Gela alternatiboa

2014-06-01

Iruñeko Arrosadia auzoan dago Hegoalde ikastola. Eskola ­euskaldun publiko honek, orain dela hiru ikasturte, gela ­alternatiboa abian jartzeko ­apustua egin zuen. Gela horretako tutorearekin egon gara, gela horren berri izateko.

 
 
Zer da gela alternatiboa?
Ikastetxe arruntetan dauden hezkuntza bereziko ikasgelen ordezkoak dira. Eskolatze-modalitatea heziketa bereziko ikastetxe espezifikoa duten ikasleez osatuta dago.
Ikastetxeetako eta geletako hezkuntza-errealitateak argi erakusten digu egoera bereziei erantzuteko curriculum-egokitzapeneko neurriak baino zerbait gehiago eskatzen duten egoerak daudela. Ikastetxe arruntetan bidezko egokitzapenak egin ondoren ere curriculum arruntari jarraitu ezin dioten edo neurri txiki batean bakarrik jarrai diezaioketen ikasleei arreta emateko sortu dira gela alternatiboak.
Ikasgela horiek pedagogia terapeutikoko espezialitatea duen irakaslearen ardurapean egoten dira, eta ­irakasle horrek tutore-funtzioak betetzen ditu. Zaintzaileak ere badituzte, eta horiek, irakaslearen laguntzaz, ­ikasleen autonomia eta garapen pertsonala bultzatzen dituzte.
Hainbat espezialistak ere esku hartzen dute gela horretan, entzumen eta hizkuntzako espezialitatea duen irakasleak eta fisioterapeutak, adibidez, beharrezkoa den kasuetan.
Gure gela 2011-2012 ikasturtean jarri zen abian; bi ikaslerekin hasi ginen, ilusio handiz, proiektu berri honen arrakasta bultzatu nahian. Ekainerako, bai ikastetxea eta bai familiak pozik ginen izandako emaitzekin, bai eta gela horrek ikastetxeari ekarri zizkion onura guztiekin ere. 2012-2013 ­ikasturtean, hiru ikaslerekin aritu ginen, eta, aurten, lau ikaslek osatzen dute gela. 
Gela horiek arrakasta izan dezaten, garrantzi handia dute hainbat baldintzak, bereziki, ikasleen hezkuntza-premia bereziei bultzada emateko nahitaezkoak diren baliabide pertsonalak izateak, banan-banako lana behar baitute etengabe. 
Nola lantzen da inklusioa gela horietan?
Gela horiek ikastetxe arruntetan egoteak hezkuntza-premia berezi eta oso desberdinei banakako arreta ­emateko baldintza onenak eskaintzea ahalbidetzen du. Bestalde, ingurune normalizatuan kokatuta dagoenez, balioak eta jarrerak sustatzeko oso aukera interesgarriak eskaintzen ditu, bai gizarteratzeko eta bai ikastetxeko ikasle guztiekin lan kooperatiboa egiteko, ikastetxearen espazio fisikoan integratuta baitago.
Ikasketa-eremua ez da gela alternatibora mugatuko, esanguratsuak diren beste espazioetara ere zabalduko da. Ikaslearen arabera, integrazio-jarduerak programatuko dira, eta adineko beste ikasleekin ahalik eta harreman egokiena bultzatuko da. 
Hegoalde Ikastolan, gela alternatiboko ikasle bakoitzak erreferentzia-gela bat du, hau da: adin bereko ikasleen geletan integratzen dira. Haur Hezkuntzako adina duten ikasleak Haur Hezkuntzako geletan integratzen dira, jolas librea lantzen den saioetan. Lehen Hezkuntzako adina dutenen kasuan, berriz, Heziketa Fisikoan, Musikan eta Plastikan integratzen dira, zaintzaileen laguntzarekin beti.
Horrez gain, erreferentzia-taldeko irteeretan parte hartzen da, baita ­egun berezi guztietan ere: Olentzero egunean, Inauterietan, Agate Deunaren egunean, Euskal Astean…
Bestelako espazio komunetan, ­ahalik eta inklusio egokiena bultzatzen saiatzen gara; jantokian, adibidez, erreferentzia-taldeko lagunekin bazkaltzen saiatzen gara; patioetan, ahalik eta harreman gehien bultzatzen ahalegintzen gara. Baina esan beharra dago, hau guztia posible izateko, Hezkuntza Departamentuak eskaintzen dituen baliabideen menpe gaudela.
Inklusio on bat ahalbidetzeko, ­oso garrantzitsua da ikastetxeko helduen jarrera ere. Hegoalde Ikastolan gela hau abian jarri genuenean eta gure ikasleak integratzen hasi zirenean, ikasleek mila galdera egiten zituzten: “Gaixorik al daude? Gu baino txikiagoak dira? Zer gertatzen zaie?”. Helduok galdera horien aurrean ikasleei eskaintzen dizkiegun erreakzioetan oinarritzen da inklusioaren arrakasta.
Proiektu honen lehenengo urtean, alderantzizko integrazioak egin genituen, eta asko lagundu zuten ­ikasleen inklusioan. Astean behin, ­erreferentzia-gelako ikasle talde bat gela alternatibora etortzen zen, hainbat jarduera egitera: mahai-jolasak, antzerkiak, jolas librea, plastika… ­Oso pozik etortzen ziren gure gelara, eta premia bereziko ikaslearekin harreman estuagoa izaten zuten, irakasleok ­ere gehiago ahalbidetzen baikenuen beraien arteko harremana eta komunikazioa. 
Gela alternatiboa nola antolatzen eta programatzen den  
Nahaste sakonak eta orokorrak dituzten pertsonek zailtasunak dituzte egunean zehar izango diren jarduerak eta gertakariak ezagutzeko nahiz beraiengandik zer espero den jabetzeko, eta ulertezintasun horrek portaera-arazo ugari eragiten ditu gehienetan. Kasu horietan, beharrezkoa da ingurune fisikoa oso modu egituratuan diseinatzea, horrela, ikasleari ­eguneroko gertakariak aurreikusteko gaitasuna eskuratzea ahalbidetuko baitzaio, mugitzen den denbora ­eta espazioa egituratzen lagunduko zaionez.
DENBORAREN ANTOLAKETARI DAGOZKION HAINBAT JARDUERA
