Hezkuntza inklusiboa eta eskola-porrota

2013-01-01

Oinarrizko gaitasunak lortzea ezinbestekoa bihurtu da gure gizartean integratzeko. Egungo gizarte konpetitibo honetan, gaitasun horiek lortzen ez dituen ikasleak aukera dezente ditu marjinazio arriskuan geratzeko. Eskola-porrota eta eskola-uzte goiztiarra dira Europako hezkuntza-politikak dituen gabeziarik nabarmenenak.

 
 
Europako Komisioak (2009) dioenez, eskola-porrota Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gainditzen ez denean gertatzen da. Aldiz, eskola-uzte goiztiarra honela definitzen du: 18 eta 24 urte bitarteko gazteek, DBHko maila gaindituta izan arren, Batxilergoa edo Lanbide Heziketa ez gainditzea. Eskola-porrota Derrigorrezko Hezkuntzarekin lotuta dago, eta eskola-uzte goiztiarra derrigorrezko ez diren etapekin. Bi fenomeno ezberdin dira baina, era berean, biak guztiz loturik daude.
Espainiako Estatuan ikasleen % 31k ez du eskola-graduatua lortzen, hau da, ez du hezkuntza-sisteman dagoen titulazio baxuena ere lortzen. Estatuko erkidego batzuek tasa hori gainditu egiten dute. Murtzia, Andaluzia, Balear Irlak edo Ceuta eta Melillako tasak % 38tik gorakoak dira. Espainia, Europako Batasuneko (EB) estatuen artean, oso atzeraturik dago, Portugal eta Maltarekin batera. Europak duen bataz bestekotik oso urrun dago (% 17). 
Eskola-uzteari dagokionez, Europako Batasunaren bataz bestekoa % 14,9koa da. Espainiak, aldiz, gainditu egiten du: 
%31,9koa da (ebaluazio-institutuaren 2009ko datuen arabera). Erkidegoen artean, Ceuta eta Melillak % 45,7ko tasa du, Murtziak % 39,1, Gaztela-Mantxak % 37,1, Andaluziak % 36,8 eta Extremadurak % 35,5. Hego Euskal Herriko datuak askoz ­ere hobeagoak dira. Euskal Autonomia Erkidegoko kopurua % 15,6koa eta Nafarroakoa % 12koa da. Europako Batasunak, 2020. urterako, eskola-porrotaren tasa %10era jaistea du helburu. Hego Euskal Herriak lortu dezakeen helburua da hori.
Europako Batasunaren iritziz, “ipar-hego arraila” gertatzeko arriskua dago. Portugal, Espainia, Grezia eta Italiako hezkuntza-adierazleak gero eta gehiago urruntzen ari dira Europako Batasuneko estatu garatuetatik: Erresuma Batua, Alemania, Belgika, Herbehereak eta Suedia. Gaur egun, Espainian 15-29 urte bitarte dituzten bi milioi gazte inguruk ez dute ikasten, ez eta lanik ­egiten ere (gaztelaniaz “ninis” deitzen zaie: “ni estudian ni trabajan”). Espainiako gazteen artean, langabeziaren tasa ofiziala 
%53,2koa da. Kopuru hori Greziak bakarrik gainditzen du. Gazteen eskola-porrota eta eskola-uzte goiztiarra gutxitzea, Europako Batasunaren erronkarik garrantzitsuena da, europar gizartearen ongizatea eta kohesioa arriskuan baitago.
Eskola-porrota eta eskola-uztea ­eragiten duten faktoreak
Europako Batasunaren informeak (European Comision, 2009), gazte europarren eskola-porrotean eta eskola-uztean ­eragiten duten faktoreak aztertu ditu. Faktore horiek oinarrizko hiru arlotan sailkatzen dira. Lehenik, ikasleen ezaugarri pertsonalak aipa litezke: nortasuna, gaitasun mugatuak, ikasteko eragozpenak, osasun-larrialdiak, autoestimu eskasa, eta abar. Bigarren faktorea gazteen hezkuntza-inguruarekin lotuta dago: ikasten den hizkuntzan gaitasun urria izatea, irakasleekin harreman txarrak, bizikidetzan arazoak, aniztasunari emandako erantzun desegokiak… Eta, azkenik, informe horrek gizarte-arrazoiak aipatzen ditu: familien ekonomia- eta bizikidetza-arazoak, auzo baztertuetan bizitzea, gurasoen formazio baxua eta hezkuntzaren garrantzia gutxiestea.
