Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen.

2013-01-01
Euskararen Kontseiluaren proposamena martxan jarri dute Dimako eskolan 
eta Donostiako Aitor ikastolan, Sortzen Ikasbatuazen babesarekin.
 
 
Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko proiektua martxan jarri dute Dimako eskolan eta Donostiako Egia auzoko Aitor ikastolan.  Gizarte Erakundeen Kontseiluaren  dokumentua kaxoitik ateratzea erabaki du Sortzen Ikasbatuazek, eta Elhuyarren aholkularitza lanarekin abiatu da egitasmoa Diman eta Donostian. Eleaniztasunaren erronkari heltzeko proiektu hau behin betiko kaxoitik ateratzea erabaki du Sortzenek, dokumentuak bere baitan hainbat balio dituelako, Aitziber Martinez de Lagos koordinatzailearen arabera: “Eleaniztasuna planteatzen duten beste zenbait egitasmok ez bezala, proiektu honek dakarren berritasuna da legea bete egingo litzatekeela berau gauzatuz gero, hizkuntza desberdinetan ikasleek dituzten gaitasunak ziurtatuko bailirateke; eta bestetik, dokumentu hau atzean lanketa handia duen egitasmoa da, eragile askoren adostasun zabalarekin egin zena”.
2007. urtean argitaratutako Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn legearen garapenerako Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak egindako proposamen hau osatzeko eta garatzeko, Kontseiluko hezkuntza arloko bazkideak eta ordezkariak bildu ziren Arantxa Urbek zuzendutako lantalde teknikoan. Honako hauek osatu zuten lantaldea eta adostu zuten dokumentua: EHIK (Koldo Tellitu), EHIGE  (Ana Eizagirre), Kristau Eskola (Mikel Ormazabal), Sortzen Ikasbatuaz (Julen Etxeberria) eta Hik Hasi (Joxe Mari Auzmendi). Markoa garatzeko proposamena lantzerakoan kontuan hartu ziren hainbat zientzia diziplina; hala nola, glotodidaktika, soziolinguistika, psikolinguistika eta soziopolitika, besteak beste. Gainera, Mari Jose Azurmendi, Felix Etxeberria, Paulo Iztueta eta Matilde Sainzen ekarpenak ere jaso zituen proposamenak.
Dimako eskolako eta Aitor ikastolako kasuak
Beste hamaika ikastetxetan bezala, Dimakoan eta Aitorren ere denbora luzea daramate hizkuntza proiektuaz hausnartzen, eta planak eta metodologiak pentsatzen. Biak ala biak soziologikoki ingurune nahiko euskalduneko ikastetxeak izanagatik ere, euskararen erabilerak kezka sortu du bi zentroetan, ezagutza zabala den arren hizkuntzaren erabilera jaitsi egin baita, bi kasuetan, ikasleen artean. Adibiderako, lehenago ez bezala, jolas garaian edo jangela orduetan, eta zenbait kasutan gelan bertan ere, erdarara jotzen dute gaur egun ikasleek. Biak Lehen Hezkuntzako ikastetxeak dira: 139 
ikasle ditu Dimakoak, eta 350 inguru -bi lerrotan- Egia auzoan kokaturik dagoenak.
Teoria eta marko mailako eztabaiden ondoren, orain Kontseiluaren proposamena martxan jartzea erabaki dute, batetik dokumentuaren muin-muinarekin bat egiten dutelako, hau da, ikasle eleaniztunak sortzeko euskaratik abiatu behar dela argi dute 
ikastetxeek, euskaldun eleaniztunak izango direla benetan eleaniztunak izango badira; eta, bestetik, Sortzen Ikasbatuazen eta Kontseiluaren babesa, Elhuyarren esku hartzea eta, behar izanez gero, Huheziren aholkularitza izateak bidean aurrera egiteko konfiantza ematen die, bai baitakite ikas-komunitate osoarentzat lan mardula izango dela proiektua martxan jartzea eta garatzea.
 Aitor eta Dimako ikastetxean abiatuko du proiektua Sortzen Ikasbatuazek. Behin  finantzazioa loturik eta ikastetxeetako organo gorenek onarturik, bost urtetan osatuko dute elkarrekin ibilbidea, sentsibilizazio eta diagnostikotik hasi, minimoak eta helburuak ezarri, plana diseinatu eta berau martxan jarri arte. Horretarako, hiru lantalde osatu dituzte: ikastetxe bakoitzean talde eragilea osatu dute (zuzendariak, proiektuaren arduradunek eta gurasoek); herrietan ere batzorde gisa funtzionatuko dute ikastetxeko ordezkari eta herriko eragileekin; eta hirugarrenik, jarraipen batzordeak prozesu guztiaren jarraipena, aholkularitza eta ebaluazioa egingo du, Kontseiluko ordezkariekin, Sortzen Ikasbatuazekoekin, Elhuyarrekoekin eta Huheziko irakasleekin. Eta ondoren, unean uneko ebaluazioa eginez eta ereduak osatuz, dokumentuaren oinarriak zabaldu nahiko lituzkete beste ikastetxe batzuetara.