ERRITUALAK: ikasleak goizean ­ikastolara iristean egiten dugun jarduera da. Gutxi gorabehera ordubeteko ­iraupena du, eta esanguratsuak diren jarduerak lantzen ditugu. Oso garrantzitsua da errepikatuz eta beti modu berean egitea, horrek segurtasun handia ematen dielako ikasleei eta aurreratzen ikasten laguntzen dielako. Jarduera horiek errealitatearen argazkiekin egiten ditugu, ikasle horiek errepresentaziorako dituzten zailtasunak ekidin ditzagun eta, etengabe hitz idatziekin lagunduta, letren mundura ohi daitezen. Sarrerako abestia kantatzen dugu, Joan-etorriko koadernoa irakurtzen dugu, nortzuk etorri diren, nortzuk ez diren ­etorri, nola etorri garen, zenbat etorri garen ikusten dugu, egiten duen eguraldia eta arropa lantzen ditugu eta jantokiko menua aurreratzen dugu.
Aipatzekoa da Joan-etorriko koadernoaren funtzioa, familiekiko koordinazioa eta lana asko errazten duelako. Gurasoek, gauero, arratsaldean ­ikasleek etxean egin dutena idazten dute koaderno batean, eta, goizean ­ikastolara iristean, irakurri egiten dute ­ikasleek. Ikastolan, arratsaldean, egun osoan zehar egin duguna idazten dugu, eta gurasoek, ikasleekin batera, etxean irakurtzen dute. Lan horri esker, ikasleak ulermena hobetzen ari dira, eta ikastolaren eta gurasoen arteko lotura estuagoa eta jarraitua da.
EGUNEKO JARDUERA: ikasle hauentzat denboraren kontzeptua barneratzea zaila denez eta astelehena edo osteguna den jakiteak zentzurik ez duenez, jarduera esanguratsu bat egiten dugu egunero, zer egunetan dauden kokatzen jakin dezaten: astelehenetan, ordenagailuko jolasak egiten ditugu; astearteetan, plastika; asteazkenetan, proiektuaren pelikula (bideoa) ikusten dugu; ostegunetan, musika-terapia; eta, ostiraletan, igerilekura joaten gara.
KOMUNIKAZIOA: komunikazioa modu zehatzean lantzeko, goizeko lehenengo orduak baliatzen ditugu, ikasleak erneago eta zentratuago egoten direlako; baina etengabe egun osoan zehar landu beharreko atala da, gure lanaren ardatz nagusietako bat baita eta ­egunean zehar komunikazio-uneak ­etengabeak baitira. Komunikazioa modu zehatzean lantzeko, bi metodologia mota erabiliko ditugu: PECS eta BIMODALA.
PROIEKTUAK: ikasturteko programazioa proiektuetan banatuta dago. Proiektuen oinarrian, bideo bat dago, musikaz eta oso irudi sinplez osaturikoa. Bideo horren gaia ardatz nagusitzat hartuta, dagokion ipuina, piktogramez osatutako hiztegia, musika eta plastika antolatzen ditugu. Ikasleak motibatuago azaltzen dira, gelako jardun guztia gai baten inguruan antolatuta dagoenean.
ESTIMULAZIO SENTSORIALA: zentzumenei esker, mundua ezagutzen dugu, eta mundu horrekin harremanetan jartzen gara, gure ikaste-prozesua egokituz. Gure ikasleen kasuan, zentzumenen garapena desberdina da, eta munduarekin eta errealitatearekin desberdin erlazionatzen dira. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu zentzumenak lantzea, errealitatea gero eta hobeto ezagutzeko eta komunikazioa hobetzeko. Entzumena, ukimena, usaimena, dastamena eta ikusmena estimulatuko dira. 
LANTEGIAK: proiektuaren arabera, lantegi bereziak antolatzen ditugu. ­Ikasturte honen hasieran baratza landu genuenean, ikastolako baratza ekologikora joaten ginen egunero; elikagaien proiektuan, sukaldaritzako lantegia egin genuen, eta masaje-lantegiak antolatu genituen, gorputzaren ezagutza bultzatzeko.
ESPAZIOAREN ANTOLAKETA
Ikasleek erraz uler ditzaketen eta ingurunearen nolabaiteko kontrola izatea ahalbidetuko dieten gakoen bidez egiten da. Espazioaren antolaketarako, piktogramak eta argazkiak erabil daitezke, eta oso ongi eta garbi banatu behar izaten da gela. Gelako txoko bakoitzak funtzio bakarra izan behar du, ­ikasleek leku bakoitzean beraiengandik zer espero den jakin dezaten. Honela antolatu dugu gure gela:
Sarrerako txokoa. Ikasleek, gelan sartzean, etxetik ekarritako objektuak kutxa batean sartzen dituzte beti, eta txamarra edota motxila gakoetan zintzilikatzen dituzte.
Bakarkako lanerako txokoa. ­Ikasleek kontzentrazioari eusteko zailtasun larriak dituztenez, bakarkako lanerako txoko berezia dute. Txoko hori ikusmen-estimulaziorik gabeko lekua da, eta, ahal den neurrian, zarata gutxiko lekua ere bada, ikasleek arretari eusten dioten txokoa da, alegia.
Talde-lanerako txokoa. Taldeka egiten dugu lan txoko honetan, mahai-jolasak, plastikako jarduerak, hamaiketakoa...
Autonomia-txokoa. Arropa janzteko eta eranzteko aulki bat dago txoko honetan, eta piktogramez seinaleztatutako arropa eta kutxak.
Ordenagailuaren txokoa. Programa errazen bidez, kausa-efektu erlazioa ikasten dugu.
Jolas-txokoa. Jolas sinbolikorako eta jolas librerako txokoa da.
Estimulazio sentsorialerako txokoa. Lurra lastairaz babestuta dago, eta ispilu handi bat dugu. Txoko horretan, motrizitate larria eta estimulazio sentsoriala lantzen ditugu. Usaimena eta ukimena lantzeko panelak ere badaude txoko horretan, bai eta tunel bat ere.
Liburutegiaren txokoa. Irakurzaletasuna bultzatzeko lekua da.
Informaziorako txokoa. Aurretik aipatutako erritualak txoko honetan lantzen ditugu.
Lasaitzeko txokoa. Ikasleek pixkana emozioak bereizten ikas dezaten erabiltzen dugun txokoa da. Ikasleren bat haserre, triste, pozik...sentitzen bada, lasaitzeko txokora joan daiteke, eta sentitzen duen horri marrazkia jartzen laguntzen diogu. Beste batzuetan, guk eramaten ditugu txoko horretara, eta ­emozio horri dagokion aurpegia erakusten diogu.
Komunikazio-panela. PECS lantzeko erabiltzen ditugun argazkiak jarrita daude txoko horretan, eta ikasleek bertatik hartzen dituzte, zerbait eskatu nahi dutenean.
 
