Zer ekarpen egin dakioke euskal curriculumari mitologiaren alorretik?

2013-05-01
Euskal mitologia zertarako? Bi arrazoi eman daitezke euskal mitologia curriculumean sartzeko. Labur esanda, haren inguruan gizartean dagoen atzerapen egoera 
ulertezinari amaiera emateko, eta gure burua definitzeko, mitologia, herri-nortasuna eraikitzen duen eredu sorta delako, ipuin harrigarri bilduma soilaz haratago.
 
 
Atzerapen egoera
Euskal mitologiaren ikerketan aurrerapauso nabarmenak izan badira ere, haien gizarteratzea hutsaren hurrena izan da, besteak beste, seguru asko, Unibertsitatean inoiz ez duelako leku bat merezi izan. Era grafikoan esanda: hizkuntzalaritzan Koldo Mitxelenaren aroan bizi bagara ere, mitologian Manuel Larramendiren garaian gaude oraindik. Ez da erraz ulertzen nola egon gaitezkeen honelako kinka tristean, baina 
egon ere, honelaxe gaude. Cerquand-ek eta Barandiaranek euskal mitologia biltzen 
egindako lan eskergak ondoren izan duen azterketa eta interpretazio lana ez da batere gizarteratu. Duela ia ehun urte bezala gaude. Eta hori bakarrik, besterik gabe, nahiko larria dela esango nuke. 
 Hurrengo orrialdeko irudian, indusketa batean azaleratutako burnizko pieza batzuk ditugu, atera bezala bere horretan ezkerrean, eta trataera kimiko sofistikatu baten ondoren, jatorrizko itxura berreskuratuta, eskubian. Mila hitzek baino hobeki 
erakusten du adierazi nahi dudana. Gaur egun, batez besteko euskaldunak euskal mitologiari buruz dakiena, ezkerreko irudiaren pareko da: kontu zahar herdoildu batzuk, zahartasunaren lilura pizten dutenak, zer diren edo zertarako ziren oso ondo jakin gabe. Herdoilaren miresmenean bizi gara, horren azpian edozer irudikatzea zilegi delarik, benetan zer den ez dakigulako. Herdoil zolda horrek dirauen artean, euskal mitologiak denetarako balio du idazle, sortzaile eta artisten eskuetan. Harrigarritasuna, misterio kutsua eta norberaren gustuko burutazioak (mitologia berriak) dira euskal mitologiak transmititzen digun guztia. 
Aitzitik, euskal mitologia eskubiko irudiaren pareko adieraz daiteke: jaso den egoeran zituen herdoilak garbituta, pieza bakoitza zer den zehaztuta, zertarako balio zuen argituta, non eta noiz sortu zen, zeri lotzen zitzaion eta nondik eta nola iritsi zen gure artera azalduta. Izan ere, euskal mitologia ez da eusko-labela, gehienetan modu horretan ulertzen bada ere. Ez da izate monolitikoa, ez da jatorri bakarrekoa. Hainbat jatorri, hainbat eragin, hainbat mezu, zenbaitetan kontraesankorrak, ditu bere baitan, azterketaren ondoren baino ikus ezin daitezkeenak. Euskaldunentzat kultura 
orokorreko izan behar litzatekeen hainbat gauza, bizpahiru adituk baino ez dakite. 
Esate baterako, laminak  denek ezagunak izan arren, ia inork ez daki lamia, sorgin hitzaren sinonimo moduan erabili zela Erdi Aro osoan, eta horren ondorioz, “paganoa” zen oro izendatu ohi zuela, eta ondorioz, izen horren azpian elkarren artean zer ikusirik ez duten lau edo bost izaki mitologiko diferente biltzen direla, eta boston ezaugarriak nahasirik gauza bakarra bailiran deskribatzen direla behin eta berriz. Mariren hainbat legenda, halaber, jatorrizko Mariren nortasunarekin kontraesanean daude eta geroztikako garapenak dira, baina, agian deigarrienak direlako, gehien aipatu eta nabarmentzen direnak dira. Edo nork daki Kixmi ospetsua, jentilen akaberaren mito jatorrean parasito moduan duela 400 urte inguru sartu zela eta geroztik  arreta guztia bere gain erakartzea lortu duela, bere ostalari zahar garrantzitsua erabat itzalpean utziz? 
