Datorren ikasturtean hasiko dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako EKI proiektuak sortutako ikasmaterialak erabiltzen hala eskatzen duten ikastetxeetan. Tresna berriaren inplementazioari begira, irakasleentzako prestakuntza saioak antolatuko ditu Ikaselkar argitaletxeak datozen hilabeteetan, eta aholkularitza eta laguntza eskainiko die ikastetxeei. Horren aurretik, ikasmaterialak hezkuntzako profesional, agintari, espezialista eta adituei aurkezteko, lau egunez agerraldiak egin dituzte Ikaselkar argitaletxeak eta Ikastolen Elkarteak Gasteizen. EKI proiektuaren bereizgarri nagusiak eta oraingoz berau osatzen duten sei ikas-arloetako (Matematika, Lengua Castellana y Literatura, Euskara eta literatura, English, Gizarte zientziak eta Naturaren zientziak) materialen xehetasunak azaldu zituzten Xabier Garagorri eta Mikele Aldasoro egitasmoaren zuzendariek Europa Jauregian.
47 hezkuntza-profesionalek sortu eta 23 ikastetxetako 226 irakaslek, aldez aurretik egin duten esperimentazioaren bidez, balioztatu dute EKI proiektua. 2008 eta 2009n Euskal Herriko ikastetxe gehienek elkarrekin eraiki eta onetsitako Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculumaren harira sortutako egitasmoa da EKI, eta hezkuntza-proiektu baten zerbitzura dago, Xabier Garagorrik Gasteizko aurkezpenean azpimarratu zuenez. “Ikasmaterialak ez dira neutroak, hezkuntza paradigma bat dute atzean”. EKI proiektua hezkuntza-paradigma berri baterako tresna “doitu eta koherentea” dela esan zuen. “Lehen ere Euskal Curriculuma lantzen genuen ikasmaterialetan, baina EKI proiektuaren bidez era sistematikoan eta hezkuntza eragileekin adostu dugu zer dugun eta zer eduki nahi dugun elkarrekin Euskal Herrian bizi garenok, bi estatu eta hiru administraziotan banaturik egon arren”.
EKIk dakarren berritasunaren garrantzia eta erronka nabarmendu zituen Garagorrik. “Hezkuntza-eredu berri batez ari gara, eta berrikuntzak ez dira batere errazak
izaten. Aldaketak egiteko lehen baldintza borondatea da. Hemen badago. Konpetentziei buruzko hitzak maiz entzuten ditugu, musika polita da, baina horiek gauzatzea ez da hain erraza; diskurtso teoriko asko dago, baina gauzatze praktiko zehatzik ez hainbeste. Gurea saiakera bat da bide horretan, eta erronka bat dugu. Borondateaz gain,
ahalmena ere behar da, eta ahalmena garatzeko, denbora. Guk ikasmaterialak eskaintzen ditugu, eta nire esperientziatik esan dezaket zerbait baldin badago aldaketarako eta berrikuntzarako egingarria, hori ikasmaterialak direla”.
Garagorrik uste du EKIk planteatzen duen irteera-profilean oinarritutako curriculumaren bideak aurrera egiten badu, antolaketan aldaketa handiak ekarriko dituela ikastetxeetan. “Oinarrizko Hezkuntza osotasun bezala ikusi beharko dugu, ez une honetan ikusten dugun bezala: DBH-LH-HH. Ekimen guztiak gailur horretara bideratzeko ahaleginean jarri beharko dira, eta horrek barneko antolaketan, barneko egitura guztian eragina izango duela sinesten dut”.
Oinarrizko gaitasunak, ipar eta gailur
Bost dira Euskal Curriculumaren eta EKI proiektuaren hezkuntza-eredu berriaren bereizgarri nagusiak.
Batetik, ikaslearen irteera-profilean oinarritutako curriculuma jartzen du helburu gisa, eta horretarako oinarrizko konpetentziak hartzen ditu “ipar eta gailur” modura. Bizitzarako ezinbestekoak diren eta bizitzako egoera guztietarako baliagarriak diren konpetentzia orokorrak edo metadiziplinarrak zehazten ditu, oinarrizko hezkuntza
osoko irteera-profilaren giltzarri gisa. Honako hauek dira oinarrizko gaitasun horiek: ikasten eta pentsatzen ikasi; komunikatzen ikasi; elkarbizitzen ikasi; norbera izaten ikasi; egiten eta ekiten ikasi. Oinarrizko konpetentzia horiek “ezberdinak dira, baina batera doaz”, azaldu zuen Garagorrik.
