Hezkuntzako profesionalok zer ikas dezakegu sexologiatik ikasgelan ditugun neska-mutilei laguntzeko?

2013-03-01
 
 
Hezkuntzaren arloko profesionalek pertsonen sexualitatearekin loturiko egoerekin lan egin behar izaten dute; pertsonen desira eta guraria erotikoekin loturikoekin; sexuen arteko erlazioak kudeatzeko askotariko moduekin: azken batean, subjektu sexudunak izatetik eratorritako askotariko alderdiekin. Horrenbestez, ez da harritzekoa izaten hezitzaileak egoera horiei aurre nola egin ez dakitela ibiltzea, edo ez izatea 
egoera horiek kudeatzeko baliabide edo tresnen jabe. Eta ohikoa da, halaber, hezkuntzaren arloko profesional asko egoera horiei norberaren esperientzia propiotik aurre egiten saiatzea, beste baliabiderik ezean. Norberari lagungarri gertatu zitzaion hori erabiltzen dute, “zentzu komunak” eta “asmo onak” agintzen dietena gomendatzen edo baztertzen saiatzen dira. Jakina, borondaterik onenaz; beraiekin ere halaxe ari izan zitezen nahi izango baitzuten. Baina, gure ustez, “asmo onak” ezin har daitezke baliabide didaktiko modura. Jakina, ahal dugun ongien aritu behar dugu, baina hori ez da aski (edo ez da izaten aski), bere horretan; horregatik, iruditzen zaigu funtsezkoa dela sexologiako ezagutza batzuk gureganatzea, hezkuntza-jarduera errazteko.  
 
Sexu-hezkuntza: zer den urgentziazkoa eta zer garrantzitsua
Askotan, premiak bultzatuta sorturiko eginkizunak betetzeko deitu ohi digute. Sua pizten denean suhiltzaileei deitzen zaien bezalaxe. Alegia, nahi ez den zerbait gertatzeko arrisku bizia dagoenean gogoratu ohi gara sexologiaz eta sexu-hezkuntzaz. Izan ere, erakunde publikoek jokabide jakin batzuen prebentziorako esku-hartzea sustatzen dute, batik bat; eta ez, hainbeste, sexuen hezkuntzarakoak. Eta, hain zuzen ere, urgentziaren logikan kokatu behar dira “suteak itzaltzeko” diseinatutako esku-hartze horiek.
Mota horretako ekintzetan, hauek izaten dira ohikoenak: nahi gabeko haurdunaldien prebentzioa; Transmisio Genitaleko Infekzioak (TGI) saihesteko prebentzioa; indarkeriaren, abusuen, traumen… prebentzioa, etab. Oro har, prebentzioan oinarrituriko ekimenak izaten dira, arriskuak eta arriskuko jokabideak saihesteko xedez gauzatuak. Urgentziaren logikan murgildu ohi gara, gertaera gutxi asko mediatiko, gutxi asko politiko edo gutxi asko errentagarriek bultzatuta, gure ustez. Eta, horrela, nahastu egiten dira bi logikak: urgentziazkoa denarena eta garrantzizkoa denarena. Baina ez dugu ahaztu behar ez direla gauza bera; edo, gutxienez, ez dutela zertan izan gauza bera. 
“Garrantzizkoa dena” eta “urgentziazkoa dena” parekatze horretan, sexua arrisku-iturri modura hartu ohi da, sarritan; edo arazo-iturri modura, bederen. Gaitz larriagoak saihestearren landu beharreko zerbait da, urgentziaren logikaren ikuspegi horretatik. Izan ere, zenbatetan ez ote dugun esan garrantzizkoa dela gazteak “sexu kontuen” jakinaren gainean egotea, nahi gabeko egoerak saihesteko. Hain zuzen ere, labur esanda, sexua jarduera erotikoekin identifikatzen dugu: zehatzago esanda, genitalekin 
egiten diren jarduerekin , eta, are zehatzago, kopulatzearekin. Askotan, nahita ez bada 
ere, antisorgailuez eta TGIez mintzo garenean, kopularen apologia egiten dugu, jarduera erotiko “osoena” eta “onena” balitz bezala harturik. Alegia, sexu-eredu gailenaren diskurtsoa sendotzen dugu.
