Pdagogia Sistemikoa: Irakasleok haurra familiatik datorren bezala onartu behar dugu, bere izaera, egoera eta albo-eraginekin

2014-04-01
Pedagogia sistemikoan adituak ­dira Itziar Agirre eta Josune Alberdi. 2003an Angelica Olverak Mexikon ­sortu ondotik, pedagogia hori Euskal Herrira ekartzea eta hemengo 
errealitatera egokitzea tokatu zaio Agirreri. ­Psikologo klinikoa izateaz gain, Euskal Herriko Pedagogia Sistemikoaren ­Eskolako zuzendaria ere bada ­uneotan. Alberdi berriz, 
eskola ­horretan euskarazko formazioaren ­arduraduna da eta baita Eibarko Berritzeguneko ­aholkularia ere. 
Orain, Euskal Herrian espazio berri garrantzitsu bat irekiko zaio ­pedagogia sistemikoari: euskarazko prestakuntzarena hain zuzen. Eta ­lehen aldiz pedagogia sistemikoaren inguruko formazioa euskaraz egin ahal izango da, Hik Hasik antolatutako ­Udako Topaketetan.
Agirre eta Alberdiren esanetan, ­ordena eta kokapena dira pedagogia sistemikoak hezkuntzari egin dizkion ekarpen nagusiak: “Pedagogia ­sistemikoak erakusten digu parte ­garen sistema bakoitzean nola koka gaitezkeen”. Oraindik hastapenetan badago ere, indarra hartzen ari dela ­eta, epe laburrean, lanerako espazio berri bat irekiko dela uste dute, bai klaustro mailan eta baita komunitate ­osoan ere.
 
 
Pedagogia sistemikoa paradigma berria da, eta hezkuntzarekiko begirada eta jarrera aldatzea eskatzen du. Zertan egin behar da aldaketa? Eta nola bidera daiteke paradigma berri hori? 
ITZIAR AGIRRE: Paradigma berriaren funtsa hezkuntzan ordena sartzea da. Pedagogia sistemikoa ordenaren pedagogia da, eta sistemaren barnean birkokatzea eskatzen du. Benetan gertatzen ari dena aztertzen, ­errealitatea ulertzen eta errealitate horretan kokatzen erakusten digu hezkuntza-paradigma berri horrek.
Ikastetxe batean pedagogia sistemikoa txertatzeko, beste era bateko begirada behar da. Oinarrian, begirada aldatzeaz ari gara, jarrera aldatzeaz. Adibidez, uneotan, irakasle asko gela barneko arazoak bere horretan ulertzen saiatzen dira. Pedagogia sistemikoaren bitartez, konponbideari begiratzen saiatzen gara, eta hori bera aldaketa handia da. Baina nola begiratzen zaio konponbideari? Lehenik eta behin, haurra erakusten ari zaigun guztia, bere testuinguru osoa (familia, ikaslearen heltze-prozesua, une horretan gertatzen ari den arazoa…) gure begiradan txertatuz. Zentzu horretan, ikaslearen familiako testuingurua arazoaren konponbidean txertatzea da paradigma berri honen bereizgarrietako bat.
JOSUNE ALBERDI: Hainbat sistema daudela eta horietako bakoitzaren barnean pertsonak funtzio bat edo beste betetzen duela konturatzea ere garrantzitsua da. Esaterako, irakasle bat era bateko edo besteko sistematik etor daiteke, baina autoritate-funtzioa betetzen du hezkuntza-sisteman, eta hori oso kontuan izan behar du. Era berean, une horretan hezkuntza-sistemaren barnean egon arren, argi izan behar du haur bakoitza bere familia-sistematik datorrela, eta familia-sistema hori oso kontuan hartu behar du.
  
Haurraren errealitatea bere osotasunean hartzen saiatzen da pedagogia mota hau. Zehatz dezakezue horrek zer esan nahi duen? 
