu azpimarragarriak kulturari egiten dio erreferentzia, espazioa kultura orokor eta zehatz baten isla dela ulertzen baitute. Azken batean, “Reggion espazioa erlazioaren pedagogiarekin lotzen da, komunikaziozko harremanak sortzearekin. Loris Malaguzzik esaten zuen umearen 100 hizkuntzak kontuan hartuz eraiki behar direla espazioak elkarrekin”.
Horrez gain, Reggio Emiliako ikastetxeetan esperientzia errealei ematen zaien garrantzia nabarmentzen du Jauregik: “Gauza errealetan oinarritzen dira. Gauza errealak egiten badira, ondorioak ere errealak izango dira; beraz, ideiak gertaera eta esperientzia errealetatik sortzen dira”.
Eskolako espazioek errespetatu eta ase beharko lituzketen premiak
Hemengo ikastetxeetan eta Reggion egindako behaketa eta ikerketaren ondoren, Lorea Jauregik dio espazioak —eta materialak eta hauekiko elkarrekintzak— haurraren ikasketa prozesua lagundu eta ahalbidetu dezan, haurraren denbora eta erritmo biosikologikoak errespetatu behar dituela. “Ikasleen beharrei egokitutako eskolak behar dira”. Haurraren premia horiek zerrendatzen hasita, ondoko behar hauek, “oso oinarrizko beharrak”, aipatu ditu Jauregik ezinbestean errespetatu beharrekotzat:
- behar fisiologikoak: elikadurarekin, atsedenarekin eta higienearekin loturiko premiak
- behar afektiboak
- mugimenduaren beharra
- jolasteko beharra eta ondo pasatzeko beharra: jolasa izango da ikasketa prozesuaren oinarri
- sozializatzeko beharra
- autonomiaren beharra
- komunikatzeko beharra eta adierazteko beharra
- aurkikuntza eta esplorazioaren beharra
- espazioan sentitzeko eta norbera ezagutzeko beharra
- manipulatzeko beharra, sortzeko eta irudimenerako beharra
-...
Haurraren behar horiek norbere erritmoan errespetatzeko aukera ematen duten espazioak eraiki beharko lirateke eta, horretarako, eskola “espazio erreztatzaile moduan” ulertzea litzateke abiapuntuetako bat, eta behin behineko antolaketa baten kontzientzia proposatzen du, geletako elementuak ez izatea behin betikoak, baizik eta haurren premien arabera aldatu edo moldatu litezkeen materialak erabiltzea.
Antolaketa egokiena talde txikietako jardueretan izango litzateke, Jauregiren aburuz, eta eraikina neurri txikikoa eta ahalik eta gertukoena izatea lagungarria da horretan. “Ahalik eta eskola familiarrenak izateak eta arkitekturaren aldetik ezaugarri soziokulturalei eta ingurumenari ahalik eta egokituen egoteak lagunduko luke haurren ongizatean”. Haatik, etxebizitzak diseinatzerakoan erosotasunarekin eta antolaketarekin lotutako alorretan asko aurreratu den arren, pentsamolde horrek eskoletako gelen diseinuan ez duela islarik izan
ikusten du.
Bereziki, proiektu pedagogiko zehatz bati erantzuna emateko aukera jasotzen duten espazioak balioesten ditu irakasleak, eta espazioaren diseinu eta antolaketak zer baldintza eduki behar dituen kontuan galdeturik, honako baldintza hauek aipatu ditu:
- haurraren beharrak jasotzea: hala fisiologikoak nola sormen, autonomia, komunikazio eta ikerketarekin loturikoak (lehen aipatuak)
- naturarekin harreman zuzena izateko aukera jasotzea
- erabiltzaileen osasuna eta erosotasuna bermatzea, hau da, altzari eta ekipamenduaren ergonomiari kasu egitea, eta aulki eta mahaien tamaina eta altuerak kontuan izatea kalte fisikorik eragin ez dezaten
- inguru baldintzak zaintzea: argiztapena, kolorea, faktore termikoak, akustikoak...
- espazio polisentsoriala osatzeko beharrari erantzutea, beti ere zentzumen guztiak gizabanakotik gizabanakora aldatu egiten direla kontuan hartuz.
Kanpo espazioen garrantzia: eskola ez da hormen barruan gelditzen
Lorea Jauregiren tesia, alabaina, ez da eskola barruko espazioetara mugatzen. Izaera naturalista eta espazio irekiak nagusi izango dituen eskola lehenesten du ikerlariak, eta, kanpoko espazioez gain, tarteko espazioei garrantzia handia ematen die: ondo estalitako patioak eta lorategiak edo negutegiak aipatzen ditu, besteak beste. “Ume txikiak eguraldi txarrarekin ezin dira atera kalera, eta hemen ikaragarrizko lana daukagu tarteko espazioak sortzeko: neguko lorategiak, baratza eta patio irekiak eraikitzen eta ondo hornitzen eta estaltzen, arriskuak ekiditeko”.
