Zergatik da garrantzitsua hezitzailearentzat ahotsa ongi erabiltzen jakitea?

2014-04-01

Galdera horri erantzuna ematea ­erraza eta guztiz logikoa da: lanbide askotan, hezitzaileenean bereziki, ahotsa tresna nagusia izanik, ondo erabiltzen jakitea garrantzitsua baino gehiago, ezinbestekoa da. Soil-soilik osasunaren aldetik pentsatuz, nahitaezkoa dela badakigu. Zure ogibidean ahotsa erabili behar duzun tresna nagusia bada, argi dago zaindu egin beharko duzula (lan horretan luze jardun nahi baduzu behintzat). Gainera, ahotsa gure egunerokotasunean erabiltzen dugu. Ez da “jarri” edo “kendu” dezakegun tresna. Beti gurekin dago. Beti erabili behar izaten da. 

 
 
Nire ustez, ikasketa-maila guztietan ahotsa erabiltzen irakatsi beharko litzateke. Esan bezala, ahotsa zure bizitza guztian erabiltzen duzu, egunero, eta ongi erabiltzen jakiteak esparru askotan lagundu ahal dizu. Orokorrean, guztiok jakin beharko genukeen zerbait da.
Osasun arloa aipatuta, ahotsak ere beste mundu erakargarriago batera ­eramaten gaitu, oso mundu garrantzitsura eta liluragarrira: emozioen mundura, hain zuzen. Ahotsean gure egoera emozionala islatzen da eta kudeatzen jakiteak gure itxura guztiz aldatu dezake. Ahots modulatuak, politak, ­erakargarriak, tonu egokia erabiltzen denak, etab., gure aurkezpen hobea ­ematen du eta nahi dugun helburua betetzen laguntzen digu.  
Horrengatik guztiagatik, egindako galdera horri irtenbidea emateko hainbat bide daude:
Osasuna eta prebentzioa
Nire asmoa ez da osasuna eta prebentzioari buruz gehiegi luzatzea. Medikuen arloa da eta haiek beste gauza askoren artean, horretarako daude. Eta eskerrak. Nire asmoa arlo honek duen garrantziaz jabetzea da. Askotan beranduegi jotzen dugu medikuarengana eta orduan, errehabilitazioa besterik ezin dugu egin. Kaltea egina dago.
Egia da, ahotsean eragina izan dezaketen arazo batzuk kontrolatu ezinak  direla,  adibide gisa birus batek sortu ahal dizun laringitisa. Baina ahotsa ondo erabiltzen jakiteak eta prebentzio jarraibide batzuk kontuan hartzeak ­ahotsaren osasuna zaindu eta arazoak neurri handi batean saihesten lagun diezaguke. Prebentzio gisa, urtean behin medikuarengana jo beharko genuke, aholkuak, prebentzioa eta osasuna zaintzeko profesional egokiena baita. Edozein arazo nabaritzen dugula, medikuarengana jo. 
Edonola ere, hementxe dituzue ­aholku orokor batzuk:
• Ur asko edan, gorputza hidratatua mantendu (ura duten jakiak jan).  Kontuz berogailua edo aire girotua dagoen lekuetan.
• Ahotsari atseden denboraldiak ­eman. Ez hitz egin beharrezkoa ez ­bada. 
• Ahotsa berotzeko ariketak egin. Edozein kiroletan bezala, ahotsa egunero berotu beharko genuke.
• Bolumen egokia eta neurtua erabili. Ez oihu egin, ez hitz egin oso ozen.
• Saiatu zure lepoko giharrak erlaxatuta mantentzen (lepoa erlaxatzeko ariketa ugari daude).
• Zarata dagoen lekuetan ez hitz ­egin. Saiatu zarataren gainetik ez hitz ­egiten.
• Eztula, eztarria garbitzeak saihestu.
• Lasai hitz egin.
• Ez erre. 
• Alkohola eta edari bizigarriak (kafea, freskagarriak, etab.) gutxi hartu. ­Edaten dituzun edariak orokorrean ez hotzegiak ez beroegiak izan daitezela.
• Atseden asko hartu, lo egin.
• Erreflexu “gastroesofajikoa” baduzu, lo egiterakoan burko handiagoa ipini eta zaindu.
• Katarroak ondo sendatu eta zaindu.
• Ariketa fisikoa egiterakoan ez hitz egin.
• Dieta egokia eraman.
• Hitz egiterakoan gorputz jarrera egokia ezarri. Postura desegokiak eragin handia dute laringean eta zerbikaletan.
• Masailezurrean tentsio asko sortzen dira, ez estutu hortzak.
• Lasai hitz egin.
• Kontrakoa badirudi ere, xuxurlatzeak laringean tentsioa eragiten du.
• Tenperatura aldaketa handiak saihestu.
• Emakumeak hilekoarekin ahotsa ez dute berdin. Arreta handia izan behar dute egun horietan eta ahotsa gehiago zaindu.
• Arnasa sudurretik hartzea hobe da.
• Erlaxatzeko momentuak aurkitu, arnasa erabiliz.
Ahots “teknika”
Ahots teknika lerro batzuetan azaltzea ezinezkoa egiten zait. Praktika behar du eta kontuan izan behar dugu gainera, ahotsa erabiltzen jakitea ez dela bi eguneko ikastaro batean barneratzen. Askotan ikastaro “espresak” eskaintzen dira eta benetan emaitzak lortu nahi baldin baditugu, denbora luzez aritu beharko dugu lanean, praktikak egiten, bidea ikasten, sentitzen, esperimentatzen, teknika hori barneratu ahal izateko. Nire intentzioa ahotsaren teknikan landu beharreko hainbat esparruren ideia nagusi batzuk, aholku orokor batzuk, ematea da.