Sexu-eredu gailena
Urgentziaren logika horri arretaz erreparatuz gero, haren muinean sexu-eredu murriztaile bat dagoela ohartuko gara. Tradizioz, eredu murriztaile horretan, jarduera erotikoekin parekatu izan da sexuaren kontzeptua bera, eta ulertu izan da ugalketa dela sexu-funtzioaren azken jomuga edo osoko sexu-funtzioa. Hala, honako hiru ardatz hauen inguruan egituratu da sexu-eredu gailena: gaztetasuna, horixe delako ugalketa-garaia; kopulatzea, ugalketarako bidea ematen duen jarduera erotiko bakarra delako; eta heterosexualitatea, ugalketarako beharrezko konfigurazioa delako. Gaur egun, jarduera erotikoen legitimazioa ugalketak baino gehiago plazerak dakarren arren, gaztetasuna, kopula eta heterosexualitatea hirukoak du hegemonia, moral sexual kulturalean.
Sexu-eredu gailenaren ezaugarri nabarmena da, halaber, sexuak eta sexu-ezaugarriak antagonista, dimorfiko eta bateraezintzat hartzea. Gizonak, alde batetik, eta emakumeak, bestetik, homogeneizatzen dituzten bi esentzia mistiko balira bezala. Horrela, ezikusiarena egiten die edo ezkutatu egiten ditu sexuen arteko zubi iraunkorrak, eta ez du aintzat hartzen intersexualitatea subjektu sexudun ororen funtsezko ezaugarria dela. Bestalde, sexuen arteko berdintasuna gaur egun indar betean dagoen balioa da. Hainbeste, non gutxietsi egin baititu sexu-diferentziak eta subjektu sexudunen arteko aniztasuna. Eta, horrela, beste behin ere, sexu-eredu gailena pertsonak homogeneizatzen saiatzen da, eta urrundu egiten gaitu desberdintasuna eta aniztasuna landu beharreko baliotzat hartzeko bidetik.
Baina zer gertatzen da norbait eredu horretatik aldentzen bada? Elkartze erotikoetarako mugen eta baimenen esparruan, estigmatizatu eta patologizatu egin da, modu askotan, genitalarekin loturarik ez duen oro, kopularekin eta orgasmoarekin loturarik ez duen oro. Tradizioz, perbertsotzat hartu izan da aniztasunaren zantzu hori, nahiz eta, gaur egun, gure burua modernoagotzat daukagun, parafiliko hitza erabiltzen dugulako halakoetan. Horrenbestez, banakoaz kanpoko irizpideen arabera kalifikatzen (edo deskalifikatzen) gaitu eredu horrek; kanpotik izendatzen eta kategorizatzen gaitu; lerro bat markatzen du “normala” denaren, gaixotasuna denaren eta nahi ez izatekoa denaren artean.
Subjektu sexuduna izateko eta harremanetan izaera hori adierazteko modu bereziek arazoak edo zailtasunak ekarri ohi dituzte, sarritan; baina ez horiek bakarrik. 
Izan ere, zailtasun horietako asko pertsonen biografiaz haratagoko kontua dira: gehiago erantzuten diete unean uneko motibazio moral edo politikoei; azken batean, sexu-eredu gailenaren interesei. Hala, komenigarria da gogoeta sakona egitea, errealitatearen irudi distortsionatua ematen duen prisma batera baikaramatza arriskuaren logikaren ikuspegiak. Funtsean eta forman, larritasunaren ikuspegitik landu ohi da urgentziaren eredua. 
Esate baterako, hedabideetan gazteria arriskuarekin edo arduragabekeriarekin 
identifikatzen dutenean, gazteria estigmatizatzeko zenbait alderdi negatibo nabarmendu ohi dituzte. Errealitate partzial eta desitxuratua erakusten dute. Ez ote gara ari gazteriaren eta arduragabekeriaren errealitate hori berregiten? Auzi horretan, ez al du berebiziko eragina guk auziari begiratzeko dugun moduak? 
Adibide bat jarriko dugu, arriskuaren logikaren ikuspegi hori hobeto azaltzeko. Pentsa dezagun hamar urteko neska batengan. Pubertaroko lehen aldaketak sumatzen ari da; besteak beste, jokabide auto-erotikoak gauzatzen ditu; ongi sozializatuta eta bere kulturan errotuta dago… Halako batean, eskolatik irten, eta senargaia daukala esan dio amari. Eta amak zera erantzun dio, irmo: Senargaia, ez! Laguna izango da!  