Halaber, oinarrizko gaitasun horiez gain, badira ikas-arloekin lotutako beste konpetentzia batzuk: hizkuntza eta literatura; musika eta dantza; plastika eta ikus adierazpena; gorputz hezkuntza; matematika; teknologia; naturaren zientziak; eta gizarte zientziak. “Oinarrizko konpetentzia hauek ez dute izaera propiorik, ezin dira ebaluatu baldin eta ez badira lantzen arloen bidez. Oinarrizko konpetentzia orokorrak arlo guztietan uztarturik garatzen dira, eta alderantziz, oinarrizko konpetentzia espezifikoak garatzeko gaitasun orokorrekin uztartu behar dira. Prozesu horren bidez lortzen da Europak oinarrizko konpetentzietan eskatzen duena betetzea”, azaldu zuen Garagorrik.
Bigarrenik, Euskal Curriculumaren kultur ibilbidean oinarrituta dago EKI proiektua. Hortaz, ikasmaterialetan dimentsio ezberdinak uztartzen ditu: dimentsio europar eta unibertsala (ikasleak Euskal Herrian eta munduan bizitzeko prestatu behar ditu); curriculum ofiziala, derrigorrezkoa; berariazko Euskal Curriculum oinarrizko eta komuna (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria kontuan hartzen dituena); eta lekuan lekukoa.
Zertarako (hezkuntza eredua) eta zer (Euskal Curriculuma) irakatsi ez ezik, nola
irakatsi ere garrantzitsua da. Integrazioaren pedagogiaren aldeko hautua egin du EKIk. “Oinarrizko konpetentziak praktikara eramateko saiakera handia egin dugu lehen aldiz. Edukiak baliabide gisa eta funtzionaltasun batekin landuko ditu ikasleak, bizitzan erabiltzeko. Hori oso urrats handia da”, Garagorriren hitzetan. Ikaslea bizitzako egoera eta eremu guztietan (pertsonalean, sozialean, lanekoan, akademikoan…) eraginkortasunez jarduteko prestatzea da helburua. Horretarako, ikasleak ezagutzak (kontzeptuzkoak zein prozedurazkoak) barneratzea beharrezkoa da, baina ikuspegi akademikoa ez da nahikoa EKI proiektuaren pedagogoen iritziz. Halaber, ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren eragile nagusia izatea eta era aktiboan jardutea eskatzen du, ikuspegi eraikitzailea barneratzen du, baina hori ere ez da nahikoa. Konpetentzietan oinarritutako curriculumaren ikuspegitik, ikasleak dituen ezagutza akademikoak eta ikasteko prozedurak modu integratu batean eta era guztietako egoeretan mobilizatzea eta transferitzen ikastea da EKI proiektuaren bereizgarri nagusia. “Integrazioaren pedagogian, ikuspegi sozio-eraikitzailea lehenesten da”, azaldu zuen Garagorrik: “Ikaskuntzaren dimentsio soziala barneratzen du (ikasleak lankidetzan ikasten du), ikaskuntzaren dimentsio eraikitzailea (ikasleak ezagutzen duenetik abiatuz, ezagutza berriak eraikitzen ditu), eta ikaskuntzaren dimentsio interaktiboa (ikasleak testuinguru eta bizitza eremu jakin bateko egoeretan jardunez ikasten du). Hirugarren dimentsio horretan dago EKIren ekarpen berritzaileetako bat”.