Ahotsa sentsazioen mundua da. ­Ahotsa erabiltzen jakiteko “teknika” guztia gorputz barruan dugu eta horretarako ditugun sentsazio guztiak “esnatu” behar ditugu, haiei “argazki” bat egin errepikatzeko gai izateko. Horregatik, buruan ditugun ideiak oso inportanteak dira. Gauzak pentsatzeko moduaren arabera, gorputzak emaitza 
emango du. 
Ahotsa erabiltzeko “teknika” ikastea eta barneratzea, etorkizunean arazorik ez izateko baliabidea da. Horregatik osasun arazoak izan baino lehenago egin beharko genuke hori. Ikasketa guztietan, eta adin guztietan, irakatsi beharko litzateke. Nire aldarrikapen nagusienetako bat da. Hezitzaileen kasuan bereziki, derrigorrezko gaia izan beharko luke ikasketei dagokienez. Behin osasun arazoak izanda, lehenengo medikuarengana jo, konponbidea eman (baldin badauka), eta ondoren “teknika” ere ikas daiteke, baina mina jada hartua dago, eta agian muga batzuk betirako izango dira. 
Ahotsa “makineria” konplexua eta sinplea da aldi berean eta arlo desberdinak jorratu ondoren, denak batera “martxan” jarri behar dira. Betirako barneratua geratzen da. Hortaz, landu beharko genituzkeen alorrak, asko laburbilduz, arnasa eta erresonantzia dira:
Arnasa ardatz nagusia da. Informazio izugarri zabala aurki daiteke arnasari buruz. Nik nahi dudana, arnasa beste modu batean “pentsatzea” da, leku berera ailegatzeko, ideia “desberdinak” ematea. 
Arnasa menderatzen jakitea ahots “teknika” lantzeko lehenengo pausua izan behar duela argi dago. Arnasa hartzerakoan ez da inora eraman behar. Zenbat aldiz entzun dugu: “tripa puztu”, “arnasa behera eraman”, “beherago”, etab. Nire ustez horrek arnasa “ondo hartzearen” ondorioa izan behar du eta ez jatorrizko ideia. Kontrolatu dezakegun gauza bakarra arnasa “ondo” hartzen dugun edo “gaizki” hartzen dugun da. Arnasa gure gorputzean nola sartzen den entzun dezakegu. Ez dugu ­arnasa “hartu” behar baizik eta arnasa gure gorputzean “sartzen” utzi. Pentsatzen duguna gorputzak egiten du eta buruan jatorrizko ideia arnasa behera eramatearena bada, edo tripa puztearena, horrek ez du bermatuko arnasa kalitate onekoa denik.
Arnasa gorputzean sartzeko, eztarria “libre” egon behar du eta sakon sartu behar da inongo etenik gabe eta ­inongo itxierarik gabe. Etengabe sartu behar da airea. Hitz egin, esan edo bota ­behar duguna, arnas horren ondorioa ­izan behar du. Hemen, arnasaren abiadura kontutan izan beharko genuke: haserre bagaude, oihu egin behar badugu edo ozen hitz egin, orokorrean arnasa hartzeko abiadura bizkortu egingo dugu, arnasa gorputzean azkarrago sar dadin. Aldiz, bolumen normal batean hitz egiten ari bagara, arnasa lasaiago sartuko da, mantsoago. Eta arnasak sartzen den moduan erantzuten du: azkar sartzen bada, azkar aterako da, mantso sartzen bada, mantso aterako da, etab. Hitz egiten dugunean berriz, arnasa ahotsarekin batera ateratzen denez, oso zaila egiten zaigu arnas horren kalitatea kontrolatzea. 
Hori dela eta, hasierako arnas ariketak fonaziorik gabekoak izan behar dira. Behin arnas horren kalitatea menderatua dagoenean, (eztarria libre, sakon, etenik gabe, itxierarik gabe, etab.) fonazioarekin hastea gomendatzen da. Ahotsa airearen “gainean” egon behar da eta ez eztarriaren “gainean”.
Arnasa behin “menderatua” dagoenean, ondo irteteko lekua egin behar zaio. Gure ahotsa leku egoki batera eramateko, arnasari bidea erakutsi behar diogu. Musika tresna guztiak bezala, gorputza erresonantzia kaxa bat da. Barrunbeak, espazioak, eta erresonantziarako zein bibraziorako “materia” badugu: hezurra. Hauek guztiak erabilita, gure ahotsa arazorik gabe entzungo da, presentzia handiarekin, garbi eta eztarria urratu gabe.
Niri aireari bidea erakusten diogula pentsatzea gustatzen zait. Ahotsak gorputzean, hezurra eta espazioa (barrunbeak) dugun tokietan durundatzen eta bibratzen du. Egokiena, ahosabaian, sudurrean (barrunbeetan), masail-alboan, (orokorrean buru osoan) dugun espazioa erabiltzea da. Ahosabaia gorantz (aharrausi txiki bat egingo bazenu bezala) eta sudur hegatsak irekita ­(usain gozo bat usaintzen ariko bazina bezala), espazio hori egiten laguntzen du eta aireari bidea erakusten dio.
Bi mundu horien arteko konexioan (arnasa eta erresonantzia munduak), beste arlo asko landu beharko lirateke: emisioa, intonazioa, bokalizazioa, ­ahoskera (bokalak, kontsonanteak), artikulazioa, erritmoa, etenak, inflexioak, esaldi hasierak eta bukaerak, giharren erlaxazioa (lepokoak, mingaina, ezpainak...), laringearen kontrola, ­etab. Baina hasieran aipatu dudan moduan, ez dut teknikari buruz idatzi nahi, hau guztia praktikarekin erakutsi eta ikasten delako.
Argi dago zati tekniko bat badagoela ahotsaren munduan baina hau bezain garrantzitsua den beste atal bat landu beharko genuke:
 