J.A.: Ikaslearen alderdi guztiei ­erreparatzea esan nahi du: alor akademikoari, pertsonalari eta sozialari, oinarrizko gaitasunei, haren gaitasunei ­eta eskura dituen erremintei, baliabideei nahiz estrategiei. Eremu horietan ikasleek arrakastaz aurrera egiten badute, euren garapena egokia izango da. Arazoa honako hau da: haurrek zailtasunak dituztenean, nola lagun diezaiekegun alor akademikoan, pertsonalean nahiz sozialean egoki garatzen. Eta, hor, alderdi akademikoan soilik jartzen dugu arreta sarritan, besteetan egon daitezkeen hutsuneak kontuan hartu gabe.
Ikaslearen alderdi eta sistema guztiak irakaslearen begiradan txertatzeak zertan lagun dezake? 
I.A.: Ikasle bat bere testuinguru eta guzti onartua sentitzen denean, ikasle hori sendotu, indartu egiten da. Horrek ikaslearen oinarrizko beharrak artatzen ari garela esan nahi du. Aldiz, bere hainbat ezaugarri edo errealitate kanpoan uzteak ikaslea ahuldu de­zake. 
Kontuan izan behar dugu ikasleek zein irakasleek oinarrizko behar batzuk dituztela, eta, behar horiei begiratzen ez bazaie eta aintzat hartzen ez badira, arreta guztia behar horiek asetzean jarriko dugula uneoro. Adibidez, zenbait eremutan ikaslearen garapen akademikoan egiten da ahalegina, baina baliteke aldi berean ikasle horren hainbat behar emozional ase gabe izatea. Kasu horretan, hezkuntza-testuinguruan nahiz testuinguru sozialean behar emozional horiek ­izango dute lehentasuna, ordenak hala eskatzen duelako. 
Beste pedagogia mota batzuek garrantzi handia ematen diote, alor akademikoari ez ezik, alderdi emozionalari edota pertsonal eta sozialari ere. Hortaz, zein da zehazki pedagogia sistemikoaren bereizgarria? 
I.A.: Ordena eta kokapena dira pedagogia sistemikoak hezkuntzari ­egin dizkion ekarpen nagusiak. Begirada sistemikoa txertatzen du hezkuntzan. Geure gorputzetik beretik hasita, mundua sistemikoa da. Beraz, pedagogia sistemikoak erakusten digu parte garen sistema bakoitzean nola koka gaitezkeen. 
Ordenak guztia barneratzen du: hezkuntza emozionala, fisika kuantikoa, pertsonaren heltze-prozesua… Edozein testuinguruk edo espaziok, ondo funtzionatuko badu, ordena ­behar du. Orain arte, objektuak ordenatzen ohitu gara, geureaz kanpokoa dena ordenatzen. Pedagogia sistemikoaren bidez, ordea, geure burua ordenatzen dugu, parte garen eta une horretan gauden sistemaren arabera.
J.A.: Gakoa sentitzean datza. Irakasleak hori guztia teoria kognitibotik harago bizi, sentitu, esperimentatu ­eta egiaztatzen du, eta ondorioak ateratzen ditu. Horrela, bere eguneroko praktika eralda dezake. 
Azken batean, hainbatetan entzun, ulertu eta ustez ikasi duguna benetan gure barnean sentitzeko, geure egiteko eta praktikara eramateko ausardia ematen digun begirada da pedagogia sistemikoa. 
Ordena da, beraz, pedagogia sistemikoaren muina. Baina, ordena aipatzen duzuenean, irakasleez, ikasleez, gurasoez, eskola-elkarteaz… Zertaz ari zarete zehazki? 
I.A.: Gizabanako bakoitzaz ari gara. Pertsonok ordena behar dugu geure bizitzan. Pedagogia sistemikoak ordena hori bera darama hezkuntzara. Hezkuntzak, sistema den heinean, ­lehen-lehenik, sistemari dagozkion partaide guztiak bere barnean txertatu behar ditu, ez bakarrik irakasleak, ­ikasleak eta eskolako langileak, baita gurasoak ere. 
