Hamaiketakoa zakarrontzira!

2013-01-01
Norberaren gorputzaren onarpen ezak pertsona abailtzen du; txiki txikitatik esan eta entzun izan dut, emakume gisa sozializatua izan naizen momentutik: “argala, abegikorra, konplazientea, polita izan behar duzu”. Honen kostua ikaragarria da, larreko, kaleko, ikastetxeko, jolastokiko hesiak irekita dituzun arren, lotuta baitzaude arantzen artean. 
Halaxe sentitzen nintzen ni hamabi, hamahiru urte nituela; nire etxeko ispiluen eta komuneko  zuloaren aurrean, buru makur. 
Institutuko 1. mailan nenbilen. Leitza herri txikia izanik, herriko gaztetxo guztiak institutu berean ikasten genuen, 40 bat ginen orotara. Eskolaz kanpoko jarduerara nindoan, areto futbolean jolastera, herriko eskola ingurura eta bertan lagun koadrila bat zegoen, artean nik gustuko nuen mutila. Eta hizketaldi osoa gogoan ez dudan arren, esaldi bat ez zait sekula ahaztuko, mutil hark zera esan zidan: “Saioa, aurpegiz polita zara, baina gizena zaude!”.
Esaldi hark min egin zidan, baina ez zidan minik emango aurretik ez banintz gutxietsia sentitu izan “gizonen” kirol batean, pilotan, aritzeagatik; gorputzez sendoa izanik iseka egin ez balidate, arropa dendetara joan eta 44 tailadun galtzarik aurkitu ezinik ibili ez banintza, eskolan jasotzen genituen eduki sexisten aurrean altxatu eta ikasle gizon eta neska askok beti ez balidate histerikotzat jo: “Saio, baño ez hartu hola”; edota herrian “tradizioaren” izenean egiten diren emakumeok gutxiesteko erritoak, ekintzak ez banitu ikusi.
Hala, institutuko bidean, etxe behean zegoen zaborrontzian hamaiketakoa botatzen hasi nintzen; etxera joan eta gose ez nintzela esaten, edota jan eta edaten nuena bortxaz botatzen. Pertsona indartsua izan naiz beti, etxean amak holaxe hezi gaitu ahizpa eta bioi, “protestona” deitu izan didate eta egia da,  nahi nuena lortzeko lana egin izan dut beti. Alaia, besteei laguntza emateko prestutasuna izan dut beti, baita orduan ere, baina bada adin bat zeinetan, zure barne indarra, grinaren eta kanpotik datorkizun presio sozial, pertsonalen arteko talka gertatzen den zure barnean, eta nik inguruak asko maite ninduen arren, etxean asko hitz egiten genuen 
arren, urte zailak bizi izan nituen; eta kanpokoak: mamuek eta hitzek irabazi zidaten partida hura. Emakume asko eta askori irabazi dioten bezala, baina bizitza partida bat eta bakarra ez delako, nik irabazi nuen hurrena; etxekoen, lagunen, irakasleen, psikologoaren eta nire barneko indarraren laguntzaz; eta orduz geroztik nik irabazi ditut denak, nahiz eta batzuetan ederki kostatu zaidan. 
Urtetan, sozializazio prozesuaren bitartez, herrian zein ikastetxean irakatsi zidaten guztia (nolakoa izan behar duzu, mutilak izan behar dituzula gustuko, patriarkatuan oinarritutako tradizioa gainbalioa ikaragarria izanik “beti hola izan da” lemapean ekimen oro onartzea, e.a.) birpentsatzea, deseraikitzea eta barne-kanpo borrokan estuki lotzea ekarri zidan, bestelako Saioa bat eta bestelako herri bat erdieste aldera.