ENKARTERRIETAKO MUSEOA. Eskualdearen historia eta ondarea eskura

2013-02-01

Abellanedako Batzarretxean, Enkarterrietako eraikinik esanguratsuenean ­kokatuta dago Enkarterrietako Museoa. Eskualdearen iraganak eta oraindik ­elkar hartzen duten topagune, aisialdi-leku eta jakintzagunea da gaur egun, ­Enkarterrietako historia, etnografia eta ondarea berreskuratu eta zabalkundea egiteko sortua baita Museoa Sopuertan. 

 
 
Enkarterrietako gobernu politikoaren erdigune izan zen Abellanedako Batzarretxea mendeetan zehar. Abellanedan batzen ziren Enkarterriko haran eta kontzejuetako ordezkariak, eskualdeari zegozkion gaiez eztabaidatzeko. Han Ertaroan egindako batzarrak jendetsuak eta iskanbilatsuak izan ohi ziren, ahaide nagusien arteko burroken ondorioz. Nolanahi ere, batzarren irudi tradizionala Erregimen Zaharrekoa dugu (XV. mendetik XIX.era). Aldi horretan Enkarterriko kontzejuetako bakoitzak ordezkari bat bidaltzen zuen Abellanedako Batzarretara.
Gaur egun topagune, aisialdi-leku eta jakintzagunea da, eskualdearen iraganak eta orainak elkar hartzen duten lekua. Enkarterriaren eta enkarterritarren historiaren, politikaren, etnografiaren eta ondarearen zabalkundea egiteko eta Enkarterriaren historia, arte- eta etnografia-ondarea berreskuratzeko sortu zuten museoa  1994an. Geroztik, hainbat jarduera antolatzen ditu Museoak: eskualdeko kultura ikertzeko lanak sustatu, izaera orokorreko erakusketak 
apailatu, Enkarterriaren historia eta arteari buruzko azterlanak argitaratu, Enkarterriko kulturaren ugaritasuna haurrengana zuzendutako heziketa ekintzak antolatu zein bestelakoak. 2012/2013 ikasturterako ere hainbat heziketa jarduera antolatu ditu Sopuertako Museoak, eta horietako batzuk datozen aste eta hilabeteetan jarriko ditu martxan. Bada non aukeratu.
Historiaurreko tailerra
Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei ­eta DBHko lehen eta bigarren mailakoei zuzenduta dago, eta Historiaurreko bizimoduko arlo batzuk nolakoak ziren ulertzen lagundu nahi du, era aktibo eta esperimentalean. Harrizko lanabesak egitea, sua antzinako erara piztea edota kobazuloen barrualdean egiten zituzten margoen moduko koloreak eta materialak erabiltzea dira tailerrean landuko diren ekintzetako batzuk. Otsailaren 28ra arte egingo da tailerra.
Erromatarren atzetik
Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako 
ikasleei zuzendutako ekintza didaktiko honen bitartez, Erromatarren garaietara bidaia ­egingo dute haurrek. Zibilizazio horren elemenruik garrantzitsuenak ezagutuko dituzte, modu erakargarri eta esperimental baten bidez. Otsailaren 5etik martxoaren 22ra arte egingo da tailerra.
Bizi zure kontua
6 urtetik 9 urtera bitarteko haurrentzat antolatutako jarduera honek umeak ipuinaren mundura gerturatzea lortu nahi du. ­Ikasleak abenturaren partaide bihurtuko ­dira horretarako beren beregi antolaturiko eszenatokian, dekoratuaren eta bestelako baliabideen laguntzaz. Ipuinaren barruan sentituko dira haurrak, dena ikusiz, parte hartuz, kolastuz, iritziak emanez, gozatuz... Jarduera hau apirilaren 9tik ekainaren 21a arte eskainiko du Museoak.
El Pobaleko burdinolarekin batera egindako ekintza
El Pobaleko Olaren eta Enkarterrietako Museoaren eskutik, DBHko eta Batxileergoko ikasleek aukera dute Enkarterriko bilakaera ekonomikoaren berri izateko eta burdingintzak eta olek eskualdean izan duten garrantziaz jabetzeko. Ikasleak, museora egindako bisitan, Enkarterriaren eremu geografikoan eta gizartean murgilduko dira eta horren ostean, El Pobaleko Ola bisitatuko dute, bertatik bertara ikusteko nolakoak ziren orduko tresna hidraulikoak. Ekintza hau ostiraletan bakarrik eskainiko du museoak, ekainaren 21era arte, eta gutxienezko 50 ikaslek osaturiko taldeentzat.
Sortu dezagun gure munstroa
Artelan ezberdinak behatuz, 6 eta 9 urte arteko ikasleek izaki fantastikoen sekretuekin topo egingo dute, haien atzean dauden istorioak ezagutuz. Behaketaren ostean eraketa artistikoaren txanda etorriko da, eta horretarako, irudimena gidari izanda, errealitateko forma ezberdinak uztartuz bestelako munduetara hurbilduko gaituzten izakiak eratuko dituzte. Apirilaren 9tik ekainaren 21a arte eskainiko du Enkarterrietako Museoak jarduera hau bere heziketa programaren barruan.
Museoak bestelako ekitaldiak hartzen ditu ere: esaterako, historiaurretik XIX. mendera arte eskualdeak izandako ibilbidea jasotzen duen erakusketa iraunkorra bisitatu daiteke museoko hamar aretoetan, eta ­otsailaren 3a arte Ismael Fidalgo pintorearen bi erakusketa ikusteko aukera dago.
 
Abellanedako Batzarretxea
Lehen eraikina XVI. mendearen hasieran eregi zen, urte zehatza jakiterik ez dagoen arren. XVI. mendean zehar hainbatetan konpondu behar izan zuten, 1592n hasi ziren Batzarretxe berriko lanak, eta 1635. urtean amaitu, fatxadan jarritako armarriarekin. Eraikin berri hori kubikoa zen, lau isualdekoa, XIX. mendera arte heldu zenaren eredukoa.
Enkarterriko batzarrak desagertu zirenean, 1806. urtean, etxea ere bertan behera geratu zen eta apurka-apurka, XIX. mendean, hondatuz joan zen. 1901ean Bizkaiko Foru Aldundiak konponketa-lanak egin zituen, Antonio Carlevaris arkitektoaren eskutik; etxearen kanpoko itxura errespetatu baina barrualdea aldatu egin zuen. 1931. urtean proiektu berria gauzatzea agindu zioten Diego de Basterrari, barrua guztiz aldatuz. Museo xume bat sortu zen etxe horretan.
Eugenio de Aginaga arkitektoaren eskutik egin zen 1942-1957. urteen arteko 
eraldaketa osoa, eta haren ondoren, eraikina gaur egun ezagutzen dugunaren antzera geratu zen. Beste solairu bat gehitu zion etxeari eta almenak jarri zizkion, gaur 
egungo dorretxe itxura emanez. Azken eraldaketa 1989an egin zen, Javier Muñoz 
eta Josu Urriolabeitia arkitektoen eskutik. Eraikin moderno bat eregi zen eta osorik eraldatu ziren dorrea nahiz Korregidorearen etxea.