Hiru adibide baino ez dira, baina bikain erakusten dute zenbateraino euskaldun ikasiak zeharo ezjakin diren euren mitologiari dagokionez. Horregatik besterik ez bada 
ere, merezi du euskal mitologia curriculumean sartzea. XXI mendean onartezina delako gure kulturaren arlo bat sozialki Larramendiren aroan egotea oraindik. XXI mendeko bataz besteko euskaldunak jakin beharko luke euskal mitologiaren ziklo nagusiak zein diren, bertan zer den garrantzitsu eta zer den anekdota, zer den jaki eta zer den perrexil. Ziklo eta pertsonaiok non eta noiz sortu ziren, zein garaiko aztarna diren eta, beraz, zein kulturkidetzetan sartuta ibili ziren gure aurreko euskaldunak. 
Herri nortasuna eta munduan kokatzea 
Aurrekoak bakarrik badira nahikoa arrazoi euskal mitologia, behar bezala eguneratuta, eskolan ikasgai jartzeko. Baina badira beste motako arrazoiak ere, eta askoz indartsuagoak gainera, aukera horren alde egiteko. Izan ere, mitologia ipuin harrigarri bilduma soila baino askoz gehiago baita: mitologia eredu sorta bat da, natura eta gizarte bizitza ulerbideratzeko erabili ohi dena, eta hein horretan, herri-nortasuna moldatzeko tresna nagusia. Geografia edo Historia gure burua munduan kokatzeko tresna diren hein berean, mitologiak ere kokatu egiten gaitu herri-nortasunen mapan: nondik gatozen esaten digu, nola bizi garen, zer den guretzat garrantzitsu, non dauden gure nortasun-senideak, nolako izan nahi dugun...  Mitologiak balioak transmititzen ditu, eta gaur egun bizi dugun “aukeren gizartean”, eginkizun dugun herri-nortasun berritua diseinatzeko behar ditugun gakoak eskaintzen dizkigu. Herri-gogoaren GPSa da, mapan kokatzen gaituena, nor garen eta zer garen esaten diguna.
Konparazio bat eginez, esan liteke Historia Mineralogiari lotzen zaiola Mitologia Kimikari bezala. Mineral batek beti ditu hainbat elementu kimiko bere baitan. Beraz, nekez esan daiteke ezer mineral baten propietateei buruz, bere baitako elementu bakoitzak bereak dituelako. Ezin dugu hitz egin bere gogortasunaz, bere urtze tenperaturaz, bere osakera atomikoaz. Berdin gertatzen da herri-nortasuna Historiaren alorrean aztertzen saiatzen garenean. Historia gertakarien alorra da, eta alor hau aleatorioegia izan ohi da eztabaidaezineko emaitzarik lortzeko. Horregatik, ez dago adostasun biderik “euskal berdintasunaz” debatitzen diharduten historialarien artean, esate baterako. Mitologia berriz, ereduen alorra da, ez gertakariena. Eta denboraren eta Historiaren poderioz ereduen mailan kontraesan apurrik ager badaiteke ere, hutsaren hurrena izan ohi da, eta argi eta garbi bereiz daiteke ereduak zer erakusten duen. Eredua elementu kimikoaren parekoa da. Purua da, bere abstraktutasunean homogeneoa, aztertu egin daiteke eta eztabaidarik gabeko adostasunak lor daitezke bere propietate 
eta ezaugarrien inguruan. Esate baterako, Historian oinarrituta nekez esan daiteke euskaldunak nolakoak diren, baina eredu mitologikoari begiratuta errazago esan daiteke euskaldunek nolakoak izan nahi duten, zein eredu jartzen dioten beren buruari.
 Herri-nortasuna  aipatzeak  tabu kutsua izaten jarraitzen du, joan den mendeko volksgeist  kontzeptua ulertzeko era traketsaren eraginez: modu arrazista, literal eta orokorrean ulertzen zen orduan, hots, alemaniarrak besteak baino bizkorragoak eta langilegoak dira (alemaniar arioak), judutarrak gaiztoak eta zikoitzak (judutar guztiak), espainiarrak eta italiarrak alferrak eta festazaleak (guzti-guztiak). Horren aurkako erreakzioz, orain ofizialki denak gara berdinak, eta ez dago herri nortasunik ezta herrien arteko diferentziarik ere. Baina errealitateak gezurtatu egiten digu behin eta berriz dogma berria: ustelkeria, elkartasuna, berdintasuna, ekimen-gaitasuna,  ez dira neurri berean gertatzen leku guztietan, eta faktore sozio-ekonomikoek bakarrik ezin dute ulertarazi diferentzia horiek zergatik agertzen diren. Hor sartzen gara ereduen eta balioen erresuman, mitologiaren esparruan.
