Balio hezitzaileak ondo pasatzeko

2014-04-01

Martinber, Marikalanbre, Largabista eta Tiritatxo Irrien Lagunen Klubeko pertsonaiekin eta Porrotx pailazoarekin batera astebete igarotzeko ­udalekuak antolatu dituzte Irrien Lagunen Klubak eta Aldabe Kooperatiba Elkarteak, Zeraingo Irrien Lagunen barnetegian. 

 
 
Bost eta hamar urte arteko haurrek ekainaren 29tik uztailaren 6ra bitartean naturaz, kulturaz, osasunaz nahiz inguruneaz gehiago jakiteko, gozatzeko eta maitatzeko aukera ­izango dute Zerainen (Gipuzkoa) ­Irrien Lagunen Udalekuan. Martinber, Marikalanbre, Largabista eta Tiritatxo Irrien Lagunen Klubeko pertsonaiekin batera, eta hezitzaileak lagun, hamaika jarduera egin ahalko dituzte eta baita jende berria ezagutu ere. 
Astebeteko tartean eztigintza, artzaintza, zurgintza, ogigintza, etab. ­ezagutu ahalko dituzte haurrek eta jarduera horietan zuzenean parte hartzeko aukera izango dute. Horrez gain, bestelako esperimentu, hezkuntza-jarduera eta aisialdi ekintzak ere egingo dituzte; hala nola, euskal mitologia ezagutu, euskal dantzak 
ikasi, ur jolasak, gamusinoen gaua, antzerkia, karaokea, piszinara, errekara nahiz mendira joan, etab. 
Hori guztia helburu nagusi batekin: haurrek ondo pasatzea, disfrutatzea. Baina bide batez, hainbat balio hezitzaile oinarri hartuta: laguntasuna, elkartasuna, osasuna, ingurumena, sormena, kultura… Eta noski, hori guztia euskaraz.
 
Barnetegia
Zeraingo herri-guneko Harizti-Erdi aterpetxean dago Irrien Lagunak Klubeko barnetegia. Bertan, uda partean udalekuak antolatzeaz gain, ikasturtean zehar, Irrien Lagunak Klubeko pertsonaiak gidari, asteburuetan familia-taldeak hartzen dituzte, eta astean zehar ikastetxeentzat egonaldiak antolatzen dituzte. Zeraingo Paisaia Kulturala ezagutzeaz eta bertako natur inguruneez gozatzeaz aparte, hainbat ekintza antolatzen dituzte haurrek zein helduek ondo pasa dezaten.
Euskal Herriko haurren eta haien hezkuntza prozesuaren bidelagun izatea du xede Irrien Lagunak Klubak. Gurasoez, hezitzaileez eta hezkuntzaren alorreko eragileez gain, haurren heziketaren ardura gizarte osoarena dela uste baitu. Horrexegatik, eskolan eta familian ez ezik, denbora librean, kalean, auzoan nahiz herrian haurrei balio hezitzaileak transmititzen saiatzen da.