ARRIKRUTZ kobak. Lurraren barrunbeetan

2013-01-01

Oñati-Arrikrutz haitzuloa ikasleak hartzeko prestatu dute, natura-gunearen balioaz sentsibilizatzeko

 
 
Gaur egun, informazio guztia “klik” batera dagoela esaten da, hau da, Interneten. Lehen, entziklopediei buruz esaten zen hori, bilduma bakoitzak historiaren atal bat kontatzen zuela. Oñatiko Arrikrutzeko kobak bene-benetan eskaintzen du gure lurrari buruzko informazio osoa, naturari eta ondareari dagokienez. Aizkorri mendiaren magalean, Arantzazuko Santutegitik gertu, eta lur azpian, espeleologia-, arkeologia-, paleontologia- edota mitologia-lezio interesgarri bat ikasi ez ezik bizi ere egin liteke Arrikrutzeko haitzuloetan, pauso batera.
Arrikrutz-Oñatiko kobak Aizkorri-­Aratz parke naturalean daude, ingurune karstiko paregabean. Bertan, Arantzazu eta Aldaola errekek Gipuzkoan ezagutzen den kobazulo-sare handiena eratu dute eta ia 15 kilometroko galeria sarea osatu. 
Arrikrutzen aurkitu diren ondasunak, alor ugaritan, aitzindariak izan dira Euskal Herrian. Aurkikuntza arkeologikoei dagokienez, adibidez, honako elementu hauek ­agertu dira indusketetan: haitzuloetako lehoi baten eskeletoa; eskeleto-atalak eta pantera-burezurrak, eta hartz-aztarnategi ikusgarria.
Mitologiari dagokionez, Arrikrutzeko kobak kondaira ugariren sorburu izan dira, oso leku berezia izan baita Oñatiko eta inguruetako biztanleentzat mende luzeetan. Duela ehunka urte, esate baterako, Oñatiko, Deba Garaiko eta Arabako biztanleak Sandaili haitzulora joaten zirela erromesaldian, soroetarako euri-eske. Bestalde, emakume antzuek bainua hartzen zuten Sandailiko ­uretan, emankorrak izateko. Milaka urte lehenago, jentilen garaian, sortutako ohiturei eusten zieten horrela.
Arrikrutz, natura aldetik eta ondare aldetik duen balioa kontuan izanik, bisitak hartzeko prestatu dute. Geologia, arkeologia, mitologia… landu ahal izango dira bisita horretan ikasleekin. Alde batetik, haitzuloan barrena ibilaldi bat egin liteke, 60 minutu inguru irauten duena. Ibilaldi horretan honako gai hauek jorratu ahal izango dira:
Hidrologia: urak eta hidrologiak haitzuloa nola zizelatu duten ikus daiteke, bertatik bertara.
Karst-sistema: kare-harri (karst) bikain ikusgarriak daude Aizkorri mendiaren magalean. Gesaltza-Arrikrutzeko haitzuloaren barrunbean, 14 kilometrotan, karst-sistema konplexua dago.
Geologia: haitzuloaren osaera geologikoa oso aberatsa da. ­Ikuspuntu geologikotik, urazpiko erreka eta estalaktita izugarriz betetako galeria dira guztietan aipagarrienak.
Mineralak: Arrikrutzeko mineral-unibertsoa nola sortu zen ikus daiteke.
Arkeologia eta paleontologia: Euskal Herrian (eta, zenbaitetan, iberiar penintsulan) aitzindariak izan diren aurkikuntzak ­egin dira haitzulo honetan.
Mitologia: Sandiliko kondairak ezagutzeko leku paregabea da.
Espeleologia: espeleologiaren historian Arrikrutzek izan duen garrantzia ezagutu liteke. 
 
Material pedagogiko zabala
Ibilaldia osatzeko, eta ikasleak natura-gunearen balioaz sentsibilizatzeko,  baliabide pedagogiko zabala eskaintzen du natura-guneak. Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduriko unitate didaktikoak dituzte, eta honako gai hauek jorratzen dituzte:
➢ Geologia: “Arroka eta materialak”. Ekintza honen bitartez Euskal Herriko 
arroka eta mineral nagusiak ezagutuko ditugu. Nola bereizten ditugu arrokak eta mineralak? Zein dira batzuen eta besteen ezaugarriak? Nola eta zertarako erabiltzen ditugu gure eguneroko bizitzan? Galdera horien eta beste batzuen erantzunak bilatzeko ariketak egingo dira. 
➢ Historiaurrea: “Kobako bizitza antzinako animalien artean”. Lehen gizakien bizimodua, tresnak, bizilekuak, elikagaiak… zein ziren azalduko da, eta baita paleofauna (paleolitoko fauna) ezagutuko ere. Historiaurreko aroei buruz ere hitz egingo da, hala nola, paleolitoaz, neolitoaz eta metalen aroaz. 
➢ Ura: “Bizitza iturri”. Urak naturan eta gure eguneroko bizitzetan duen garrantziaz konturatzea da ariketa horien helburua. 
➢ Kobetako ekosistema: “Ingurune ezezaguna eta aztarnategi garrantzitsua”. Kobazuloen ekosistema eta horren egitura ezagutaraziko da.
➢ Karstologia: “Erliebearen eraldaketa. Paisaia karstikoa”. Nola sortu da gaur egun ikusten dugun paisaia/erliebea? Nola eratzen da erliebe hori? Betidanik izan al da  horrelakoa?