Prozedura metadiziplinarrak arlo guztietan integratzen dituen curriculuma da
EKI proiektuaren laugarren bereizgarri nagusia. “Gure hautu pedagogikoa konpetentzietan oinarritutako hezkuntza denez, ‘egiten eta ekiten ikastea’ jarri dugu gure prozedura metadiziplinarren proposamenaren erdigunean. Egiten eta ekiten jakiteko, jakina, ikasten eta pentsatzen jakin behar da, informazioa jasotzen, ulertzen eta baloratzen jakin behar da, ideiak sortzen jakin behar da, baina baita elkarrekin bizitzen eta norbera izaten ere”. Hortaz, EKI proiektuko ikasmaterialetan, oinarrizko gaitasun bakoitzaren urratsak eta etekinak zehaztu dituzte, eta ikas-arlo guztietan uztartu dituzte. “Oso ekarpen interesgarria iruditzen zaigu, oinarrizko konpetentzia metadiziplinarrak uztartzeko prozedura metadiziplinarrak tresna oso garrantzitsuak dira”.
Azkenik, euskara ardatz hartuta, eleaniztasuna bideratu eta IKT konpetentzia arlo guztietan integratzen duen curriculuma bultzatzen du EKIk. “Komunikazioa
oso esparru berezia da, eta oso inportantea. Komunikazioaren bidez adierazten ditugu beste elementu guztiak: pentsatzen dakigula, elkarrekin bizitzen dakigula, arloetako
ezagutza…. Baina aldi berean, horiek bideratzeko bidea ere komunikazioa da. Azken batean, ibaiak ura darama baina ubide bat dauka. Ubide hori da komunikazioa. Prozedura metadiziplinarretan ez dugu komunikaziorako atal bat sortu, baizik eta oinarrizko konpetentzia bakoitzean txertatuta dago modu transbertsalean.
Elementu guztiak uztartzen ditu, euskara ardatz duela: komunikazio digitala, hizkuntzen curriculum integratua…”. Hizkuntzak eta literatura arloko oinarrizko konpetentziak eta arloko konpetentziak hiru eletarako (euskara, gaztelania, ingelesa) komunak dira, eta hirurak modu osagarrian dihardute. Eta bestetik, konpetentzia linguistikoaren eta konpetentzia digitalen garapena ikas-arlo guztietan integratzen da, beste oinarrizko konpetentzia orokorrak bezala. “Lehen aldia da IKTko konpetentzia arlo bakoitzaren konpetentziaren zerbitzura jartzen dela, eta aldi berean, arloaren lanketak IKTko gaitasunari ere ekarpena egiten dio”, nabarmendu zuen Xabier Garagorrik.
Ikasmateriala, paperean eta digitalean
Ikaslearen liburu inprimatua. Unitate didaktikoak jasotzen dituen ikasmateriala.
Jarduera-fitxak. Unitate didaktikoetako jarduerek eskatzen dituzten adierazpenak eta ariketak egiteko euskarria.
Portafolioa. Ikasleak unitate didaktiko bakoitzean egingo dituen fitxak eta lanak jasotzeko baliabidea.
Lan-koadernoak. Ariketa sistematikoen multzoa eskaintzen duen ikasmateriala.
EKIgunea. Proiektuaren webgunea: audioak, bideoak, animazioak, irudiak, jarduera osagarriak, konpetentzia digitala lantzeko fitxak, informazio-testua.
Irakaslearen gidaliburua. Diseinu kurrikularraren ezaugarriak eta curriculumaren garapeneko hiru zehaztapen-mailak jasotzen dituen liburua.
Liburu digitala. Unitate didaktikoak jasotzen dituen ikasmateriala (zoom eta web bertsioak): audioak, bideoak, animazioak, irudiak, informazio-testuak, jarduera osagarriak, konpetentzia digitala lantzeko fitxak, jarduera-fitxak, irakaslearen gidaliburua.
“LOMCEk dioena jasotzen du, eta gehiago ere bai”
EKI proiektua Espainiako Gobernuak LOMCEren bidez ezarri nahi duen hezkuntza
erreformaren espirituarekin nola uztartzen den galdetu zioten Xabier Garagorriri, Gasteizko Europa Jauregian egindako aurkezpenean. Bien arteko ezberdintasunak “begibistakoak” direla erantzun zuen, baina hala ere, EKIk LOMCEren ideia nagusiak jasotzen dituela zehaztu zuen. “Ikaslearen irteera-profilari dagokionez, LOMCEk ez du LOEko planteamendua aldatzen. Elkarbizitzari ematen diote garrantzi handiena, baina LOMCEn irteera-profila oinarrizko hezkuntzaren funtzio nagusi batean zentratzen da: lan mundurako prestatzea. Gure planteamenduan ez dugu esaten ezezkorik, hori ere badago gurean, baina baita elkarrekin bizitzeko eta bizitzaren egoera pertsonal eta sozialari aurre egiteko gaitasuna ere. LOMCEren planteamendua izugarri murriztailea iruditzen zaigu; guk hori jasotzen dugu, eta gehiago ere bai”.