Emozioak
Emozioen munduan, guztiz erlazionaturik dauden bi arlo desberdinduko  nituzke:
• Batetik, emozioek gure ahotsean duten eragina. 
Emozio negatibo (kezka, beldurra, egonezin, buruhauste, ardura, larritasun...) baten aurrean, askotan eztarria ­itxi egiten zaigu. Txistu gabe geratzen gara. Airea gaizki eta gutxi hartzen dugu. Horiek guztiak kontrolatzen ez baditugu arazo fisikoak izan ditzakegu: eztarria urratu adibidez. 
Emozio positiboekin (alaitasuna, maitasuna, eskertasuna, onginahia, askatasuna, bakea...) gorputzak beste lasaitasun bat du. Arnasa lasai eta etengabe hartzen dugu. Esfortzurik gabe.  
• Bestetik, emozioak ahotsean islatzen direnez, guk besteengan izan dezakegu eragina. 
Ahotsak pertsonaren identitatea ­erakusten du. Zure ahotsa bezalakoa bakarra dago munduan. Ahots guztiak ederrak izan daitezke. Ahotsa gure arimaren isla da eta beste pertsona baten arima ukitu dezake. Nola? Zer lortu nahi duzu, pertsona batek zu aditzea edo entzutea? Gerturatu, urrundu, hunkitu, salatu, beldurtu...., egiten gaituzten hitzak badaude. Horiek guztiak erabiltzen jakiteak garrantzi handia du nahi duzun mezua modu egokian emateko. 
Emozio negatiboen aurrean, hitzak zatitu egiten ditugu. Urduritasunak harrapatzen gaitu eta bota behar dugun hitzaldian, elkarrizketan, diskurtsoan, oso nabaria izaten da. Gainera, jarrera negatiboarekin bazaude, zuk aukeratuko dituzun hitzak negatiboak izango dira beti.
Erabiltzen ditugun hitzak esaldi positiboak edo negatiboak sortu ditzakete. Baina hori beste mundu baten atea ­irekitzea da. Adibide gisa besterik ez bada, “galduta nabil” esan beharrean, “bide baten bila nabil” esan genezake, edo “oso nahasita nago” esan beharrean, “irtenbide bat bilatzen ari naiz” esan genezake. Lengoaiak badu bere energia eta bere eragina pertsonengan. Hitz positiboak energia positiboa dute eta negatiboek energia negatiboa. Kontuan izateko gaia da.
 
