Gasteizko SANTA MARIA Katedrala

2013-05-01

Gasteiz hiriaren jatorria eta historia hobeto ezagutzeko eta ulertzeko giltzarria da Santa Maria katedrala. XIV. mendean eraikia, 2000. urtean tenpluaren zaharberritze lanari ekin zioten, baina katedraleko ateak irekita utzi zituzten, ­obrak egin ahala herritarren bisitak jasotzeko. Geroztik, milioi bat bisitari baino gehiago hartu ditu katedralak. Haurrek ere eraikin gotikoaren sekretuak ­ezagutu ditzakete, bisita didaktikoen ­bidez zein berriki kaleratu duten liburu baten bidez.

 
 
Katu: bazen behin... Gasteizen izenburua du Santa Maria Katedrala Fundazioak martxoan aurkeztu zuen liburuak. Ainhoa Gomezek, Gasteizko Irakasle-eskolako irakasleak, haurrentzat idatzitako liburu sail baten lehen alea da, katedralaren sekretuak gazteenei erakusteko sortua. Katu izeneko katu urdin batek bizitako abenturen bidez, tenpluaren historia, eraikitzea, arazoak eta zaharberritzea ezagutuko ditu haurrak.  Halaber, katedralarekin loturiko beste hainbat alderdi erakutsiko ditu liburu-bilduma horrek: XVIII. mendeko gasteiztarren bizimodua, herrixkak izandako bilakaera, Erdi Aroko defentsa-sistemak, arkeologiaren ­eta zaharberritzearen funtsak... Azalpenak 
irakurtzeaz gain, testuan txertatutako hainbat ariketa egin ahal izango dituzte haurrek, edukia berrikusi eta asimilatzeko modu ­erraz eta dibertigarrian. Ismael Garcia EHUko Historia-doktoreak egin ditu ilustrazioak. Liburua Bisitariak Hartzeko Zentroan eros daiteke 18 eurotan, eta www.catedralvitoria.com helbidetik jaitsi daiteke doan.
Santa Maria katedralaren garrantzi historiko eta artistikoa haurrengana gerturatzeko, Fundazioak antolatutako ekimenetako bat da Katu bazen behin... Gasteizen liburu didaktikoa. Horrez gain, Didaktikatedrala egitarauan bisita gidatuak antolatzen ditu 
ikasleentzat, Gasteizko Udaleko Hezkuntza Sailarekin lankidetzan. Mailaren arabera –Lehen Hezkuntzako lehen mailatik seigarren mailara– eta gaika banatutako bisitak dira (elizpea, beirateak, Gasteizko etxolak, harresiak, errondabidea, merkataritza-hiria, katedrala...), eta bukaeran, bisitarekin lotutako zenbait lantegi egiten dira. Gai bakoitza lantzeko, ikus-entzunezko materiala erabiltzen dute: power point programaz egindako aurkezpenak, DVDak... 
Bestalde, haurrei eskainitako bisita gidatuak antolatzen ditu Fundazioak larunbat-arratsaldeetan (16:15ean hasten dira). Kasu horretan, helduen ibilbide berbera 
egiten dute umeek katedralean zehar, baina azalpen teknikoak baztertu eta haurren gaitasunera egokitutako hizkuntza erabiltzen dute gidariek, txikiek ere arazorik gabe uler eta goza dezaten bisita.
Bisita horiek katedral gotikoaren eraikuntzari buruzko ezagutza sakontzeko balio dute. Ibilaldi horretan, Santa Maria Katedralaren eraikuntza-faseak, mendeetan 
izan dituen arazoak, egin diren ikerketa-lan arkeologikoak eta arkitektonikoak eta etorkizuneko proiektuak ezagutzen ditu bisitariak. Besteak beste, zimenduak indartzeko eta katedralaren zoru berria eraikitzeko erabilitako hargintza-lanen bilakaera jarrai dezake; kanpoko harresiaren erronda-pasabidea eta triforioa bisita ditzake; eta katedralaren elizpean egindako zaharberritzea ikus dezake. Halaber, induskatutako eremuen gainean eraikitako zoru berria zapaldu eta rococo estiloko sakristia bertatik bertara ­ikusteko aukera ere badu bisitariak. Katedralaz gain, dorrearen bisita eginez gero, ­eraikina oso-osorik ikus dezake, lurpeko txoko sakonenetatik hiriaren talaiara arte. ­Izan ere, Gasteizko lekurik garaienean kokatuta dago katedrala, eta, bere dorretik –60 metroko luzera du–, alde zaharraren, hirigunearen eta Arabako Lautadaren bistarik onenaz goza dezake bisitariak.
Katedralaren gune ikusgarrienetako bat Argiaren Elizpea da. Paterninako Kapera atrioaren aurrealdean kokatuta dago, eta bideo digitaleko proiekzio-sistema sofistikatuari esker, XVI. eta XX. mendeen arteko polikromiaren bilakaera erakusten du. Argiz eta kolorez beteriko ikuskizuna da, Europan bakarra. 
Katedralaz gain, XI. mendean Gasteizko herrixka inguratu zuen harresia ere bisita daiteke. Urte luzez lur azpian edo kale estuen artean gordeta egon da harresia; jatorrizkoak 900 metroko perimetroa zuen, baina, gaur egun, 450 baino ez daude zutik. Katedralaren zein harresiaren bisita egiteko beharrezkoa da hitzordua eskatzea.
 
Sorkuntzarako gogoa pizten duen katedrala
Ezustez beteriko prozesu bizi eta irekia izan da Gasteizko Santa Maria katedralaren zaharberritzea. Lanen barruan egindako indusketa arkeologikoek Gasteizen historiari eta Erdi Aroko hiriguneari buruzko hainbat datu berri ezagutzea ahalbidetu dute, eta hainbat teoria aldarazi dituzte. Esaterako, jakin da uste baino 400 urte zaharragoa dela hiria. Izan ere, katedrala eraikita dagoen muinoan herrixka bat zegoen VIII. mendean, Gasteiz herrixka, eta haren gainean fundatu zuen Nafarroako Antso Jakitunak, 1181. urtean, Nova Victoria hiria. Halaber, katedrala lehengoratzeko lanak hasi eta berehala, hiriko harresiaren aztarnak aurkitu zituzten lur azpian, eta horri esker, jakin ahal izan da XI. mendean eraikia izan zela, uste baino ehun urte lehenago. Katedrala zaharberritzeko lanen ereduak arkeologo, arkitektu eta historialari askoren goraipamena jaso du, eta turistak erakartzeko amu bilakatu da. Halaber, katedrala bisitatu ostean, hainbat idazlek hari buruz idaztea erabaki dute; horien artean, Toti Martinez de Lezea eta Paulo Coelho daude. Baina, batez ere, Ken Follett-en kasua da ezaguna. Gasteizko katedralean oinarritu zen The World Without End liburua idazteko, eta hirian bertan aurkeztu zuen.