Euskal Curriculumaren kultur ibilbidean oinarrituta egoteak ere ez luke arazorik sortu behar. “ Jakin badakigu hezkuntzaren funtzioa gizarteratzea eta elementu komunak sortzea dela. Curriculumaren funtzioa hori da. Haiek euren lekutik ikusten dute, eta guk guretik. Noizbait hasiko balira esaten zein den Espainiako curriculum berariazkoa, eskertuko nuke, a ze lasaitasuna hartuko luketen beraiek eta guk!”, esan zuen Garagorrik. “Gai honek ere badu bere mamia Extremaduran, Andaluzian edota Murtzian, han ere badituzte berariazko cirricuculumak. Hortaz, lasaituko nintzateke noizbait iritsiko balira behetik gorako planteamendu batera: komunitate bakoitzak esan dezala curriculumari dagokionez zeintzuk diren berariazkoak, eta beharbada behetik gorako ibilbide horretan aurkituko ginateke; azken batean, curriculumaren portzentaia handi-handi bat komuna da, unibertsala delako”.
Bestalde, oinarrizko konpetentzien alorrean “kontraesan handia” ikusten du LOMCEn. “Oinarrizko konpetentzia tronkalak eta espezifikoak bereizten dituzte. Batzuk lehen mailakoak eta besteak bigarren mailakoak al dira? Batzuk besteak baino inportanteagoak al dira? Niretzat, ikaragarrizko kontraesana da, oinarrizko konpetentzia guztiak direlako bizitzarako ezinbestekoak”.
Azkenik, LOMCEren hautu pedagogikoarekin inguruko zalantzak agertu zituen Xabier Garagorrik. “Beldur naiz hartuko duten hautu pedagogikoa ez dela izango konpetentzietan eta integrazioan oinarritutakoa, estandarretan oinarritutakoa baizik, helburu operatiboetan eta abar”.
EKI PROIEKTUAREN SEI IKAS-ARLOETAKO OINARRIZKO KONPETENTZIAK
LENGUA CASTELLANA Y LITERATURA / EUSKARA ETA LITERATURA / ENGLISH
Oinarrizko konpetentzia: konpetentzia komunikatiboa. Ikaslea gai da, bere bizitzako hainbat eremutan, egoera bakoitzak eskatzen duen ahozko zein idatzizko hizkuntzaren erabilera egokia eta eraginkorra egiteko: euskaraz (B2) beste hizkuntza ofizialean (gaztelania edo frantsesa) (B2) eta nazioarteko komunikaziorako hirugarren hizkuntza batean (B1). Era berean, badu kultura literarioa, Euskal Herrikoa nahiz unibertsala, inguratzen duen mundua eta bere burua hobeto ulertzen lagunduko diona.
