“Gure herrian, gure eskola”

2013-02-01
Aurrera begira ere, bitarteko handiagoak, kanpoko injerentziarik ez ­egoteak eta 
oinarri zientifikotan lan egiteak hobetuko dute geure hezkuntza. 
 
 
­“Etsita” etorri omen da Madrildik Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroarekin LOMCE lege aurreproiektuaren gainean izandako bileraren ostean: “Aurreproiektua itxita dago eta parlamentuko tramitearekin egingo dut aurrera”, esan omen zuen ministroak.
Hutsune tekniko batzuk ikusi baditu ere, hezkuntza-lege erreformarekin erabat ados agertu da Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria.
Kezkagarria da guretzat, LOMCE ­aurreproiektuak zentralizazioan nola sakontzen duen ikustea, zer-nolako kontrol ideologikoa finkatzen duen, nola baldintzatzen duen arlo pedagogikoa, zer argudio azientifikoekin ezartzen duen gaztelania beste hizkuntzen gainetik, nola murrizten duen eskola-komunitatearen parte-hartzea, eta abar.
Gure herriak hamarkadak daramatza bere ibilbide propioa eraikitzen, eta lortutako emaitzak nahiko onak dira. Irakasleen, ikasleen, gurasoen, herritarren ­eta hainbat instituzioren parte-hartzearen ondorioz, euskalduntzean aurreratzen ari gara, curriculumak eskola komunitateetara egokitzen ari dira, aniztasuna landuz eskola inklusiboagoa egin da, eta ­abar. Horrek guztiak, gure hezkuntza Europako batez besteko mailan jarri du, Lanbide Heziketa Europako hoberenetakoa egin du, ikasleen arteko aldea murriztu egin du, oro har, maila hobetzen ari delako; eta, ondorioz, herritarren kohesioan lagundu egin du.
Horregatik, gure hezkuntza hobetuko duten neurriekin jarraitu behar dugu: 
- Euskara Kontseiluak sustatuta eta hezkuntza eragileak elkarlanean arituta ­eta adostuta, Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen proposamena errealitate bihurtzen segitu behar dugu. Izan ere, euskaraz (D ereduan) ikasten dutenak dira, nagusiki, bi hizkuntza ­ofizialetan maila nahikoa lortzen dutenak. Horrek aukera berdintasunean laguntzen du, beste hizkuntza batzuk ikasten errazten du, eta jendartea kohesionatuagoa egiten du.
- Geure herriko curriculumak garatzeko egiten ari diren ahaleginak sustatzen. Bertakoa biziz eta ezagutuz mundura irekiz.
- Legearen zentralizazio berriaren aurrean, deszentralizazioa handitzen eta eskola-komunitateko guztien parte-hartzea bermatzen jarraitu behar da. Praktikak 
erakutsi baitigu eskola-komunitateak parte hartzen duen heinean, ikasleek era guztietako emaitzak hobetzen dituztela, ­emaitza akademikoak barne. 
- Ikasleen arteko bereizketei uko egiten eta inklusioan gehiago sakontzen.
- Gure herriaren eta herritarren beharren arabera hezkuntza eraikitzen.
Izan ere, eguneroko lanak eta elkarlanak erakutsi digute bide zuzena zein den. Orain arteko baldintzak hain ­egokiak ez ­izan arren, gure herrian lortu diren hezkuntza-aurrerapenak nabarmenak ­izan dira. Eta, aurrera begira ere, bitarteko gehiago izateak, kanpoko injerentziarik ez ­egoteak eta oinarri  zientifikoz lan egiteak hobetuko dute geure hezkuntza.