Une horretan, pentsamendu-kate hau etorri zaio amari burura: senargaia – sexu harremanak – jarduera erotikoak – gazteriaren arduragabekeria – norbait alabaz balia daiteke – litekeena da ez jakitea bere burua balioesten - litekeena da nahi ez duen zerbait egitea - haurdunaldia – transmisio genitaleko infekzioak… Eta, pentsamenduen zurrunbilo horretan, ondorio (edo epai) hau eman du amak: Nire alaba gazteegia da horretarako. 
Amaren erantzuna arriskuak baldintzatua dago, eta beldurrak elikatua. Ohikoa da errealitateari sexu-eredu horretatik abiatuta aurre egitea; beldur horietatik (pertsona hezitzaileen beldurrak) abiatuta aurre egitea. Eta badakigu, halaber, hezkuntzaren arloko profesionalak garen heinean, oso nekeza dela eredu hegemonikoaz bestelako eredu batetik jardutea. Hala ere, aitortu behar dugu errealitateak proiektatzen ari garela, eta, nola edo hala, lanean ari garen subjektu horien bizipenak eta esperientziak desitxuratzen ari gaitezkeela. Horrez gainera, horrela jardunez, ez gara ari haren beharrei erantzuten. 
Adibidean, esaterako, beldurrak eta kezkak eragotzi egiten diote amari alabaren bizitzako une horretara hurbiltzea. Zer errealitate bizitzen ari da nerabea? Nola sentitzen da? Zer emozio sentitzen ari da? Zer esan nahi du harentzat senargaia edukitzeak? Nola adierazten ditu erotika, haren moduak, bere desirak, keinuak edo fantasiak? Ba al daki mugak jartzen, zer nahi duen eta zer nahi ez duen esaten? Ba al du gai horri buruz hitz egiteko baliabiderik?
Alabaren tokian jartzen bagara, berriz, ikusiko dugu harreman horri buruz deslegitimazioa beste erantzunik ez duela jaso: 
itxuraz, harreman hori ez dela egokia, ez dela ona… Agindu bat jaso du, eta komunikazioa eten egin da. Seguru asko, nerabearen bizipena ez da ulertu, eta ez hori bakarrik: ez zaio hari buruz ezer galdetu; aitzitik, epaitu egin dute, ulerkortasun handirik gabe. Zer eduki behar duen eta zer ez duen eduki behar esan diote, bere iritzia aintzat hartu gabe. Ama-alaben arteko balizko elkarrizketa eten egin da, ez da elkarrizketarik gertatu; 
eta, agian, berriz nekez irekiko den ate bat itxi da.
Litekeena da neskaren bizipena zoragarria izatea, bere desiren, maitasunaren… neurriko erantzuna jasotzen duelako… edo litekeena da hala ez izatea. Agian, haren erotika mutiko horrekin egonez aseko da, elkar maite dutela jakinez, mugikorrera mezuak bidaliz eta Tuenti bidez elkar komunikatuz, tarteka elkarri musu bat emanez eta pixkanaka elkar ezagutuz… edo agian ez. 
Esparru teorikoari berriro helduz, azpimarratzekoa da, Efigenio Amezúak dioen moduan, “…Edozein diziplina ikastean, dagokion eremuaren nondik norakoez jabetzeko bidea ematen duten teoriak eta kontzeptuak lantzen dira, beste ezer baino lehen, eremu horretan gerta daitezkeen arazoak ulertzeko eta irtenbide posibleak bilatzeko”. Hortaz, “arazo” ahalguztidunetara eta haiei aurre egiteko “talka-planetara” jo aurretik, zer garen ulertzera bideratu beharko genituzke hezkuntza eta esku-hartzeak; alegia, subjektu sexudunak garela ulertzera. Eta hortik abiatuta, (gure burua) ezagutzeko, (gure burua) onartzeko eta (gure burua) adierazteko tresnak eskaini (gure buruari).
Ugalketa, plazera eta sexua
Sexuen Teoriari jarraituz, esan ohi dugu, sarritan, sexuaz hitz egiten ari garela uste dugunean ez garela benetan sexuaz ari, ugalketaz eta plazeraz baizik. Ugalketa eta plazera sexuen berezko elementuak dira; baina hori besterik ez: elementuak. Hiru kontzeptu horiek guztiz parekatzen eta identifikatzen baditugu, horiek bereizteko gai ez bagara, halako sinekdoke moduko bat egiten arituko gara, parte bat osotasunarekin nahasirik; eta horrek asko zailduko ditu ezagutza, komunikazioa, ulermena, etab.