Arloaren konpetentziak (Eduki-multzoekiko erlazioa)
1. Ikasleak hainbat bizitza-eremutako testuak (idatzizko, ahozko nahiz ikus-entzunezko testuak) eraginkortasunez ulertzen, baloratzen, jasotzen eta erabiltzen ditu, bai helburu pertsonalei erantzuteko, bai bere ezagutzak garatzeko zein gizartean parte hartzeko. (Ahozko komunikazioa / Idatzizko komunikazioa)
2. Ikasleak bizitzako hainbat eremutan komunikazio-egoeraren ezaugarrien baitan dituen helburuen lorpena bideratzen duten testuak sortzen ditu (idatzizko, ahozko nahiz ikus-entzunezko testuak), bakarka zein elkarlanean, argi, jariotasunez eta modu eraginkorrean, hizkuntzaren bidez ekitea eskatzen duten egoeretan hizkuntza-tresna eragingarri gisa erabiltzeko. (Ahozko komunikazioa / Idatzizko komunikazioa)
3. Ikaslea hizkuntzari buruzko hausnarketaz baliatzen da, hizkuntza-sistemako osagaien arteko hartu-emanez jabetuz, ulermenari eta ekoizpenari dagokionean erabilera hobetzeko eta hizkuntzari buruz hitz egiteko metahizkuntzaren jabe izateko. (Hizkuntzari buruzko hausnarketa)
4. Ikasleak inguruko errealitate soziolinguistikoa kritikoki interpretatzen du, hizkuntzaren bizitza eta garapena baldintzatzen duten faktoreak eta haien arteko harremanak ezagutuz, euskararen erabileraren eta normalizazioaren aldeko konpromiso aktiboa garatzeko, beste hizkuntzekiko errespetu- eta balorazio-jarrerekin batera. (Hizkuntzaren dimentsio soziala)
5. Ikasleak bere bizitzako eremuetan hizkuntza literarioa erabiltzen du, eta literatur erreferenteak interpretatzen eta balioesten ditu, hizkuntza literarioaren dimentsio estetikoaz jabetuz, literatur-lanen esanahia elkarren artean eraikiz eta partekatuz. Horrekin, norberaren nortasun soziokulturala eraikitzeko, bizitzako errealitateari buruzko norberaren ikuspegia, ideiak eta sentimenduak sormenez adierazteko eta edertasunez gozatzeko. (Literatura)
GIZARTE ZIENTZIAK
Oinarrizko konpetentzia: Gizarte-gizabide konpetentzia. Ikaslea gai da, bizitzako hainbat egoeratan, bere burua, kide den taldea eta bizi deneko mundua ulertzeko, gizarte-zientzietako ezagutzen menderatze eta interpretazio kritikoa eginez eta arloaren berezko metodologiak eta prozedurak erabiliz; horrekin guztiarekin, munduko hiritar euskaldun arduratsu moduan gizarte demokratiko eta anitz baten alde aritzeko.
Arloaren konpetentziak (Eduki-multzoekiko erlazioa)
1. Ikasleak ingurunearen eta izaera ekonomikoa, soziala, politikoa zein zuzenbidekoa duten giza jarueren elkarreraginak intepretatzen eta baloratzen ditu, hainbat iturritako informazioa aztertuz, elkarreragin horien kausa-ondorio erlazioen esanahiak elkarren artean eraikiz, eguneroko bizitza-eremuetan norberaren eta taldearen jarduna hobetze aldera proposamenak egiteko. (Egungo gizartea / Ingurune naturala)
2. Ikasleak, bakarka zein elkarlanean, iraganeko eta egungo errealitate sozialei buruz egoki justifikatutako analisi kritiko eta arrazoituak egiten ditu, autonomiaz eta zuzentasunez, iturri anitzetako informazioaren trataera kritikoan oinarritutako indagazioak burutuz eta ondorioak argi eta zuzen adieraziz, bizitzea tokatu zaion mundua ulertzeko eta egungo gizartearen arazoen eta lorpenen zergatiei buruzko interpretazio pertsonalak egiteko. (Bilakaera historikoa / Egungo gizartea)
3. Ikasleak partaide den komunitateak dituen beharrei, arazo eta gatazkei buruzko arrazoi sendoz justifikatutako erabakiak hartzen ditu, modu aktiboan eta arduratsuan adostasunera iristera bideratutako elkarrizketetan parte hartuz, besteen ikuspuntuak aintzat hartuz eta baloratuz, komunitateko kide sentitzeko, eta munduko herritar euskaldun arduratsu gisa bizitzeko/aritzeko. (Bilakaera historikoa / Egungo gizartea / Bizikidetza)
4. Ikasleak jarrera kritikoa garatzen du partaide den talde eta erakundeekiko, haien antolamentu-egiturak, bilakaera historikoa eta funtzionamendua aztertuz, bertan dauden jarrera eta egoera diskriminatzaileak eta bidegabekoak salatuz, gaur egungo hainbat egoeraren zergatiak ulertzeko, bere euskal identitate sozialaren sustraiez jabetzeko, eta bera kide den taldeetan era kontziente, arduratsu, kritiko eta sortzailez parte hartzeko. (Bilakaera historikoa / Egungo gizartea / Bizikidetza).
