Wert erreformaren aurrean, gurasook dugu giltza

2013-03-01
Pirinioez alde batera bizi garenoi datorkiguna ikusita, hezkuntzako galdera nagusia da: "Wert erreformaren aurrean zer?". Besteri edozer eska diezaiokegu: Jaurlaritzak har dezala Generalitat-en jarrera, irakasleek balia dezatela katedra askatasuna ­orain arte bezala jarraitzeko...
Baina nago giltza nagusia gurasook ote daukagun. Gure umeak dira españolizatzen ikusiko ditugunak, gure umeak dira eskolara herritar menpeko eta otzanak izan daitezen bidaliko ditugunak, gure umeak etxean ere "enpollatzera" behartuko ditugunak...
Krisiaren gorrian, irakaskuntzako langileek euren ideiak lehenetsiz lanpostua jokoan jarriko dutela uste izatea gehitxo da (justua ere ez da, guk egiten ez duguna irakasleei eskatzea); eta Jaurlaritzak herri-kontsulta egiten duen egunean hasiko da Espainiako sistemaz kanpoko hezkuntza garatzen. 
Zer daukagu egiterik, orduan, manifestazio jendetsuen biharamunean? Gurasook hartu behar dugu iniziatiba. Zorionekoak gurasoak elkarturik eta mobilizatuta dituzten ikastetxeak, erabaki nagusiak gurasoen benetako parte-hartzearekin hartzen dituzten eskola-ikastolak. Gurasoen adostasun zabalarekin errazago aurre egin ahal izango dio eskolak datorrenari. 
Hala ez den kasuetan ere (eta nago zoritxarrez salbuespena direla gurasoak ere proiektuaren motorra diren eskolak), intsumisoen borrokak adibide ederrik ematen digu, "bakoitzak urraturik berea denon artean geurea" egiteko. Intsumisiorako bideak bilatzeari ekin behar genioke: ikasgai ­jakin batzuetara umeak bidali gabe, errebalida azterketetara aurkezteari uko eginda, ­erreforma aldatu artean haurrak eskolara bidali gabe...
Estatu batek ezin du onartu ume kopuru handi bat bere gustuko hiritarrak sortzeko fabrika diren eskoletatik kanpo geratzea. Wertek unibertsitatetik kanpo utziko du proletargoa, eta DBHtik bidaliko ditu ahalik arinen "puntakoak" ez diren ikasleak. Baina españolizatu, denak españolizatu ­behar/nahi ditu.
Sistema aldatzeko sistematik ateratzea, ba al da beste biderik? Sortzen zaizkigun hotzikaren, "baina"... eta beldurren aurrean, gure gurasoak ditugu erreferente sendoenak. Non hezi gintuzten bada gu, titulu ­ofizialik izango genuen ziurtatu gabe geneukan ikastoletan ez bada?
EHIGE, gurasoak informatu, mobilizatu eta lideratzeko aukera polita jarri dizu egoerak.