Lidergoa
Ahotsak, pertsonaren identitatea ­erakusten du eta bere indarra lidergoaren arrakastarekin lotuta dago zuzenean. Baina zer da benetako lidergoa? Nola lagundu ahal dio ahotsak lidergoari?
Nik lidergoa trebetasun bat dela uste dut. Lidergoa arte bat da. Benetako ­liderrak nahi dituen helburuak lortzeko, taldea bideratu behar du. Baina ez edozein modutan. Talde horrek helburu horretan sinestea eta helburu hori lortu nahi izatea da liderraren lana. ­Amets eta helburu baten diferentzi bakarra, prozesua da. Sinetsi horretan eta lortuko duzu.
Ahotsak eta lengoaiak erlazio handia dute honetan. Ahots sendo batek -inflexioak dituenak, modulatzen dakienak eta egoeretara egokitzen denak-, kemen, indar, eta presentzia handiagoa du. 
Lengoaia positiboa eta sortzailea erabiltzea oso garrantzitsua da. Lehen esan dudan moduan, esaldiak bi modutara esan daitezke eta hori ere ikasi egin beharko genuke. Erabiltzen ditugun hitzak, lengoaiak eta hitz egiten dugun tonuak ­eragin handia dute.
Ahots bakoitzak bere musika du. Pertsona guztiok melodia bat dugu. Hitzek dantza egiten dute. Ahots teknika menperatzeak zenbat laguntzen duen azpimarratu nahiko nuke. Pertsona guztiok  ­ahots polita eta bakarra dugu, eta ahots horren distira atera behar dugu. Zenbat eta ahots landuagoa izan, orduan eta kolore gehiago atera ahalko dizkiogu. Zenbat eta arnas kontrolatuagoa izan, arnas eta ahots libreagoak ­izango ditugu eta  larritasun ego­eretan aurrera ateratzeko gai ­izango gara. 
 
Ahotsak gure onena edo txarrena atera dezake, zer nahi duzu?