Hildako baten beilara bazoaz Azpeitian, zeinen gizon umila eta zeinen langile fina zen entzungo duzu zendu berriaz. Sevillan berriz, zenbat diru zuen eta zer artea zuen kantari edo pasadizoak kontatzen nabarmenduko dizute. Eta horrek ez du adierazi nahi sevillarra azpeitiarra baino alferragoa zenik (gerta liteke aurkakoa izatea). Kultura bakoitzean eredutasuna non ipintzen den adierazten du, besterik gabe. Langile izatea ohorezko aipamena ohi da euskaldunen artean, baina desohorezko izan daiteke Sevillan, ergeltasunaren pareko. Euskaldun asko egongo dira sevillar asko baino alferragoak zalantzarik gabe, baina langile izatea ia lotsagarri den kulturan, estatistikoki sarriago gertatuko dira ustelkeria kasuak, langile izatea ohoregarri den kulturetan baino. Arrazismo izpirik gabe, ereduen mailan, estatistikoki formulaturiko herri-nortasuna edozein hezkuntza sistemak aintzat hartu beharreko aldagaia da.
Ez dut uste exajerazio bat denik esatea gure herri-nortasunaren inguruan konfusio handia dugula une honetan. Azken lau hamarkadetan gertatutako aldaketa kultural azkar eta indartsuek, noranahiko eredu sikulusaltsa eragin dute bazter guztietan. Horri eransten badiogu gure herriak nozitu dituen egoera bereziak, ez da harrigarria gure artean suma daitekeen noraeza. Premiazkoa da nora jo nahi dugun erabakitzea, eta horrelakoetan bereziki lagungarri izan ohi da nondik gatozen jakitea.
Euskal mitologia zer den ongi ulertzen denean, ikusten dugu, adibidez, euskal nortasunak eztanda nola egin duen eta horren puxkak han eta hemen non dabiltzan barreiatuta eredu arrotzen artean. Ingurua ulertzen laguntzeko tresna zorrotza da, gizarte mailako jarrera eta joeren artean, zer nondik datorren antzemateko paregabea. Alderdi politiko bateko buruzagitzatik enpresa oligopolista bateko buruzagitzara ondorio sozial larririk gabe jauzi egin daitekeela egiaztatzea, edo beste alderdi politiko batek iraultza bolivarianoa eredutzat proposatzen digula ikustea, noraeza horren bi adibide baino ez dira. Krisi beraren adibideak lirateke bideak zaintzeko bolondres faltan hainbat txirrindulari-lasterketa bertan behera geratzea, diru-ordainik gabeko lanean oinarrituriko hainbat ekimenen desagertzea, edo frontoiei pilotarien izenak jartzen hastea. Orotariko anitz ereduren erresultantea da gaurko gizartea, eta zer nondik datorren ongi bereiztea arrunt lagungarria da, nork bere jarrerak eta erabakiak hartzeko garaian.  
Euskal mitologia interpretatuaren irakurketak badu zer erakutsia kinka honetan. Esate baterako, lehen lekzioa da ez dugula eredu baten menpe, esklabu egon behar. Euskal mitologia ez da eusko-labela, arestian esan bezala, ez da monolitikoa eta aldaezina, ez da jatorri bakarrekoa, eta hein handi batean ez da euskaldunena bakarrik. Historia luze bat erakusten digu, hango eta hemengo ereduek eragindako historia. Hainbat kulturkidetza zabal erakusten digun historia. Nortasun berritu bat asmatzea, diseinatzea, zilegi egiten duen mitologia da nolabait, eta horrek asko pozten nau ni behinik behin, tradizioaren zama arintzea ahalbidetzen duen heinean. 
Gure Mari gaur egungo Turkiako Anatoliatik datorrela jakiteak, esate baterako, dimentsio berri bat ematen dio euskal izateari, gaur egungo munduak eskatzen duen irekitasunari bikain egokitzen zaiona. Askorentzat euskaltasunaren paradigma dena, Turkiatik etorri zen gure artean bizitzera. Zoragarria gure artean kanpotar senti daitekeen edonorentzat, eta zoragarria euskaldun izateko paleolitoari loturik egotea derrigorrezko ez dela sinetsi nahi dugunontzat.