Ugalketaren kontua aspaldiko kontua iruditzen zaigun arren, sexuaren kontzeptuarekin identifikatu ohi dugu ugalketa, sarritan. Gizarte-diskurtso gailena entzuten badugu, ohartuko gara kopulatzea ulertzen dugula “sexua egite” modura, oraindik ere. Hau da, ugalketarako balizko berezko jarduera hori hartzen da jarduera erotiko hoberen eta osoen modura. Hori nahikoa ez, eta badakigu, gainera, kezkatu egin behar dugula, baldin eta jarduera hori orgasmoarekin behar bezala amaitzen ez bada. Itxuraz, kopularik gabe, ez du merezi elkartzerik. Paradoxikoki, permisibitate handi samarreko garai batean bagaude ere, espazio publiko gehienetan, zakila baginan sartzea da, oraindik, amodio-jarduera nagusia: gehien balioesten, goraipatzen eta, batez 
ere, adierazten dena. Zalantzarik gabe, ugalketara bideratutako sexu-eredu gailen batek oinordekotzan utzitako zantzua da hori. Horrela, ezkutuan gelditzen da jende askorentzat eta une askotan kopulatzea ez dela ez lehenetsitako jarduera ez jarduera 
atsegingarriena.
Bestalde, sexuaren helburutzat ugalketa jarri ordez, plazera jartzen da, orain. Izan ere, plazeraz mintzo gara, askotan, sexuaz ari garelakoan. Errepresioaren planteamenduaren pean, ugalketaren eredutik eratorritako murrizketa askori kontra egiteko joera izan dugu. Kontrako erreakzio moduko bat bideratu dugu, eredua osotasunean zalantzan jarri gabe. Gaur egun, esan ohi da garrantzizkoa ez dela ugalketa, plazera baizik; eta, hala, ondorioztatu dugu sexuaren azken xedea plazera dela. Baina plazerak ez du azaltzen zer garen; aitzitik, garen horren ondorioa da. Plazera sentitzen dugu (edo ez), subjektu sexudunak garen heinean, hain zuzen ere. Zerbait gustukoa dugu (edo ez), desberdinak garen heinean. Horregatik, ez dute balio “plazer gorena” erdiesteko errezeta unibertsalek, ez garelako berdinak; beraz, plazer horretara iristeko nork bere bideak bilatu beharko ditu.
Bi kontzeptuak, ugalketa eta plazera, subjektu sexudun izatearekin lotuta daude, bestelakotasunaren bilaketarekin lotuta; baina sexuen ondorioak besterik ez dira. Auziaren gakoa gure izatean datza: subjektu sexudunak gara, desberdinak, askotarikoak, eta bila dihardugu. Bide horretatik jarraituta, begi-bistako ondorioa dirudi zer gustatzen zaigun eta plazera zerk ematen digun jakiteko, gure burua ezagutu beharko dugula, eta, noski, gure burua aintzat hartu.
Ugalketaren funtzioa ugaltzea da; plazerarena, gozatzea; eta sexuarena, sexutzea. Baina nola sexutzen gara?
Sexutze-prozesu biografikoa
Sexologian, sexuaz mintzo garenean, gizonak eta emakumeak garela esaten dugu; eta subjektu sexudunak garela; eta, gainera, ezinezkoa zaigula hala ez izatea. Baina zerk dakarkigu norbera garen gizon edo emakume hori izatea, eta ez beste bat? Hain zuzen ere, horixe argitzen du sexutze-prozesu biografikoak. 
Jaiotzen garenetik –are jaio aurretik ere– heriotzara arte, gure izatea markatzen duten eta bakar eta berdingabe egiten gaituzten hainbat gertaera bizi ditugu. Bizitzan zehar, besteak ez bezalakoak, desberdinak egiten gara. Horregatik da gure sexutze-prozesu biografikoa berdingabea eta bakarra, eta horrek egiten gaitu, aldi berean, subjektu sexudun berdingabe eta bakarrak. Sexuak, sexologiaren ikergaiak, desberdintasunarekin eta askotarikotasunarekin zerikusia du. Prozesu horretan, ezin konta ahala eragile sexutzailek parte hartzen dute: horietako batzuk biologikoak dira, beste batzuk kulturalak eta denak biografikoak. Horrela, gizon eta emakume modura sexutuko gara, bi modu posibleetan: maskulinoan eta femeninoan, nor bere ñabardura eta berezitasunekin.