Irakasleei autoritate-funtzioa betetzea dagokie. Euren egitekoa ikaslea zaintzea eta indartzea izango da, baita etorkizunerako prestatzeko prozesuan laguntzea ere. Bestetik, ­irakasleak kontuan izan behar ditu lankideak, eta sare-lanean ari dela jabetu behartu du. Sare horretan, bakoitzak bere funtzioak eta ardurak ditu, eta horiek ere errespetatu egin behar dira. 
Zein dira “ordena egokia” ezartzeko gakoak? 
I.A.: “Ordena” hitzak gaizki egiten digu belarrira, badirudi inposizioaz ­ari garela. Hitza bera gutxietsita dago gure gizartean. Ordenatzeaz ari garenean, sistemaren barruan bakoitzak dagozkion funtzioak bere gain hartzeaz ari gara, ardurak eraginkortasunez betetzeaz.
J.A.: Besteak inbaditu gabe eta norberari ez dagokionean sartu gabe, bakoitzak bere erantzukizuna hartzea da kontua. Uneoro eta egoera guztietan dagokigun tokian egoten asmatzea da gakoa. Eta egiteko hori arduraz eta autoritate egokiz betetzea.
 
Autoritateaz hitz egiten duzue. Nola ulertzen duzue autoritatea, eta zer funtzio du? Ez al gara sarri autoritarismoan erortzen? 
I.A.: Autoritarismo zantzuko gizarte batetik gatoz, eta, beraz, garrantzitsua da autoritate hitza ongi ulertzea. Guztiok aitortzen dugun erreferentziazko pertsona da autoritatea. ­Erreferentzialtasun hori aitortzen diogu guztiok, bizitzako uneren batean eredutzat hartu dugun autoritate egokiren bat izan dugulako. 
Autoritate egoki horren ezaugarri nagusia haurra zaintzeko, berarekin egoteko nahiz espazio seguru eta konfiantzazkoak sortzeko gai izatea da. Haurrek ereduak eta erreferenteak behar dituztela sentitu behar du autoritateak. Erreferente hori baliodun eta printzipiodun pertsona izango da. Baina, batez ere, haurraren espazio guztiak eta haurra bera bere testuinguru guztiarekin errespetatuko du. 
Autoritate egoki batek haurraren beharrei erreparatzen die; aldiz, egokia ez den autoritate batek bere buruari begiratzen dio. Horixe da diferentziarik nabarmenena. Autoritate-funtzioa betetzen ez badugu, desordenean gaudela esan nahi izango du, ­eta, horren ondorioz, ikasleek erreferentziazko pertsona horiek beste toki batzuetan bilatzen dituztela. Kalean bila ditzakete, edo idoloetan, eta baita drogetan zein alkoholean ere.
 
Haurraren bi sistema nagusiak familia eta eskola dira, eta hirugarrena gizartea edo komunitatea. Zer erlazio dago horien guztien artean? Nola eragin dezake sistema batek bestean? Eta ikasleengan?  
J.A.: Eskolara beste sistema batetik iristen dira ikasleak, familia-sistematik, hain zuzen, eta hori onartu egin behar dugu irakasleok. Guk ere parte hartuko dugu haur horien hezkuntza-garapenean, baina euren lehen sistema familia da, eta, beraz, familia ezagutzea, kontuan izatea eta familiekin elkarlanean aritzea dagokigu. Zentzu horretan, irakasleok argi izan behar dugu zein den, haurrari dagokionez, eskolak jokatzen duen rola eta zein familiak jokatzen duena. Eta, hori kontuan izanik, ordena jartzen hasiko gara. Ondo ordenatuta bagaude, bakoitza dagokion lekuan eta dagokion funtzioa betetzen ari bada, gauzak hobeto joango dira, eta arazo gutxiago ­izango dira. Horrek ikaslearen ikaskuntza-prozesuari on egingo dio.
I.A.: Alderdi soziala ere sartu behar da ikaslearen testuinguruan, eta, hain zuzen, soziala den oro hezkuntzan ere txertatuta dago. Haurrak eskolan ondo ordenatuta badaude eta horretarako irizpideak ematen badizkiegu, gizartean ere hobeto funtzionatuko dute.
