Euskara, administrazioak eta herri ekimena

2013-05-01

Euskara ez litzateke dagoen egoeran egongo herri ekimenetik sortutako hainbat eragileren ekarpenik gabe. Administrazioen zain egon gabe, herri ekimenek eraginda, ikastola berriak sortu dituzte Ziburu, Lekorne, Itsasu eta Arberoan. 

 
 
Euskal Herri osoan, euskarazko irakaskuntzak aurrerapen handia egin badu ere, haren normalizazioa lortzea ez dela hain erraza izango, dirudi. Azken aldian, hori 
adierazten duten hainbat adierazle argitaratu da. 
Nafarroako datuak eman ditu Berria egunkariak —Gobernuak ez baititu publiko egiten—, eta susmoak baieztatu ditu: D ereduak goia jo du lurralde horretan. Eta,  halaber, erakusten dute lurraldea hiru hizkuntza-eremutan banatzeak izugarri oztopatzen duela euskaraz ikasi ahal izatea. Administrazioak mugatu egiten ditu nafarren hizkuntza eskubideak, eta mugatu egiten du, baita ere, euskararen beraren garapena. Hango eremu ez euskaldunean, ikastoletan soilik ikas liteke euskaraz. Gainera, administrazioaren eskoletan eskolatzeko hautua egiten duten 1.400 ikasle beste herri batera mugitzera behartzen ditu. Hori gutxi balitz bezala, ingelesaren irakaskuntza euskararen normalizazioa oztopatzeko erabiltzen da, bide bata  eta bestea kontrajarriz. Errealitatea, ordea, beste bat da: ingelesa, euskararekin batera ikas daiteke, noski, hango ikastolek aspaldi erakutsia duten eran. 
Iparraldeari dagokionez, Ikas-bi elkarteak egin duen informean agertzen denaren arabera, euskaraz irakasteko traba ugari jartzen ditu administrazioak bere eskoletan euskaraz ikasi ahal izateko. Administrazioaren aldetik, “euskara sustatzearen aurrean, aurkako jarrerak eta aihergatasunak gora egin dute”, dio txostenak. Eta, jakina da 
ikastolek ere ez dutela batere erraz administrazioarekikoa.
Administrazioen zain egon gabe, herri ekimenek eraginda, ikastola berriak sortu dituzte Ziburu, Lekorne, Itsasu eta Arberoan aurten, eta datorren urtean sortuko dute Beskoitzen. Euskara ez litzateke dagoen egoeran egongo herri ekimenetik sortutako hainbat eragileren ekarpenik gabe. 
Baina funtsezkoa da herri ekimena eta administrazioen erabakiak norabide berean joatea. Azken urteotan ikusi dugunez, administrazioen jarrerek eta erabakiek eragin handia dutela hizkuntzen normalizazioan. Izan ere, euskara egoera gutxiagotuan 
egonda, bere alde ez egitea –berariaz eta diruz lagundurik – bere kontra egitea da.