“Orain, bueltak eman behar dizkidazu”. Langraitz Okan

2013-02-01

Langraiz Okako (Araba) J.M. Barandiaran eskola publikoko ikasleen artean herriko supermerkatua ezagutzeko nahia sortu zen. Denda gure ikasle baten familiarena zen; beraz, erabaki genuen ekimen hori aurrera eramatea Haur Hezkuntzako 4 urteko bi geletan.

 
 
Haur Hezkuntzako bi irakasle gara, eta, gure esperientziak erakutsitakoaren arabera, jakin badakigu Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloan oso zaila dela arlo matematikoan azaltzen diren edukiak modu erakargarri eta interesgarrian lantzea eta ikasleen eguneroko bizitzan gertatzen diren esperientziekin erlazionaturik egotea. Horregatik guztiagatik, 2011-2012ko ikasturtean, hilabete eta erdiz, Supermerkatua 4 urteko ­gelan  esperientzia gauzatu dugu.
Ikasturte osoan, 4 urteko bi geletako ­ikasleek arlo matematikoa ikuspuntu globalizatzaile batetik eta haientzako esanguratsuak ziren bizi-esperientzien bidez landu dute (jolas ugari sortu dituzte: antzara-jolasa, arrantza-jolasa…).
“Gure herriko lanbideak” lantzen genituen bitartean, ikaskide baten familiaren supermerkatua ezagutzeko interesa sortu zen gure ikasleen artean. Supermerkatua herrian bertan zegoen. Ideia horretatik abiatuta, bi irakasleok konturatu ginen ekintza hori egingarria zela jolas sinbolikorako txokoan eta, era berean, beste txoko batzuetan lantzeko baliagarria zela:
-Hizkuntza-txokoan,  hainbat produkturen etiketak egin zituzten ordenagailuan.
-Plastika-txokoan, eguneko eskaintzen kartelak marraztu, margotu, moztu eta itsatsi zituzten.
-Matematika-txokoan, batzarrean adostutako salneurriak idatzi zituzten hainbat produktutan, eta beharrezkoa izango zuten dirua egin zuten (1-10 bitarteko txanpon ­eta billeteak).
Ekimen horren bidez, honako helburu hauek landu genituen:
-Salerosketa-prozesuari esker, pisu, bolumen, kantitate eta abarrekin esperimentatzea.
-Hainbat kopururen batuketarekin eta kenketarekin lotura duten ezagutzen eta prozesuen hastapenak ezartzea.
-Produktuen salneurrien inguruan gutxi gorabeherako kalkuluak egitea.
-Zenbakien grafiak praktikatzea.
-Euskaraz, gaiarekin lotura duen hiztegi eta adierazpenen ezagutza eta erabilera garatzea.
 
Ekintza horretan murgildurik, gure ikasleak konturatu ziren beharrezkoa zela gelara material berri batzuk ekartzea, besteak beste, kalkulagailua, diru-zorroa, pisua, arkatza eta papera, poltsak, gurditxoa, saltzailearentzako mantala, salneurriak itsasteko etiketak, etab.; azkenik, batzarrean erabaki zuten zer motatako produktuak salduko zituzten. Modu horretan, ohartu ziren zein diren produktu galkorrak eta zein gelan edukitzeko egokiak. Erosketen zerrenda ­osatu ostean, supermerkatura joan ginen ­eta erosketak egin genituen. Ondoren, ikasle bakoitzak libreki aukeratu zuen supermerkatuaren eraketan laguntzeko zein lan egingo zuen eta zein txokotan arituko zen lanean.
Supermerkatuaren funtzionamenduaren arauak batzarrean adostea gelditzen zen soilik: nor izango ziren bezeroak, nor saltzaileak, noiz aldatuko ziren rolak, etab.
Gure supermerkatua prest dago!!! 
Bi astez gure supermerkatua martxan jarri ostean eta, kantitate, pisu, bolumen, gehitu, kendu eta abarrekin esperimentatu ostean, 6. mailako ikasleekin ekimen hau gauzatzea komeni izango zela pentsatu genuen, modu horretan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen arteko harremana sustatuko baikenukeen. Beraz, asteazken eta ostiraletan, 6. mailako bi ikasle gure geletara ­etorri ziren, gure supermerkatuko saltzai­leak izateko.
Ikasleak motibaturik sentitzen direnean eta berek sortu duten ekintzan murgiltzen direnean, ikaskuntza esanguratsua sortzen da; irakasleok prozesuaren gidari soil bihurtzen gara. Ekimena amaitutakoan, bi tutoreok oso modu positiboan balioetsi genuen gure ikasleek bizitako eta bereganatutako esperientzia berria: intuizioa garatzea, supermerkatuaren produktuen propietateak ezagutzea. Haiek izan dira beren ikaskuntza-prozesuaren benetako protagonistak.
Ondorio moduan, jolasaren hainbat ­unetan jaso ditugun esaldi batzuk bildu ditugu:
“Poltsa bat behar dut nire gauzak sartzeko”.
“Orain bueltak eman behar dizkidazu”.
“Dirua bukatu zait, ezin dut erosi”.
“Ordaindu gabe eraman dut, meloia lapurtu dut”.