Gaur egun, heziguneetan, hainbat sistema abiarazi dira, eta sistema horietan, gatazken prebentzioan, azterketan eta konponbidean ikasleek parte-hartze aktiboa eta protagonismo handia dute. Programa horietako bat, ikasle-laguntzaileena da. Programa horrek, prestakuntza jaso duten ikasleek arazoak izan ditzaketen ikasleak atzeman eta ikasle horiei harrera egin eta laguntza eskaintzeko sare sozialak sortzea du helburu. Lan horretan guztian, betiere, zentroak antolaketa, gainbegiratzea eta onarpena izango du, eta, zentroak prestutasuna, konfiantza eta elkartasuna eskaintzen du.
Gure eskarmentuan oinarrituta, esan behar dugu sistema horiek Gatazketarako Bitartekotza Programak ezinbesteko osagarri direla: bi programek gatazkak lankidetzaren bidez eta modu baketsuan konpontzeko kultura partekatzen dute, eta horiei esker, eskola-komunitateko kide guztiek dute gatazken konponbidean parte hartzeko aukera, elkarrekin. Azkenaldian ezinegon handia eragin duen bullying edo eskola-jazarpenaren fenomenoaren prebentzioan oso baliagarria dela azpimarratu nahiko nuke.
Jarraian, programa horien ezaugarri nagusiak azalduko ditut, eta baita heziguneetan era eraginkorrenean antolatzeko jarraibideak ere.
Zein dira ikasle-laguntzaileak?
Ikastalde bakoitzean bi edo hiru ikasle-laguntzaile egon daitezke. Hainbat ezaugarri dituzte:
- Gatazken konponketa-alorrean prestakuntza dute.
- Ikaskideen konfiantza dute.
- Taldeko bizikidetzari begira daude.
- Gaizki daudenei edota zailtasun pertsonalak edo ikasteko zailtasunak dituztenei laguntza ematen diete.
Izan ere, ikasle horiek gizarte-gaitasun jakin batzuk eskuratu dituzte: enpatia, elkartasuna, ongizate orokorra, eta abar. Besteren konfiantza izaten dute, ikaskideen premiekin sentiberak dira, eta laguntza eta babes horiek modu egituratuan eskainiko dituzten programa batean parte hartzeko prest daude.
Programak zenbait izenez ezagutzen dira: “berdinen arteko laguntza”, “bizikidetza-taldeak”, “laguntza-ikasleak”, “kideen kluba”, “ikasle solidarioen sarea”,”ikasle-laguntzaileak”, edo “peer support”. Guztiak bat datoz ikasleei bizikidetzaren hobekuntzan ikastetxean protagonismo berezia emango dieten egiturak indartzearekin.
Ikasle-laguntzaileen eginkizunak
Laguntza-programaren antolakuntza ikastetxe bakoitzaren errealitatera eta ikasle-laguntzaileen heldutasun-mailara eta gaitasunetara egokitu behar da. Horregatik, helburua da ikastetxeak eta ikasle-laguntzaileek berek taldearen eginkizunak eta lehentasunak zehaztea, ikastetxearen premien arabera, betiere. Halaber, beste helburu bat jarduerei ezarritako mugak zehaztea litzateke. Beraz, eginkizunak finkatzea, ikasle-laguntzaileen prestakuntza-prozesuaren barruko beste hezkuntza-jarduera bat litzateke.
Ikasle-laguntzaileen eginkizunei dagokienez, hona hemen proposamen bat:
- Ikasle iritsi berriei harrera egitea eta taldean integra daitezen ahalbidetzea.
- Baztertuta daudela sentitzen duten, zailtasun pertsonalen bat duten, norbaitek entzutea behar duten edota norbaitekin egotea behar duten ikasleei laguntzea.
- Ikaskideei laguntzea, beste norbaitek “zirikatzen” dituztenean.
- Eskolako lanetan eman beharreko laguntzaren antolakuntzan jardutea.
- Gatazkak antzematea eta aztertzea eta balizko konponbideak, esku-hartzeak edota bideratzeak bilatzea.
- Zailtasun handiko lanetan, uneetan edota egoeretan ikaskideei laguntzea.
- Ikastetxeko bestelako ikaskideekin batera, bizikidetza, elkarri izan beharreko errespetua, ingurumena eta pertsonak zaintzea, eta abar hobetzeko ekintzetan eta balioetan parte hartzea eta horiek sustatzea.
- Ikasle-Laguntzaileen Taldearen bileretara joatea.