Espainiako Estatuan eskola-uztearen oinarrizko arrazoiak ez dira oso ezberdinak. Beste batzuen artean, hauek azpimarra daitezke: ikastetxeen autonomia-falta giza eta ekonomia-baliabideak kudeatzeko; curriculum teorikoa; gaizki doazen ikasleak baztertzea eta ahaztea; aniztasunari dagozkion neurrien eraginkortasun-falta; irakasle batzuen profesionaltasun eta sentsibilitate eskasa; ikasgelako bizikidetzaren eragina; ikasketei zentzurik ez aurkitzea (“zertarako ahalegintzen naiz?”, “aspertzen naiz”), lagunen eta familiaren jarrera desegokiak; osasun-arazoak (droga-kontsumoak, arazo psikikoak…); eta tituluak lortzeko gizartearen presioa (Mena, Fernández y Riviere, 2012).
Eskola-porrota eta eskola-uzte goiztiarra faktore pertsonalekin, akademikoekin eta gizartearen egoerarekin oso loturik daude. Arazo larri horiek ez dira dekretuekin 
eta erreformekin bakarrik konponduko, irakasleriaren pentsamendu-aldaketa beharrezkoa baita. Azken finean, hezkuntzaren muina, inguruaren, hezitzailearen, ikaslearen eta ezagutzen arteko elkarrekintzan dago. Eskola inklusiboagoa lortzeko lau elementu horien arteko oreka beharrezkoa da.
Hezkuntza inklusiboa: hobetzeko ­proposamenak
Ikertutako fenomenoen konplexutasunaren aurrean, ez da erraza ikastetxeak hobetzeko proposamenak ematea. Dena den, egoki deritzogu, eta, neurri batean derrigorrezko, iradokizun batzuk emateari, aldez aurretik azaldutako argudioak justifikatzeko. 
Europako Komisioak (2009), eskola-porrota eta eskola-uzte goiztiarraren tasak jaisteko neurri hauek proposatzen ditu: eskola-ordutegiaren malgutasuna; ratioak jaistea; errefortzu pertsonalizatuak; eduki teorikoak gutxitzea, ezagutza praktikoak ­eta erabilgarriak indartuz; akademikoki gaizki doazen ikasleei ibilbide alternatiboak eskaintzea; oinarrizko ezagutzak bermatzea; ikasleen arteko elkarlana bultzatzea ­eta Lanbide Heziketari bultzada ematea. Erakunde horren iritziz, Lanbide Heziketa indartsua duten estatuek, eskola-uzte eta eskolaren porrot-tasa txikiagoak dituzte.
Ez dugu kolokan jarriko nazioarteko ­erakundeak egindako proposamenen balioa inklusio-arazoei aurre egiteko. Baina ­ekarpen horiek herri bakoitzean tokian tokiko egokitzapena behar dute. Hego Euskal Herrian, eskola-porrotaren eta eskola-uztearen tasak jaisteko irtenbide zehatzak behar ditugu. Besteak beste:
-Alderdi politikoek, hezkuntzaren inguruan, akordioak lortu behar dituzte. Azkeneko 30 urteetan, hezkuntza-sisteman, sei erreforma jasan behar izan ditugu. Egoera horrek irakasleen nekea, ziurgabetasuna eta haserrea sortzen du.
-Haur Hezkuntzako lehen etaparen garapena (0-3 urte): maila sozioekonomiko baxua duten ikasleei aukeren berdintasuna bermatu behar zaie.
-Argitaratzen diren curriculum dekretuek oinarrizko ezagutzak argi eta garbi zein diren zehaztu behar dituzte. Une honetan, ­ikasle batek bereganatu behar dituen gutxieneko edukiak zein diren zehaztu gabe daude. Zer egin behar du irakasleak egoera horren aurrean? Zer ezagutza bermatu behar zaizkie akademikoki gaizki doazen ikasleei? Zein da oinarria?
-Derrigorrezko Hezkuntzan oinarrizko ezagutzak lortzea ikasleen eskubidea da. Beraz, ezagutza horiek derrigorrean bermatu behar dira. Gaur egun, zenbait HLKP-PCPI-etan, adibidez, ikasle batzuek ez dakite biderketak edo zatiketak egiten. Nola da posible hori? Zer gertatu da Derrigorrezko Hezkuntzan egoera horretara ­iristeko? Noren arduragabekeria da hau?
