Eragileok eskaria alderdiei

2013-03-01
EHIGE, BIHE, Sarean, Ikastolen Elkartea, Erkide Irakaskuntza, Sortzen Ikasbatuaz, Kristau eskolak, Bidegun, Ikasle Abertzaleak, Hetel, EIB, Eliz barrutiko ikastetxeak, Ikasgiltza, Euskararen Gizarte Kontseilua eta hik hasi-k honako testu honi atxikimendua eman diogu. Agiria Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoetako ordezkariei helarazi genien otsailaren 22an. 
Hezkuntza norbanakoaren eskubidea izateaz gain, eskubide soziala eta hiritartasunaren espresio handienetakoa da. Ondorioz, hezkuntza sistema gure herriaren aurrerapenerako eta kohesio sozialerako giltzarria dela, behin eta berriz lehen jarri eta azpimarratu beharra dago.
Zentzu honetan, gure Hezkuntza Sistema egunez egun indartzea eta, ­behar denean, defendatzea da, gaur hemen gauden eragileok mugitzen gaituen zeregina. Horregatik, ez dugu onartuko gure hezkuntza sistemari atzerakada pedagogikoa eragingo dion legedirik.
Gure hezkuntza sisteman dauzkagun ibilbide eta esperientzia pedagogikoak ­ematen digun autoritate moraletik, hemen elkartuta agertzen garen hezkuntza eragileok adierazten dizuegu, LOMCE legea aplikatuko balitz azken urteotan eskoletan egin dugun lanari, ­eta, batez ere,  ikasleen ikas-irakas prozesuari eragingo lizkioken kalte larrien aurrean, ezinbestekoak direla, besteak beste, alderdi politikoen, erakundeen ­eta hezkuntza eragileen arteko elkarlana, partaidetza eta adostasuna. 
Horregatik, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta zaudeten partidu politikooi ondokoa eskatzen dizuegu:
a) LOMCEren erasoaren eta hezkuntza atzerakadaren aurrean, gure Hezkuntza Sistemaren eta euskal hiritarron hezkuntza eta hizkuntza eskubideen babesa eta defentsa egitea ordezkaritza politikoaren jardunak hartzen dituen eremu guztietan.
b) Era berean, eskatzen dizuegu, legearen eztabaida eta ondorengo izapidetzeko prozesuan, Legebiltzar honen eta Euskal Gobernuaren eskumenak ­eta formula juridiko desberdinak ahalik eta era egokienean eta eraginkorrenean erabiltzea, hezkuntza eragileon iritzia ­eta eskaerak defendatzeko, eta gure herrian hezkuntza lege-marko iraunkor bat bermatzeko. 
c) Horretarako, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta zaudeten alderdien artean hezkuntza eragileok lortu dugun adostasun maila lortzea ezinbestekotzat jotzen dugu, gure hezkuntza sistemaren defentsarik irmoena sustatzeko eta bermatzeko, atzerapenik gabe eta beharrezkoak diren baliabideak bermatuz.
d) Aipatu dugun ibilbide eta ekimenetan, hezkuntza eragile eta euskal hezkuntza komunitate osoaren iritzia eskatzea eta kontuan hartzea.