MATEMATIKA
Oinarrizko konpetentzia: konpetentzia matematikoa. Ikaslea gai da, herritar arduratsu gisa, matematikak gizartean duen funtzioa identifikatzeko, ulertzeko eta ezagutza matematikoa erabiltzeko, oinarri sendoko arrazoiketak eraikiz eta matematikaren berariazko pentsamendu eta adierazpen moldeak erabiliz, bizitzako beharrei erantzun eta arazoei irtenbidea eman ahal izateko.
Arloaren konpetentziak (Eduki-multzoekiko erlazioa)
1. Ikasleak oinarri sendoko argudiaketa matematikoak egiten ditu, matemarikaren adar ezberdinetako pentsamenduaren eta arrazoiketaren moldeak baliatuz, ideiak aztertuz, argudioak ebaluatuz eta inferentziak eginaz, norberak lortutako ondorioak justifikatzeko, beste batzuek egindako interpretazioak baloratzeko, frogen bidez ezagutza matematikoa balioztatzeko eta, horren bidez, diziplinaren etengabeko garapena bideratzeko.
2. Ikasleak adierazpen matematikoen erregistroak sortzen eta erabiltzen ditu, haiek bereiziz eta interpretatuz, egoeraren eta helburuaren arabera egokiena hautatuz eta aplikatuz, adierazpenak erlazionatuz eta haien arteko transferentziak eginaz, fenomeno fisikoak, sozialak eta matematikoak deskribatzeko, interpretatzeko eta modelizatzeko, norberaren ideia matematikoak antolatzeko eta ideia horiek ahoz zein idatziz komunikatzeko, besteen ahozko zein idatzizko adierazpenak ulertzeko eta matematikak gizartean duen funtzioaz ohartzeko.
3. Ikasleak hainbat prozedura algoritmiko erabiltzen eta alderatzen ditu, kalkuluak eginaz, hainbat jarraibide betez, behar izanez gero, kalkulagailuak, ordenagailuak eta bestelako tresnak erabiliz, adierazpen matematikoak eraldatuz eta neurketak eginaz, bere jarduna trebea, autonomoa, estrategikoa, eraginkorra, azkarra eta zehatza izateko.
4. Ikasleak hainbat prozedura heuristiko aukeratzen eta erabiltzen ditu, egoera baten aurrean arazo matematikoa indetifikatuz eta baldintzak ulertuz, ekintza-plan bat eraikiz, exekutatuz eta ebaluatuz eta lortutako emaitzen onargarritasuna balioetsiz, arazoaren aurrean ebazpen-prozesya egoki planifikatzeko (Zenbakiak eta Aljebra / Geometria eta Neurria / Funtzioak eta Grafikoak / Estatistika / Probabilitatea)
NATURAREN ZIENTZIAK
Oinarrizko konpetentzia: konpetentzia zientifikoa. Ikaslea gai da, ezagutza eta metodologia zientifikoa erabiliz, bere burua eta natura ulertzeko, eta horrekin guztiarekin giza jokabide orok norberarengan eta mundu naturalean duen eraginaz ohartzea, bere bizitzako eremuaren egoeretan erabaki arduratsuak hartzeko.