J.A.: Baina sistema batean zein bestean, haurrarengan jarri behar dugu begirada. Irakasleok, gurasoek zein komunitateko beste kideek haurra erdigunean jarriz eta berari begiratuz lortzen dugu haur hori bizitzarako garatzea. 
 
Balio dezake pedagogia sistemikoak familiaren eta eskolaren arteko harremana hobetzeko? 
J.A.: Lehenik, eskolak argi izan behar du zer funtzio duen: eskola haurraren zerbitzura dago, eta, era berean, baita familiaren zerbitzura ere. Bizitzak ekar diezaiekeenaren aurrean ondo prestatuta egongo diren ikasleak hezten laguntzea da eskolaren egitekoa. Ondo prestatuta egoteak curriculumeko ezagutzak barneratuta izatea esan nahi du, baina baita haurra beste pertsonekin erlazionatzeko eta bere emozioak gestionatzeko gai izatea ere, edota ikasleak bere burua ezagutu eta zailtasunak gainditzeko estrategiak edukitzea.
Ikasketa-prozesu horretan guztian, irakaslea izango du laguntzaile haurrak. Zenbait haurrek eskolaren beharrik gabe gara dezakete ikasketa-prozesu hori, bereziki, familia-sistemaren barruan. Baina era guztietako haurrak daude, eta eskolak guztien beharrei ­erantzun behar die. Eta ikasle guztiek garapen akademiko nahiz pertsonal egokia izatea lortu behar dute. Horretarako, noski, ezinbestekoa izango da eskolaren eta familiaren arteko elkarlana. Izan ere, irakasleok haurrari bere bizitzako aldi batean lagun diezaiokegu, baina familia da haurra mundura ekarri duena eta haren bizitza osoan alboan izango duena.  
Sarri entzuten da haurra bere familia eta guzti doala eskolara. Gero eta aniztasun handiagoa dago familien artean. Nola lagun dezake pedagogia sistemikoak familien nahiz ikasleen aniztasuna kudeatzen?  
I.A.: Pedagogia sistemikoaren helburuetako bat da aniztasunaren kudeaketa. Izan ere, alor horretan, ordena konponbiderako gakoa izan daiteke. Adopzioko familiak daude, gurasoak bananduta dituztenak, guraso bakarrekoak… Lehen-lehenik, kasu bakoitzean egon daitezkeen zailtasunak eta beharrak aitortu behar ditugu, eta, bigarrenik, ikaslearen errealitateari dagokion guztia eskolan txertatu behar dugu.
Haurra ez epaitzen edo kanpoan ez uzten saiatuko gara, haurra nabarmen ahuldu baitezake horrek. Haurraren familia den bezalakoa delarik ere, hori da bere familia, eta, duen testuinguruari esker, haurrak indartuta ­atera behar du. Haurrari dagokion guztia, ahal den neurrian, eskolan txertatzen saiatuko gara, eta hori da lehenik haurra sendotzen eta, ondoren, garatzen lagunduko duena.
J.A.: Oso garrantzitsua da irakasleok haurra datorren bezala onartzea, bere izaera, egoera eta albo-eraginekin. Zenbait alderdik indartu egingo dute haurra, eta bizitzan aurrera egiten lagunduko diote, eta baliteke beste zenbaitek zailtasunak eragitea. Kasu horretan, nola lagundu dezakegu? Bada, eskolan ere aintzat hartuz arazoaren jatorriak duen testuingurua.  
I.A.: Haurrek autoritate egoki bat onar dezaten, autoritate horrek euren osotasunean (testuinguru nahiz errealitate guztia barne) onartzen dituela sentitu behar dute haurrek. Adibidez, haur batek irakasleak bere aita alde batera uzten duela ikusten badu, arreta guztia horretan jarriko du, eta ez da beste zenbait gauza egiteko gai izango. Izan ere, haur horrek une horretan daukan behar nagusia bere aita hezkuntza-testuinguruan aitortua izatea da. Jakina, hori ez du haurrak modu kontzientean egiten, baina nolabait antzematen du, eta eragina du.  