Europako iparraldean nola ekialdean, Euskal Herrian baino baldintza klimatiko gogorragoak dituzten lekuetan kanpoko espazioetan orduak ematen dituzte umeek eskola-garaian. Hemen, ordea, ez dago eskolatik ateratzeko tradiziorik; Jauregiren aburuz, espazio eta arkitektura baldintzak egokitu egin beharko lirateke haurrek kanpoan jolas egin dezaten, eta, era berean, irakasleen baldintzak hobetu beharko lirateke horretarako: “Irakasle eta laguntzaile gehiago beharko lirateke; gurasoen eta auzotarren laguntzarekin eskolak kanpora
atera behar du, eta umeak ingurunearekin askoz harreman estuagoak eraiki beharko lituzke. Ateratzea eguneroko jarduera izatera pasa beharko litzateke, eta inguruan ditugun kale, parke eta instalazioek umeen presentzia eta jarduerekin indarra hartzen joan beharko lukete”.
Gaur egun, oraindik, ikastetxe askorentzat zaila da haurrekin kanpora ateratzea, arriskuak, oztopoak eta beldurrak daudelako. “Baliabideak jarri behar dira, baina nahitaezkoa da eskola lau hormen barruan ez gelditzea, ingurunean sustraitzea; bestela, eskolak isolatuta gelditzen dira”. Berriro
ere Reggio Emiliako ikastetxeetan ikusitakoaren adibidea jarri du Lorea Jauregik: Haur Hezkuntzari prestigio ematetik eta bertan egiten den lan ona gizarteari ezagutaraztetik etorriko da eskola kanporatzea eta ingurunearekin harreman zuzenean egotea.
Hezitzaileak eta arkitektoak elkarlanean
Lorea Jauregik egin duen ibilbidean eta tesian jasotzen dituen bi faseetan aurrerapausoak egin direla ikusten du. Espazioaren antolaketa eta diseinuari, eta berau material egokiz hornitzeari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaiola baieztatu du urte hauetan guztietan, baina, haatik, oraindik, zenbait kasutan, gutxiengo baldintza batzuk ez direla betetzen iruditen zaio: geletan arriskuak ekiditeko baliabideak falta dira,
adibidez (batzuetan berogailuak ere ez daude babestuta); hesi arkitektoniko garrantzitsuak daude; kasu askotan gelak ez daude ondo islotuak eta zarata handia entzuten da; patio asko ez daude behar bezala estalita; gurasoentzako espazio erosoak falta dira...
Gabezia estrukturalei soluzioa ematea lehenesten du Jauregik; hainbat eta hainbat kalte fisiko, psikiko eta eskolako errendimenduarekin lotuta daudenak kontuan hartuz, beharrezko ikusten du eskolako eraikin eta elementuen diseinuari behar duen garrantzia ematea eta Administrazioak eraikin berriak diseinatu, eraiki eta ekipatzerakoan adituen azterketatik jasotako aholkuak eta neurriak aintzat hartzea: “Administrazioa, eskoletako irakasle eta ez irakasleak, gurasoak, udala eta auzoetako erakundeak barne direlarik, gabezia estrukturalei soluzioa aurkitu behar zaie”. Era horretan, espazioak bermatu beharko lioke umeari bere potentziala, konpetentzia eta ikusmina garatzea eta adieraztea.
Espazio atsegin horiek eraikitzeko garaian, irakaslearen aburuz, asko lagunduko luke, Reggion eta Euskal Herrian zenbait kasutan egin den bezala, eraikinaren diseinu eta antolaketan pedagogoek, maisu-maistrek eta familiek diseinatzaile eta arkitektoekin lan aritzea; lehenengo bi taldeetakoek ondo baino hobeto ezagutzen baitituzte haurraren premiak, eta besteek, espazioari eta arkitekturari dagozkionak, eta elkar osatuz, arazoak saihestuko lirateke.
Haur Hezkuntzako eskoletako espazioei garrantzia emateko, lehenik eta behin, haurtzaroari eta Haur Hezkuntzari berari bestelako garrantzi bat ematea beharrezko ikusten du. Ondoko faktore hauek kontuan izateko proposatzen du irakasleak:
-Haurrak, bai bakarrik eta bai besteekin, kide zein helduekin, ikertzeko eta esploratzeko aukera izan behar du eskolan.
-Eskolan egiten diren proiektuen eraikitzaile sentitu behar dira; baina, aldez aurretik, irakaslea bera sentitu behar da proiektu baten eraikitzaile ere.
-Haurrak bere identitatea, sexualitatea, autonomia eta konfiantza sendotzeko aukera izan behar du, bere identitatea eta pribatutasuna errespetatuko zaizkiolarik.
-Irakaslea, ume eta gurasoekin duen harremanean lagundua eta integratua sentitu behar da, proiektuen antolaketan eta gauzatzean babestua sentitu behar da, eta bermatu behar zaizkio helduekin, kide eta gurasoekin, elkartzeko premiari erantzungo dioten espazio egoki eta ongi dekoratuak.