KIMUTX-ekin alai eta pozik

2013-02-01

Kantua, ipuina, irudia, dantza eta jolasa uztartzen dituen materiala sortu dute, 0-6 urte bitarteko haurrak egunerokoan hezteko lagungarri izan dadin.

Euskal mitologiaren bidez haur txikien eguneroko ­ekintzak modu alai, 

jostagarri eta maitekorrean ­gauzatzen laguntzea du ­helburu ‘Kimutx: izaki ­mitologikoen eskolan jolastuz eta kantatuz’ ­egitasmo berriak. Abesteko eta dantzatzeko ez ezik, irudimena eta ahozkotasuna lantzeko aukera ematen du ikasmaterialak. 

 
 
Etxe-giroan hasi, auzolanean hazi eta herri-giroan osatu den proiektua da Kimutx. 0-6 urte bitarteko haurren heziketarako ikasmaterialaren inguruan zenbait ­hutsune nabaritzen zituzten bi ama gaztek abiatu zuten egitasmoa, Errenterian (Gipuzkoa). Materiala sortzen eta biltzen hasi ziren (kantuen hitzak eta doinuak, Kimutx pertsonaiari egokitutako ipuinak...), eta, hura zabaltzeko eta osatzeko, Euskal Herri ­osoko hainbat sortzailerengana jo zuten laguntza eske: bertsolariak, abeslariak, musikariak, idazleak... Beren ekarpena egiteko prest azaldu ziren, eta, lau urteko bidearen ostean, Durangoko Azokako Saguganbara aretoan aurkeztu zen elkarlan horren lehen emaitza: Kimutx: izaki mitologikoen eskolan ­jolastuz eta kantatuz  CDa eta liburua.
Basoan bizi den iratxo bat da Kimutx. Lagunak ere basoan bizi dira; haurrak dira, eta pertsonaia mitologikoen izenak dituzte: Aker, Jurdana, Nora, Laiene, Amalur, Tartalo eta Martin Txiki. Haien istorioen bidez euskal mitologiaren berri izateaz gain, egunerokoan egiten dituzten hainbat jarduera era dibertigarri eta jostagarrian landuko dituzte umeek: goizean esnatzea, arropa janztea, eskolara edo haurtzaindegira joatea, jateko unea, jostailuak jasotzeko garaia, etxera bueltatzeko bidea, bainutxoa jolasean, ohera joateko deia, loaren aurreko beroa edota laguntasunaren balioa. 
Etxerako zein eskolarako
Gai bakoitza abesti batekin lantzen da, eta ipuin batean txertatzen. Guztira, 11 kanta eta 7 ipuin biltzen ditu CD-liburuak, baina, horiek entzun eta irakurtzeko paradaz gain, beste hainbat aukera eskaintzen ditu: kanta guztien doinu musikatuei ahotsa jartzea; abestien partiturak (doinuekin, akordeekin eta kanten hitzekin) nork bere tresnekin erabili ahal izatea; irudien ebakinen bidez pertsonaiekin istorio berriak asmatzea; irudiak margotzea...
0-6 urte bitarteko haurrei eguneroko ­ekintza batzuk “modu alai, jostagarri eta maitekorrean gauzatzen laguntzea” da proiektuaren helburu nagusia, bai eta “ingurua ezagutzen lagunduko dien giroa sortzea” ere; eta, kantuak duen balioa eta ­dakartzan onurak kontuan hartuta oinarri nagusia horixe izan arren, beste baliabide batzuk ere erabiltzen dituzte, hitza eta irudia, besteak beste.
Etxekoekin eta lagunekin erabiltzeko baliagarria bada ere, orokorrean haurraren inguruan bizi diren helduei laguntzeko asmoarekin eginda dago. Hortaz, beste hainbat eremutan ere erabil daitekeela uste dute sortzaileek. Esate baterako, eskoletako irakasleek eta ipuin-kontalariek erabil dezakete, haurrak euskal mitologia ezagutzen has daitezen; txotxongiloak sor daitezke irudien ebakinekin, eta haurrek zein helduek sortutako istorioak antzez ditzakete; ipuinetako pertsonaiak eta zenbait eszena nahi den moduan koloreztatzeko aukera dago; musika-eskoletan eta gainerako eskoletan kantua eta gorputz-adierazpena lantzeko modua ematen du, eta partiturak ere biltzen ditu, musika ikasteko eta praktikatzeko.
Herritik herrira
Proiektuan parte hartu dutenen artean daude Erika Lagoma, Odei Barroso, Igor Elortza, Rosa Lertxundi, Jon Martin eta Mixel Aire bertsolariak, Arkaitz Miner, ­Amaiur Cajaraville, Mikel Ugarte, Jurdana Otxoa eta Odei Aztibia musikariak, Arrate Arozena, Nara Susperregi, Santi Romano eta Andoitz Antzizar abeslariak, Karmele Mitxelena eta Aitor Albisu letra-jartzaileak eta Nora Barroso doinugilea. Guztiek musu-truk lan egiten dute.
“Herrian sortutako” proiektua denez, lan guztia “herriari itzuli” nahi diote bultzatzaileek, proiektuaren zabalkundean ahalik eta gehien lagunduz, eta, horretarako, Kimutxen txoko birtuala sortu dute (www.kimutx.eu). Kanta, doinu, ipuin, irudi eta material jostagarri zein didaktiko guztia eskuratu daiteke gune horretan, berorren erabilera librea egiteko. Hala ere, proiektuak ekarri dituen gastuak ordaintzen lagundu nahi duten herritarrek badituzte horretarako zenbait bide. Horietako bat CD-liburua ­erostea da (500 ale argitaratu dira). Argitaratutako materialaren salmentarekin lortutako etekinak edizio-lana ordaintzeko eta proiektuarekin jarraitzeko erabiliko dira.
Egitasmo horri laguntzeko beste bide bat edukiak zabaltzea, elikatzea eta ekarpenak egitea da. Horretarako, helbide elektroniko bat ireki dute: kimutx@kimutx.eu. Azkenik, dohaintzen bidez proiektuari zuzeneko laguntza eman dakioke, webgunean horretarako prestaturiko atalean. Materiala itzuliz proiektua beste kultura batzuetara ­irekitzeko asmoa ere badute.