 
Hezitzaileak darabilen hizkeraren garrantzia ere azpimarratzen duzue. 
J.A.: Hizkuntzaren hutsezintasunaz hitz egiten dugu. Hitz egokiak 
erabiltzea esan nahi du horrek, diogunari ez eranstea esan nahi duguna 
ilunduko duen ezer edo ikaslea ahul dezakeen ezer.
I.A.: Hizkuntza ikaslea indartzeko, sendotzeko erabili behar da, ez kontrakorako.
J.A.: Subjektiboa eta objektiboa bereizten saiatzen gara. Adibidez, gurasoekin haurren gainean hitz egiten dugunean, irakatsi eta ikasteko prozesuaz ariko gara, objektiboa dena balioetsiz, eta ez, gure balioak batzuk edo besteak direlako, izan dezakegun ikuspegi subjektiboa helaraziz.  
Subjektiboa objektibotik bereiztea ez da lan erraza izango. Irakasleen prestakuntza eta entrenamendua garrantzitsuak izango dira, noski. 
I.A.: Ikasi egiten da. Bakoitza zer den antzematea da kontua, eta hori ­ikasten dugu pedagogia sistemikoaren gainean egiten ditugun ikastaroetan. Norberarena zer den ezagutzen ere ikasten dugu, zein den bakoitzaren esperientzia subjektiboa, horrek haurrari begiratzeko moduan eragin ez dezan. Hala, irakasleon beharretan zentratu beharrean, ikaslearen beharrak zeintzuk diren ikustea lortuko dugu. Hizkuntzaren erabilera egokiak haurrari begiratzen laguntzen digu, eta gela barruan espazio segurua sortzen. Eta, noski, espazio seguru bat lortzea ezinbestekoa da haurrak ikasteko jarrera irekia izan dezan.
Zein teknika edo metodologia erabiltzen dira pedagogia sistemikoa eskolan txertatzeko?  
J.A.: Oinarrizko ideiak argi izatea eta begirada aldatzea da gakoa. Orain arte gauzak ikusteko genuen modua aldatzea eta hori apurka ikasgelan txertatzen joatea da funtsezkoena, eta emaitzarik ematen duten edo ez ikustea, zertarako gai garen neurtzeko. ­Adibidez, ikasturtea errepikatu duen ikasle baten kasuan, soilik gelako zaharrena dela kontuan izatea eta hori berari aitortzea sekulako aurrerapausoa izan daiteke. Ikaskuntza-prozesu batzuetan, zailtasun gehiago edo gutxiago izan ditzake, baina hura da zaharrena, eta, horregatik, besteek ez bezalako bizi-esperientzia izango du; hori aitortu behar zaio, eta betetzen duen lekua errespetatu. Xehetasun txikiak izan daitezke, baina aldaketa handiak eragin ditzakete.
I.A.: Pedagogia sistemikoan, metodologia eguneroko jardunaren barnean txertatuta dagoela esan daiteke. Jarrera, begirada eta gauzak ikusteko modua aldatzean dago gakoa. Beraz, irakaskuntza-jarduera aldatzea esan nahi du funtsean. Zentzu horretan, pedagogia sistemikoaren beste alderdi garrantzitsu bat mugak  ezagutzea, bereiztea eta aitortzea da. Irakasleek lasaitu handia hartzen dute hala. Izan ere, zenbait kasutan, amaren, psikologoaren, gizarte-langilearen edota beste hainbat figuraren funtzioa betetzen du irakasleak. Aldiz, ordenaren printzipioa barneratuta badauka, konturatuko da bere funtzioa iristen den lekuraino iristen dela. Eta domino efektua eragin dezake horrek. Izan ­ere, pertsona bat birkokatzen denean, ingurukoak ere horretara behartuta sentitzen dira.  
