Formula magikorik ez

2014-04-01

Hezkuntzaren alorrari ere egun batetik besterako emaitzak eskatzen zaizkio, fruituak, irabaziak, etekinak, onurak... Irakaskuntzan, ordea, ezin da horrela jokatu: “Eguneroko lana egin behar da, eraikitzen joan, konstantziaz, luzarora begira jardunaz eta helburu handiekin, baina presarik gabe”

 
 
Hitzez hitz jarraitzeko moduko errezeta-liburuak nahi izaten ditugu maiz. Eskolako arazoak konpontzeko eta irakasleon jarduna errazago egiteko balioko diguten jarraibide zehatzak. Prestakuntza saio ugaritan azaleratu ohi dira erantzun miragarrien egarri diren galdera eta zalantzak. Truku errazak bilatzen ditugu. Zailtasunen aurrean berehalako konponbideak, eta esfortzurik txikienarekin bat-bateko emaitzak. 
Hainbat hezkuntza-teoria eta pedagogia-ildo daude. Hitz egiten da hezkuntza emozionalaz, giza konstruktibismoaz, eta pedagogia sistemikoaz; proiektu bidezko metodologiaz eta konpetentzietan oinarritutako irakaskuntzaz; hitz egiten da hezkuntza libreaz, pedagogia aktiboaz eta ikaskuntza komunitateez. Berrikuntza teoriko ugari 
egin dira azken urteetan eta orri asko idatzi dira. Irakasleok badugu  hortaz nondik edana. 
Baina eguneroko jardunean zenbateraino zaigu hori guztia lagungarri? Ez al gara sarri noraezean sentitzen? Azken urteetan, hezkuntzan, nahasmenduan erori garela diote Itziar Agirre eta Josune Alberdi pedagogia sistemikoan adituek aldizkari honetako elkarrizketan, eta ezinbestean hezkuntzaren muinera itzuli behar izan dugula: haurra erdigunean jartzera, hain zuzen.
Haurra erdigunean jartzea. Behin eta berriz entzuna eta esana. 
Ezer berria ez. XX. mende hasieran haurrarengan zentratutako eskola aldarrikatzen zuten Steinerrek edota Freinetek. Montessorik, berriz, haurrari arreta jarri eta bere erritmoan utziz gero, ez duela inoiz porrot egiten zioen. Antzeko zerbaitez mintzo zen Neill ere: haurraren berezko gaitasunez eta autorregulazioaz. Freirek ostera, haurraren autonomian oinarritutako pedagogia jarri zuen bogan. Antzeko ildoan, Piagetek eta Vigotskik ere haurraren parte-hartze aktiboa azpimarratzen zuten ezagutzaren egituraketan. 
Ados. Baina hori guztia lortzeko zer egin? Nola lortu haurra erdigunean jartzea? “Kontua ez da zer nahi dugun, baizik eta zer egin dezakegun nahi dugun hori lortzeko”, hala dio Jesus Mari Goñi EHUko irakasleak aldizkari honetan IKT-BLOK egitasmoaren inguruan jorratutako gai nagusian. Eta hain zuzen ere, bere irudiko, nola horretan dago gakoa, hots, lortu nahi duguna erdiesteko jarraitzen den estrategian. 
Baina, ez al gara sarri formula magiko bila hasten? Eta aurkitu ezean etsita, frustratuta, ezinean sentitzen? Gero eta azkarrago bizi garen gizartean, hezkuntzaren alorrari ere egun batetik besterako emaitzak eskatzen zaizkio, fruituak, irabaziak, etekinak, onurak… Irakaskuntzan, ordea, ezin da horrela jokatu, ez dago formula magikorik. Pertseberantziaz eta zentzuz, beste era batera jardun behar dela dio Goñik: “Eguneroko lana egin behar da, praktikoa izan, eraikitzen joan, poliki-poliki, konstantziaz eta desanimatu gabe, luzarora begira jardunaz, ­helburu handiekin, baina presarik gabe”.