Ze onura ekar diezazkioke gela alternatiboak ikastetxeari?
Gela alternatiboko gure ikasleak ingurune arruntetan hezten dira; helduon zeregina da ahalik eta giro normalizatuena bermatzea, egoki gizarteratzeko. Modu arruntean garatu diren lagunekin harremanak izatea zeharo positiboa da haien garapenerako. Guztiok dakigunez, ikasleek ez dute bakarrik helduekin ikasten, beste haurrekin harremanetan eta haien jarrerak imitatuz ere asko ikasten dute. Horregatik, premia bereziak dituzten ikasleen garapena osoagoa da ­eremu normalizatu eta erreal batean.
Baina onurak ez dira norabide bakarrekoak, eta ikastetxeko beste ikasle eta irakasle guztiek ere onura asko jasotzen dituzte gela alternatiboari esker. Lehia helburu dugun gizarte honetan, hezkuntza-premia bereziko ­ikasleek gure begirada zabaltzen laguntzen digute, eta, horri esker, desberdintasunak eta gaitasun mota guztiak onartzen. Urte hauetan izan dugun esperientziari esker, esan dezakegu hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak integratzen diren geletan, bestelako ikasleek tolerantzia handiagoa azaltzen dutela, itxaroten hobeto ikasten dutela, ongi ulertzen dutela gaitasun desberdinetako pertsonak garela guztiok eta bakoitzaren erritmoa errespetatu behar dela; eta, batez ere, guztiok elkarbizitzarako gaitasuna dugula, desberdintasunen gainetik. Gure lankide batek hala ­esan zuen behin: “Ikastetxerako opari bat da!”
Hala ere, esan beharra dago, lan handia dugula guztiok aurretik. Gela honen funtzionamendua egokia izan arren, integrazio hutsean gaude ­oraindik. Kontzientzia eta begirada zabaltzen joan behar dugu gure gizartean, ikasle guztien benetako inklusioaren alde.