Zumalakarregi Museoa. XIX. mendeko Euskal Herrian barrena

2013-03-01
Heziketaren alorra asko zaintzen du Tomas Zumalakarregi jeneral karlistari eskainitako Ormaiztegiko (Gipuzkoa) museoak, eta adin guztietako ikasleentzat prestaturiko ekintza sorta zabala antolatzen du: ibilbide didaktikoak, lantegiak, txango gidatuak... XIX. mendeko Euskal Herrian gertaturiko aldaketa politikoak eta sozioekonomikoak ezagutzeko eta ulertzeko gakoak eskaintzen ditu museoak, modu erakargarrian.   
 
 
XIX. mendeko Euskal Herria aztertu nahi duen edozein ikertzailek dokumentazio-iturri garrantzitsua du Zumalakarregi Museoan. Hango artxibategiak garaiarekin loturiko milaka agiri eta irudi gordetzen ditu, besteak beste, argitalpenak, ilustrazioak, mapak, karikaturak, eskuizkribuak... Baina museoa ez da erakargarria historialarientzat bakarrik; herritar xumearentzat eta gaztetxoenentzat ere hainbat interesgune ditu Ormaiztegiko eraikinak. Azpimarratzekoa da heziketaren alorrean museoak egin duen lana, hezkuntza baita proiektuaren zutabeetako bat, artxibategiarekin, argitalpenekin eta erakusketen antolaketarekin batera. 
Hortaz, adin guztietako ikasleengan, irakasleengan eta familiengan pentsaturiko ekintza didaktikoen egitarau zabala antolatzen du Zumalakarregi Museoak: ibilbideak, Zuma kontakizuna, lantegiak eta tribial jokoa, besteak beste. Zortzi ibilbide didaktikoek XIX. mendean zehar bidaia dinamikoa egiteko aukera eskaintzen dute.  
 
Zumalakarregi anaiak: jeneral karlista eta politiko liberala
 Aski ezaguna da Lehen Karlistaldian aritutako Tomas Zumalakarregi jeneralaren ibilbidea (1788-1835), baina haren anaiak, Miguel Antoniok, ez du oihartzun bera izan, garai hartan politikari liberal garrantzitsua izanagatik. Bi anaien bidez, XIX. mendeko Euskal Herria hobeto ezagutarazten lagundu nahi du ibilbide didaktiko honek, Antzinako Erregimenetik Liberalismora egindako pasabidea bere testuinguruan azalduz. LHko, DBHko, Batxilergoko eta Helduen Hezkuntzako ikasleentzat zein familientzat prestatuta dago.
Industria Iraultza XIX. mendean gertatu ziren aldaketa sozioekonomikoak dira ibilbide honen ardatzak: trenbidea eta beste garraiobideak, lehen industriak, hiri-zabalguneak, emigrazioa... Gida didaktikoa, bisita gidatua (1864ko Ormaiztegiko tren-zubira), multimedia-emankizuna, jokoak, jantziak eta bestelako materialak jartzen ditu museoak bisitarien esku. DBHko eta Helduen Hezkuntzako ikasleentzat prestatua dago. 
Gerra eta bakea
Gatazkaren adibide gisa Lehen Karlistaldia hartuta, indarkeriaren sustrai, modu eta ondorioei buruz gogoeta egiteko proposamena da. Kontzientzia publikoa kitzikatzeko dinamika bat aurkeztea eta zentzu kritikoa sustatzea ditu helburu, besteak beste. Halaber, bakea eta bortizkeria hitzen esanahia alderdikeriarik gabe eta ertz guztiak kontuan hartuz barneratzen landu nahi die DBHko, Batxilergoko eta Helduen Hezkuntzako ikasleei ibilbide didaktiko honek.
Iraultza garaia
XIX. mendeko Euskal Herriko karlismoaren eta liberalismoaren gakoak ulertzeko, halako berrikuspen bat egitea proposatzen du ibilbide honek, eta Antzinako Erregimenetik Liberalismorako pasabide bortitz eta korapilatsuaren gaineko ezagutza, hausnarketa eta jarrera kritikoa sustatzen ditu, proposamen ludiko, erakargarri eta parte-hartzaile baten bidez. DBHko eta Helduen Hezkuntzako ikasleentzat prestatua dago.
Ibilbide hau ingelesezko gida didaktikoa (The Century of the Revolutions) erabiliz 
egiteko aukera ere eskaintzen du museoak.
Estatu liberalaren sorrera
Antzinako Erregimenaren krisialdia eta Estatu Liberalaren sorrera erakusten ditu 
ibilbide didaktiko honek. Batxilergoko eta Helduen Hezkuntzako ikasleentzat. 
Burdinaren bideak
Museoaren inguruko industria-aztarnetan zehar ibilaldi bat egiteko proposamen honetan, Ormaiztegiko tren-zubia, Zeraingo meategiak eta Legazpiko Mirandaolako burdinola bisitatuko dituzte ikasleek, eta XIX. mendean gertaturiko aldaketa sozioekonomikoen berri jasoko dute. 
Iraganean bidaia
Igartubeiti Baserri Museoak eta Zumalakarregi Museoak elkarrekin antolatutako ibilbideak XVI. mendetik XIX.era bitarteko hainbat alderdi ezagutzeko aukera ematen digu: nekazarien eta hiritarren eguneroko bizimodua, arkitekturaren bilakaera, 
oinarri sozial eta ekonomikoak...
Horrez gain, belaunaldi arteko lantegiak (8-14 urte arteko haurrak eta 60 urtetik gorako helduak), familientzat prestatutakoak, Gabonetakoak eta udakoak antolatzen ditu museoak.
 
Mitoak inguraturiko pertsonaia historikoa
Euskal Herrian azken 200 urteetan sorturiko pertsonaia historiko garrantzitsuenetako bat da Tomas Zumalakarregi. Lehen Karlistaldian (1833-1839), lau herrialdeetako karlisten buru izan zen, eta Don Karlosen armadaren gorengo buruzagia. Espainiako armada sarri garaitu zuen, eta bere boladarik onenean heldu zen Begoñara, ekainaren erdialdean, Bilbo setiaturik zeukala eta berori menderatzeko asmoz. Begoñako jauregian, bonba batek hanka zauritu zion. Zegamara eraman zuten, haren konfiantzazkoa zen petrikilo batengana; baina, antza denez, erabaki okerrak hartu zituen hark, zauritua okerrago jarri zen, eta berehala hil zen, ekainaren 24an.
Bizirik zegoen bitartean, Hego Euskal Herriko karlistek beren buruzagitzat zuten. Hamaika bider kantatu ziren haren omenezko bertso eta kantuak. Horren ondorioz, hainbat kondaira eta uste zabaldu dira Zumalakarregiren inguruan, ustelak horietako asko, Mikel Alberdi historialari eta Zumalakarregi Museoko artxiboaren arduradunak hari buruzko biografian (Zumalakarregi, Elkar, 1999) idatzi zuenez. Hainbat mito eraitsi zituen Alberdik. Esaterako, abertzalea zela. Alberdiren iritziz, ez dago Zumalakarregi abertzalea zela pentsatzeko arrazoirik. Foruzaletasun berezirik ere ez da ageri haren idazkietan. “Agirietan, beti argi agertzen da espainiar erregearen alde ari dela, ez foruen alde”. Halaber, gezurtatu egin zuen Zumalakarregik bere burua Euskal Herriko errege izendatzeko asmoa zuenik.