Mariren jatorria askorentzat harrigarri gertatuko bada ere, hori ez da euskal mitologiak gorderik duen ustekabe bakarra. Herri baten nortasuna ez da berdin mantentzen batere aldaketarik gabe denbora luzean. Aspektu batzuek iraun egiten dute, baina beste batzuk aldatu egiten dira. Esate baterako, azken mendeotako euskal paradigmaren hainbat ezaugarriren espainiar jatorria maisuki deskribatu zigun Joxe Azurmendik Espainolak eta euskaldunak liburuan. Hein honetan, euskal baserritar elizkoien ahotik bildutako mitologian, jainkozkorik gabeko mundu “errenazentista” baten arrastoak gorde direla jakitea, Mariren jatorria bezain harrigarri gerta daiteke horren berri ez duenarentzat. Mariren munduan ez dago gizakiak menpean hartzen dituen jainkorik, eta gizakiak askatasun ontologiko osoan bizi dira, euren patuaren jabe.
Askatasun horren baitan, euskal mitologiaren ereduen azterketa kritikoa egin dezakegu guk ere. Bertan ageri diren balio asko goresgarriak dira, baina beste batzuk ez hainbeste, egungo ikuspuntutik. Gaurko gizartean garrantzitsuak diren hainbat eta hainbat aspekturen inguruan gogoeta egiteko bidea ematen digu. Gogoeta librea, herri nortasun berritua osatzeko, onesgarri ikusten duguna hartu eta gaitzesgarri irizten dioguna baztertzeko. Norbanakoaren izatea eta talde-izateari buruzko gogoeta, ekimenaren inguruko gogoeta, lanaren inguruko gogoeta, askatasunaren ingurukoa, zintzotasunaren ingurukoa, ekologiaren ingurukoa, zorionaren ingurukoa... Hauei guztiei buruzko argibideak aurki ditzakegu mitologian, izan ere, honelako gogoetatik sortua baita mitologia bera.
Mitologiaren azterketak erakusten duen beste irakaspen interesgarria zera da, eredu-emaile izateko, garaile, erreferente izan behar zarela lehendabizi. Hori ez da, berez, gaurko kontua, aspaldikoa baizik. Alferrik da eredu onak transmititu nahi izatea, eredu horien erakuslea entzulegoa liluratzeko gauza ez bada lehenik eta behin. Hits eta ulertezin irizten bazaio ere, egitasmo goresgarri baten aldeko diru bilketa egin behar denean, ez dira horretan diharduten gizaki eredugarriak agertzen, saltsa guztien perrexila diren hainbat ospeskila baizik. Eta hauei esker biltzen da diru gehiago, gainera. Esan bezala, aspaldiko kontua da. 
Neolitikoko mitologian ere gauza bera aurki dezakegu jentilen legendetan. Lan gogor eskerga eguneroko ogi zuten gizaki haientzat, ezer ez zitekeen liluragarriago, nekerik gabe eta erdi jolasean  zuhaitzak esku bakarrez  erauzi eta  harritzarrak mendiz mendi jaurtitzen zituzten izaki harrigarri haiek baino. Aurrena lilura sortu eta hurrena eredu ona erakutsi. Horrela izan da beti eta horrela izango da aurrerantzean ere.
Euskal mitologian agertzen diren eredu onak, erreferente arrakastatsuekin lotuta 
erakutsi behar dira. Jentilek ez dute gaur egun iraganean izan ohi zuten liluratzeko gaitasuna, eta horregatik, haiek erakusten duten elkartasun eta zintzotasun eredua, gaur egungo erreferentzia arrakastatsuekin lotuta adierazi behar da: jentilen mitologia gorde den herrietan (Europa  Atlantikoan), zintzotasun eta elkartasun ereduak inon baino zabalduago daude, eta herri aurreratu eta aberatsenak dira, elkarlana eta konfiantza arrakasta ekonomikoaren oinarria direlako. Euren mitologietan boterea eta maltzurkeriaren gorazarrea duten herrietan berriz, maizago aurkitzen ahal da gizarte mailakatze nabarmenagoa, aberats kopuru txikia, jende txiro eta ezjakin ugariagoa, eta 
oro har, gizarte pobreago eta atzeratuagoa.
Euskal mitologia interpretatua curriculumean sartzea, herri-nortasun berritua eraikitzen hasteko urrats nagusia da. Herri-nortasun berritua, gaurko munduan bizitzeko egokitua, gogoeta zabal baten emaitza izango dena eta iraganaldiaren mirabe izango ez dena. Iraganaldia ere ez delako bakarra, anitza baizik. Sudango atsotitz batek dioen bezala, sustraiak eta hegoak, biak izango dituena.
Herri-nortasuna apurtu eta desegiten hasten denean, oraintxe bertan gertatzen 
ari zaigun moduan, herri bezala desagertzearen ataria dela esan daiteke. Lehentasun larriko kontua da gure garaiari eta gure gizarteari dagokion herri-nortasun berritua osatzea, euskal mitologia interpretatuaren laguntzarekin.