-Ikastetxeko Curriculum Proiektu (ICP) propioak beharrezkoak dira. Ikasleen curriculum-egokitzapenak egiteko ikastetxe bakoitzak bere curriculum propioa behar du. Irakasle askok ez dute beren arloko curriculuma prestatua, ikasliburuaren jarraitzaile sutsuak dira. Ikasliburua baliabide bat besterik ez da. Arloko ICPa, aldiz, irakasleak ikasleekin eta familiekin bete behar duen kontratu pedagogikoa da. 
-Derrigorrezko hezkuntzan (DBH barruan), irakaslearen profilak ez du espezializatua izan behar. Derrigorrezko hezkuntzaren xedea ez da propedeutikoa, hau da, bere helburua ez da ikaslea Batxilergorako prestatzea. Derrigorrezko Hezkuntzak bere helburu propioak ditu. Beraz, irakasleak hezitzailea izan behar du batez ere. Irakaslearen profil espezializatua Batxilergoan eta Lanbide Heziketan bultzatuko da, ez lehenago.
-Irakaskuntza eta ikaskuntza-prozesuei dagokienez, arazoen ebazpena, proiektuen lanketa, kasuen azterketak eta metodologia kooperatiboak bultzatzea egokia ­izango litzateke, batez ere, Derrigorrezko Hezkuntzan. Ikaskuntza kooperatiboa indartzen duten estrategiak ikasleen integrazioa eta inklusioa bultzatzeko oso egokiak dira. TALIS (ELGA, 2009) ikerketaren arabera, Espainiako ikastetxeetan lantzen diren irakaskuntza-ikaskuntza metodologiak, Italiarekin batera, Europako Batasunean teorikoenak dira.
-Balioak eta jarrerak bultzatzea: Derrigorrezko Hezkuntzan jarrerak ezagutzak bezain garrantzitsuak dira. Portaera desegokia edo lagun bihurriak dituen ikasleak aukera gehiago ditu ikasketak uzteko eta marjinazio-arriskuan geratzeko.
-Europan, eskola-porrotaren tasa baxuena duten hezkuntza sistemek autonomia handiko ikastetxeak dituzte. Irakasleak kontratatzeko autonomia beharrezkoa da, giza baliabideak ikastetxearen hezkuntza-proiektura eta ikasleen beharretara egokitzeko. 
-Lanbide Hastapenaren (HLKP-PCPI) egoera ebaluatu eta hobetu behar da. Sektore horren egoera Hego Euskal Herrian tamalgarria da, profesionalen lan-baldintzak duintasunaren mugan baitaude. Administrazioak zerbitzu horren norabidea eta xedeak ebaluatu eta berriro aztertu beharko ditu.
-Ikastetxeen, oinarrizko gizarte-zerbitzuen eta Osakidetzaren arteko lankidetza beharrezkoa da. Askotan, ondo ez dabiltzan ikasleek beste arazo mota batzuk ere badituzte (droga-kontsumoak, arazo psikikoak, familiarekin harreman gatazkatsuak, justiziarekin arazoak…). Egoera horiek ­ezin ditu ikastetxeak bakarrik konpondu, oinarrizko gizarte zerbitzuekin lankidetza bultzatzea beharrezkoa da.
Hego Euskal Herriko herritarrari hezkuntza integrala eta inklusiboa eskaini ahal izateko, alderdi politikoen arteko adostasun zabalak behar dira. Hezkuntza-sistemarekin lotuta dauden arazoei (eskola-porrota, eskola-uztea, ikaskideen arteko gatazkak, cyberbullying-a, drogen kontsumoa ikastetxeetan…) eta gizartearekin lotutakoei (zenbait familiaren egoera larria, eraso sexualak eta filoparentalak, arazo psikiatrikoak, langabezia eta prekarietatea…) erantzun sendoa emateko administrazioen arteko koordinazioa beharrezkoa da. Irakasleak, gurasoak edo ikastetxeak, bakoitzak bere aldetik, ez dira gai behar horiei irtenbide egokia emateko. Esku-hartze komunitarioa, herri-lana eta administrazioen arteko politiken koordinazioa (udalak, foru aldundiak, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, osasun eta enplegu sailak) derrigorrezkoak dira, ­egun, ditugun arazo konplexu horiei aurre egiteko.