Intersexualitatea, gakoa
Gako horrek erakusten digu bi sexutze-moduak, femeninoa eta maskulinoa, bata bestearen alboan gertatzen direla, elkarri erreferentzia egiten diotela eta, are gehiago, ezin uler daitekeela bata bestea gabe. Gizartean alboz albo gertatzen dira, baina baita norberaren baitan ere. Gizon nahiz emakume, guztiok baititugu maskulinoagotzat eta femeninoagotzat hartzen diren bereizgarriak. Sexuen izaera bitarra eta kontrajarria nabarmendu izana da akatsa; hori nabarmendu izana, bien arteko jarraitutasuna nabarmendu ordez.
Beste modu batera esanda, ez dago sexu-ezaugarri maskulinoak besterik ez dituen gizonik, sexu-ezaugarrietan % 100 maskulinoa denik; ezta sexu-ezaugarriak guztiz femeninoak dituen emakumerik ere. Maskulinitatea eta feminitatea bi erreferente dira, jarraitutasun baten (sexuen jarraitutasunaren) bi muturrak, eta tartean daude subjektuak, beste subjektu batzuekin alderatuta mutur batetik edo bestetik hurbilago daudela sexutze maila bakoitzean.
Nolanahi ere, sexutze-prozesuetan koherentzia dimorfikoa dagoela pentsatu ohi dugu. Alegia, ondorioztatu ohi dugu Ikerrek –gizonezko izen bat adibide modura hartzearren– bizarra duelako edo janzkera jakin bat duelako, gainerako sexu-ezaugarriak ere maskulinoak dituela (XY kromosomak, gonada maskulinoak, genital maskulinoak; gainera, heterosexuala izango da, hitz gutxikoa sentimenduak adierazteko garaian, etab.). Baina espero dugun hori guztia betetzen ez bada (adibidez, neska bat heterosexuala bada, aurpegian eta hanketan ilea badu, eta ustez beste sexuarekin identifikatutako portaerak badauzka) bazterketa-, patologizazio-… arriskua dago. Intersexualitatea ulertzea dibertsitatea eta emakume eta gizon izateko dauden ezin konta ahala moduak aintzat hartzeko bidea da. Eta funtsezkoa iruditzen zaigu sexu-hezkuntzaren arloko esku-hartzeetan ideia horiek azpimarratzea.
Sexutze-prozesu biografikoa hobeto azaltzeko, tipularen garapena har daiteke 
adibide modura. Tipulak hainbat geruza ditu, bata bestearen gainean eratuak, metatuak. Hazia ernatzen denetik hasten dira geruza horiek eratzen, eta etengabe agertzen dira gero eta geruza gehiago, tipula lurretik ateratzen dugun arte edo bere zikloaren amaierara iristen den arte. Geure buruari galdetzen badiogu zer den tipula bat, erantzutean, haren geruzak aipatuko ditugu, seguru asko. Izan ere, geruzak kenduz gero, ez zaigu ezer geldituko. Bada, gure prozesu biografikoa tipularenaren  antzera gertatzen da: ernatzen garenean, heriotzara arteko prozesu bat abian jartzen da. Eta nor garen geure buruari galdetuz gero ere, gure biografiaren geruzekin loturiko erantzuna emango dugu. Baina, gure kasuan, kontuan hartuta gure geruzak maila maskulinoagoetan eta femeninoagoetan sexutzen direla.
 
Nola lortu ideia horiek hezitzaileen jarreretan islatzea?