Euskaratik abiatzen den eleaniztasuna
Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko dokumentuak euskara proposatzen du eskola hizkuntza gisa. Bi hizkuntza ofizial izanagatik, horietako bat, euskara, gutxitua dagoenez, lehentasuna eman behar zaiola nabarmentzen du dokumentuak, euskara erabilgarri ikus eta gerta dadin ikasleen begietara. Etxeko hizkuntza euskara ez duten ikasleentzat murgiltze-eredua proposatzen du dokumentuak eta etxeko hizkuntza euskara dutenentzat mantentze-eredua. Horrez gain, proposamen horrek, alde psikolinguistikoa eta soziolinguistikoa kontuan izanik, oinarrizko printzipio bat plazaratzen du: euskara gutxiago duen ikasleari eskolak euskara gehiago eskaintzea. 
Kontseiluaren proposamena, alabaina, horixe da, proposamen bat, non oinarriak argi zedarritzen diren, baina ikastetxe komunitate bakoitzari dagokio bere errealitatearen eta beharren araberako hausnarketa, prozedura eta hizkuntza plana egitea. 
Ikastetxe komunitatea aipatzen da, izan ere, proiektu hau ez da eskolako lau hormetara mugatuko. Alde horren garrantzia nabarmentzen du Aitor ikastolako irakasle Julen Etxeberriak. “Euskaldundu nahi badugu, herriko eragile guztiek parte hartu behar dute, ikastetxea, bestela, irla bat delako; eta umeak arratsaldeko lauetatik aurrera ez daude irla horretan. Proiektu honek gurasoak eta herriko eragileak inplikatzeko aukera ematen du, eta horrek guretzat balio handia du”. Baita Dimakoentzat ere, Ainhoa Baraiaetxaburu irakasleak azaldu duenez: “Gizartearen beharrak asetzeko proiektu bat da, gizarte euskaldun eta eleaniztuna sortzeko bidean urrats garrantzitsua, herri osoa inplikatu eta gizartea kohesionatzeko eta gorpuzteko baliabideak eskaintzen dituena”.
Ikasle eta irakasleez gain, beraz, gurasoak eta herriko eragileak, udalekoak, nahiz aisialdiko taldeetakoak, dendariak, kultur elkarteetakoak inplikatuko ditu bost urte hauetako lanean. Horien guztien arteko dinamizazio lana egiten ari da Elhuyar. Proiektuaren aurkezpena bera herrira –Dimako kasuan– eta auzora –Aitorren kasuan– zabaldu dute, eta herriko eragileek hartuko dute parte, hasiera-hasieratik, sentsibilizazio lanean eta egoeraren diagnosian, ikasle, irakasle eta gurasoekin batera. Orain arte, auzoan nahiz herrian harrera oparoa izan du proiektuak, bai aurkezpen 
ekitaldietara gerturatu diren eragileen kopuruari dagokionez bai atariko bileretan eginiko hausnarketei dagokienez, Ana Labaka Elhuyarreko aholkulariak azaldu duenez.
Orain, diagnosia egiteko unea
Egoeraren diagnosia egiten ari dira bi ikastetxe komunitateak une honetan, Elhuyarren laguntzarekin. Horretarako, irakasle klaustroarekin, gurasoekin –euskaldun eta erdaldunekin–, 10 eta 11 urteko ikasleekin eta herriko eragileekin egin dituzte eta egingo dituzte bilerak. Diagnostikoa egitean gela barrukoa nahiz kanpokoa kontuan izan dute, baita eremu instituzionala, familia eta eskolaz kanpoko espazio eta eragileak ere. Sentsibilizazio lanetik abiatu, hizkuntzarekiko bizipenak mahai gainean jarri eta hizkuntza proiektu bat egiteko premia azaldu da lehen bilera horietan. Halaber, herriko eragile, elkarte eta abarrek Hizkuntza Proiektuaren diseinuan eta Plan Estrategikoaren  diseinuan eta garapenean ere parte hartuko dute. Ikastetxe bakoitzak duen errealitatetik abiatuta eta ikas-komunitate osoak zehaztu duen Hizkuntza Proiektua kontuan harturik, 4-5 urteko plan estrategikoa diseinatuko dute parte hartzaileek.