Aipatutako laguntza-jardunak hainbat garai eta gunetan gara daitezke: jolasgaraian, jolastokian, ikasgeletan, jantokian, eskola-orduetan, eskola-ordutik kanpo, eta abar. Ikasle-Laguntzaileen Taldeak jolastokian gertatzen diren elkarreraginak antzemateko eta aztertzeko esku-hartzeak diseina ditzake, horiek interpretatzeko adierazleak hautatuz eta, hortik abiatuta, antzemandako zailtasunak konpontzeko edota inklusioa sustatzeko jarduerak asmatuz. Taldeak erne egon behar du, laguntza eskatzen dutenei edota isolatuta daudela antzemandako pertsonei laguntzeko eta haien lagun egiteko. Ikastetxera iritsi berri direnei harrera egin diezaiekete, eta baita lagundu ere, ikasketa-zailtasunei, frustrazioei, ikaskideekiko arazoei, bakardadeari, goibeltasunari, familia-arazoei, tratu txarrei eta abarri aurre egiten lagundu, hain zuzen.
Era berean, poztasunean, jarduera berezien antolakuntzan, ekitaldietan edota topaketa-jardunaldietan ere parte hartzen dute, kultura-adierazpenen aniztasuna bultzatuz, tradizioei berriz ekinez eta jarduerak dinamizatuz. Baita lehiakortasun-jardueretan ere, ikastetxeetako bizitzan oso ohikoak baitira horrelakoak.
Ikasle-laguntzaileek konpontzen dituzten gatazka nagusiak
- Taldeko partaide izatea, isolamendua, gutxiespena.
- Liskarrak: irainak edota eraso txikiak.
- Gaizki-ulertuak.
- Arazoak ikasgela osoan: portaera txarra, zikintasuna gelan, taldea banatuta egotea, eta abar.
- Ikasgela osoari kalte egiten dioten banako jokabideak.
- Arazo pertsonalak.
- Absentismoa.
Ikasle-laguntzaileen profila
- Ikaskideen ongizateari edota ondoezari begira dagoen pertsona da.
- Konfiantza ematen du.
- Entzuten daki.
- Berdinei laguntzen saiatzen da.
- Arazo larriak konpontzeko ikastetxeak dituen baliabideak ezagutzen ditu.
- Behar dutenei baliabide horien eta edukiaren berri ematen die.
- Bere jarduteko gaitasuna gainditzen duten arazoak bideratzen ditu, dagokionak konpon ditzan.
Ikasle-laguntzaileen profila definitzeko modu errealista samar bat, legitimitate handiena duena, ikasleen iritzia kontuan hartzea da; prestakuntza-jarduerak antolatzen ditugunean, ikasleek esan ohi digute laguntza-harremana “zer den” eta “zer ez den” edo zer ez lukeen izan behar. Horrela, ikasleek honako ezaugarri hauek dituzten pertsonak bilatzen dituztela esan ohi dute:
- Zer gertatzen zaidan konta diezaioket.
- Ni entzuten eta ulertzen badaki.
- Ongi tratatzen nau eta ez du nitaz barre egiten.
- Naizen bezala onartzen nau.
- Aintzakotzat har dezaket.
- Behar dudanean, laguntzen nau.
Horretaz gain, pertsona bereziak edo hobeak ez direla ere nabarmendu dute. Beraietako inor ez da kontakatilua, marmartia, berritsua, lausengarria, gainerakoak baino hobea dela uste duena, irakaslearen laguntzailea, eta abar.
Hain zuzen, laguntza-eginkizunak betetzen dituen ikaslea gainerakoen premiekin sentibera da, entzuten badaki eta konfiantza eman ohi du, laguntza eskaintzeaz, errespetatzeaz eta babesteaz gain, besteak beste.
Egiteko horietan, ikasle talde batek hartzen du parte, bere borondatez. Taldea sortu ondoren, laguntzari, asertibitateari, entzuteari, emozioak maneiatzeari, enpatiari, gatazkak eraldatzeari, arazoak konpontzeari, eta abarri buruzko prestakuntza eman ohi zaio talde horri.
Zentroak konpromisoa hartzen du kideen arteko parte-hartzearen eta laguntzaren formula horrekin eta ez, soilik, prestakuntza emanez; zentroaren beraren antolakuntzan txertatuz, ikasle horiek laguntzeko eta lagun egiteko tokiak eta uneak sortuz; helburuak, balioak eta egitekoak zabalduz; irakasleak eskainiz beren esku-hartzeak gertutik jarraitzeko eta gainbegiratzeko, zailtasunei aurre egiteko, adore emateko, erabakiak hartzeko, berdinen arteko laguntza-zerbitzua sustatzeko.
Laguntza-harremanaren faseak
Laguntza-prozesu bat eta harreman pertsonal mota bat dagoela esan nahi du, iraupen mugatukoa baina adiskidetasunezko edo, besterik gabe, kideen arteko harreman iraunkor bihur daiteke.