Arloaren konpetentziak (Eduki-multzoekiko erlazioa)
1. Ikasleak, bizitzaren hainbat eremutako egoeratan, bakarka nahiz elkarlanean, zientifikoki argudiatzen du, egin dituen esperimentazio eta ikerketa txikien bidez lortutako datu propioak zein besterenak erabiliz eta izaera zientifikoa duten mezuak sortuz, norberaren pentsamendu kritikoa garatzeko eta norbanakoentzat eta gizartearentzat interesa duten benetako erabakiak arduraz hartu ahal izateko. (Materiaren egitura, propietateak eta aldaketak / Izaki bizidunak: egitura, aniztasuna eta funtzioa / Gizakia eta osotasuna / Gizakia eta ingurumena)
2. Ikasleak, bizitzaren hainbat eremutako egoeratan, fenomeno fisiko, kimiko, biologiko edota geologiko nagusiak zein horiekiko iturri ezberdinetako mezuak interpretatzen eta esplikatzen ditu, baita gizarteko garapen eta aplikazio zientifiko eta teknologiko garrantzitsuenak kritikoki baloratzen ere, kontzeptu, printzipio, balio, jarrera eta hizkuntza zientifikoa egoki eta zuzen erabiliz, fenomeno naturalei zentzua emateko eta giza kulturaren eboluzioan, zientzia bera kreatibitatearen eskutik, eraikiz doazn ezagutzaren garrantzia ere modu kritikoan aztertzeko. /Lurra eta Unibertsoa / Materia: egitura, propietateak eta aldaketak / Izaki bizidunak: egitura, aniztasuna eta funtzioa)
3. Ikasleak, bizitzaren hainbat eremutako egoeratan, giza organismoari buruzko ezagutza zientifikoa erabiltzen du, giza gorputzaren funtzionamendua (maila mikroskopikoan zein makroskopikoan; aldaketa fisikoak, kimikoak...) eta haren osasuna nola zaindu behar den azalduz, zainketa eta arreta ohiturak garatzeko eta ongizate pertsonala zein ingurukoena handitzeko (Gizakia eta osasuna / Gizakia eta ingurumena)
4. Ikasleak, bizitzaren hainbat eremutako egoeratan, ekosistemen funtzionamenduari buruzko ezagutza zientifikoa erabiltzen du, zer elkarreragin sortzen diren eta oreka ekologikoa zer den eta zer faktorek hura eteten duten azalduz, natura balioesteko, naturaz gozatzeko eta hori zaintzen eta hobetzen parte hartzeko (Materia: egitura, propietateak eta aldaketak / Gizakia eta ingurumena).
Konpetenteak izateko, urrats bat gehiago
Unitate didaktikoaren azalpena egitea egokitu zitzaion, Gasteizko aurkezpenean, Mikele Aldasorori.
Hiru zehaztapen-maila bereizten ditu EKI proiektuak. Batetik, ikaslearen irteera-profil orokorra: oinarrizko hezkuntza amaitzean ikasleak lortzea espero diren gaitasunak; bestetik, ikaslearen irteera-profil espezifikoa: ikuspegia eta metodologiarekin batera, arlo bakoitzaren berariazko konpetentziak zehazten dira, oinarrizko konpententzia metadiziplinarrak txertatzen dira, eta, lehenengo aldiz, egiten zaio erreferentzia eduki-multzoari. Irteera-profilaren atal hori oinarrizko hezkuntza osorako izango da. Halaber, ikasmaila bakoitzeko irteera-profila dago, ikasleak ikasmaila bakoitzean lortu beharrekoa. Sei ikas-arloetako bakoitzak amaierako konpetentzia bat izango du ikasmaila bakoitzean, hizkuntzek izan ezik (euskarak, gaztelaniak eta ingelesak arloko oinarrizko konpetentzia komuna izango dute; “eleaniztasuna bideratzeko, ezinbestekoa da hizkuntzen curriculum integratua egitea”, azaldu zuen Aldasorok). Arlo bakoitzaren amaierako konpetentzia-marko hori hiru konpetentziatan desglosatzen da, eta horietako bakoitzari unitate didaktiko bana dagokio. Hain zuzen, hirugarren zehaztapen mailan, unitate didaktikoan, hiru konpetentzia horiek landuko dituzte ikasleek.
Integrazio-pedagogiaren azpian dagoen ideia azpimarratu zuen Mikele Aldasorok: “Bikote banaezina osatzen dute konpetentziak eta ikasleari konpetentzia hori bizitzaren eremu ezberdinetan baliagarria izango zaion egoeraren identifikazioak.
Bizitzako zein egoerarako balio dio konpetentzia honek ikasleari?”.
Egoerei aurre egiteko ezinbestekoak dira arloko edukiak, baina ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ez da hor amaitzen, EKI proiektuaren egileen arabera. “Konpetente izateak urrats bat gehiago eskatzen du, ikasitako hori beste egoera batzuetara transferitzeko gai izatea. Planteamendu horrek eraman gaitu konpetentzia bakoitza hiru egoerarekin uztartzera, egoera-familia batekin lotzera. Egoera hauek ez dira aliritzira hautatu. Konpetentziari lotzen zaizkion egoera hauek badituzte ezaugarri komunak, eta ikasleak hiru egoera hauei aurre egiteko antzeko edukiak mobilizatu beharko ditu”. Egoerei aurre egiteko ahalmena erakusteak frogatuko luke ikaslea konpetentea dela. Ahalmen horrek planifikatzea, garatzea eta gauzatzea eskatzen du. Hortaz, “pertsona bat konpetentea izatea eta ekintzaile izatea, guretzat gauza bera da”, adierazi zuen Aldasorok. Ikaslea konpetente izaten edota oinarrizko konpetentzia metadiziplinarretan egiten eta ekiten ikasteko ardatza, Euskal Curriculumaren garapenerako sortu duten unitate didaktikoa da.