Jakinik askotariko subjektuekin aritu beharko dugula, askotariko portaera, desira edo/eta fantasiak topatuko ditugula, zer jarrera hartu behar dugu horietara hurbiltzeko? Non kokatu nahi dugu, lanean dihardugun pertsona horiei buruz? Labur azalduta, hiru motatako jarrerak topatu ohi ditugu:
● Debekuzkoa. Beldurrean eta murrizketan oinarritua da, ez du aintzat hartzen dibertsitatearen idiosinkrasia, eta izaera, jokabide eta sentitzeko modu jakin batzuk zilegitzen eta beste batzuk arbuiatzen, estigmatizatzen edo abolitzen saiatzen da. Jarrera horren adibide garbia da Eliza Katolikoa eta beste eliza batzuk subjektu sexudunengan proiektatzen saiatzen diren morala, kontrolpean hartu nahi baitute elkartze mota (hala nola, heterosexuala), xedea (adibidez, ugalketa) eta garaia (adibidez, ezkonbizitza).
● Permisiboa. Sarritan, debekuzko jarreren kontrako erreakzio modura gertatu ohi da. Subjektu guztien esperimentazioa sustatzen saiatzen da. Batzuetan, subjektuen jokabidearen gaineko epai morala 
ematen du, kontuan hartuta haien jarduera erotikoak (edo jarduerarik eza), desira gutxi asko erreprimituak, etab. Debekuzko jarrera baino jarrera modernoagoa da, itxura batean, baina, hala ere, moralista da, eta norbaitentzat ona zer den edo txarra zer den 
epaitzen du, betiere, dagokion pertsonatik kanpoko irizpideetan oinarrituta.
● Ulerkorra eta lanketara bideratua.
Ezagutzan oinarrituta da, geure buruaren ezagutza du ardatz. Elkarren desberdinak garenez, funtsezko oinarria da, eta gure helburuetako bat, desberdintasuna onartzea. Hortaz, aintzat hartzen ditugu pertsonaren baitako irizpideak, eta, horietatik 
abiatuta, norberaren hazkunde eta ezagutzarako bide autonomoa sustatzen dugu. Ez gara tematzen norbaitentzat ona zer den edo txarra zer den esaten; aitzitik: lagundu egiten dugu, ulertzen saiatzen gara eta hazten laguntzen duten prozesu pertsonalak lantzen ditugu.
Beste adibide bat jartzearren, nerabe eta gazteentzako aldizkarietan, jarrera permisiboa eta debekuzkoa izaten dira nagusi. Alegia, zer egin behar dugun edo zer egin behar ez dugun esaten digute. Are gehiago: batzuek estigmatizazioa bultzatzen dute, pertsonak jarduera erotiko jakin batzuk egiten baditu edo egiten ez baditu, edo desira
erotiko jakin batzuk baditu. Sexologiaren ikuspegitik, jarrera ulerkorra eta lanketara bideratua da abantaila gehien dakartzana, gure ustez, eta, sexu-hezkuntzan, ez dugu 
esan behar zer egin behar den edo zer egin behar ez den; aitzitik:  (geure burua) ezagutzeko, (geure burua) ulertzeko eta (geure burua) kudeatzeko tresnak eskaini behar ditugu. Eta, hortik abiatuta, pertsonei laguntzeko moduan izango gara: beren prozesuak ezagutzen, beren burua ezagutzen eta nolakoak diren, zer nahi duten, zer gustatzen zaien, nola gustatzen zaien, zer sentitzen duten… aurkitzen lagundu ahal izango diegu.
Hezkuntza ez da prebentzioa: garrantzizkoaren logika
Jakin badakigunez, prebentzioa eta hezkuntza ez dira gauza bera; ezta sexua eta arriskua ere. Apustua, beraz, hauxe da: ez amore ematea (guztiz, behintzat), urgentziazkoa, labainkorra eta politikoki zuzena denaren inertziari, eta garrantzizkoa denaren alde egitea, hau da: oinarri zientifikoko ezagutza, autogestioa eta norberaren autonomia sustatzea, eta berezitasunen, hau da, dibertsitateen itsaso horretan berezitasuna onartzea. Hezkuntzak gauzei eta gertaerei buruz gure burua kokatzeko eta horiek azaltzeko bitartekoa behar du izan. Horregatik, sexologia sustantiboaren ikuspegitik, honako helburu hauek lortzearen alde lan egiten dugu:
● Ulerkortasuna eskaintzea. Ideien eta kontzeptuen bidez pertsonei subjektu sexudun izateko duten modu berezia ulertzen eta ahalik eta modu asebetegarrienean bizitzen laguntzea. Horretarako, sexologia-arloko prestakuntza behar da, ez da aski asmo ona izatea; izan ere, San Agustinek zioen moduan, “Asmo onez zolatuta dago infernua”.
