Zirriborroak matematikako koadernoetan

2014-04-01
Nota onak ateratzen nituen ikasle txintxoa eta oso lotsatia nintzela gogoratzen dut eskola garaitik. Matematika klaseetan zirriborroak marrazten nituela ere bai. Nire alde arrazionalak, letra polita egin eta koadernoa garbi mantendu nahi izaten zuen, batez 
ere, ikasturte hasieran. Nire alde aurrerakoi eta sutsuenak, aldiz, koadernoa zirrimarraz zikindu.
Borroka horretan jarraitzen dut ­oraindik ere. Zirriborroak egiten, jolasean. Suerte handiz uste dut gainera. Zenbat zirriborro, kontu, apunte, marrazkitxo, periodikoetako errekorte, gogoratutako amets... koadernoetan. Eta zein baliagarri izan zaizkidan gero batzuk gidoiak idazterakoan, istorioak sortzerakoan. Memoria txarrarentzako erremedio ona.
Bestalde, ikastolako hezkuntzak baino askoz eragin handiagoa izan zuten, nik uste, ikastolatik kanpo jasotako estimuluek.
Baserrian jaioa naiz, batetik. ­Orain jabetu naiz bizitzan inportanteak diren gauza asko ikasi ditudala bertan; bizitza filosofia, lanerako konstantzia, uzta jasotzen ari zarela jada beste hazi batzuk ereinda izaten dira han. Eta naturaren indar hori. Bizi ala hil.
Erreferentziak, bestetik. Izeba ­Arantxa zenak kontatu zizkidan ipuinak... Berari zor diot nire lehen bideo-kamara ere. Eta lehengusu, Joxan Iza, margolaria. Zenbat solasaldi arteari buruz! Zenbat buelta berak lagatako marrazki liburuari! Biei esker jarri nuen begirada artean, sormenean.
Gaztaroan, Bergaran txotxongiloen inguruko giroak, kultur usainak, liluratu ninduen. Herrian bertan txotxongilo soil batzuekin Drakula antzezteko gaitasunak. Formatu txikian gauza handiak egiteko aukerak. Nik uste, beste edozerk baino gehiago, horrek bultzatu ninduela sortzaile ­izatera, errealitatea eraldatzeko ahalmenak, irudimenean daukazuna biziarazteko aukerak.
Orain, guraso bihurtu naizenean, egiten dut gogoeta garai haietaz. ­Orain jarri dut arreta eskolan, hezkuntzan, eta, egia esan, beldurtu egiten naiz askotan. Pozik kontatzen didate irakasleek, lau urteko alabak zein ondo ikasi duen markatutako mugen barruan margotzen, baina, ez dakit hori ona edo txarra den. Harro esaten dizute zein txukun eta zuzen idazten ikasi duen, ez duela orria zirriborroekin lardaskatzen. Eta gelako hormara begiratu eta 20 marrazki berdin berdinak ikustean, alaba bertatik atera eta etxera eramateko gogoa jartzen zait.
Baina gero konturatzen naiz eskola bizitzaren parte bat besterik ez dela. Eta eskolatik kanpo zirriborroak egitera bultzatzen ditut, apurtzera, amestera, sortzera. Eta saiatzen naiz bizi garen ingurune hori erakargarria eta berezia bihurtzen. Estimulu kulturalez betetzen, telebista zaratatsua itzali eta ipuin, istorio eta antzerkiz betetzen. Saiatzen naiz egunero bizitzen. Agian pentsatuz egunen batean, bizi dugun hori, egiten dugun horrek, besteren bati zerbait berria sortzeko eragingo diola.