Harreman pertsonal guztien moduan, “historia” bat (faseak) du. Zenbait kasutan, fase guzti-guztiak gertatuko dira eta, bestetan, zenbait fase baino ez, edo fase jakin batek besteek baino garrantzi handiagoa izango du. Prozesu horretan bost fase bereiziko ditugu:
1. Hurbiltzea.
2. Laguntzea.
3. Sakontzea.
4. Jarraitzea.
5. Urruntzea.
Berdinen arteko laguntza-programak ezartzeari buruzko ondorioak
Lehen ere esan dugunez, programa horien bidez, ikasleek osatutako eskola-sareak edo sistemak indartu egiten dira, betiere ikaskideei laguntzeko eta gatazken prebentziorako, antzemateko eta konponbiderako sare edo sistemak sortuz. Jokabide altruista bultzatzea dute xede, adin eta status berdineko beste pertsona bati arazoak edo gatazkak konpontzen edo eskolako lanen bat egiten laguntzeko, hain zuzen.
Zenbait ondorio atera ditugu Bizikidetza Planaren barruan programa horiek txertatzeko ikastetxeei prestakuntza-alorrean eskainitako laguntza aztertu ondoren:
Zentroaren antolaketari dagokionez: proiektuek prozedura eta egitura berriak sortzen dituzte ikastetxearen antolaketan, irakasleen eta ikasleen arteko lankidetzaren balioak ardatz izanik. Ikasle-laguntzaileen programak ikastetxean laguntza-sare solidario bat dagoela esan nahi du. Balio praktiko handia du gatazken eta problemen prebentzioan eta horiek atzeman eta modu parte-hartzailean konpontzeko garaian, baina, batik bat, balio hezigarri handia du ikasleentzat.
Berdinen arteko laguntza-sarea ikasleen parte-hartzearen adierazgarri da, ikasleek zentroaren bizitzan parte hartzen duten adierazgarri bizia; partaide izatearen zentzuan eragiten du eta, beraz, hezkuntza-inklusioa sortzen du. Taldeen barruan kideen arteko elkarrekiko mendetasun positiboa sustatzean, guztiek baliabideak partekatuko dituzten dinamika bultzatzen da: denek elkarri laguntzen diote eta elkarrekin erdietsitako lorpenak batera ospatzen dituzte.
Ikastetxe askotan garatzen ari dira laguntza-programak eta emaitza oso onak lortzen ari dira eskolako bizitza hobetzeari dagokionez. Ikastetxeetan laguntza-egiturak sortzeko ahaleginak areagotu egin dira azken aldian, bai ikaskuntza-alorrean, bai eskola-bizikidetzaren alorrean eta, horren ondorioz, ikastetxeak “goxoagoak”, seguruagoak, kooperatiboagoak eta, aldi berean, eraginkorragoak dira. Hezkuntza-sistemaren bi gaitz nagusiak, eskola-porrota eta bazterkeria, arazo beraren bi alderdiak dira eta, kasu askotan, laguntza eza izaten da arazo horren muina. Ikasgeletako ondoeza areagotu egiten da, ez baldin badago behar beste baliabide ikasleei zailtasunak gainditzen laguntzeko, edo laguntzeko baliabiderik onena ikasleak beraiek direla aintzat hartzen ez bada. Hori horrela izanik, talde baten barruan ikaskuntza eta bizikidetza bil ditzakeen paradigma izan daiteke laguntza.
Ikasle-laguntzaileen garapen pertsonalari dagokionez: berdinen arteko laguntza-proiektuak, bereziki, balio hezigarri handia du, lidergo positiboa sustatzen du, ikasleen gizarte-gaitasuna garatzea ahalbidetzen baitu, ondorengo trebetasun hauek garatuz: enpatia, entzute-aktiboa, autokontrola, komunikazioa eta garapen morala. Elkarrizketaren, tolerantziaren eta laguntzaren balioetan oinarritutako hezkuntzaren praktika moral “erreala” da, gizarte-bizitzarako egiazko prestakuntza, alegia.
Ikasle-lagunduei dagokienez: laguntza jasotzen duten ikasleek egoera latzak gaindi ditzakete; badakite norengana jo dezaketen babes eske. Pertsonen arteko guneetara iristea lortzen da eta, ziurrenik, irakasleek ezin izango lukete gune horietara iritsi. Naylor eta Cowie (1999:1690) autoreen arabera, Bigarren Hezkuntzako 51 ikastetxetako ikasleekin eztabaida-taldeetan bilerak egin zituztenean, zerbitzu hori erabiltzearen funtsezko hiru onura ondorioztatu zituzten: “hitz egiteko norbait, entzungo zaituen norbait” eskaintzen du, “arazoari aurre egiteko indarra”, eta “norbaitek zainduko zaituela” erakusten du.
Halaber, programa ezarrita zegoen zentro bateko kasu jakin bat aztertu ostean (Andrés, 2009:488), honako ondorio hau atera dugu: Ikasle-Laguntzailearen Programa oso baliagarria izan da ikasleen arteko gatazkak antzemateko eta, batez ere, botere-gehiegikeriak eragindako berdinen arteko tratu txarren kasuak bideratzeko. Era berean, programan zuzenean inplikatutako ikasleen gizarte-garapenerako faktore erabakigarria izan dela frogatuta geratu da.