Unitate didaktikoak hainbat fase ditu, eta bakoitzak bere funtzioa eta bere jarduera tipologia ditu. Ebaluazioak ere bere funtzioa betetzen du fase bakoitzean. Unitate didaktikoak konpetentzia jakin baten lorpena bideratzen du. Unitatearen hasierako faseak, ikaslea konpetentziarekin erlazionatutako egoerarekiko kokatzea eta haren eskakizunei erantzuteko lan-plangintza egitea du helburu. Fase honetako jarduera-tipologiak hauek dira: kokatze-, arakatze- eta planifikazio-jarduera. “Ikasleari plangintza irudikatzen erakusten zaio lehen maila honetan, eta horretarako irakaslearen biderakuntza behar du. Ikasleak ikasiko du, egoera baten aurrean, zer egin behar den, norentzat, zergatik, zertarako, nork egin behar duen, zer egiten jakin behar duen, taldea nola antolatu behar duen… Elementu horiek guztiak irudikatu egiten ditu. Miatzen eta deskubritzen laguntzen dio ikasleari”.
Garapen faseak bi atal ditu. Lehenengoan, ikasleak konpetentziarekin erlazionaturiko eduki-baliabideak eta bestelako baliabideak bereganatuko ditu. Edukiak eskuratzeko baliabide nagusia “egoera” izango da, baina ez bakarra. Administrazio ezberdinetako curriculum ofizialak ere kontuan hartu dituzte edukiak osatzerakoan. Ulertze- edota miatze-jarduerak (aurreikusitako konpetentziaren osagaiek eskatzen dituzten eduki-baliabideak bereganatzeko, informazioa eskuratzea, ulertzea, baloratzea eta sortzea), aplikazio-jarduerak (ikaskuntza berriak eskema mentaletan integratzen eta finkatzen laguntzea), egituratze-jarduerak (aurretiko ezagutzen eskema mentalen baitan, ikaskuntza berriak berrantolatzea eta kokatzea) eta autorregulazio-jarduerak dagozkio garapen fasearen lehen atalari.
Eduki-baliabideen ebaluazio-jarduerak gida batean eskura izango dituzte irakasleek.
Bigarren atalean, ikasleak eduki-baliabideak mobilizatzen eta integratzen ikasiko du. Integrazio-jarduera sinpleak (egoera sinpleak proposatuko zaizkio ikasleari, konpetentziak eskatzen dituen edukien zati baten erabilera inplikatzen dutenak, eta
ikasleari eduki horiek mobilizatzen laguntzen diotenak), integrazio-jarduera konplexua (hasierako egoera konplexua berreskuratu eta hari irtenbide egokia ematea, horretarako beharrezkoak diren baliabideak modu integratuan mobilizatzen ikasiz) eta autorregulazio-jarduera aurreikusten ditu garapen fasearen bigarren atalak.
Amaierako fasean, ikasleak eduki-baliabideak transferitzen ikasiko du. Horretarako, “konpetentziari lotutako bigarren egoera emango zaio ikasleari, eta egoera horrekin lotutako hiru zeregin ere”. Integrazio-jarduera konplexuaren bidez, “ikasitako baliabideak modu integratuan mobilizatzen eta transferitzen ikastea” da helburua. Aurreko faseetan bezala, autorregulazio-jarduera ere izango du ikasleak.
Azkenean, konpetentzia zertifikatzeko fasean, familia bereko egoera berri bat aurkeztuko zaio ikasleari, eta harekin lotutako hiru zeregin. Hiru zereginetatik bat irakasleak hautatuko du, eta ikasleak beste bat. Bi zereginekin frogatutzat emango da gaitasuna.