Alfonbrapean

2013-02-01
“Gauzak alfonbra azpian gordetzea”. Ez dakit non irakurri dudan erdarakada hau, Interneten ziurrenik. Eta hori dauka sareak, asko irakurtzen dela, baina gero ez gaude ziur non, nori eta zertarako.
Alfonbrapean gordetzea, gure sistemaren engranaiak koipeztaturik izateko ezinbesteko jarduera. The show must go on. Ez ­dezala gure oparotasun ekonomikoa oztopa matxismoak, buru eritasunek, txirotasunak edota herrian ijitoen kanpamendu bat izateak.
Alfonbrapean gorde eta segi aurrera. Honela izan behar du kapitalismoan, egun gutxik kuestionatzen duten eredu ekonomiko eta sozialean. Eta zer egin alfonbrapea horren puztua denean eta ezin denean ezkutatu edo gainean ibili? Sar dezatela eskua profesionalek. Hots, hezitzaileek. Hots, betikoek.
Eta hori kasurik onenean, bestela kausak eta ondorioak indibidualizatzen baitira. “Lan merkatua justua da, zu zaude gaixorik edo ez zara gai”. “Gizon hori erotuta dago, gizartea ez da matxista”. Psikologo eta erien gizartea, “sozial” adjektiboa erbesteratu nahi izan den garaiotan.
Eta hori da finean hezitzailea izatea gaur egun, berdin ikastetxe edo ludotekatan, udalekuetan edota institutuan. Arazo sakonei erantzunak ematen ahalegintzea. Abiapuntu ezberdinak dituzten haurrei ­ahalik eta onena eskaintzea, jakinik gobernuek ez dutela gehiegi egiten ezberdintasun sozial eta ekonomikoak gutxitzeko, salbuespenak salbuespen. Eta gainera, gero eta baliabide gutxiagorekin, sos eta pertsonal gutxiagorekin. Hezkidetza, bullying-a, kulturartekotasuna, hizkuntza-asertibitatea, zuntza komunitarioen hausturak leuntzea eta ­abar luze bat.
Ez dira kontu berriak aipatzen ditudanak, Pernandoren egiak dira. Baina kasu, horrek ez du esan nahi-eta gauzak betierekoak direnik. Alfonbra zuloz josita dago eta alfonbrapean nahi izan gaituztenak ari gara argia ikusten. Kolektibo baztertuak ere baitaude, egotziak, errentagarritasuna jainko den mundu honetan. Eta hemen doa abisua, nahi duenarentzat: alfonbra apurtzera goaz eta zuzenean salatuko dugu bazterketara egotzi gaituena. Modako esakune bat ­erabiltzearren, alfonbrapekoak %99 gara.