Hizkuntza proiektua osatzeko eta ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko ikastetxeen eta kanpo-eragileen arteko harremana eta elkarlana sustatzea, era berean, herriko eragileak hezkuntza gaietan inplikatzeko lehen urrats bat izan liteke, Aitziber Martinezen aburuz. “Herria ere sentsibilizatu behar da hezkuntza bera bere egitekoa dela, eta ikastetxearen garapena bere ardura ere badela; hori ere ekarriko du proiektu honek, 
eta etorkizun batean, igual, herrian bertan sor litezke beste proiektu batzuk elkarlanean egiteko”.
Metodologiaren garrantzia
Euskara indartzeko eta bermatzeko, baina, aldi berean, ikastetxea eleaniztun izateko ahaleginean, teorietatik praktikara urratsa ematean izan dituzte orain arte zailtasun handienak Dimako ikastetxeak eta Aitor ikastolak. Kontseiluaren dokumentuak metodologian berrikuntza sakonak egin behar direla planteatzen du: euskara ezagutzeko helburuarekin batera, euskararen erabileran ere eragingo duen metodologia behar dela aipatzen du, eta ezinbestekotzat jotzen du ikasleek euskararen funtzionalitatea sentitzea. Halaber, hizkuntzarekiko identifikazioa eta alde afektiboa ere aipatzen ditu proposamenak. 
Erreferentzia egiten dio, baita ere, taldeen antolaketari, irakasleen prestakuntza teknikoari, eta baita motibazioari eta eskolaz kanpoko eragileei ere. “Lehen urratsa zentroa izaeraz eta funtzionamenduaz benetan euskalduna izatea da. Eta hortik abiatuta, eskola barrua eta kanpoa lotu beharko ditu proposamenak. Beraz, aisialdiaren eta eskolaren arteko koordinazioak estua izan behar du, ikasleek eskolatik kanpoko ekintzak ere euskaraz egin ahal izateko”. 
Ebaluazioak garrantzia handia izango du aipaturiko bost urteko epe honetan, “diseinatzen diren plangintzek euskararen ezagutza maila eta erabilera maila egokiak ziurtatzen dituzten jakiteko, eta horrela ez den kasuan laguntzabideak non behar diren detektatzeko”, dokumentuak dioenez. 
Proposamenaren beste habeetako bat Haur Hezkuntzan hizkuntzen ezagutzak duen garrantzia azpimarratzea da. Bereziki zaindu beharreko bi alderdi ere aipatzen ditu dokumentuak: alde afektiboa eta identifikazioa. “Kontu handiz zaindu beharrekoa litzateke maila pertsonala, ez baitugu ahaztu behar motibazioak ere pertsonalak dira. Dudarik ez dugu euskarara afektiboki hurbiltzea lortzen den kasuetan hizkuntzarekiko atxikimendua handiago dela eta horrek asko errazten duela ondorengo hizkuntzaren gaineko ikasketa guztia”. Identifikazioari dagokionez, txostenak garrantzitsutzat jotzen du haurrek hizkuntza pertsona eta espazio jakin batekin edo batzuekin identifikatu ahal izatea. “Horrela, etxetik euskara ez dakarten haurrek eskola eta bertako langileak identifikatuko dituzte euskararekin, eta bi hizkuntzen arteko interferentziak saihestuko dira, horiek sendotuz”.
Adostasun zabalarekin mamitu eta osaturiko dokumentua Diman eta Egiako ikastolan praktikara eramanik, Sortzen Ikasbatuazek azaldu nahi du ikasle eleaniztunak sortzeko alternatibak egon badaudela, “herritik eta herriarentzat eginiko proposamen on bat dago, herri honetako beharretara 
egokitutako proiektu bat”. Legeak dioena beteko bada, hau da, ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialetan eta beste batean konpententziak edukitzea nahi bada, euskarari lehentasuna eman behar zaiola berretsi du Aitziber Martinez de Lagosek, esparru horretan egiten baitute herren gaur arteko ereduak zein ezarri nahi diren bestelako hiru 
eleko ereduek. “Proiektu honekin ikusarazi nahi dugu, gaurdanik posible dela martxan jartzea etorkizun baterako nahi dugun euskal eskola, proiektu honek horri erantzuten baitio”.