Hik Hasi  aldizkariak 2007. urtean pedagogia sistemikoaren inguruko erreportajea argitaratu zuenean, ­­familia-konstelazioez hitz egiten zen. Oraindik ere erabiltzen dira? 
I.A.: Pedagogia sistemikoa Angelica Olverak sortu zuen 2003an, Mexikon, eta geroztik hedatu da hona. Euskal Herriko esperientziari dagokionez, bi etapa bereizi behar dira: hasierako etapan, pedagogia sistemikorako erreminta gisa familia-konstelazioak erabili ziren, Bert Hellinger filosofo eta pedagogo alemanaren metodoari jarraituz. 2012an Euskal Herriko Pedagogia Sistemikoko Eskola sortzen denerako, ordea, nahiko esparru teoriko sakona izango da, eta ez dago konstelazioekiko mendekotasunik. Hellingerrek fenomenologiaz eta sistemez dioena hartzen dugu, eta eskola errealitatera eramaten dugu. Baina argi bereizten ditugu konstelazioak –terapiaren alorrari dagozkionak– eta pedagogia sistemikoa –hezkuntzaren alorrari dagokiona–. Zentzu horretan, orain praktikan jartzen dugun pedagogia sistemikoa hasierakoa baino askoz zehatzagoa eta praktikoagoa da. 
Hamar bat urte daramatzazue pedagogia sistemikoa lantzen. Zer zailtasun izan dituzue urte horietan guztietan? Eta, aurrera begira, zer aukera ikusten dizkiozue pedagogia horri? 
I.A.: Ez dakit honi zailtasun dei diezaiokedan, baina, hasieratik, nire erronka nagusia Euskal Herriko testuinguruan eta beharretan ordenaren ikuspegia txertatzea izan da. Onartu behar da Euskal Herrian ordena handia dagoela. Ordena eskatzen duen lurraldea da. Izan ere, aitortu egiten du ordena, eta, hemen, akaso horrexegatik kokatu ahal izan dugu pedagogia sistemikoa horren ondo bere testuinguruan. Bestetik, aukera zabalak eskaintzen ditu pedagogia sistemikoak, baina guk ez daukagu planteamendu    itxirik, ezta aurrez ezarritako helbururik ere. Euskal Herriko beharretara irekita gaude. Orain, adibidez, espazio berri garrantzitsu bat ­ireki zaigu: euskarazko prestakuntzarena, hain zuzen, eta horretan ari gara. Bizipenetan eta sentipenetan oinarritutako pedagogia da, nolabait esatearren.
J.A.: Orain arte modu indibidualean aritu gara prestatzen. Oro har, ikastetxeetatik irakasle bakar batzuk etortzen ziren, eta, horren ondoren, irakasle horiek animatuta, beste batzuk. Badaude eskola batzuk prestakuntza taldean egin dutenak ere, baina gutxi dira. Horregatik, nik uste dut, pedagogia sistemikoa hastapenetan dagoen arren, indarra hartzen ari dela eta, epe laburrean, lanerako espazio berri bat irekiko dela, bai klaustro mailan eta baita komunitate osoan ere. 
Eta zer-nolako eragina izan dezake horrek ikasleengan?
J.A.: Begirada aldaketan dago gakoa. Izan ere, curriculumari, testuliburuei, norberaren estresari… begira gaude, eta, horrela, ezin diogu begiratu haurrari behar bezain ondo. Eta horixe da hain zuzen ordenak eskatzen diguna. Zer behar du ikasleak? Horri erreparatu behar diogu eta irakatsi eta ikasteko prozesuan ordena txertatzen badugu, hobeto joango da guztia. 
I.A.: Hain zuzen ere diziplina hau horrexegatik sortu dela uste dut, beharra zegoelako. Azken urteetan, nahasmendu handian sartu gara hezkuntzan, eta, ezinbestean, hezkuntzaren muinera itzuli behar izan dugu, haurra erdigunean jartzera, funtsean hurrengo belaunaldiak heztea baita eskolaren egitekoa.