● Dibertsitatearen ideia sendotzea. Sexudun izateko eta sentitzeko modu bakoitzari balioa ematea, aukerak zilegituz eta horien lanketa sustatuz.
● Autonomia areagotzea. Lanean ari garen pertsonei tresnak eskainiz eta beren baliabide pertsonalak aintzat hartuz, beren bizipenak eta esperientziak ebazten eta kudeatzen parte har ezaten.
Udalerri batean garatzeko esku-hartze baten diseinu eskematikoa, azaldu dugun esparru teorikoan oinarritua
Udal proiektu bat diseinatzeko garaian, esku-hartze sexologikorako honako ildo hauek aintzat hartu beharko lirateke,  gure ustez:
● Sexu-hezkuntza: haur, gazte, heldu eta adinekoentzako sexualitate-programen bidez. Gure ustez, adin guztiei begirako sexu-hezkuntza sustatu beharra dago, bizitzaren une guztietan bizi baititugu sexudun izateko dugun moduan, gure sexualitatean, erotika adierazteko gure modu berezian eta abarretan eragiten diguten aldaketak.
● Sexologia-arloko prestakuntza: hezkuntza- eta gizarte-eragileentzat. Gure ustez, garrantzizkoa da gizartean esku hartzen duten eragile guztiek sexologiako jarduera-esparru komun bat izatea. Ez sexologiako profesionalak izatea, baina bai beren eguneroko jardueran agertu ohi diren egoerak kudeatzeko gai izatea.
● Hazkunde pertsonaleko programak: pertsonen ongizatea lantzeko tailer 
eta ikastaro zehatzak. Adibidez: adineko bikotekideen arteko harmonia, bikotean haztea, hazkunde erotikoa, maskulinitatea, emozioak, feminitatea, autoestima…
● Aholkularitza sexologikoa herritar ororentzat: bulego modura edo/eta beste formatu batzuen bidez, sexologiako profesionalek galdera, zailtasun edo kasu zehatzei erantzun ahal izango diete. Aholkularitza horren bidez, herritarren zailtasun arin ohikoenak landu daitezke.
● Terapia sexologikoa eta bikoteen terapia: ohiko zailtasun larriak lantzeko, sexologiako profesionalen bidez. Aholkularitza sexologikoa zailtasun jakin bat gainditzeko aski ez denean, lan sistematizatuagoa behar da, kanpoko laguntza profesionala. Bide horretatik, dagokion pertsonak edo dagokien pertsonek arazoaren jatorrian dauden egoerak lehenbailehen gainditzea bilatzen da, eta eguneroko zailtasunak modu autonomoan kudeatzeko gaitasuna berreskuratzea. 
Programaren arabera, banakako arreta, bikoteentzako arreta, taldeko arreta edo komunitate osoarentzako arreta landu daitezke. Eta arreta modu horiek guztiak posibleak eta aldi berekoak izan daitezke. Alde batetik, gure proposamenak kontuan hartzen du biztanleria guztia (haurrak, nerabezaro-aurrekoak, nerabeak, gazteak, helduak, adinekoak), denok baikara subjektu sexudunak. Tradizioz ez da horrela izan; izan ere, askotan, gazteak eta emakumeak besterik ez dira kontuan hartu, eta, asko jota, familia-unitatearen arduradunak, gazteei begirako jarduera osatzeko xedez.
Arreta-esparruei dagokienez, bereziki nabarmentzekoa iruditzen zaigu familia-
unitatearen arduradunekin, emakumeekin, gizonekin, talde etnikoekin, etorkinekin, 
egoera jakin batzuetan dauden kolektiboekin (haurdunaldia eta edoskitze-aldia, askotariko arazoak, droga-mendekotasuna…) lan egitea.
Ondorioak
Sexologiak balio modura hartzen du sexua; elkarren bestelakoak eta subjektu sexudun bakar, berdingabe eta desiratzaile egiten gaituen balio modura, hain zuzen. Aintzat hartzeko eta landu beharreko gertaera modura, eta ez izuarekin, sendatzearekin 
eta “normalizatzearekin” loturiko gertaera modura. Hain zuzen ere, Havelock Ellis soxologoaren printzipio ospetsu batek dioen moduan, landu beharreko egoera gehiago baitaude, sendatu beharreko ondoezak baino.